EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-10-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019186

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Osasuneko sailburuarena, Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) biriketako minbiziaren ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia arautzen eta egiten duena.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201904462
Maila: Agindua
Aurreko urteetan bezala, 2018ko EITB Maratoia ekimenak, zeinean modu aktiboan parte hartu baitute hainbat elkarte, erakunde eta entitatek, baita pertsona askok ere beren izenean, ikerketa biomedikorako funts kopuru nahiko handia lortu du; aurten, biriketako minbiziaren inguruan ikertzeko. Ekimen solidario horren bitartez bilduko den dirua, behin EITBren antolaketa- eta ekoizpen-gastuak, eta BIOEFen kudeaketa-gastuen zati bat kenduta, biriketako minbiziaren ikerketa sustatzeko laguntzen deialdi honi gehituko zaio. Aurten, ikerketa-arlo hori sendotzeko eta bultzatzeko bildutako zenbatekoa ikerketa-proiektuak finantzatzera zuzenduko da. Laguntzen deialdi honen bitartez, BIOEFek biriketako minbizia aztertzen aurrera egin nahi du.
Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF) Euskadiko osasun-sisteman ikerketa eta berrikuntza sustatzeko Osasun Sailak sortutako tresna da. Halaber, Fundazioak kolaborazio-, kooperazio- eta komunikazio-esparru bat osatzen du erkidegoetan, Estatuan eta nazioartean osasunaren ikerketan eta berrikuntzan diharduten hainbat sektoreren artean. Gainera, BIOEFek osasun-programak eta -politikak eta intersektorialak oinarritzen laguntzen du, osasun-sistemaren lehiakortasuna eta kalitatea areagotzeko, baita Euskal Herrian aberastasuna sortu eta haren garapen sozioekonomikoan laguntzeko ere. 80/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, dioenez (zeinaren bitartez Osasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala zehazten baita), BIOEF sail horren mendeko sektore publikoko fundazio bat da, eta Osasun Ikerketa eta Berrikuntza Zuzendaritzari laguntzen dio zuzendaritza horri dagozkion funtzioetan.
Zenbait legek (14/1986 Lege Orokorra, apirilaren 25ekoa, Osasunari buruzkoa; 8/1997 Legea, ekainaren 26koa, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena; 14/2007 Legea, uztailaren 3koa, Biomedikuntzako Ikerkuntzari buruzkoa; eta 14/2011 Legea, ekainaren 1ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzakoa) erreferentziako esparru komun bat osatzen dute osasun-ikerketa sustatu eta haren funtzionamendu eraginkorragoa zehazteko.
Esparru horretan, Osasun Sailak Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako estrategia 2020 ere atera du, BIOEFekin batera, hura hedatu eta inplementatzeko. Agindu hau bi ardatz estrategikoren ildo berean dago: Pertsonen Ardatza, batetik, zeinak helburu hau baitu: «Osasun sistemako profesionalek ikerketa eta berrikuntza jarduerak egin ditzaten sustatzea eta gaixoen eta herritarren inplikazioan aurrera egitea»; eta, bestetik, Baliabideen Ardatza, zeinak helburu hau baitu: «Osasun arloko ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketa hobetzea, barruko zein kanpoko baliabideak erabiliz».
Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 8. artikuluan zehaztutakoaren arabera, Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak Osasun Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onesten duen Osasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren aurretik ematea aurreikusi zen.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarrian zehaztutakoaren arabera, zeina Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen bidez aldatu baitzen (azken xedapenetatik zazpigarrena, bi), sektore publikoko fundazioek dirulaguntzak eman ahal izango dituzte haiei atxikitako administrazio-organoaren baimenarekin.
Deialdiaren zenbatekoari dagokionez, kontuan hartuta 2019ra luzatu direla abenduaren 22ko 5/2017 Legean (zeinaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen baitira) ezarritako aurrekontuak eta, haren barruan, BIOEFen ustiapen-aurrekontua, kreditu nahikoa dagoela egiaztatu da.
Deialdi honek, eta haren izapidetze- eta ebazpen-ekintzek, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuak eratutako esparru juridikoari jarraitzen diote, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak ezarritako oinarrizko arauei ere.
Deialdi honetarako ez da ezer egin beharko Europar Batasuneko erakundeetan, dirulaguntzak jaso ahal izango dituzten jarduerak ekonomikoak ez direnez Estatuko laguntzei buruzko europar araudiaren aplikazio-esparrutik at geratzen baitira, I+G+b arloko Erkidegoko Esparruak biltzen duen bezala.
Hori guztia dela eta, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren hamaseigarren xedapen gehigarriko 1. atalean zehazten dena betez, apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuak, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duenak, 2.2.b) eta 4.2 artikuluetan dioenarekin lotuta, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da biriketako minbiziari buruzko osasunaren inguruko ikerketa-proiektuetarako dirulaguntzen deialdia arautzea, objektibotasun-, lehia- eta publikotasun-printzipioak betez.
