EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019191

EBAZPENA, 2019ko irailaren 27koa, Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaileen banakako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko eta esleitzeko protokoloa.

Xedapenaren data: 2019-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201904586
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/10/31n argitaratutako 2006/10/17ko 200600209 DEKRETUA
  • Ikus 2011/04/14an argitaratutako 2011/03/29ko 201100064 DEKRETUA

I.– Zioen azalpena eta lege-esparrua.
1.– Unibertsitateen Lege Organikoaren (abenduaren 21eko 6/2001) 55. eta 69. artikuluetan, irakasle eta ikertzaileei merezimendu indibidualekin lotutako ordainsari gehigarriak emateko aukera xedatzen da, Autonomia Erkidegoek finkatutako mugen barruan, Gizarte Kontseiluak egindako deialdian eta Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak aldez aurretik onartuta.
2.– Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen (otsailaren 25eko 3/2004) 34. artikuluan xedatu zenez, Eusko Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak ezarri ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileentzat, diren funtzionario edo kontratatuak, irakaskuntza, ikerketa eta kudeaketaren inguruan egoki iritzitako irizpideen arabera; irizpide horien artean hizkuntza-merezimenduak ere izango dira. Era berean, artikulu horren arabera, Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak proposatuta, Eusko Jaurlaritzari dagokio ordainsari horien mugak ezartzea, eraginkortasun eta eragimen irizpideen arabera, eta Gizarte Kontseiluari, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak proposatuta, muga horiek bana-banaka esleitzea behin merezimenduak Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Agentziak baloratu eta gero.
3.– Lege-xedapen hori garatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen gehigarrizko ordainsari-osagarriei buruzko Dekretua (urriaren 17ko 209/2006) onetsi zen, haren erregelamendu-esparrua ezartzen duena eta martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zena.
4.– Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko Legean (ekainaren 28ko 13/2012) aurreikusitakoari jarraikiz, Agentziari berariaz esleitutako eginkizunetako bat da irakaskuntzarekin, ikerketarekin, ezagutzaren transferentziarekin eta kudeaketarekin loturiko merezimenduak ebaluatzea, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) irakasle eta ikertzaileentzat aurreikusitako ordainsari-osagarriak esleitzeari begira.
5.– Eskumen hori baliatuz, eta Unibasqen Estatutuen 17.3.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, Aholku Batzordeari dagokio agentziak erabili beharreko ebaluazio-irizpideak eta ebaluazio-protokoloak onartzea.
II.– Protokolo honen helburua.
1.– Unibasqek garatzen duen irakasle eta ikertzaileen osagarriak ebaluatzeko Programan, ikerketako, ezagutza transferitzeko eta dibulgazioko jardueraren ebaluazioa aipatzen da, baita irakaskuntzarena eta kudeaketarena ere, UPV/EHUko irakasle eta irakasleei ordainsari-osagarri indibidualak emateko.
2.– Prozesu horretan, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraikiz, irakasle eta ikertzaileei ordainsari-osagarri berezi eta indibidualak esleitzea erabakiko du, betiere urriaren 17ko 209/2006 Dekretuan xedatutakoaren arabera (Dekretu hori martxoaren 29ko 64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen).
3.– Dekretu horren 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, osagarriak esleitzeko, aldez aurretik, Unibasqek interesdunaren merezimenduak baloratu eta ebaluatu beharko ditu.
III.– Ebaluazio-organoak.
1.– Jasotako eskaerak Ebaluazio Batzordeen bitartez ebaluatuko ditu Agentziak; batzordekideek Unibasqen Etika eta Bermeen Kodea betez jardun beharko dute.
2.– Unibasqek ebaluazio-prozesuan eskuratzen duen informazio osoa isilpekoa da eta datuak babesteari buruzko indarreko araudiaren menpe dago.
3.– Ebaluazio Batzordeak.
a) Ebaluazio Batzordeen izendapena eta eginkizunak Unibasqen Legearen (ekainaren 28ko 13/2012) 9. eta 10. artikuluetan xedatzen denari jarraiki ezartzen dira. Batzordeen eraketa- eta funtzionamendu-araubideari dagokionez, Protokolo honetan ezarri ez den orotan Unibasqen Estatutuetan jasotako erregulazioa aplikatuko da.
b) Agentziaren zuzendariak, Ebaluazio Batzorde bakoitzeko kideen artean, presidentea eta idazkaria izendatuko ditu, eta kide anitzeko organoetan kargu horiei dagozkien eginkizunak beteko dituzte.
c) Ebaluazio Batzordeak jakintza-esparru eta -arloen arabera antolatuko dira. Printzipioz, honako Ebaluazio Batzorde hauek eratuko dira:
– Zientzia Esperimentalak.
– Gizarte Zientziak.
– Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak.
– Zientzia Medikoak eta Osasun Zientziak.
– Irakaskuntza Teknikoak.
– Giza Zientziak.
– Bikaintasuna Ebaluatzeko Batzordea.
Hala ere, ebaluazio Batzordeen kopurua aldatzeko aukera izango da prozesu bakoitzaren zirkunstantzia espezifikoen arabera.
d) Ebaluazio Batzordeek gutxienez bost eta gehienez hamar kide izango dituzte, deialdi bakoitzaren beharren arabera.
e) Hiru urteko indarraldia izango du izendapenak, eta Agentziaren zuzendariak izendapenaren ebazpena sinatzen duen egunaz geroztik hasiko da indarrean. Batzordeen osaera Agentziaren webgunean argitaratuko da.
IV.– Ebaluazio-prozesuaren deskribapena.
1.– Prozesuari hasiera emateko, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratzen du. Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak deialdiaren proposamena egingo du UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak onets dezan.
2.– Deialdia urtero egingo da, eta bertan parte hartzeko modua, epeak eta beharrezkoa den dokumentazioa xedatu beharko dira.
3.– 209/2006 Dekretuan (64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen) aurreikusitako ordainsari-osagarriak ebaluatzeko aukera izateko, interesdunak, eskaera egiteko unean UPV/EHUrekin lan-, estatutu- edo administrazio-lotura izan beharko du nahitaez eta jardunean egon beharko du.
4.– Unibertsitatetik kanpo egon diren eta beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuetan lan akademikoa egin ondoren UPV/EHUn sartu direnek ebaluazioa eskatu ahal izango dute, 64/2011 Dekretuak aldatutako 209/2006 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoari jarraiki.
