EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019192

89/2019 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitaratzea Gobernu Kontseiluak hartu duen erabaki bat. Erabaki horren bitartez, onartzen dira desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako enplegu publikora iristeko jardunbideak.

Xedapenaren zenbakia: 201900089
Xedapenaren data: 2019-10-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201904614
Maila: Ebazpena
Gobernu Kontseiluak 2019ko urriaren 1ean onartu duen erabakiaren bitartez, onartzen dira desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako enplegu publikora iristeko jardunbideak. Horrenbestez, behar duen publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Erabaki honen testua: desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako enplegu publikora iristeko jardunbideak. Honen eranskinean dago jasota erabaki hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urriaren 1a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 1EKO 89/2019 EBAZPENARENA.
Gobernu Kontseiluaren Erabakia, urriaren 1ekoa, zeinaren bitartez onartu egiten baita desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako enplegu publikora iristeko jardunbideak.
Desgaitasunen bat duten pertsonek lanerako eskubidea dute, tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioen aplikazioa bermatzen duten baldintzetan. Ildo horretan, azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak (zeinaren bitartez onartu egiten baita desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina) helburu hauek dauzka: aukera- eta tratu-berdintasunerako eskubidea bermatzea, eta desgaitasunen bat duten pertsonek beren eskubideak egiaz eta eraginkortasunez baliatzea, gainerako herritarren baldintza berdinetan; eta hori, besteak beste, enplegura iristeko moduak sustatuz. Horren arabera, eta desgaitasunen bat duten pertsonen laneratzeari eta enpleguari dagokionez, eskumena duten administrazio publikoei dagokie pertsona horien enplegu-aukerak eta garapen profesionala sustatzea lan-merkatuan, ohiko enpleguaren bitartez, enpresetan eta administrazio publikoetan, eta, enplegu publikoaren esparruan, arlo hori erregulatzen duen araudiak ezarritakoaren arabera jokatuz.
Proposamen hau Sail honek enplegu publikorako sustatu zituen politiken barruan sartzen da, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen barruan. Horretarako, langile publikoen eta antolakuntza-egituraren egoeraren diagnostikoa egin zen, eta halaxe geratu zen jasota Gobernu Kontseiluaren 2015eko abenduaren 1eko Erabaki bidez onartutako Enplegu Planean.
Ondoren, 2017-2020rako Enplegu Plan Estrategikoa onartu zen, eta 2017-2020ko XI. Legegintzaldirako Gobernuaren plan estrategikoen zerrendan sartu zen. Plan hori Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 28ko Erabaki bidez onartu zen, eta enpleguaren arloko ekimen publikoak sustatzeko oinarrizko tresna da, non, lehentasunez, 2020ko Enplegurako Euskal Estrategiaren (2020 EEE) diagnostikoan antzemandako ahultasunei erantzun nahi baitzaie; besteak beste, desgaitasunen bat duten pertsonen egoeraren arloan.
Bi dokumentuetan, kolektibo horren laneratzea ahalbidetzeko ekintzak garatu beharra jasotzen da, eta, sektore pribatura bideratuta dauden arren, enplegu publikoan ere aplika daitezke. Izan ere, era berean, funtzio publikoaren araudiak enplegu publikora iristeko neurriak aurreikusten ditu berariaz, desgaitasunen bat duten pertsonei dagokienez.
Administrazio publikoen esparruan, urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, desgaitasunen bat duten pertsonak enplegu publikora iristeari buruzko zenbait aurreikuspen ezartzen ditu 59. artikuluan.
Lehenengo eta behin, enplegu publikoko eskaintzetan, hutsik dauden lanpostuen ehuneko zazpiko kupoa, gutxienez, desgaitasunen bat duten pertsonen artean betetzeko erreserbatzea, modu progresiboan Administrazio Publiko bakoitzeko langile guztien ehuneko bira iritsi arte. Gutxieneko ehuneko zazpi hori erreserbatzeko orduan, eskainitako plazen ehuneko bi, gutxienez, desgaitasun intelektuala egiaztatzen duten pertsonek beteko dituzte.