Deialdi honetarako, ikerketa eta garapena jarduera ez ekonomikotzat hartuko dira eta Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritako baldintzak bete beharko dira (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa); hori guztia Agindu honen 2.3 eta 2.4 ataletan aurreikusitakoari jarraikiz.
2. artikulua.– Dirulaguntzak jaso ahalko dituzten proiektuak.
1.– Biriketako minbiziaren ikerketa biomedikoko proiektuek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.
Biriketako minbizia da gure gizartean heriotza gehien eragiten dituen minbizi mota. Organo horietan zelula kaltegarriak gehiegi ugaltzen direnean agertzen da.
Deialdi honi dagokionez, oinarrizko ikerketa (gaixotasunera zuzendua), klinikoa (gaixoari zuzendua), epidemiologikoa, osasun publikokoa eta osasun-zerbitzuetakoa, da ikerketa biomedikoa, baita osasuna edo ikerketa biomedikoko prozesu eta teknologiak hobetzeari zuzendutakoak garatzea ere.
2.– Dirulaguntzak eskatzeko proposatzen diren proiektuek ikertzaile nagusi bat izan behar dute, zeina proiektuaren exekuzio zientifiko eta teknikoaren arduraduna izango baita. Laguntzen deialdi honetako dirulaguntzak eskatzen dituzten erakunde ezberdinetako ikertzaileek parte hartzen duten proiektuetan, proiektu bakoitzean parte hartzen duten erakunde bakoitzeko ikertzaile nagusietako bat proiektuaren koordinatzailea izango da, baita BIOEFekiko solaskidea ere; halaber, hark egingo du eskaera, erakundeko ordezkariarekin batera, 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
3.– Laguntzek jarduera ez ekonomikoak finantzatuko dituzte, Europako Batzordeak Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan ezarritako baldintzei jarraikiz (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa); hain zuzen ere, 19. puntukoei (ikerketa-erakundeen eta ikerketa-azpiegituren jarduera nagusiak, eta ezagutza transferitzeko jarduerak).
4.– Beraz, deialdi honetan ez dira finantzatuko jarduera ekonomikoak. Horren haritik, hauek hartzen dira jarduera ekonomikotzat:
a) I+G zerbitzuak ematekoak eta enpresek burututako I+Gkoak.
b) Ikerketa-azpiegituren alokairua.
c) Beste edozein jarduera ekonomiko, baldintza horiek betetzen ez baditu eta Ikerketako eta Garapen eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Erkidegoko Esparruan (EBren Aldizkari Ofiziala, C 198, 2014-06-27koa) jasotakoak betetzen ez baditu.
5.– Aurkeztuko diren ikerketa-proiektuek Helsinkiko Adierazpenean zehaztutako funtsezko printzipioak beteko dituzte, baita ikerketa biomedikoaren arloan indarrean dagoen legeria ere. Ikerketa-proiektuak burutzeko lagin biologikoak erabili behar direnean, arau hauei jarraitu beharko zaie: 135/2015 Dekretua, uztailaren 7koa, Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa biomedikoa xede duten biobankuak baimentzeko eta horien funtzionamendurako araudiari buruzkoa; eta 2015eko uztailaren 13ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioaren gobernu-organoak Euskal Biobankuaren inguruan hartutako akordioak argitara emateko dena.
6.– Pertsonekin esperimentatzen duten edo giza jatorria duten lagin biologikoak erabiltzen dituzten proiektuetan, ikerketa gauzatuko duen erakundearen Ikerketarako Etika Batzordeak emandako baimena ere aurkeztu beharko dute. Batzordeak indarrean dagoen araudiaren arabera eratuta egon behar du. Batzordearen baimen horrekin batera, baimen informatua eta gaixoari informatzeko orria ere aurkeztuko dira.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Laguntza-eskaera aurkezten den egunean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratuta dauden eta horretarako ziurtatuta dauden eragileek eskuratu ahal izango dituzte Agindu honetan biltzen diren laguntzak, 109/2015 Dekretuan, ekainaren 23koan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoan, eta haren xedapen iragankorretan, edo hura ordezten duen araudian, ezarritakoaren arabera, laguntza-eskaera aurkezten den egunean.
Publikotasun-ondorioetarako, eragile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragileen Erregistro publikoan identifikatuta daude, helbide hauetan:
– Gaztelaniaz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=es
– Euskaraz:
https://apps.euskadi.eus/aa40paWebPublicaWar/webPublicaJSP/aa40painicio.do?idioma=eu
2.– Eragileek ZTBES sarean ziurtatuta egon behar dute Agindu honetako laguntza-eskaerak aurkezteko epea hasten den egunean.
