EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019189

AGINDUA, 2019ko irailaren 24koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez xedatzen baita Euskadiko zor publikoaren jaulkipen bat zabaltzea eta Euskadiko zor publikoaren beste bi jaulkipen trukearen eta eskudiruzko ordainketaren bidez borondatez amortizatzea.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904527
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/11n argitaratutako 2019/02/05eko 201900015 DEKRETUA

Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 30. artikuluko 1. apartatuan xedatutakoaren arabera, zor publikoaren jaulkipena Gobernu Kontseiluak onartuko du dekretu bidez, zorpetze-arloko sail eskudunak proposatuta; eta, 3. apartatuan xedatutakoaren arabera, sail horretako sailburuari dagokio (gaur egun, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari) dekretuan adierazi ez diren jaulkipenaren ezaugarriak zehaztea. Halaber, 33. artikuluan, hauxe dago xedatuta: Gobernu Kontseiluak baimena emango du, eta zorpetze-arloko eskumena duen sailak (borondatez hartzekodunentzat) aldez aurretiko amortizazio-eragiketak, ordezkapena, trukea, bihurketa, luzapena, finantza elkartrukea edo antzekoak hitzartuko ditu, baldin eta, merkatu baldintzen aldaketengatik, bideragarria bada finantza kargan ekonomiak lortzea, aldiak berregituratzea edo arriskua murriztea edo dibertsifikatzea.
Otsailaren 5eko 15/2019 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2019ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak –2019rako luzapen-araubidean– onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 10. artikuluko 1. apartatuan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren kargura. Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balore gisa jaulkitzen bada.
Gobernu Kontseiluaren 2019ko irailaren 17ko Erabakiaren bidez, eragiketa bat baimendu da Euskadiko zor publikoa bonuak trukatzearen bidez eta eskudiruzko ordainketa eginda amortizatzeko, aldez aurretik eta borondatez; eta, horren ondorioz, beste zor-zenbateko bat jaulkiko da eta edukitzaileek, nahi izanez gero, dauden bi jaulkipenen zati bat amortizatu ahal izango dute.
Goian aipatutako lege babesa kontuan izanda eta aintzat harturik 2018ko otsailaren 28ko jaulkipenaren –kupoia: % 2,50; epemuga: 2038ko otsaila– zirkulazio saldoa 397 milioi euro dela, Ogasun eta Ekonomia Sailaren aburuz gomendagarria da horren zenbatekoa zabaltzea, merkatuan duen likidezia handitzeko. Oraingoan, inbertitzaileei aukera ematen zaie jaulkipen horren zabalkuntza Euskadiko zor publikoaren bonu hauek entregatuta ordaintzeko:
– 2013ko martxoaren 26ko jaulkipena, % 4,90eko kupoiarekin eta 2020ko martxoaren 26ko epemugarekin.
– 2017ko apirilaren 18ko jaulkipena, % 0,60ko kupoiarekin eta 2022ko apirilaren 30eko epemugarekin.
Osagarri gisa, aukera ematen da aldez aurretiko amortizazioa eskatzeko, eskudiruaren truke. Horrela, hemeretzi urterako zabalkuntzaren bidezko jaulkipena egiteaz gain, amortizazio partziala egingo da, 2020an eta 2022an epemuga duten bonoak borondatez trukatzearen bidez. Eragiketa honen bidez, aipatutako erreferentzia horren zabalkuntza errazteaz gain, eskudiruz amortizatutako zatia dela-eta, zor biziaren zenbatekoa murrizten da, eta hurrengo urteko eta 2022ko epemugei bolumena kentzen zaie; beraz, 2020an eta 2022an jaulkipen gordinaren beharrak murrizten dira, aurrekontu-egonkortasunaren araudiak eskatutakoaren arabera. Eragiketa biak eragiketok egiteko mandatua duten erakunde baten edo batzuen bidez egingo dira.
Hori guztiori kontuan izanda, beharrezkoa da jaulkipena zabaltzea eta Euskadiko zor publikoaren bonu jaulkien ezaugarriak jendaurrean azaltzea, baita borondatezko amortizazioaren baldintzak ere.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Euskadiko zor publikoaren jaulkipen honen zenbatekoa zabaltzea:
2018ko otsailaren 28ko Euskadiko zor publikoaren jaulkipena –200.000.000 euro, urteko % 2,50eko interesa eta 2038-02-28ko epemuga–. Jaulkipen hori Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez baimendu zen, eta bertan ezarri zen 200.000.000 euroko Euskadiko zor publikoaren jaulkipen bat egingo zela; jaulkipen horren ezaugarriak ere zehaztu ziren (2018-02-23ko EHAA).