5.– Baloratzeko merezimenduak aurkeztea:
a) Merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa erantsiko zaio eskabideari, formatu digitalean. Eskabidean bildutako merezimenduen orden berberari eutsi beharko dio arestian adierazitako dokumentazioak, eta ebaluatu beharreko atalekin bat etorriko diren fitxategi informatikoetan antolatuko da.
b) Behar bezala justifikatutako merezimenduak baino ez dira baloratuko.
c) Ebaluazioa egiteko eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dira.
d) Eskatzaileek Curriculum Vitae osoa ere txertatu ahal izango dute aplikazio informatikoan, nahi izanez gero.
6.– Eskabideak Unibasqera bidaltzea.
UPV/EHUk Unibasqera bidaliko ditu eskabideak, ebaluatzeko; ebaluatu ostean, Unibasqek ebaluazio-txostenak UPV/EHUra igorriko ditu.
7.– Eskabideak ebaluatzea.
a) Oro har, aurkeztutako eskabideak eskatzaileak eskatutako Ebaluazio Batzordeari esleituko zaio. Nolanahi ere, Unibasqek eskabidea eskatzaileak adierazitakoa ez den beste Ebaluazio Batzorde bati atxiki ahal izango dio, aurkeztutako merezimenduak horri hobeto egokitzen zaizkiola iritziz gero eta betiere interesdunarekin aldez aurretik ados jarrita.
b) Eskabide bakoitza bi batzordekidek ebaluatuko dute. Dena den, ondoriozko ebaluazio-txostena Batzorde osoak emango du, kide anitzeko organoa den aldetik. Emandako txostenetan iritzi teknikoa jasoko da, lortutako puntuazioekin batera, atal eta azpiatalen arabera.
c) Behin dagokion Batzordeak ebaluazioa eta txostena eginda, haietan bildutako iritzi teknikoari dagokionez lotesleak izango direnak, ebaluazio eta txosten horiek UPV/EHUra igorriko dira.
8.– Puntuazioa eta tarteen proposamena.
Azken puntuazioa honako hau izango da: eskatzaileak finkatutako puntuazioa gehi deialdian lortutako puntuazioa. Tarte-proposamena azken puntuazioan oinarrituta esleituko da.
9.– Osagarrien esleipena.
Eskabide bakoitza banaka ebaluatuko da eta ebaluazio-txosten bat edukiko du, puntuazioa atal eta azpiatalen arabera xehatuta; halaber, ebaluatutako tarte bakoitzerako positiboa ala negatiboa izango den erantzun bat zehaztuz.
a) Agentziaren zuzendariak UPV/EHUra helaraziko du ebaluazio-txostenaren emaitza.
b) UPV/EHUren Gizarte Kontseiluak, Agentziaren ebaluazio-txostena eta UPV/EHUren ebazpen-proposamena aztertu ostean, erabaki bat hartuko du eta horren bidez deialdi bakoitzean eskatutako ebaluazioa ebatziko du; eskatzaile bakoitzari banaka jakinarazi beharko dio ebazpena.
10.– Eskabideen ebazpenaren aurkako errekurtsoak.
Gizarte Kontseiluak hartutako erabakiek administrazio-bidea agortzen dute eta haien aurkako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, aukeran, hilabeteko epean, interesdunari jakinarazi zitzaionetik kontatzen hasita; hala badagokio, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo jurisdikzional eskudunari, bi hilabeteko epean, tartea emateko edo ukatzeko erabakia jakinarazi zenetik kontatzen hasita. UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak beharrezkotzat jotzen badu Unibasq Agentziaren iritzi teknikoa izatea errekurtsoa ebazteko, dagokion Ebaluazio Batzordeak espediente osoa berrikusiko du; horren ondoren, ebaluazio-batzordeak txostena emango du, interesdunaren alegazioak, lehen ebaluazioaren txostena eta Agentziak espedienteari buruz duen dokumentazio guztia aztertu ondoren. Agentziaren zuzendariak, Batzordearen txostena aztertu ondoren, Gizarte Kontseiluari helaraziko dio horren emaitza, interesdunari jakinarazteko, ebazpenarekin batera, betiere aurkeztu zenetik hilabeteko epearen barruan.
V.– Ebaluazio-irizpideak lantzea.
1.– Ebaluatzeko irizpide orokorrak eta haien balizko aldaketak Unibasqen Aholku Batzordeak landu ditu, hori egiteko organo eskuduna baita Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziari buruzko Legearen (ekainaren 28ko 13/2012) 9.2.b) artikuluari jarraikiz.
2.– Jakintza-esparru bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuta interpretatu ahal izango dituzte irizpide horiek Ebaluazio Batzordeetan, betiere irizpide orokorretan ezarritako mugak gainditu gabe.
3.– Agentziaren funtzionamenduan bete beharreko gardentasun-printzipioen arabera eta 209/2006 Dekretuko (64/2011 Dekretuaren bitartez aldatu zen) mandatua betez, ebaluazio-irizpideak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Agentziaren webgunean (www.unibasq.eus) argitaratuko dira.
VI.– Tarte eta mailen araberako balorazioa.
1.– C maila: Osagarri gehigarri honek UPV/EHUrekiko dedikazio profesionala saritzea du helburu.
C1 tartea lortzeko baldintzak: 3 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin, eta Departamentuko Kontseiluaren aldeko txosten arrazoitua eta argudiatua aurkeztea, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.
C2 tartea lortzeko baldintzak: 7 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin, eta Departamentuko Kontseiluaren aldeko txosten arrazoitua eta argudiatua aurkeztea, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) eranskinean aurreikusitako irizpideetan oinarrituta.
Departamentuko Kontseiluaren txostenean honako baldintza hauek hartu behar dira kontuan: a) irakaskuntza-jarduerari buruzko aurkako txostenik ez izatea (ez-betetze formalik ez izatea, hala nola tutoretzei, irakaskuntzari, akten epeei eta abarri dagokienez) eta b) irakaskuntzari buruzko inkestak sistematikoki bete izana, inkesta horietan errepikatutako balorazio negatiborik izan gabe.
2.– B maila: Kalitatea eta etengabeko hobekuntza saritzea du helburu.