3.– Ezingo dituzte Agindu honen bitartez araututako laguntzak eskatu egoera hauetako batean dauden erakundeek:
a) Ebazpen irmo bitartez dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu badute, edo delitu hauetako batengatik zigortu badira: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintzako delituak.
b) Konkurtso-deklarazioa nahita eskatu badute, prozedura batean kaudimenik gabekotzat aitortuak izan badira, konkurtsoan badaude (non eta ez duten hitzarmen bat adostu), esku-hartze judizialaren mende badaude edo Konkurtsoei buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legea betez desgaituak izan badira konkurtsoaren kalifikazio-epaian oraindik desgaikuntza-epea bukatu gabe ere.
c) Kausa batean erruduntzat jo badira eta, ondorioz, Administrazioarekin zuten kontratu bat suntsiarazi bada.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak lege hauetan aipatzen diren egoeretako batean badaude: 3/2015 Legea, martxoaren 30ekoa, Estatuko Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duena; eta 53/1984 Legea (LBK 1985, 14), abenduaren 26koa, Herri-administrazioen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzkoa; edo 5/1985 Lege Organikoak (LBK 1985, 1463 eta LBK 1986, 192), ekainaren 19koak, arautzen dituen hautatutako karguetako bat badute.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez badituzte.
f) Legearen arabera zerga-paradisuak diren herrialde edo lurraldeetan badute zerga-egoitza.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta ez badituzte.
h) Ebazpen irmo baten bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera kendu bazaie.
i) Ez dira izango onuradunak Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 11.3 artikuluko bigarren paragrafoan aipatzen diren elkarteak, haien kideren batean debeku horiek biltzen badira.
4.– Aurreko puntuetan adierazitako apreziazioa, justifikazioa, deklarazioa eta irismena eta, oro har, deialdi honetan onuradunen baldintzei buruz bildu ez dena Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (DLO) 13. artikuluaren pean geratuko da, oinarrizkoa delako.
5.– Laguntza-eskaera aurkeztuz gero, eragile eskatzaileak baimena emango du erakunde emaileak zuzenean eskura dezan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko Lege Orokorreko Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoak, 18. artikuluan (zerga-betebeharrak betetzea) eta 19.ean (Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzea) adierazten duena betetzen dela ziurtatzen duen agiria.
Hala ere, eragile eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena; hori eginez gero, berak ekarri beharko du ziurtagiria, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko Erregelamenduaren 22. artikuluko 1.etik 3.era bitarteko puntuetan ezarritakoaren arabera.
Dirulaguntza ezin izango da ordaindu erakunde onuradunak arestiko betebeharrak betetzen ez dituen bitartean.
6.– Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak esan nahi du entitateak (laguntza jasotzen duenean) jarduera behar bezala burutzeko konpromisoa hartu duela, baita eskaeran datozen datuak egiazkoak direla egiaztatu eta baieztatu duela ere. Gainera, eskatutako baldintzak betetzen dituela esan nahi du, baita ikerketa-jarduerei aplikatzen zaien araudia ere.
7.– Deialdi honen onuradun izateko, erakunde eskatzaileak eta ikertzaile nagusiak nahitaez aurkeztuta izan behar dute BIOEF fundazioan helburu bereko beste deialdi batzuetan finantzaketa lortu duten amaitutako ikerketa-proiektuen azken memoria zientifiko eta ekonomikoa. Deialdi honetan eskaera aurkezteko epea amaitzen denean bete behar da baldintza hori. Hura bete ezean, ez da onartuko eskaera.
4. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.
Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Horretarako, aurkeztuko diren eskaerak konparatu egingo dira 11. artikuluan biltzen diren balorazio-irizpideei jarraituz haiek lehentasunaren arabera sailkatzeko, eta deialdian esleitu diren kredituak agortu arte banatuko dira laguntzak.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretara zuzendutako aurrekontuen kredituetan du jatorria, eta hirurehun eta bi mila hirurehun eta hogeita zortzi euro eta hirurogeita hemeretzi zentimokoa da (302.328,79) euros.
6. artikulua.– Dirua jaso dezaketen proiektuen baldintzak.
1.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuetan, ezinbestekoa da gutxienez ZTBESeko eragile bat osasun-ikerketako institutu gisa edo osasun-arloko I+Gko erakunde gisa ziurtatuta egotea.
2.– Ikerketa biomedikoko proiektuek gutxienez bi urte eta gehienez hiru urte iraungo dute.
3.– Ikerketa biomedikoko proiektuak banaka burutu ahalko dira, edo erakunde ezberdinen arteko elkarlanean, eta erakunde horietako bat koordinatzailea eta entitate antolatzailearekiko solaskidea izango da.
7. artikulua.– Ikertzaile nagusiak bete beharreko baldintzak.
Ikertzaile nagusiak baldintza hauek beteko ditu:
a) Lotura funtzionariala, estatutarioa edo kontratu bidezkoa formalizatuta edukitzea Agindu honen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera onuraduna den ZTBESeko eragilearekin, proiektuaren eskaera egin duen zentroarekin, edo eragilearekin hitzarmen bat indarrean duten erakundeekin, baldin eta hitzarmen horren bidez erakundea eta ikertzailea lotzen badira laguntza eskatzen denetik dagokion ebazpena ematen denera gutxienez.
b) Deialdi honetara proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du ikertzaile nagusi gisa.
8. artikulua.– Finantza daitezkeen gastuak.
1.– Kasuan kasu emandako laguntza jarraian aipatuko diren gastuak ordaintzeko izango dira, baldin eta proiektua burutzearekin lotuta badaude eta aurretik Eskaeraren memorian sartu badira.