2. artikulua.– Zabalkuntza horrek honako ezaugarri hauek izango ditu:
a) Ogasun eta Ekonomia Sailak erabakiko ditu jaulkiko den zenbatekoa, jaulkipen data eta harpidetzaren prezioa, mandatua duen erakundeari edo erakundeei kontsulta egin eta gero, eta Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, agindu baten bidez.
b) Amortizazioaren prezioa, data eta interesak 2018ko otsailaren 28ko jaulkipenaren zabalkuntzarentzat. Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren 2018ko otsailaren 15eko Aginduan ezarritakoak (agindu horren bidez, berrehun milioi euroko Euskadiko zor publikoa jaulki zen, eta eragiketa horren ezaugarriak zehaztu ziren).
– Interesa: urteko % 2,50 nominala.
– Amortizazio-prezioa: parekoa, balio nominalean.
– Amortizazio-data: 2038ko otsailaren 28a.
Zabalkuntza horri dagozkion bonuek 2018ko otsailaren 15eko Aginduari jarraikiz jaulkitako bonuen eskubide berberak izango dituzte.
c) Baloreen adierazpidea: kontuko idatzoharrak.
d) Balio unitarioa: mila (1.000,00) euro.
e) Jaulkipenaren kotizazioa: Bilboko Burtsa.
3. artikulua.– Zabalkuntza harpidetzea.
Jaulkipenaren zabalkuntzaren harpidetzea Euskadiko Zor Publikoaren honako bonu hauek borondatez trukatzearen bidez egingo da:
– 2013ko martxoaren 26ko jaulkipena, % 4,90era; epemuga 2020ko martxoaren 26an; ISIN kodea: ES0000106528.
– 2017ko apirilaren 18ko jaulkipena, % 0,60ra; epemuga 2022ko apirilaren 30ean; ISIN kodea: ES0000106593.
Ogasun eta Ekonomia Sailak bideratuko ditu jaulkipenetako baloreen trukea eta harpidetza, hain justu ere mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, betiere bat etorriz balore-merkatuaren indarreko araudiarekin. Ogasun eta Ekonomia Sailak erabakiko du trukearen eta harpidetzaren prezio garbia, mandatua duen erakundeari edo erakundeei kontsulta egin eta gero, eta agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, kasuan kasuko kupoi korrituarekin –trukearen likidazio-datan eta sei hamartar biribildurekin– batera.
Eragiketaren likidazioaren egunean, onartutako eskaintzei dagozkien baloreak amortizatuko dira.
Jaulkipena zabaltzeko zenbatekoa izango da amortizatutako bonuen zenbatekoaren baliokide diren jaulkipen berriko baloreen zenbatekoa –trukera jo dutenak–.
Trukera joz gero, trukatutako bonuen baja eta alta egingo dira, eta eskudirutan likidatutako da berrerositako eta jaulkitako bonuen prezioen arteko aldea, kupoi korrituak barnean hartuta.
Berrerosketara joz gero, eskudirutan likidatuko da.
Likidazio-datan ordainduko dira biak. Aurreko paragrafoan xedatu bezala, trukea likidatzeko eta eskudiruz amortizatzeko data bat etorriko da 2038ko epemugako bonuen zabalkuntzaren jaulkipen-datarekin.
4. artikulua.– Eskaintzan aurkeztutako baloreek ez dute trabarik izan behar likidazio-datan, eta ezin dute inolako konpromiso-loturarik izan baldin eta ez bada iraungitzen data horren aurretik. Aurkeztutako baloreak saldu egin badira aldi bereko eragiketaren batean, titularraren kontuan eta 14:00ak baino lehen ordainduta egon beharko dira likidaziorako emandako egunaren balio-datarekin.
5. artikulua.– Gaikuntza.
Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari baimena ematen zaie zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzaten, batak zein besteak.
6. artikulua.– Harpidetza, trukatutako tituluen amortizazioa, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Norbolsa, Sociedad de Valores SA enpresaren bidez ordainduko ditu Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores SA enpresak, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 38. artikuluan agindutakoari jarraituz. Trukatutako baloreak kasuan kasuko kargu eta ordainketen bidez entregatu eta hartuko dira, jaulkitako balio nominala eta amortizaziorako trukean lortutako balio nominala adierazita, Sociedad de Gestión de los Sistemas de Registro, Compensación y Liquidación de Valores SA sozietatean erregistratzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 24a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.