B tarteko edozein mailatan behar den puntuazioa lortzeko (25, 50 eta 75 puntu), VII. puntuko balorazio-irizpideak hartuko dira kontuan. Antzinatasuna kalkulatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: B1 tartearen kasuan, UPV/EHUrekin edozein lan-, estatutu- edo administrazio-loturaren pean egindako irakaskuntzako, ikerketako, ezagutza transferitzeko edo kudeaketako jarduera guztiak eta, B2 eta B3 tarteen kasuan, UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin egindakoak.
B1 tartea lortzeko baldintzak: C1 tartea lortu izana, 5 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin eta gutxienez 25 puntu lortzea.
B2 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 50 puntu lortzea.
B3 tartea lortzeko baldintzak: doktore-gradua, C1 eta C2 tarteak lortu izana, 10 urteko lotura egiaztatzea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate eta ikerketa-zentro batzuekin, eta gutxienez 75 puntu lortzea.
3.– A maila: Bikaintasuna saritzea du helburu.
A1 tartea eskatzeko baldintzak: ebaluazioan 100 puntu lortzea, doktore-gradua izatea, 15 urteko lotura izatea UPV/EHUrekin edo beste unibertsitate edo ikerketa-zentro batzuekin, eta hiru seiurteko edo ikertramo egiaztatzea ikerketan.
A2 tartea eskatzeko baldintzak: A1 tartea lortzeko baldintzak betetzea eta autotxostena betetzea.
Ebaluazio Batzordeek A2 tarterako eskatutako betekizun formalak osatzen dituzten hautagaien proposamena Bikaintasuna Ebaluatzeko Batzordera helaraziko dute automatikoki eta, Bikaintasunaren Batzordeak, Batzordeen proposamenak aztertu ondoren, tarte horretako emakidak erabakiko ditu.
4.– Doktore ez diren Unibertsitate Eskoletako irakasle titularrentzako osagarri berezia, 209/2006 Dekretuaren (64/2011 Dekretuaren bidez aldatu zen) hirugarren xedapen iragankorrari jarraikiz.
1. osagarri berezia: Baldintzak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, eta 50 puntu lortzea.
2. osagarri berezia: Baldintzak: 10 urteko antzinatasuna egiaztatzea Unibertsitate Eskolako irakasle titular moduan, eta 75 puntu lortzea.
VII.– Ebaluazio-irizpideak.
0.– Alderdi orokorrak:
– Ebaluazioa egiteko, eskatutako aldia elkarren segidako 5 urteko bloketan banatuko da.
– Bloke bakoitzean gehienez 27 puntu lortu ahal izango dira. Gehieneko puntuazioa lortu ahal izango da jarduera akademikoaren hainbat intentsifikaziorekin.
– Eskabidean 5 urtetik gorako ebaluazioaldia sartzen bada, aipatutako denboraldia 5 urteko blokeetan zatituko da. Geratzen den zatiari (hala badagokio) dagokion gehieneko puntuazioa proportzioaren zati osoa izango da.
– Orientatzeko asmoz, protokolo honetan hainbat erreferentzia aipatzen dira, atal edo azpiatal bakoitzean gehieneko puntuazioa lortzeko. Horrek ez du esan nahi gehieneko puntuazioa ezin denik beste modu batera lortu, baina eskabide indibidual bakoitzaren autoebaluazioa doitzeko parametroak zehazten ditu. Era berean, azpiatal bakoitzeko gehieneko puntuazioari buruzko proportzionaltasun-irizpide bati jarraikiz, azpiatal horietan baloragarriak diren merezimenduetarako baremoak zehazten dira.
– Orientabide horri jarraikiz, Ebaluazio Batzordeek atal (edo azpiatal, hala badagokio) bakoitzaren puntuazioa finkatuko dute eta, edonola ere, aurkeztutako merezimenduak baloratzeko garaian baliatuko dute beren diskrezionalitate teknikoa. Azpiatal bakoitza baloratzean ekarpenen koherentzia hartuko da kontuan eta, hala badagokio, eskatzailearen ibilbidea edo Curriculum Vitaea.
– Bere diskrezionalitatea egikarituz, Batzordeak uste badu azpiatal batean barne hartutako merezimenduetakoren bat ezohiko kalitatekoa dela, protokoloaren baremoaren arabera dagokion gehienekoa gainditzen duen balorazio bat esleitu ahalko dio. Edozein kasutan, inoiz ere ezin izango da azpiatal bakoitzerako ezarritako gehieneko puntuazioa gainditu. Era berean, uste badu ekarpen batek ez dituela gutxieneko kalitate-eskakizunak betetzen hautagarria edo atal edo azpiatal batean sartzeko modukoa izateko, puntuazioa zero izango da preseski hautagarria ez izateagatik.
– Ezin izango da merezimendu bera azpiatal batean baino gehiagotan sartu.
– Hona hemen eskabidearen atalak:
1) Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa. Gehieneko puntuazioa: 23 puntu.
2) Irakaskuntza. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu.
3) Kudeaketa. Gehieneko puntuazioa: 9 puntu.
1.– Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta dibulgazioaren atala (gehienez 23 puntu).
1.1.– Ikerketa (gehienez 23 puntu).
1.1.1.– Argitalpenak (gehienez 15 puntu).
Azpiatal honetan, izen oneko argitaletxeetan eta zientifikoki egiaztatutako aldizkarietan argitaratutako ikerketa-lanak sartuko dira, baita, hala badagokie, patente eta erakusketak ere.
Ikerketako seiurtekoak lortzeko eskatutako kalitate-eskakizunak betetzen dituzten 10 ekarpenen egiaztapenarekin lortuko da gehienekoa. Ez dira balioetsiko eskakizun horiek betetzen ez dituztenak. Argitalpen bakoitzagatik 0,3 puntutik 2 puntuko gehienekorainoko puntuazioa lortu ahalko da. Ebaluazio Batzordeak erabakiko du ekarpenen kalitate-maila, jakintza-arlo bakoitzerako estandarizatutako irizpideei jarraikiz.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 15 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.1.2.– Ikerketa-arloko talde, sare eta proiektuetan modu aktiboan parte hartzea (gehienez 5 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira lehia bidezko deialdietan emandako proiektuak, eta nazioarteko proiektuek estatukoek eta autonomia-erkidegokoek baino garrantzi handiagoa izango dute. Nolanahi ere, UPV/EHUk parte-hartze nabarmena duen proiektuak modu berezian baloratuko dira.