2.– Agindu honen bitartez araututako laguntzak beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin bateragarriak izango dira, helburu bera badute, herri-administrazio edo erakunde batek ematen baditu, publikoa edo pribatua, naziokoa, Europar Batasunekoa edo nazioartekoa, eta beste dirulaguntzekin, diru-sarrerekin edo baliabideekin batera, laguntza jasoko duen jardueraren kostua gainditzen ez badute. Kostua gainditzen bada, dirulaguntzaren zenbatekoa dagokion gehienezko mugara arte emango da.
3.– Langileen gastuak. Proiektua gauzatzeko behar diren eta erakunde onuradunarekin lan-kontratu bat duten langileen kostuak.
Halaber, atal honetan sartuko dira ikertzaileen taldeko kide den osasun-profesionala laguntza-jardueratik liberatzeak dakartzan kostuak, proiektuan parte har dezan, gehienez bere lanaldiaren % 50ean. Proiektuan deialdiak finantzatuko duena baino lan handiagoa egin behar badute ikertzaileek, erakunde onuradunak jarriko du dirua.
4.– Ondasunak erostearen eta zerbitzuak kontratatzearen ondoriozko gastuak. Proiektua burutzeko nahitaezko materiala sartzen da hemen, eta ez dira kontuan hartuko altzariak eta instalazioak.
Material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta proiektua ezagutzera emateko gastuak ere sartuko dira hemen (argitalpenak, etab.). Behar bezala arrazoituta badago, eta proiektua burutzeko beharrezkoa denean.
Bulegoko material orokorraren finantzaketa ez da hemen sartuko: fotokopiak, tonerra, telefono-gastua, etab.
Eskaeraren memorian azalduko da proiektua garatzeko espero den kanpo-zerbitzuen kontratazioa, eta zerbitzu horien ezaugarriak eta kontratuaren kostua adieraziko dira. Dirua jasoko duen jardueran parte hartzen duten proiektuko zenbait jarduera azpikontratatu ahal izango dira, baldin eta ezin baditu eragile onuradunak berez egin, eta proiektuaren memorian egiaztatu beharko da hori. Onuradunak azpikontratatutako jardueraren guztizko kostua ezingo da izan onuradun horren aurrekontu finantzagarriaren % 50 baino gehiago.
5.– Bidaia eta desplazamenduen ondoriozko gastuak. Landa-lanean eta koordinazio-bileretan sortutakoak eta kongresuetara, hitzaldietara eta halakoetara joateak sortutako gastuak, proiektuarekin harreman zuzena badute.
6.– Proposatutako proiektuaren zeharkako gastuak ere finantzatu ahal izango dira deialdi honen bidez (zuzeneko kostuaren % 10). Hau da, proiektua burutuko duen erakundearen egitura-gastuak (argia, ura, garbiketa, mantentze-lanak edo antzerakoak), proiektu zehatz bati zuzenean esleitzen ez bazaizkio ere proiektua burutzeko beharrezkoak direnean.
7.– Ikertzaileen taldea osatzen duten kideek, osasun-trebakuntza espezializatuko aldiko ikasketak dituzten pertsonak barne, ez dute jasoko proiektuaren konturako ordainsaririk.
8.– Proiektua bukatutakoan, emandako laguntzarekin erosi den material inbentariagarria eta bibliografikoa proiektua burutu duen erakundearena izango da eta, printzipioz, ikerketa-jardueran erabiliko da.
9.– Dena dela, ondorio horietarako, aplikagarriak izango dira Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (DLO) 31. artikulua eta Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren (DEO) 83. artikulua, oinarrizkoak baitira.
9. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
1.– Eskaera bakarra aurkeztuko da proiektu bakoitzeko. Koordinazioko proiektuen kasuan, erakundea izango da koordinatzailea, eta hark bidaliko du eskaera.
2.– Agindu honekin lotutako eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzentzeak, justifikazioak eta gainerako kudeaketak baliabide elektronikoen bitartez egingo dira, hauek betez: 21/2012 Dekretua, otsailaren 21ekoa, Administrazio Elektronikokoa (28. artikulua) (EHAA, 50. zk., 2012ko martxoaren 9koa); 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena (9., 10. eta 14. artikuluak); eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena, non Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen baitu.
3.– euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliko da eskaerak ikusi eta betetzeko; hain zuzen ere, helbide hauetan dago:
Gaztelania
http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/proyectos_investigacion_cancer_pulmon/web01-s2osa/es/
Euskara
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/birikietako_minbiziaren_ikerketa_proiektuak/web01-s2osa/eu/
4.– Betetako eskaerak, erakunde eskatzailearen sinadura aitortuaz gain, 9.6 artikuluak adierazten duen dokumentazioa ere hartuko du, Administrazio Elektronikoko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua betez. Aurkezpen-data gisa sinadura elektronikoarena hartuko da.
