EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019190

EBAZPENA, 2019ko irailaren 24koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez aldatzeko baimena eman, aldaketa-proiektua onartu eta onura publikokoa dela deklaratzen baita proiektu hau: Etxebarriko eta Bilboko udalerrietan (Bizkaia), «132 kVko, zirkuitu bikoitzeko, Basauri TA-Gatika TA linea elektrikoaren moldaketa, 9 eta 16 euskarrien artean».

Xedapenaren data: 2019-09-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904552
Maila: Ebazpena
Erref.: L-8341 IFT/YMM.
Esp.: AT-Y-2018-26.
AURREKARIAK
1.– 2018ko martxoaren 28an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak (egoitza: San Adrian etorbidea 48, Bilbao) honako hau eskatu zuen: Etxebarriko eta Bilboko udal-mugarteetan (Bizkaia), 132 kVko, zirkuitu bikoitzeko, Basauri TA-Gatika TA linea elektrikoaren moldaketa (9 eta 16 euskarrien artean) egiteko administrazio-baimena, proiektu-onarpena eta, zehatzago, onura publikoaren deklarazioa. Horretarako, eskabidea eta proiektu teknikoa aurkeztu zituen; proiektua Alfredo Mas Torres industria-ingeniariak sinatu zuen, 2018ko martxoaren 12ko konpetentzia-deklarazioaren arabera.
2.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresaren eskabide hori jendaurrean jartzeko, argitara eman zen horren iragarkia, 2018ko abenduaren 21eko BAOn, 2018ko abenduaren 21eko EHAAn, eta 2019ko urtarrilaren 11ko El Correo egunkarian.
3.– 2018ko abenduaren 13an, ofizio bana igorri zitzaien Etxebarriko eta Bilboko udalei, aipaturiko iragarkia udaletxeetako iragarki-oholean jar zezaten. Era berean, 2019ko urtarrilaren 7an, Urari, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailari, Telefónicari, Euskotreni eta Matro Bilbaori eskatu zitzaien txostena egiteko eta bertan adierazteko instalazioaren onura publikoaren deklarazioa egokia zen ala ez, eta, hala bazegokion, egoki iritzitako baldintza teknikoak aurkezteko. Bi udalei, Urari, Euskotreni eta Telefónicari berriz egin zitzaien eskaera 2019ko maiatzaren 2an.
4.– Arauzko izapideak beteta, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk erakunde guztien izapideak onartu ditu, batez ere Metro Bilbaok eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztutakoak, eta espedienteari atxiki zaizkio.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.– Espedienteak arauzko izapide hauek bete ditu: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 26ko 24/2013 Legea; Energia elektrikoko instalazioen garraioko, banaketako, merkaturatzeko eta hornidurako jarduerak eta baimentze-prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua; Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua eta bat datorren gainerako legedia.
Bi.– Sektore Elektrikoari buruzko 24/2013 Legearen 54. artikuluak onura publikoaren deklarazioa ematen die energia elektrikoa banatzeko instalazioei, horiek instalatzeko behar diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta bide-zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez dakar ondasun eta eskubide horien okupazioa eta urgentziaz okupatu beharra, lege horren 56. artikuluaren eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.
Hiru.– Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzaren 2019ko irailaren 9ko txostena aztertu da.
Bizkaiko lurralde-ordezkaria da espediente hau ebazteko eskumena duen organoa, hala baitago ezarrita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA), 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluari dagokionez (74/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena).
EBAZTEN DU:
Baimena eta oniritzia ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri honako proiektu honetarako: 132 kVko, zirkuitu bikoitzeko, Basauri TA-Gatika TA linea elektrikoaren moldaketa, 9 eta 16 euskarrien artean. Hona proiektuaren ezaugarri nagusiak:
– Dagoen eroalea ordezkatu.
– Isolamenduak, grapak eta bertako burdineria aldatu.
– Behar diren euskarriak indartu eta aldatu.
Deklaratzea baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela, eta deklarazioak, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 56. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak eta eraginpeko eskubideak okupatu beharra, eta okupazioa, gainera, urgentziaz egin beharra. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan urgentziaz okupatzeko deklaraziorako ezartzen diren ondorioak dakartza, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.
Ebazpen hau abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuarekin, abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuarekin eta baldintza orokor hauekin bat etorrita ematen da:
1.– Alfredo Mas Torres industria-ingeniariak sinatutako proiektuaren arabera egin beharko dira obrak, 2018ko martxoaren 12ko deklarazioaren arabera.
2.– Martxan jartzeko epea ez da bi urtekoa baino luzeagoa izango, ebazpen hau titularrak jaso duen egunetik aurrera.
3.– Obrak amaitzean, instalazioen jabeak Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena eman eta abiarazte-akta egite aldera.
4.– Baimen hau eman dugu udalek eta probintziek eman beharreko lizentziei, baimenei eta obrak egiteko behar diren gainerakoei ezer kendu gabe eta horietatik aparte, eta eskatzaileak beharrezkoak izango ditu horiek ere. Halaber, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe ematen da baimena, eta jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera hasita, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
Bilbao, 2019ko irailaren 24a.
Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.