Eskatzaileak Europar Batasuneko, beste organismo batzuetako edo nazioarteko erakundeetako, Estatuko Planetako, Autonomia Erkidegoetako eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako ikerketa-proiektu edo -taldeetan izandako parte-hartze mota eta erantzukizun-maila, bereziki, hartuko dira kontuan, betiere kanpo-ebaluazioa egin behar izan badute, batik bat Estatuko Ikerketa Agentziak (AEI) edo nazioko nahiz nazioarteko antzeko beste erakunderen batek.
Balorazioan, honako faktore hauek izango dira kontuan: deialdia egin duen organoa, proiektuaren zenbatekoa eta eskatzaileak proiektuan izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan eta abar).
Arlo klinikoen kasuan, lehia bidezko deialdietako ikerketa klinikoetako jarduerak ere baloratuko dira, betiere osasun-agintaritza eskudunak egiaztatutako deialdiak izanik.
Gehieneko puntuazioa lortzeko, hiru urtez Europar Batasuneko lehia bidezko programetan, Estatuko edo nazioarteko planetan edo Eusko Jaurlaritzaren A mailako taldeetan sartutako ikerketa-proiektuetako ikertzaile edo ikertzaile nagusi izan dela egiaztatuta lortuko da gehienekoa, eta hiru urte horiek ebaluatzen ari den aldiaren barruan egon beharko dute.
Urte bakoitzeko puntuazioa honako hau izango da deialdia egiten duen organoaren, deialdiaren lehiakortasun-mailaren, dagokion zenbatekoaren, parte-hartze motaren eta eskatzaileak bertan izandako emaitzen arabera:
– autonomia-erkidegokoa, Eusko Jaurlaritzaren A taldeetan parte hartzea: 0,2tik 1,7raino; Eusko Jaurlaritzaren B taldeetan parte hartzea: 0,1etik 0,25eraino.
– estatu osokoa: 0,5etik 1,7raino.
– nazioartekoa: 0,7tik 3raino.
– Sareetan parte hartzea: 0,1etik 0,5 punturaino.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 5 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.1.3.– Biltzarretan parte hartu izana eta beste merezimendu batzuk (gehienez 3 puntu)
1.1.3.1.– Biltzarretan parte hartu izana. Nazioarteko biltzar zientifikoak baino ez dira baloratuko (eta, salbuespen gisa, garrantzi berezia duten naziokoak, jakintza-arloaren arabera), baldin eta berdinen arteko ikuskapena biltzen badute eta dagokien eremuan erreferentziako bihurtzen dituzten antzinatasuna eta aldizkakotasuna badituzte.
Parte-hartze motak:
– Gonbidatutako ponentziak.
– Ahozko komunikazioak eta posterrak.
Konferentziak eta mintegiak baloratzeko garaian, aldizkakoak ote diren eta zenbateko inpaktu akademikoa duten hartuko da kontuan, erakunde antolatzailearen izen ona, eskatzaileak izan duen parte–hartze mota eta argitaratu ote diren.
0,1etik 0,3rainoko puntuazioa emango da horrelako ekarpenagatik (gonbidatutako hitzaldiak kenduta). Ebaluazio Batzordeak erabakiko du ekarpen bakoitzaren garrantzi-maila, jakintza-arlo bakoitzeko estandarrei eta egileen kopuruari jarraikiz.
1.1.3.2.– Beste merezimendu batzuk.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Nazioarteko zentroetako ikerketa-egonaldiak, betiere zentro berean 6 aste emanda, metagarriak izan daitezkeelarik: 0,1etik 0,5 punturaino nazioarteko zentro bateko ikerketa-egonaldiagatik aste bakoitzeko zentroaren ospearen arabera.
– Bekak eta sariak. urtean 0,1etik 0,25 punturaino doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko ikerketa-bekengatik eta 0,5eraino sari bat emateagatik, sari horren ospearen arabera.
– Ikertzaileen prestakuntza, mugikortasuna eta/edo laneratzea bultzatu izana.
– Azpiegitura zientifikoa eta ikerketakoaren sorrera eta erabilera bultzatu izana, bai UPV/EHUn, bai Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuetan.
– Ebaluazio-jarduerak indexatutako aldizkarietan edo izen oneko argitaletxeetan.
Gehieneko puntuazioa lortzeko, nazioarteko 5 biltzarretan (salbuespen gisa, garrantzi berezia duten naziokoak, jakintza-arloaren arabera) parte hartuta lortuko da gehieneko puntuazioa 1.1.3 azpiatalean, betiere gutxienez haietako batean gonbidatutako hitzaldia izanik. Bestela, gehieneko puntuazioa lortuko da nazioarteko 10 biltzarretan ponente edo hizlari moduan parte hartu baldin bada. Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 10 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.2.– Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa (gehienez 14 puntu)
Atal honetan puntuak lortzeko, ikerketako seiurteko bat edo ikertramo bat egiaztatuta eduki behar da, edo horren ordez, gutxienez 7 puntu lortu behar dira 1.1.1 azpiatalean (Argitalpenak).
1.2.1.– Ezagutzaren transferentzia (gehienez 10 puntu).
1.2.1.1.– Pertsonen prestakuntza eta ekintzailetza-jarduerak.
Azpiatal honetan sartuko dira kultura ekintzailea, enpresak sortzea edo spin-offa sustatzen duten jarduera eta proiektuak. Honako faktore hauek hartuko dira kontuan: jarduera mota, eskatzailearen parte-hartze maila, kalitate-zantzuak, erakunde laguntzaileak edo finantzatzaileak, onuradun kopurua eta jardueraren emaitzak.
Bereziki honako hauek balioetsiko dira:
a) Transferentzia-jardueretan (kontratuak eta proiektuak) edo ekintzailetza-jardueretan kontratatutako pertsonen kopurua.
Eskatzaileek aurkezten dituzten kontratuek, eskatzailea bera espezialista den esparruko jakintza-transferentziekin lotuta egon behar dute hautagarriak izateko. Ekintzailetzaren bidez enplegua lortzea ere balioetsiko da, enpresa berri bat edo spin-off bat sortuta horretarako.
Puntuazioa puntu 1 urteko izango da lanaldi osoko kontratu bakoitzeko.
b) Industria-tesien zuzendaritza (enpresa-arlokoak edo garrantzia duten irakaskuntzaz kanpoko erakundeak).
Puntuazioa 3 puntu izango da gehienez, betiere 2.3 atalean barne hartu ez bada.
1.2.1.2.– Norberaren ezagutzaren transferentzia.