5.– Erakundeek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta aurkeztu beharreko gainerako dokumentazioa. Gainera, eskaeraren ondoriozko ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, eskaera egin duen erakundeak aukeratutako hizkuntza bera erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2) eta 6.1 artikuluek zehazten dutena betez.
6.– Dokumentazio hau entregatu beharko da:
a) Ikerketa-proiektuaren memoria (I. eranskina), eredu normalizatuan, hala badagokio, parte hartzen duen erakunde bakoitzaren informazioarekin batera (I.a eta I.b eranskinak). Ingelesez ere onartuko da proiektuaren memoria.
b) Ikertzaile nagusien curriculum vitaea (II. eranskina), eredu normalizatuan (Osasun Sailaren curriculum-ereduak eta Carlos III Osasun Erakundearenak onartuko dira, baita Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren –FECYT– curriculum vitaearen eredu normalizatua ere).
c) Proiektua proposatu duen ikertzaileen taldearen historia zientifiko eta teknikoaren memoria (III. eranskina), eredu normalizatuan.
d) Erakunde eskatzaile bakoitzaren erantzukizunpeko adierazpena (IV. eranskina), legezko ordezkariak sinatuta.
e) Jardueraren baldintza gisa eta haren ezaugarriak kontuan hartuta, proiektuek legez ezarritako baimenak edo txostenak beharko dituzte:
1) Ikertzaile nagusiari dagokion erakundearen Ikerketa Batzordearen txostena, proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko.
2) Ikertzaile nagusiari dagokion erakundearen Ikerketarako Etika Batzordearen txostena, beharrezkoa denean.
3) Euskal Biobankuaren ziurtagiria, proiektuan giza jatorria duten lagin biologikoak erabili behar badira, ikertzaile nagusiak Biobankuari deialdi honetan eskatutako dirulaguntzaren xede izango den proiekturako lagin biologikoak eman edo lagatzea eskatu izana ziurtatzen duena.
Atal honetan aipatzen diren dokumentuak erakunde onuradunen eskuetan geratuko dira, erakunde emaileak egin behar dituzten egiaztatze-jarduerak edo kontroleko erakunde eskudunek egin behar dituzten egiaztapen eta kontrolei aurka egin gabe, eta aipaturiko jarduera horiek burutu ahal izateko beharrezkoa den informazio guztia eman beharko da.
Atal honetan aipatzen diren a, b, c eta d dokumentuen eredu normalizatuak euskadi.eus egoitza elektronikoan daude.
7.– Laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
10. artikulua.– Eskaeran egon litezkeen akatsak zuzentzea.
1.– Dirulaguntzen eskaerako eremu guztiak beteta ez baleude, edo eskatzen den dokumentazio guztia ez badu, erakunde eskatzaileari hamar egun emango zaizkio hori zuzentzeko edo falta diren dokumentuak bidaltzeko, eta hala egiten ez badu eskaera ukatuko zaio. Administrazioak eskaera horri buruzko ebazpen bat emango du berariaz, eta ebazpenaren berri emango, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Baliabide elektronikoak erabiliko dira jakinarazpenak egiteko.
3.– Jakinarazpenen sistemari esker, jakinarazpenaren xede den ekintza interesdunari zein egun eta ordutan jakinarazi zaion jakin eta ziurtatu ahal izango da, baita jakinarazpenean noiz sartzen den ikusi ere. Une horretan emango da jakinarazpena jasotakotzat. Eman dela ziurtatuta badago eta hamar eguneko epean interesduna ez bada jakinarazpenean sartzen, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da eta izapidea burututzat emango da, prozedurari jarraituz, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, edukiak atzitzeko ezintasun tekniko edo materiala egiaztatzen denean izan ezik.
4.– Lankidetzan egin behar diren proiektuetan, ekintza hori proiektuaren koordinatzaile-lanetan diharduen erakundearekin egingo da.
11. artikulua.– Eskaeren ebaluazioa eta hautaketa.
Ongi eta epearen barruan aurkeztutako edo zuzendutako eskaerak ebaluatzeko eta aukeratzeko, aurreko artikuluaren arabera, Balorazio Batzordea sortu da, artikulu honen 1. atalean zehaztu den bezala.
1.– Hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:
a) Presidentea: Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioaren (BIOEF) I+G+b kudeaketako zuzendari eskuduna, Susana Belaustegui Ituarte.
b) Kideak:
– Osasun Sailaren Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendaria, Maria Agirre Rueda.
– Osakidetzako Osasun Laguntzako zuzendariordea, Carlos Sola Sarabia.
– Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoko zuzendaria, Javier Losa Ziganda.
– EITB – Euskal Irrati Telebista-ren ordezkari bat, Ainhoa Lodoso Andonegi.
– Biriketako minbizia pairatu duten gaixoen Euskadiko elkarteen ordezkari bat.
c) Idazkaria: BIOEFen I+Grako laguntzen deialdiak kudeatzeko arduraduna, Olatz Sabas García-Borreguero.
