EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2019188

EBAZPENA, 2019ko irailaren 16koa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baitira Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Intendente eta Komisario kategorietako lanpostuak izendapen askearen bidez behin betiko betetzeko prozedura (C186) eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozedura (C187).

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201904488
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/25ean argitaratutako 2019/02/18ko AGINDUA [201901001]
  • Ikus 2019/03/07an argitaratutako 2019/03/04ko AGINDUA [201901239]
  • Ikus 2019/05/14an argitaratutako 2019/04/30reko EBAZPENA [201902239]

Segurtasuneko sailburuaren 2019ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez (EHAA, 39. zk., otsailaren 25ekoa) Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda onartu zen. Gero, sailburu beraren 2019ko martxoaren 4ko agindu baten bidez (EHAA, 47. zk., martxoaren 7koa) zerrendako errore batzuk zuzendu ziren. Horiek ikusita, Eskala Goreneko eta Betearazpen Eskalako aginte-funtzioei dagozkien lanpostuei dagokienez (lanpostuok hornitzeko sistema izendapen askea da), intendente eta komisario kategorietarako gordetako lanpostu batzuk behin betiko hornitzeari heldu behar zaio: gaur egun hornituta ez daudenak eta 2019ko apirilaren 30eko ebazpenaren bidez (EHAA, 89. zk., maiatzaren 14koa) deitutako prozedura gauzatutakoan hutsik gelditu direnak.
Kontuan hartu behar da orain arte ez dela erabat garatu Ertzaintzaren egitura, eta ez dagoela lanpostuen zerrendan eskatzen den kategoria-betekizuna betetzen duen langile nahikorik; horrela, bada, lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura bukatu ondoren, segurtasun publikoaren zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko operatibitatea eskatzen duenez, beharrezkoa izango da goragoko kategoriako funtzioak esleitzea, kategoria-betekizuna bete ez arren, eskala bereko edo beheragoko hurrengoan dauden langileei (Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakiak), berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideekin bat etorriz eta prozedura publiko baten bidez, Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudiaren 25. eta 26. artikuluen arabera.
Lanpostuak legez ezarritako sistemaren bidez ahalik eta lasterren betetzeko beharrizana kontuan hartuta, zerbitzu publikoari behar bezalako arreta eskaintzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan eta efizientzia printzipioak kontuan hartuta, komenigarria da lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren deialdia aldi berean egitea, erakundearen barruan eskatutako kategoria duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez.
Indarreko lanpostuen zerrendaren arabera, deialdi honetako lanpostuak hornitzeko sistema izendapen askea da, uztailaren 17ko 4/1992 Legeak, Euskal Herriko Poliziarenak, 65.3 artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz (ekainaren 27ko 7/2019 Legeak, Euskal Herriko Poliziaren Legearen bosgarren aldaketarenak, finkatzen duen testua). Horren araubide juridikoa abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuak ezartzen du 17 - 22 bitarteko artikuluetan (Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Horniduraren Araudia ezartzen duen Dekretua). Legearen 65. artikuluaren 3. zenbakian ezartzen da deialdian nahitaez zehaztu behar dela zer gaitasun profesional behar diren eskaintzen den lanpostuan aritzeko, eta honako arau ere ezartzen da: izendapen askean, organo eskudunak bere iritziaren araberako balorazio bat egiten du hautagai diren pertsonen egokitasunari buruz, lanpostu jakin batean jarduteko eskatutako baldintzen argitan, eta, horretarako, egin daitezke curriculumaren balorazioak, egokitasun-txostenak, elkarrizketak edo hautagai diren pertsonen egokitasuna egiaztatzeko egoki den beste edozein ebaluazio-prozedura. Nolanahi ere, deialdietan kontuan hartuko diren egokitasuneko alderdi eta elementuak aipatu beharko dira.