Azpiatal honetan sartuko dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko 14/2011 Legearen 18. eta 19. artikuluetan aipatzen diren kontratuak, hau da, kanpoko erakundeetan eskatzaileak egindako aldi baterako kontratuak. Era berean, espezialista-plaza asistentziala lotura-araubidean duten unibertsitate-irakasleek itunpeko osasun-erakundeetan egindako jarduera ere sartuko da.
Iraupena, kontratu mota eta erakunde kontratatzailearen izen ona hartuko dira kontuan. Erakundearen gutun bat aurkeztu behar da eta, bertan, egindako jarduera eta transferitutako ezagutzaren kalitate-zantzuak labur-labur adierazi behar dira. Puntuazioa urteko gehienez 2 puntu izango da.
1.2.1.3.– Transferentzia, kanpoko baliabide ekonomikoak jasota.
– Funtsak UPV/EHUra itzultzen dituzten enpresa, erakunde eta administrazio publikoekin egindako ikerketa-arloko kontratu edo hitzarmenetan parte hartu izana, betiere unibertsitateak araututako ohiko sistemen bidez kontratatutakoak izanik. Eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan) kontuan izango da, haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak UPV/EHUn izan duen inpaktu ekonomikoa ere. Puntuazioa urteko puntu 1 izango da gehienez, parte hartzeagatik eta gehienez 2 puntu arduraduna bada.
– Lehia bidezko deialdietan esleitutako proiektuetan parte hartu izana, enpresa, erakunde eta administrazio publikoekin egindako proiektuak izanik. Deialdia egin duen organoaren izen ona kontuan hartuko da, eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan), haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak UPV/EHUn izan duen inpaktu ekonomikoa ere. Puntuazioa urteko puntu 1 izango da gehienez, parte hartzeagatik eta gehienez 2 puntu pertsona arduraduna bada.
– Ustiatzen ari diren patenteak edo utilitate-modeloak.
1.2.1.4.– Gizartean eragin handia duen transferentzia.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– UPV/EHUk eta irabazi-asmorik gabeko erakunderen edo administrazio publikoren batek gizartean eragin handia duten jarduerak garatzeko sinatutako kontratu edo hitzarmenetan parte hartu izana. Eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan) kontuan izango da, haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak gizartean izan duen inpaktua ere. Puntuazioa urteko puntu 1 izango da gehienez, parte hartzeagatik eta gehienez 2 puntu pertsona arduraduna bada.
– Gizarte-garapenerako proiektuetan parte hartu izana, lehia bidezko deialdien bitartez esleitutako proiektuak izanik. Deialdia egin duen organoaren izen ona kontuan hartuko da, eskatzaileak kontratu/hitzarmenean izan duen parte-hartze mota (ikertzaile nagusia, ikertzailea, prestakuntzan), haren iraupena, egindako transferentziaren kalitate-zantzuak, proiektuaren emaitzak, baita kontratu/hitzarmenak gizartean izan duen inpaktua ere. Puntuazioa urteko puntu 1 izango da gehienez, parte hartzeagatik eta gehienez 2 puntu pertsona arduraduna bada.
1.2.1 azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, inpaktu ekonomiko eta/edo sozial handiko 5 ekarpen aurkeztu behar dira, urtebeteko iraupena dutenak, edo bestela, transferentziako seiurteko baten parekotzat jotzeko moduko merezimenduak. 1.2.1 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 6 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
1.2.2.– Dibulgazio zientifikoa (gehienez 4 puntu).
Azpiatal honetan barne hartuko dira ondoren zerrendatutako ekarpen motetan sartutako merezimenduak, eta kalitate-zantzu espezifikoak eta alegatutako merezimenduen inpaktu soziala hartuko dira kontuan merezimendu horiek balioesteko.
1.2.2.1.– Dibulgazioko argitalpenak.
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Dibulgazioko liburuak edo liburuen kapituluak. Argitaletxearen izen ona kontuan hartuko da, zenbat ale saldu diren eta eskatzaileak emandako kalitate-zantzuak.
– Dibulgazioko artikuluak. Aldizkari, egunkari edo inprimatutako komunikabidearen izen ona kontuan hartuko da, zenbat ale banatu diren eta eskatzaileak emandako kalitate-zantzuak.
– Erakusketak. Garrantzi oso handiko erakusketak (ikus-entzunezkoak objektuak, panelak, eta abar), fisikoak zein birtualak. Erakusketa antolatzen duen erakundearen garrantzia, erakusketaren iraupena eta kalitatea, komunikabideetan duen inpaktua, eta bisiten, aipamen eta erreseinen kopurua hartuko dira kontuan.
– Inpaktu handiko dibulgazio zientifikoko tresna gisa agertzen diren beste material berezi edo produktu espezifiko batzuk.
1.2.2.2.– Ikerketaren dibulgazioko eta zabalkundeko jarduerak ikus-entzunezko komunikabideetan.
Azpiatal honetan, UPV/EHUk, Kultura Zientifikoko Katedrak, UPV/EHUren udako ikastaroak Fundazioak edo kultura zientifikoko unitateek antolatutako jardueretan izandako parte-hartzea, batik bat, sartuko da. Jardueraren kalitate-zantzuak kontuan izango dira, baita ekitaldiak komunikabideetan edo gizartean izan duen oihartzun edo inpaktuaren adierazleak ere.
1.2.2.3.– Dibulgazioa sare sozialen bidez.
Azpiatal honetan, zientzia-komunikabidetzat erregistratutako blog, vlog, podcastetan eta sare sozialetan, ohiko koordinazioa edo parte-hartzea izatea soilik sartuko da.
Lankidetzaren aldizkakotasuna eta mota hartuko dira kontuan, komunikabidearen kalitate-zantzuak eta lankidetzaren kalitate-zantzuak eta inpaktua.
1.2.2 azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, goi-mailako bi ekarpen aurkeztu beharko dira. Goi-mailakotzat joko da izen oneko argitaletxe batean argitaratutako liburua denean eta 1.000 aletik gora saldu direnean; ikus-entzunezko komunikabideetan, berrogei minutuko kalitate handiko hiru saio zuzendu izana, eta ikus-entzule kopuru handia duen irrati edo telebista batean ematea saio horiek; sare sozialetan, zientzia-komunikabide batean gutxienez hiru urtez hilean behin lankidetza bat egin izana, aipamen asko izanik.
1.2.2 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 3 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
2.– Irakaskuntzaren atala (gehienez 20 puntu).