2.– Balorazio Batzordeak balorazio-irizpide hauen arabera ebaluatuko ditu proiektuak:
a) Ikerketa-proiektuen kalitate zientifiko eta teknikoa, deialdi honen 11. artikuluaren 3.b puntuan zehazten dena betez: gehienez 50 puntu.
b) Proiektuak deialdian zehaztu diren eremu eta ildo nagusietara egokitzea: gehienez 20 puntu. Puntu honetan hauek baloratuko dira:
1) Proiektuak Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko Ministerioaren Nazioko Sistemaren Minbiziaren Estrategiaren barruan deialdiko gaietara egokitzea, OSNren Lurralde arteko Kontseiluak 2009ko urriaren 22an onetsia (dokumentua eskuragarri hemen: https://www.mscbs.gob.es/organizacion/sns/planCalidadSNS/pdf/ActualizacionEstrategiaCancer.pdf). Gehienez 10 puntu.
2) Lehentasuna edukiko dute gaixotasunaren prebentzioari, tratamenduari eta diagnosi goiztiarrari zuzendutako zentro edo diziplina anitzeko proiektuek, baita biriketako minbizia pairatu duten gaixoei laguntza hobea emateari zuzendutakoek ere. Zentro anitzeko proiektuetan, deialdi honen 3. artikuluan adierazitako erakunde onuradunetako bik edo gehiagok hartzen dute parte; bereziki, osasun-ikerketako institutuek eta osasun-arloko I+Gko erakundeek. Gehienez 5 puntu.
3) Diziplina anitz jorratzen dituzten proiektuei emango zaie lehentasuna. Diziplina anitzeko proiektuak dira espezialitate mediko-kirurgiko ezberdinak dituzten osasun-profesionalen parte-hartzea edota ezagutza-adar ezberdinetan espezializatutako profesionalena dakartenak. Gehienez 5 puntu.
c) Proposamenak Euskal Osasun Sistemarako duen interesa: gehienez 30 puntu. Puntu honetan hauek baloratuko dira:
1) Puntu honetan proiektuak hauetara egokitu behar du: Osasun Sailaren 2017-2020 ildo estrategikoak, Euskadiko Osasun Plana 2013-2020, Osasun arloko ikerketa eta berrikuntzarako 2013-2020 estrategia, Euskadi 2017-2020 Arreta Soziosanitarioaren Lehentasun Estrategikoak eta Osakidetza 2017-2020 erronka eta proiektu estrategikoak. Hemen aurki daitezke haiei dagozkien dokumentuak: http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-ckpubl02/es/contenidos/informacion/publicaciones_informes_estudio/es_pub/publicaciones.html. Gehienez 15 puntu.
2) Aintzat hartuko da puntu honetan osasun-arloko profesionalek proiektuen ikertzaile eta ikertzaile nagusi gisa parte hartzea; bereziki, laguntza-jarduerako profesionalak ikertzaile nagusi gisa agertzea. Gehienez 15 puntu.
3.– Proiektuak ebaluatu aurretik, Balorazio Batzordeak Ikerketako Estatuko Agentziaren laguntza eskatuko du, Koordinazioko eta Ebaluazioko Azpisailaren bitartez, zeinak proiektuen kalitate zientifiko eta teknikoari buruzko txostenak ekarriko baititu, eta alderdi hauek ebaluatu eta baloratuko ditu:
Ikerketa-proiektuen ebaluazio zientifiko eta teknikoa irizpide hauen arabera egingo da:
a) Ikertzaileen taldearen balorazioa: ikerketa-proiektuak, saiakuntza klinikoak, Osasun Sistema Nazionalaren garapen klinikoarekin, asistentzialarekin edota garapen teknologikoarekin lotutako ikerketa-jardueren ekarpenak, argitalpenak, patenteak eta jabetza industrialeko beste hainbat erregistro, ikertzaile nagusiarenak ikertzaileen taldearenak, baldin eta proiektuaren gaiarekin zerikusia badute. Ikertzaileen taldea proiekturako egokia den ere baloratuko da. Gehienez 18 puntu.
b) Proiektuaren balorazio zientifikoa: ikertzaileen taldeak gaiaz duen ezagutza-mailaren eta hipotesiaren balorazioa. Proiektuaren xedeen garrantzi zientifiko eta sanitarioa. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan-egitasmoa. Genero-ikuspegia proiektuan integratzearen alderdiaren arreta. Gehienez 27 puntu.
c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua burutzeko eskatu diren baliabideen egokitasuna. Eskatu diren baliabideen justifikazioa. Gehienez 5 puntu.
Proiektuaren balorazio zientifikoan 15 puntu edo gehiago lortzen ez dituzten proiektuak ez finantzagarritzat izendatuko ditu Balorazio Batzordeak.
Balorazio Batzordeak ebaluazio zientifiko eta tekniko horren emaitza hori hartuko du kontuan Agindu honen 11. artikuluko 2.a) puntuan adierazitako balorazio-irizpideari dagokionez.
4.– Balorazio Batzordeak laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko hauxe hartuko du kontuan: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua egokia den ala ez aurkeztu diren helburuetarako, Ikerketako Estatuko Agentziak Koordinazio eta Ebaluazio Azpisailaren bitartez egindako txosteneko oharrak kontuan hartuta eta 4. artikuluan bildutakoa aplikatuz.