Bigarrenik, hautaketa-prozesuan denborak eta bitartekoak arrazoizkoa den eran moldatzea eta egokitzea, eta, behin prozesu hori gaindituta, dagokion lanpostua desgaitasuna duen pertsonaren beharrizanei egokitzea.
Eusko Jaurlaritzak desgaitasun intelektuala duten pertsonak laneratzeko jardunbide zehatzak eduki nahi ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen esparruan, lanerako eskubidea modu erreal eta efektiboan gauzatuko dela bermatzeko. Marko horretan, era berean, enplegu publikora benetan iristeko aukera emango duten ekintzak planteatu behar dira, araudiak erreserbatzen dituen plazei dagokienez.
Ildo horretan, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren bitartez, lantalde bat jarri zuen abian, informazioa biltzeko eta estrategia bat diseinatzeko asmoz, modu horretan aurreikuspenak betetzeko eta Administrazio honetan desgaitasunen bat duten pertsonen % 2ra iritsi ahal izateko.
Desgaitasun intelektuala duten pertsonak enplegu publikora iritsiko direla ahalbidetzeko neurriak ez dira soilik hautaketa-prozesuen kudeaketara bideratu behar, baizik eta beste ekintza osagarri batzuetara ere. Alde batetik, hautaketa-prozesuaren aurretik, kolektibo horren profilerako egokiak diren lanpostuak identifikatuko dira; eta, behin hautaketa eginda, postuari babesa eta jarraipena eman behar zaizkio. Bestetik, hautaketa-prozesuak desgaitasun intelektuala duten pertsonen beharrizan zehatzetara egokitu behar dira, bai lan-eskaintza publikoetatik eratorritako prozesuak badira, eta bai aldi baterako beharrizanak asetzeko lan-poltsak badira.
Akordio honetan aurreikusitako neurriak desgaitasun intelektuala duten pertsonen kolektiboari daude zehazki bideratuta. Ondorio horietarako, izaera hori izango dute ehuneko 33ko edo gehiagoko desgaitasun intelektuala duten pertsonek, eskumena duten organoek hala aitortuta, eta azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera.
Administrazio honetako organo egokiek garatu beharko dituzte Akordio honetan aurreikusitakoa betetzeko ekintzak, eta, horretarako, beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bideratu beharko dira.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 18.l) artikulua betez, erabaki hau hartu du Gobernu Kontseiluak:
ERABAKIA
«Lehenengoa.- Desgaitasun intelektuala duten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako enplegu publikora sartzeko jardunbideak onartzea:
1.- Kolektibo horiekin lan egiten duten elkarteekin lankidetzan aritzea planaren fase bakoitzean, desgaitasun intelektuala duten pertsonak enplegu publikora sartzeko eta pertsona horien laneratzea ahalbidetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan.
2.- Kolektibo horren profilerako egokiak diren lanpostuak aztertzea: egin beharreko lanak, lan-ingurua, postura egokitu eta doitu beharra, eta laguntza emateko prestakuntza.
3.- Soilik kolektibo horri dagozkion lanpostuak sortzea, Lanpostuen Zerrenda aldatuta.
4.- Kolektibo horren beharrizan zehatzetara egokitutako hautaketa-prozesuak diseinatzea.
5.- Lanpostuak aldi baterako betetzeko lan-poltsaren deialdia egitea.
6.- Lanpostuetara joango diren pertsonak hasieran egokitzeko fasea diseinatzea (prestakuntza, laguntza edo tutorizazioa).
7.- Lan-poltsak erregulatzen dituen araudia egokitzea.
8.- Lan-eskaintza publikoa eta hautaketa-prozesuen deialdia, lanpostuak behin betiko betetzeko.
Bigarrena.- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari eskatzea antolakuntza-egituraren diseinua, jardunbideak garatzeko behar diren giza baliabideen eta baliabide material zein ekonomikoen esleipenarekin batera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina Erabaki honek».