2.1 eta 2.2 atalak bata bestearen ordezkoak izango dira. Eskatzaileak docentiaz programako balorazio bat baldin badu aintzat hartutako tartean, 2.1 atalaren arabera baloratuko da. Bestela, 2.2 atalaren arabera baloratuko da.
2.1.– Docentiaz programako ebaluazioa (gehienez 14 puntu).
Gutxieneko puntuazioa 5 puntu izango da gai ebaluazioa izanda; gehieneko puntuazioa, aldiz, 14 puntu izango da eta bikain ebaluazioa izan beharko du alderdi guztietan.
2.2.– Docentiaz programaren ordezko ebaluazioa (gehienez 14 puntu).
2.2 azpiatalean ebaluatu beharreko merezimenduen % 50 baino gehiago euskaraz egin direla egiaztatzen duten eskatzaileek % 10ean gehituko dute lortutako puntuazioa.
2.2.1.– Nazioartekotzea, metodologiak eta berrikuntza irakaskuntzan (gehienez 9 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Gradu-amaierako eta master-amaierako lanen zuzendaritza. Gradu Amaierako Lan bat zuzentzeagatik 0,2 puntu lortuko dira. Master Amaierako Lan bat zuzentzeagatik 0,4 puntu lortuko dira (kasuan kasu, zuzendarien kopuruarekin banatuko da).
– Aintzatetsitako kalitatea duten graduko eta graduondoko programetan parte hartu izana, nazioarteko proiekzioa bereziki baloratuko da.
– Ofiziala ez den hizkuntza batean eskolak eman izana, betiere eskatzailearen jakintza-arloko aztergaia ez denean.
– Nazioarteko irakasleen/ikasleen truke-programetan parte hartu izana. Erasmus truke-programen bitartez, ekintza integratuen bitartez edo antzeko beste ekintza batzuen bitartez beste unibertsitate batzuetan egindako egonaldiak soilik hartuko dira kontuan. ECTS bakoitzeko 0,3 puntu lortuko dira.
Honako hauek hartuko dira bestelako irakaskuntza-meritutzat:
– Frogatutako zabalkundea izan duen irakasmateriala prestatu izana, artikuluak, liburuak eta liburuetako kapituluak idatzi izana izen oneko aldizkari eta argitaletxeetan. Kanpo-ebaluazio prozesua kontuan hartuko da originalak argitaratzean, argitaletxea, hizkuntza, beste kalitate-zantzu batzuk, baita argitalpenaren inpaktua ere.
– Berrikuntza pedagogikoko proiektuetan (unibertsitatearen beraren edo beste erakunde batzuen hezkuntza-arloko berrikuntzako proiektuak eta abar) eta gizartean eragin handia duten proiektuetan parte hartu izana.
– UPV/EHUn ikasleei prestakuntza akademikoa emateko jarduerak antolatu izana.
– UPV/EHUren eskaintza birtualean parte hartu izana.
– Irakaslanarekin lotutako sariak jaso izana.
Azpiatal honetan gehieneko puntuazioa lortzeko, gradu-amaierako 20 lan edo master-amaierako 10 lan zuzendu behar izan dira eta ofizialak ez diren hizkuntzetan 15 ECTS eman izana egiaztatu behar da, aintzatetsitako kalitatea duten nazioarteko edo unibertsitatearteko graduko eta/edo graduondoko programetan.
2.2.2.– Ikaskuntzaren emaitzak (gehienez 5 puntu).
Azpiatal honetan, ikasleen gogobetetze-maila neurtzeko inkesten emaitzak sartuko dira. 5eko puntuazioaren gaineko 3,5 punturen berdina edo goragokoa den puntuazioa duten inkestak soilik hartuko dira kontuan, eta emandako kredituen arabera balioetsiko dira.
4 puntutik goragoko edo 4 punturen berdina den inkesta bakoitzeko puntu 1 lortuko da gehienez. 3,5etik 4ra bitarteko inkesta bakoitzeko, 0,75 puntu lortuko dira gehienez. 60 ECTSrekin lortuko da gehienekoa, 4tik gorako balorazioarekin.
2.2 azpiatalean, eskatzaileak gehienez ere 30 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
2.3.– Ebaluazioaldian defendatutako doktorego-tesiak zuzendu izana (gehienez 6 puntu).
Azpiatal honetan, ebaluazioaldian defendatutako doktorego-tesiak hartuko dira kontuan (2.1.1 azpiatalean barne hartu gabekoak), tesiaren kalifikazioa, ezohiko saria lortu izana eta euskarazko tesia, europarra eta/edo nazioartekoa ote den.
Nazioarteko tesi bat edo ezohiko saria duen bat zuzendu izanagatik, 3 puntu lortuko dira.
Ezohiko saria duen tesi bat baina nazioartekoa ez dena zuzendu izanagatik, 2 puntu lortuko dira.
Tesia euskaraz egin eta defendatu bada, aurreko irizpideen arabera lortutako 0,5 puntu gehituko dira.
Azpiatal honetan, eskatzaileak gehienez ere 3 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
3.– Kudeaketaren atala (gehienez 9 puntu).
3.1.– Kide bakarreko kudeaketa-kargu akademikoak bete izana (gehienez 9 puntu).
– Errektorea: 5 puntu urte bakoitzeko.
– Errektoreordea edo idazkari nagusia: 2,5 puntu urte bakoitzeko.
– Fakultateko dekanoa – Eskolako zuzendaria: 2 puntu urte bakoitzeko.
– Fakultateko dekanordea – Eskolako zuzendariordea: puntu 1 urte bakoitzeko.
– Ikerketa Institutu/Departamentuko zuzendaria: puntu 1 urte bakoitzeko.
– Ikerketa Institutu/Departamentuko idazkaria: 0,7 puntu urte bakoitzeko.
– Beste kargu batzuk, estatutuetako asimilazioaren arabera.
Eskatzaileak kargua eta kargu bakoitzeko hasierako eta amaierako datak adierazi beharko ditu. Ez da puntuaziorik jasoko kargua egikaritzeko aldia urtebete baino gutxiago bada.
3.2.– Administrazio Publikoan karguak bete izana, zerbitzu berezien egoeran (gehienez 9 puntu).
– Sailburua 5 puntu urte bakoitzeko.
– Sailburuordea 2,5 puntu urte bakoitzeko.
– Zuzendaria 2 puntu urte bakoitzeko.