5.– Emandako zenbatekoek eskatutako zenbateko osoa edo haren zati bat estali ahal izango dute eta ez dute inola ere gaindituko dirulaguntzaren xedearen kostu erreala, baterako finantzaketa ere kontuan hartuta, halakorik izanez gero.
12. artikulua.– Ebazpena, jakinarazpena eta errekurtsoak.
1.– Aurkeztutako eskaerak prozeduraren bidez tramitatuko dira, eta, Balorazio Batzordeak hala proposatuta, Osasuneko sailburuordeak ebatziko ditu, zeinak eskaera egin duten erakundeek planteatutako alderdi guztiei erantzun beharko baitie.
2.– Ebazpenean adieraziko da laguntza emango den ala ez; laguntza emanez gero, erakunde onuraduna, dirulaguntza jasoko duen proiektua eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, urtez urte nola banatuko den adierazita. Laguntza eman ezean, arrazoiak zehaztuko dira. Halaber, finantzatutako proiektuen gutxieneko balioa adieraziko da ebaketa-puntu gisa.
3.– Emango den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, gehienez sei hilabeteko epean, Agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epea igarotakoan ebazpenik argitaratu ez bada, eskatzaileek eskaera baliogabetzat eman ahal izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluaren arabera, baita Administrazio Publikoaren Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 eta 25.1.a) artikuluen arabera ere.
4.– Ebazpenak ez dio bukaera ematen bide administratiboari, eta erakunde eskatzaileek haren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluak betez.
5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta 15 laneguneko epean, erakundeek hari uko egingo diotela adierazi ahal izango dute. Epe horretan ez bada adierazten laguntzari uko egingo zaiola, deialdiaren ondorioetarako, laguntza onartu dela ulertuko da.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dirulaguntzaren erakunde onuradunak betebehar hauek bete beharko ditu nahitaez:
a) Dirulaguntza xede zehatzerako eta haren helburuetarako erabiltzea.
b) Deialdiaren organo kudeatzaileari deialdi honen bitartez jasoko den dirulaguntzari buruzko informazioa ematea.
c) Deialdiaren organo kudeatzaileari eskaeran adierazitako datuetan edo egoeretan egon diren aldaketak jakinaraztea haiek gertatu eta hilabete bateko epean gehienez.
d) Egin nahi den laguntza-eskaeran azaldutako aldaketa oro aurretik eta arrazoituta eskatu beharko zaio deialdiaren organo kudeatzaileari. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskaeran aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
e) Gainera, erakunde onuradunek proiektuen finantzaketa publikoa dela ezagutarazteko neurriak hartu beharko dituzte. Beraz, ikerketaren ondorioz aterako diren argitalpen, tesi, karrera-amaierako proiektu eta kongresuetarako komunikazio guztietan EITB Maratoia aipatu beharko da finantzaketa-iturri gisa.
f) Erakunde onuradunek behar bezala ikuskatuta izan behar dituzte kontabilitate-liburuak, arreta-erregistroak eta gainerako dokumentuak, merkataritzako eta onuradunari dagokion sektoreko legeriak eskatzen dituzten baldintzetan, egiaztatze eta kontroleko ahalmenak behar bezala gauzatzen direla bermatzeko.
g) Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 14. artikuluan zehazten diren gainerako baldintzak bete beharko dituzte, oinarrizkoak direlako.
h) Erakunde onuradunak memoria ekonomikoan datozen gastuen jatorrizko faktura eta agiri guztiak gordeko ditu nahitaez 5 urtez.
14. artikulua.– Laguntzen ordainketa eta kudeaketa.
1.– BIOEF da laguntzaren organo kudeatzailea.
2.– Laguntzaren organo kudeatzaileak berehala transferituko dio laguntzaren onuradun diren erakundeei proiektuaren lehenengo urteari dagokion laguntza.
3.– Gainerako urteei dagokien dirua osasun-ikerketaren arloan eskudun den zuzendaritzak memoria zientifikoa onartu eta proiektuan sortutako gastuak dokumentu bidez justifikatu ondoren jasoko da (V. eta VI. eranskinak).
4.– Erakunde onuradunek euren memoria zientifikoak eta ekonomikoak laguntzaren organo kudeatzaileari bidaliko dizkiote eta, haien oniritzia lortutakoan osasun-ikerketaren arloan eskudun den zuzendaritzaren eskutik, gainerako urtekoen finantzaketa gaituko du.
5.– Erakunde onuradunak, arrazoi sendoengatik, finantzatutako ikerketa-proiektua bukatzerik ez badu, berehala jakinaraziko dio laguntzaren organo kudeatzaileari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren eta balantze ekonomikoaren egoerari buruzko txostena ere bidaliko dio.
Laguntzaren organo kudeatzaileak espedientea aztertuko du, eta Osasuneko sailburuordeari proposatuko dio laguntza kitatzeko ebazpena onartzea eta itzuli beharreko kantitateak zehaztuko ditu.