Oraingo deialdi honetan hautatu da balorazioa proposamenaren arrazoitzat hartuko den aurreko egokitasun-txostenaren bidez egitea, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioek eskatuta; gainera, hori bat dator Espainiako Konstituzioak 9.3, 23. eta 103.3 artikuluetan ematen dituen aginduekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Gorenaren 535/2014 eta 89/2016 epaien arabera (besteak beste). Beste alde batetik, deialdiko lanpostuak erreserbatuta dauzkaten kategorietakoen gaitasun profesionalak zehazten dira, deialdia egin aurreko igoera-prozeduretan ezarritako lanbide-profilak oinarritzat hartuta (profil horiek Segurtasun Sailaren Ortzimuga 2016 planaren jardun-esparruaren barruan aztertu dira). Gainera, deialdian hautagaien egokitasuna baloratzeko kontuan eduki beharrekoak zehazten dira.
Prozeduran aurkeztuko den hautagai-kopurua eta eskainitako lanpostuak kontuak izanda, komenigarritzat jotzen da ahalik eta gehien luzatzea egokitasun-txostenak emateko epeak eta hura bukatzeko ebazpena ematea, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. eta 20. artikuluekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin lotuta.
Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak (apirilaren 2ko 60/2019 Dekretuaren bidez aldatuta) Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, izendapen askearen sistemaren bidez, behin betiko betetzeko deialdia, baita ondorengo zerbitzu-eginkizunen esleipena ere, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.
Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez behin betiko beteko diren lanpostuak 2. eranskinean jasota daude.
2.– Ebazpen honen 2. eranskinean azaltzen da bete beharreko dotazio-kopurua.
Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenen eta zerbitzu-eginkizunen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.
Laugarrena.– 1.– Prozedura kudeatzerakoan, hautapen-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua egingo da Segurtasun Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategiaren bidez. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren ardura duen administrazio-organoari; haren mendeko administrazio-zerbitzuak hemen daude: Larrauri Mendotxe bidea 18, 48950 – Erandio, Bizkaia.
2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautapen-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.
Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, horren aurka eta oinarrien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 16a.
Segurtasuneko sailburuordea,
JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.
1. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehena.– Zenbait lanpostu behin betiko betetzeko prozeduran parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta, 2. eranskinean eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: zerbitzu aktiboan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute lege horren 89.2 artikuluan aurreikusitako eran zerbitzu aktibora itzultzen diren funtzionarioek.
2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez zerbitzu aktibora itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenek edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan ari direnek, karrerako funtzionario egoerara birgaitutakoek, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenek eta gainerako borondatezko eszedentziadunek, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.
3.– Ebazpen hau ematen den egunean lanpostu batean behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, deialdiko lanpostuei dagozkien kategorietakoak badira, prozedura honetan parte hartu beharko dute, eta izendapen askearen bidez betetzeko diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera bete ahal badituzte. Hori egin ezean, derrigorrez atxikiko dira horietako edozein lanpostutara.
4.– Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:
a) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenek, betiere egoera horretan iraun bitartean.
b) Lekualdatzeko zehapena izan dutenek, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplina Erregimenaren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.
c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenek, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.
Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute zerbitzu aktiboan dauden eta Ertzaintzako betearazpen eskalako eta ikuskapen eskalako kategorietakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta eskainitako lanpostuak betetzeko lanpostuen zerrendan ezarritako gainontzeko betekizunak eta baldintza orokorrak betetzen badituzte.
Hirugarrena.– Eskaerak aurkezteko epea.
1.– Hautaketa-prozedura hauetan parte hartu nahi dutenek hamabost egun balioduneko epearen barruan aurkeztu beharko dute eskaera, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Deialdi honetan parte hartzea eskatzeko, 3. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan behin betiko izaeraz eta/edo zerbitzu-eginkizunetan hornitzekoak diren lanpostuak zehaztuko dira eta; bi kasuetarako, lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, baita lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.
3.– Eskaerak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.
