EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019194

147/2019 DEKRETUA, irailaren 24koa, zeinaren bidez hirugarrenez aldatzen baita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzen eta gaurkotzen duen Dekretua.

Xedapenaren zenbakia: 201900147
Xedapenaren data: 2019-09-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904663
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/07/16an argitaratutako 2015/06/23ko 201500109 DEKRETUA aldatzen du

Ekainaren 23ko 109/2015 Dekretua argitaratu zenetik iragan den aldian (2015eko uztailaren 16ko EHAA, 133. zk.), dekretu horren zenbait artikulu eta eranskin aldatu beharra nabaritu da haren edukiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen beharrizanetara oro har eta bereziki zenbait eragileren beharrizanetara egokitzeko funtsezko xedearekin, horrela Sareko eragileen emaitzen eraginkortasuna eta norabidea handitzeko eta eragile horiek EAEko ekoizpen-eta gizarte-sareari egiten dioten ekarpena hobetzeko, lankidetzaren eta osagarritasunaren bidez.
Bi arrazoirengatik gertatzen da aldaketa hau, funtsean:
1.– Aldaketa esanguratsuak gertatu dira euskal sistema sanitario publikoko I+G+b erakundeen baitako egituraketa-prozesu gradualaren ondorioz.
2.– 2018. urtean akreditatutako eragileei egindako jarraipen-prozesua eginda, haien datuak eguneratuta eta jasotako informazioa eta 2014-2017 aldian lortutako emaitza orokorrak aztertuta, eragileen kategoria batzuetarako galdatutako eskakizun zenbait egokitzeko beharrizana atzeman da.
Aldaketa horien xedea da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragile esanguratsuek haien lana haien gaitasun eta aukera errealei hobekien egokitzen zaizkien baldintzetan betetzen jarraitu ahal izan dezaten erraztea, euskal gizarte- eta enpresa-sareari egiten dioten emaitzen beharrezko ekarpena aintzat hartuta, betiere.
Xede hauek ditu ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren aldaketa honek:
a) I+G Erakunde Sanitarioen eta Ikerkuntza Sanitarioko Institutuen kategorietan ezarritako eskakizunak egokitzea, eta kategoria horietako baten izena aldatzea.
b) Zentro Teknologikoen eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroen kategorietarako ezarritako eskakizun batzuen definizioak aldatzea.
c) Ikerketa Kooperatiboko Zentroei galdatutako zenbait eskakizun egokitzea, 2020an betetzeko.
d) Bi eragile berri sartzea Eragile Berezien kategorian.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Hezkuntzako sailburuak eta Osasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko irailaren 24an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 3.2.e) artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
e) Ikerketa Sanitarioko Zentroak.
Nukleoa osasun-erakunde batean edo gehiagotan duten ikerketa- eta berrikuntza-erakundeak dira Ikerketa Sanitarioko Zentroak, eta haien eginkizun nagusia da ikerketa traslazionala egitea.
Bigarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 9. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
9. artikulua.– Ikerketa Sanitarioko Zentroak.
1.– Zeregina:
Kalitate handieneko ikerketa traslazionala egitea. Horretarako, ezagutza sortuko eta aplikatuko da, eta Euskadiko Sistema Sanitarioari, pazienteari eta, oro har, gizarteari azalduko zaizkio zerbitzu sanitarioetako nahiz osasun publikoko oinarrizko ikerketako, ikerketa klinikoko eta epidemiologikoko emaitzak. Gainerako eragile zientifiko/teknologikoekin eta enpresekin lankidetzan arituko dira institutu hauek, eta teknologia medikoko eta sanitarioko berrikuntzaren alde egingo dute. Emaitza horiek Euskadiko Sistema Sanitarioaren kalitatea hobetuko dute, eta EAEn aberastasuna sortzen lagunduko.
Ikerketa Sanitarioko Zentroek laguntzen dute sistema sanitarioaren programak eta politikak zientifikoki oinarritzen.
Gainerako eragileekin elkarlanean eta koordinatuta aritzeko konpromisoarekin jardun behar dute Ikerketa Sanitarioko Zentroek, EAEn existitzen diren gaitasunak optimizatzeko.
2.– Jarduerak:
a) Ezagutza sortzea eta aplikatzea osasuneko ikerketa translazionalaren bidez.
b) I+G+b emaitzak ustiatzea bai merkataritzan bai Euskadiko Sistema Sanitarioan inplementatuta.
c) Unibertsitateko graduko eta graduondoko prestakuntzan laguntzea eta unibertsitate-prestakuntzarekiko osagarriak diren prestakuntza-jarduerak egitea.
d) Ezagutza zabaltzea eta transferitzea.
Hirugarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 10. artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
10. artikulua.– I+G Sanitarioko Erakundeak.
1.– Zeregina:
Osasuneko ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak egitea, baita horiek sustatzeko eta kudeatzeko jarduerak ere. Horrela, bestelako eragile, enpresa eta sektoreekiko lankidetza erraztuko da, Euskadiko aberastasun-sorkuntzari eta garapen sozioekonomikoari laguntzeko xedez.