– Beste kargu batzuk aurrekoetara asimilatu izanaren arabera.
Eskatzaileak kargua eta kargu bakoitzeko hasierako eta amaierako datak adierazi beharko ditu. Ez da puntuaziorik jasoko kargua egikaritzeko aldia urtebete baino gutxiago bada.
3.3.– Kudeaketako beste jarduera batzuk (gehienez 3 puntu).
Azpiatal honetan sartuko dira honako hauek:
– Master eta doktoregoko programen zuzendaritza.
– Kide bakarreko karguak sozietate zientifikoetan.
– Aldizkari zientifikoetako edo erakunde zientifikoetako batzordekidea.
– Unibertsitate-jarduerarekin lotutako erakunde-jardueretan parte hartu izana.
– Unibertsitateko kide anitzeko organoetan parte hartu izana, edo aurreko ataletan sartzen ez diren irakaskuntzako edo ikerketako kudeaketa-jardueretan, hala nola:
• Liberatu sindikalak.
• Estatutu-batzordeak.
• Aurreko ataletan sartzen ez diren irakaskuntzako edo ikerketako kudeaketa-jarduerak, nazioartean oihartzuna dutenak.
• Biltzar edo bestelako ekitaldi zientifikoak antolatu izana.
3.3 azpiatalean gehieneko puntuazioa lortzeko, master edo doktorego baten zuzendari edo izen oneko sozietate zientifiko baten koordinatzaile hiru urtez izan behar da.
Atal honetan, eskatzaileak gehienez ere 5 ekarpen aurkeztu ahal izango ditu bloke bakoitzean.
Eskatzaileak kargua eta kargu bakoitzeko hasierako eta amaierako datak adierazi beharko ditu. Ez da puntuaziorik jasoko kargua egikaritzeko aldia urtebete baino gutxiago bada.
VIII.– A maila lortzeko irizpideak.
Haien bikaintasuna nabarmena dela eta, UPV/EHUren izen ona indartzeko balio duten merezimenduak baloratzeko irizpideak.
1.– A1 tartea lortzea.
A1 tartea lortzeko eskabideen ebaluazioak esparru bakoitzeko Ebaluazio Batzordeek egingo dituzte. A1 tartea lortzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
– 100 puntu lortzea azken puntuazioan.
– Hiru seiurteko edo ikertramo egiaztatzea ikerketan.
2.– A2 tartea lortzea.
A2 tartea lortzeko eskabideen ebaluazioa Bikaintasunaren Ebaluazio Batzordeak egingo du; deialdi bakoitzeko Ebaluazio Batzordeetako buruek osatuko dute Bikaintasunaren Batzorde hori.
A2 tartea lortzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
– A1 tarteari dagozkion baldintzak betetzea ebaluatutako azken blokea baino lehen.
– Bikain kalifikazioa lortzea eskabidean betetako autotxosteneko bi ataletan, gutxienez, eta nahiko kalifikazioa beste bietan. Bestela, bikain bat lortzea eta oso ongi kalifikazioa edukitzea gainontzeko hiru ataletan.
Eskatzaileak bizitza akademiko osoko 4 ekarpen garrantzitsuenak adieraziko ditu lau ataletako bakoitzean:
1) Irakaskuntza.
2) Ikerketa.
3) Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa.
4) Kudeaketa.
– Bikain kalifikazioa lortzeko, egindako jardueran lidergoa egiaztatu beharko da, baita egindako jardueraren ondorioz jardueraren emaitzek UPV/EHUri onurak erakarri dizkiotela objektiboki frogatzea ere.
Bikain kalifikazioaren adibideak atal bakoitzean:
1 – Irakaskuntza:
– 1. adibidea: 15 doktorego-tesi zuzendu izana edo horren pareko den prestakuntza-jarduera, jakintza-arloaren arabera, eta irakaskuntzaren ebaluazio bikaina gutxienez 15 urtez.
– 2. adibidea: emaitza akademikoetan eragin handiko irakaskuntza-proiektuak zuzendu izana, ahal dela nazioarteko proiekzioa dutenak, eta gutxienez 15 urtez irakaskuntzaren ebaluazio bikaina.
2 – Ikerketa: Ikertzaile nagusia izatea hauetako batean (aukeran):
– 1. adibidea: ERC proiektu bat. Ikerketako 4 seiurteko edo ikertramo egiaztatzea gutxienez, baita bere arloko kalitate bikaineko eskatzailea buru dituen 10 ikerketa-emaitza ere.
– 2. adibidea: gutxienez guztira 6 urteko inpaktu handiko nazioarteko ikerketako programa lehiakorretako bi proiektutan ikertzaile nagusi gisa aritu izana. Ikerketako 4 seiurteko edo ikertarte egiaztatzea gutxienez, baita bere arloko kalitate bikaineko eskatzailea buru dituen 10 ikerketa-emaitza ere.
– 3. adibidea: ikerketa lehiakorreko estatu-planetako bost proiektutan ikertzaile nagusi gisa aritu izana, gutxienez 15 urteko iraupen totalarekin. Ikerketako 4 seiurteko edo ikertarte egiaztatzea gutxienez, baita bere arloko kalitate bikaineko eskatzailea buru dituen 10 ikerketa-emaitza ere.
– 4. adibidea: Eusko Jaurlaritzaren A mailako ikerketako talde kontsolidatu bateko ikertzaile nagusi gisa aritu izana gutxienez 15 urtean. Ikerketako 4 seiurteko edo ikertarte egiaztatzea gutxienez, baita bere arloko kalitate bikaineko eskatzailea buru dituen 10 ikerketa-emaitza ere.
3 – Ezagutzaren transferentzia eta dibulgazio zientifikoa:
1. adibidea: transferentzia-jardueren zuzendaritza, UPV/EHUk araututako ohiko sistemen bitartez kontratatutako jarduerak izanik eta 200.000 euro baino gehiagoko finantzaketarekin (Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Juridikoak eta Ekonomia Zientziak) eta 500.000 euro baino gehiagoko finantzaketarekin (Irakaskuntza Teknikoak, Zientzia Esperimentalak eta Osasun Zientziak).
2. adibidea: UPV/EHUrekin egindako kontratu edo hitzarmenen bitartez, gizarteari onura handia ekarri dioten jardueren zuzendaritza, emaitzen bitartez egiaztatutakoa, gutxienez 15 urtez.