4.– Parte hartzeko betekizunak betetzen diren eta, hala badagokio, deialdiko beste zehaztapen batzuen balorazioa, ofizioz egiaztatuko dira eskabideak aurkezteko epearen azken eguna kontuan hartuta, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuak baliatuta.
Laugarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura.
1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Horniduraren Araudiak 19. artikuluan xedatzen duenarekin bat etorriz, izendapenaren aurretik txostena egin behar du hornitu beharreko lanpostua atxikita dagoen administrazioko unitatearen edo organoaren titularrak. Txosten horretan prozedurarako onartutakoen egokitasun-proposamena egingo da, deialdiko lanpostuak erreserbatuta dauzkaten kategorietakoen gaitasun profesionalak aintzat hartuz, eta proposamena Gurenet atarian ezarriko da edo, bestela, deialdia hutsik geratu ahal izango da.
2.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, lortu nahi den lanpostuko betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.
3.– Egokitasun-txostenak emateko ezarri den epea (Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. artikuluan zehaztu dira txosten horiek) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritako eran luzatuko da.
Bosgarrena.– Zenbait lanpostu behin betiko betetzeko prozedura ebaztea.
1.– Behin betiko atxikipenaz izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpen bidez adjudikatuko dira, eta adjudikaziodunei banaka jakinaraziko zaie. Ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
2.– Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da, hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.
3.– Behin betiko atxikipenek Segurtasuneko sailburuordearen bidez zehaztutako egunetik aurrera ondorioak izango dituzte.
4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira eta ez dute lantokia aldatzearen ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko.
Seigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetako lanpostua uztea.
1.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikipenaz lanpostu baten adjudikaziodun diren funtzionarioak nahi denean lanpostutik kendu ahalko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.6 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Izendapen askeko lanpostutik kendutako langilea, behin-behinean, lanpostutik kendu eta hurrengo egunetik aurrerako ondorioekin, dagokion eskalako eta kategoriako beste lanpostu huts batera atxikiko da, udalerri berean. Holakorik ezean, atxikipena kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batean egingo da, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe.
Zazpigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen esleipena.
1.– Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. ataletan xedatutakoarekin bat etorriz, zerbitzu-eginkizunak eman daitezke funtzionarioak berea ez duen kategoria bateko lanpostuetan edo funtzioetan jardun dezan, baina betiere eskala berean edo gaineko hurrengoan aritu beharko du.
2.– Deialdi honetako lanpostuak behin betiko hornitutakoan Segurtasuneko sailburuordeak zerbitzu-eginkizunak ezarriko ditu ebazpen baten bidez, aurkeztutako eskaerak kontuan hartuz; aurretik txostena egin behar du hornitu beharreko lanpostua atxikita dagoen administrazioko unitatearen edo organoaren titularrak. Txosten horretan hautagaien egokitasun-proposamena egingo da, deialdiko lanpostuak erreserbatuta dauzkaten kategorietakoen gaitasun profesionalak aintzat hartuz, eta proposamena Gurenet atarian ezarriko da edo, bestela, deialdia hutsik geratu ahal izango da.
3.– Aurreko puntuan adierazitako txostenak deialdia egiten duen organoak eskatuta emango dira, eta hark agindutako epean, betiere deialdi hau ebazteko epe orokorraren barruan.
4.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.
5.– Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodun suertatzen den funtzionarioari behin betiko atxikita dagoen lanpostua gordeko zaio.
6.– Zerbitzu-eginkizunaren adjudikaziodunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.
7.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sorraraziko, lanpostuz aldatzeagatik.
8.– Zerbitzu-eginkizunak nahierara ezeztatu ahal izango ditu horiek ematen dituen organoak berak edozein unetan, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 72.6 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Zortzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.
1.– Deialdi hau ebazteko epea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz luzatuko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Bederatzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.
Deialdi honen bidez behin betiko eta zerbitzu-eginkizunetan hornituko diren destinoez jabetzea deialdia ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da, eta ez du ez baimenik ez lizentziarik sorraraziko.