I+G Sanitarioko Erakundeek gainerako eragileekin elkarlanean eta koordinatuta aritzeko konpromisoz jardun behar dute EAEn existitzen diren gaitasunak optimizatzeko.
2.– Jarduerak:
I+G Sanitarioko Erakundeek jarduera hauetako batzuk edo guztiak egingo dituzte:
a) Ikerketa eta berrikuntza sustatzea.
b) Ezagutza sortzea eta aplikatzea oinarrizko ikerketaren, ikerketa industrialaren eta osasuneko garapen esperimentalaren bidez.
c) I+G+b emaitzak ustiatzea.
d) Ezagutza gizarterantz zabaltzea eta transferitzea.
Laugarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 16. artikuluaren 5. eta 6. puntuak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen:
5.– Ikerketa Sanitarioko Zentroak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean Ikerketa Sanitarioko Zentro gisa integratu ahal izango dira Osasun Sailaren eskumeneko arloetako lehentasunekin eta politikekin bat egiten duten eta ikerketako eragile bat izateko beharrizanetik sortzen diren erakundeak. Eragile horrek, eredu zehatz honen bidez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren beharrizanak beteko ditu Euskadiko Sistema Sanitariorako lehentasunezko iritzitako esparruetan.
Ikerketa Sanitarioko Zentroak EAEn egongo dira kokatuta, eta zentro sanitario batean edo gehiagotan izango dute nukleoa, betiere, ezagutza sortzeko eta/edo teknologia garatzeko jarduerak egiten badituzte, baita izaera orokorrarekin ezagutza eta teknologia hori transferitzeko eta hedatzeko jarduerak egiten badituzte ere, ikerketa translazionalaren ikuspegitik.
a) Egitura, finantzaketa eta gobernantza:
Ikerketa Sanitarioko Zentroetako plan estrategikoen eta operatiboen arabera definituta eta plan horiei lotuta egongo dira egitura, finantzaketa eta gobernantza. Plan horiek zentroetako gobernu-organoek onartu beharko dituzte, zeinetan parte hartzen baitu administrazio sanitarioak. Barne Araubiderako Erregelamendu komun batek zuzenduko ditu planok.
b) Plan estrategikoa eta adierazleak:
Plan estrategiko bat eta emaitza zientifikoen, osasunaren hobekuntzari aplika dakizkiokeen emaitzen eta emaitza ekonomikoen adierazle batzuk izango dituzte Ikerketa Sanitarioko Zentroek. Dekretu honen II. eranskinean zehazten dira gutxieneko adierazleak.
6.– I+G Sanitarioko Erakundeak.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean Ikerketa eta Garapen Sanitarioko Erakunde gisa (I+G) integratu ahal izango dira ikerketa sanitarioko eragile bat izateko beharretik sortzen diren erakundeak. Eragile horrek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren beharrizanak beteko ditu Euskadiko Sistema Sanitariorako lehentasunezko iritzitako esparruetan.
Ikerketa eta Garapen (I+G) Sanitarioko Erakundeek nortasun juridiko propioa izango dute, eta erakunde horietako estatutu sozialek espresuki jasoko dituzte haien helburuak eta/edo jarduerak. EAEn egongo dira kokatuta, eta bertan egin beharko dituzte osasuneko ezagutza sustatzeko, sortzeko eta/edo aplikatzeko jarduerak, baita ezagutza horren transferentzia eta hedapena ere.
a) Egitura, finantzaketa eta gobernantza:
Egitura, finantzaketa eta gobernantza erakundeko plan estrategikoen eta operatiboen arabera definituta eta horiei lotuta egongo dira. Plan horiek zentroetako gobernu-organoek onartu beharko dituzte.
b) Jarduketa-plana eta adierazleak:
I+G Sanitarioko Erakundeek beren jarduerak zehazteko jarduketa-planak izango dituzte, eta beste eragile batzuen eginkizunarekin eta helburuekin koordinatuta eta Zientzia-Teknologia-Enpresa-Gizartea Sisteman integratzeko konpromisoarekin, sustatuko dute estrategia orokorrekin bat egitea dagozkien adierazleen jarraipena eginda. Adierazle horiek erakunde horietako gobernu-organoek onartuko dituzte.
Bosgarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 19.4 artikulua aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
4.– Ikerketa Sanitarioko Zentroek eta I+G Sanitarioko Erakundeek:
a) Ikerketa Sanitarioko Zentroentzat, Ikerketa Sanitarioko Institutu gisa egiaztatzeko agiriaren kopia, ISCIII erakundeak emana (dekretu honen II. eranskineko eskakizunak betetzen direla bermatzen du erakunde honek), edo Institutuko gobernu-organoek onartutako plan-estrategikoa eta jardueraren memoria.
b) I+G Sanitarioko Erakundeentzat, haien gobernu-organoek onartutako jarduerak zehazten dituen jarduketa-plana.
Seigarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren II. eranskina aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
II. eranskina, Ikerketa Sanitarioko Zentroei dagokiena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarena.
Eranskin honen helburua da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Ikerketa Sanitarioko Zentroek bete beharreko eskakizunak zehaztea; hauek izan behar ditu, labur esanda:
– Zuzendaritza zientifiko bat edo antzeko karguren bat duen antolamendu-egitura bat, eta gobernu- eta ordezkaritza-organo bat, erakundeak batzea babesten duen lotura juridikora egokitua. Gobernu-organo horretan, institutua osatzen duten zentro guztiak egongo dira ordezkatuta, eta bertan izendatuko da horien legezko ordezkaria.
– Ikerketaren kudeaketa-egitura bakarra, zerbitzu sanitarioen erakundeetako laguntza- eta irakaskuntza-kudeaketatik bereizita. Egitura horrek beharrezkoa den euskarria eskainiko du arlo ekonomikoan eta administratiboan zein giza baliabideen arloan, eta lotura gisa jardungo du ikerketako emaitzen transferentzia egiteko bulegoarekin, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioan (BIOEF).
– Plan estrategiko bat.
– Kanpoko Batzorde Zientifiko bat, institutuaren kalitate zientifikoa zaintzeko eta zuzendaritza zientifikoari aholkuak emateko.
– Babes-zerbitzu komunak: antzeko ikerketaren edo egituren oinarria izango diren unitateak izango dira hainbat talderentzat edo ikerketa-lerrorentzat interesgarriak diren alderdi metodologikoetan edo instrumentaletan.
– Ikerketako prestakuntza-plan bat, gehienbat, hirugarren zikloko programekin lotura izango duena.
– Idatzizko gida bat, ikerketako kalitatea, etika eta jardunbide egokia eta zientifikoa bermatzeko, lege-xedapenak betetzen direla bermatzeko eta jarduketa-eremu honetan eskuarki onartutako printzipioak bermatzeko.
– Zentroko jardueretan parte hartzen duen eta hainbat zentrotatik datorren pertsonalaren erregistro bat. Han adieraziko da pertsonal horrek zentro horiekiko zein lotura duen.
– Datuen eta egindako I+G+b jardueren erregistro bat.
– Finantzaketa-plan bat, egitura- eta funtzionamendu-beharrizanak kontuan izango dituena, eta ibilgetu guztirako lehiakorra ez den finantzaketa (publikoa edo pribatua) lortzen saiatuko dena, baita mantentze-kostuen finantzaketaren % 60-70 ere.
– Institutu horien jarraipena eta ebaluazioa egiteko emaitzen adierazle batzuk, besteak beste:
– Emaitza zientifikoen adierazleak.
– JCR-ISI aldizkariko argitalpenak, guztira.
– Lehenengo kuartileko argitalpenen kopurua, guztira.
– Inpaktu-faktorea, guztira.
– Aipamenen kopurua, guztira.
– Dokumentu bakoitzeko aipamenen kopurua.
– Osasuna hobetzeko aplika daitezkeen emaitzen adierazleak.
– Saio kliniko aktiboen kopurua eta horien fasea.
– Amaitutako saio klinikoen kopurua eta horien fasea.
– Aldizkari zientifikoetan argitaratutako saio klinikoetako emaitzen kopurua eta horien inpaktu-faktorea.
– Aldizkari zientifikoetan argitaratutako praktika klinikoaren gidak eta horien inpaktu-faktorea.
– Ereduen, prozesuen, tresnen eta/edo garatutako teknika klinikoen edo antolaketakoen kopurua.
– Praktika asistentzialean inplementatutako emaitzak.
– Emaitza ekonomikoen adierazleak.
– Eskatutako patenteen kopurua.
– Emandako patenteen kopurua.
– Ustiatutako patenteen kopurua.
– Patenteetatik, royalty-etatik, industriarekin dituen kontratuetatik eta zerbitzu-ematetik lortutako diru-sarrerak.
– Ikerketa-jardueraren adierazlea.
– Proiektu aktiboen kopurua, entsegu klinikoetatik bereiziz.
– Jatorri publikoko funtsa duen proiektu-kopurua: jatorri pribatuko funtsak eta zenbatekoak.
– Espainiako eta/edo nazioarteko bikaintasun-sareetan parte hartzea.
Zazpigarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren III. eranskineko 1.1.1, 1.1.2 eta 1.2 koadroak aldatzen dira, eta honela idatzita geratzen:
1.1.1.– Foku anitzeko teknologia-zentroak.
1.1.2.– Teknologia Zentro Sektorialak.
2.– Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (IKZ).
Zortzigarren artikulua.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren V. eranskina aldatzen da, eta honela idatzita geratzen:
V. eranskina, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako eragile bereziei dagokiena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuarena.
Eranskin honen xedea da publikotasuna ematea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragile Bereziei, eta eragile berezi gisa emango zaie alta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistroan.
Eragile hauetako bakoitza berezia eta bakarra denez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemaren bermatzaileak direnez, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarearen berezko eragiletzat hartzen dira.
Honako hauek dira eragile bereziak:
a) Bikaintasunerako Euskal Fundazioa, Euskalit.
b) Basque Foundation for Science, Ikerbasque.
c) Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque.
d) Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioa, BIOEF.
e) Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa – Basque Research and Technology Alliance, BRTA.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko irailaren 24a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.