3. adibidea: gizartean zabalkunde handia izan duten zientzia-dibulgazio programen aldizkako zuzendaritza 15 urtez.
4 – Kudeaketa:
1. adibidea: Errektorea izatea gutxienez agintaldi batez.
2. adibidea: zentroko zuzendaritzako kide bakarreko karguak bete izana edo errektoreorde izatea gutxienez 10 urtez, emaitza positiboak eta egiaztatutakoak izanik UPV/EHUrentzat.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 27a.
Unibasqen zuzendaria,
EVA FERREIRA GARCIA.
I. ERANSKINA
ARGITALPENAK ETA PATENTEAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK
Ebaluazio-batzordeek argitalpen moten sailkapen bat ezarriko dute erantsitako irizpideei jarraikiz. Jakintza-arlo guztietako kalitate handiko ekarpenak zein diren definituko dira sailkapen horretan.
ZIENTZIA ESPERIMENTALEN ETA OSASUNAREN ZIENTZIEN ARLOAK
Zientzia Esperimentalen eta Osasunaren Zientzien arloetan Science Citation Index datu-basean bildutako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Beste mota bateko lanak ere kontuan har litezke kalitate handiko lanak badira bere espezialitatean, bere lan-arlokoen artean (bere espezialitateko zerrendako lehen herenean kokatutakoak Science Citation Index datu-basean). Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Liburuen argitalpenari dagokionez, nazioarteko prestigioa duten espezializatutako argitaletxeek argitaratutako jatorrizko ikerketa-liburuak balioetsiko dira bereziki.
IRAKASKUNTZA TEKNIKOEN ARLOA
Irakaskuntza Teknikoen arloan, patenteak eta argitalpen zientifikoak balioetsiko dira. Science Citation Index datu-basean bildutako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Beste mota bateko lanak ere kontuan har litezke beren arloetako kalitate handiko lanak badira (bere espezialitateko zerrendako lehen herenean kokatutakoak, bere lan-arlokoen artean, Science Citation Index datu-basean). Ingeniaritzako nazioarteko datu-baseetan bildutako aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere balioetsiko dira, hala nola TRIS Electronic Bibliography data, Internacional Development Abstracts, Inernational Civil Engineering Abstracts, Environmental Abstracts, Applied Mechanical Reviews, Applied Science and Technology Index eta arkitekturako argitalpenen nazioarteko indizeetan agertzen direnak (adibidez, Arts and Humanities Citation Index, Avery Index to Architectural Periodicals). Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Salbuespen gisa, prestigioko Nazioarteko Biltzarren Aktetan bildutako lanak balioetsi ahalko dira atal honetan, biltzar horiek prestigio handieneko Journal Citation Report aldizkariekin konparagarria den zabalkunde-tresna diren zientzia-esparruetan, eta betiere hautaketa-irizpideek aipatutako aldizkari horien antzeko zorroztasun-maila badute. Ustiapenean dauden patenteak balioetsiko dira, ustiapen hori betiere salerosketa-kontratu bidez edo lizentzia-kontratu bidez egiaztatuta. Patentearen hedadura hartuko da kontuan (estaturakoa, Europarakoa edo Patenteen Lankidetza Tratatu bidezkoa), hedadura handieneko babesa gehiago balioetsita betiere. Ekarpena balioetsi egingo da, halaber, patentea OEPMk eman badu aldez aurreko azterketako sistema baten bidez.
GIZARTE ZIENTZIA ETA ZIENTZIA JURIDIKOEN ARLOA
Gizarte Zientzien arloan, hainbat datu-basetan –Science Citation Index, Social Sciences Citation Index, Econlit, IN-RECS, IN-RECJ edo RESH– edo arlo honetan normalean onartutako beste datu-base batzuetan bildutako prestigioko aldizkarietako argitalpen zientifikoak balioetsiko dira lehentasunez. Dena den, Batzordeak kontuan hartutako 35. mailako kalitateko eskakizunak betetzen dituzten indexatu gabeko aldizkariak ere kontuan hartu ahalko dira osagarri gisa, eta, aldizkari horiekin batera, onetsitako prestigioa eta zabalkunde akademiko eta profesional handia dutenak, baita LATINDEX edo DICE katalogoan bildutakoak ere, betetzen dituzten irizpideen kopurua eta mota kontuan izanda. Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Zuzenbideko arloetan kontuan izango dira, halaber, egiaztatutako kalitate-zantzuak dauzkaten liburu eta liburuko kapituluak (argitaletxearen kanpo-ebaluazioa, argitalpenaren inpaktua).
GIZA ZIENTZIEN ARLOA
Giza zientzien arloan, egiaztatutako kalitate-zantzuak dauzkaten liburuak balioetsiko dira lehentasunez (argitaletxearen kanpo-ebaluazioa, argitalpenaren inpaktua), baita nazioarteko aldizkarietan argitaratutako artikuluak ere, betiere artikulu horiek honako datu-base hauetan sartu ahal izatea kalitatezko erreferentziatzat kontuan hartuta: adibidez, FRANCIS, International Bibliography of the Social Sciences, Arts and Humanities Citation Index, Social Science Citation Index, CINDOC, Bibliography of the History of Arts (RLG), Historical Abstracts, International Medieval Bibliography, Index Islamicus, RILMS Abstracts of Music Literature, Philosopher’s Index, Répertoire Bibliographique, International Bibliography of Periodical Literature in Humanities and Social Sciences (IBZ), Bibliographie Lingüistique/Linguistic Bibliography (BL), Library and Information Science Abstracts. Datu-base hauetan bildu gabeko aldizkarien kasuetan, kalitate-zantzutzat hartuko dira: binakako kanpo-ebaluazioa egotea; nazioarteko batzorde zientifiko bat edukitzea; artikuluen kopuru handi bat argitaratzea, artikulu horien egileek zuzeneko harremanik ez dutelarik aldizkariarekin erredakzio-kontseiluaren edo argitalpen-erakundearen bidez; ikerketa-lanak soilik biltzea; bere espezialitatearekin gehien lotutako bilduma eta buletin bibliografikoetan aipatuta agertzea; lanak hizkuntza bat baino gehiagotan argitaratzea. Ikerketaren benetako eragina hartuko da kontuan inpaktu-indizea eta ikerketaren eraginaren adierazle gisa jasotako aipu kopurua kontuan izanda. Arte Ederretan erakusketen antolaketa eta erakusketen katalogoak balioetsiko dira.