6.– Komenigarria iruditzen zaionean, laguntzaren organo kudeatzaileak proiektua nola doan ikusteko baliagarria izan daitekeen informazio osagarria aurkeztea eskatu ahalko du.
15. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Erakunde onuradunak urtero arrazoitu beharko du burututako lana eta laguntza zertarako erabili duen, eta horretarako dokumentu hauek aurkeztuko dizkio erakunde kudeatzaileari:
a) Memoria zientifiko arrazoitua, V. eranskineko eskemaren arabera egina. Memoria zientifikoak proiektuaren egoera, burututako jarduerak eta lortutako helburu partzialak deskribatuko ditu, eta gauzatze ekonomikoaren laburpena ere bilduko du. Ikertzaile nagusiak edo proiektuaren koordinatzaileak sinatu beharko dute memoria, koordinazioko proiektuak direnean.
b) Erakunde parte-hartzaile bakoitzaren memoria ekonomiko arrazoitua (Excel) erakunde onuradun bakoitzaren legezko ordezkariak sinatuta (V. eranskina). Memoria ekonomikoarekin batera ordaindu diren faktura guztien kopiak ere bidaliko dira, eta, daudenean, ikertzaileek proiektuari eskainitako orduen ziurtagiria ere, non justifikatu beharreko aldian egindako gastuen egiaztagiriak sartuko baitira. Erakunde onuradunek jatorrizko fakturak gordeko dituzte, justifikazio-epetik hasita bost urtez gehienez, eta laguntzaren organo kudeatzaileak nahi duenean egiaztatu ahal izango ditu.
Azken memoria zientifiko eta ekonomikoak proiektua gauzatzeko epea bukatu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztu beharko dira.
2.– Jarraipen-memorien aldeko ebaluazioa egiteak eta hurrengo urteko laguntza emateak ez dakar egindako gastuak onartzea eta aurrekontuan egoztea; hori guztia azken memoria ekonomikoan baloratuko da oro har.
3.– Azken memoriarekin batera, dagokionean, ikerketaren emaitzen ondoriozko argitalpen, tesi, karrera-amaierako proiektu eta kongresuetarako jakinarazpen guztien kopia ere aurkeztuko da.
4.– Urte anitzeko ekintzek finantzaketa jasotzen jarrai dezaten, ezinbestekoa izango da segimendu zientifiko eta teknikoko ebaluazioak aldekoak izatea, halako memoriak aurkeztu behar direnean.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzen aldaketa.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik egonez gero (baldin eta haien xedea bete bada) eta, hala dagokionean, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntzak lortuz gero, baliteke laguntzaren kantitatea aldatzea. Ondorio horietarako, laguntzaren organo kudeatzaileak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta tramitatzeko eskumena, eta Osasuneko sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektua burutzen ari denean beharrezkoa bada, laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe, hainbat gasturi zuzendutako zatikako zenbatekoetan aldaketak barneratu nahi badira, idatziz, aurretik eta arrazoituta eskatu beharko du proiektuaren ikertzaile nagusiak, erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.
Laguntzaren organo kudeatzaileari egingo zaio eskaera.
3.– Proiektuaren bukaera erakunde onuradunaren errua ez den eta dagokion bezala justifikatutako arrazoiren batengatik atzeratzen bada eta idatziz eskatuz gero proiektua burutzeko epea bukatu aurretik, eskatutako epea zehaztu eta Osasuneko sailburuordeak proiektua bukatzeko epea luzatu ahalko du.
Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskaeran aurreikusitako kontzeptuekiko gastu-desbideratzeak ez dira aldaketatzat jotzen, baldin eta % 20 gainditzen ez badute.
17. artikulua.– Urratzeak eta dirua itzultzea.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak eman zaion laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubidea galdu duela adieraziz gero, jaso dituen zenbatekoak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, gehi ordaindu zirenetik itzuli beharra adostu den arte sortutako berandutze-interesak.
2.– Agindu honen 13. artikuluan aipatzen diren betebeharren bat beteko ez balitz, dirua itzuliko da. Aginduan aurreikusita ez dauden kasuetan, lege hauetan jasotakoa aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluak; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikulua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan garatutakoa).
3.– Agindu honen 8. artikuluan zehaztutakoaren arabera, emandako laguntzak, beste dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabideekin batera edo bakarrik, diruz lagundutako proiektuaren kostua gainditzen duenean ere itzuli beharko da laguntza. Kasu horretan, itzultzeko obligazioa kostu hori gainditzen duen gehiegizko zenbatekoa izango da, gehi dagokion berandutze-interesa.
4.– Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, 16. artikuluaren arabera, diruaren zati bat itzuli beharko da, baldin eta erakunde onuradunak erabilitakoa guztizkoaren oso antzerakoa bada eta erakundeak bere konpromisoak betetzeari zuzendutako jarduera egiaztatzen badu. Aldaketak ezingo du 1. artikuluaren deialdiaren xedearekin lotura galdu, ezta proiektuaren xedea bukatu gabe utzi ere.
Kasu horretan, laguntzari esleitutako zenbatekoa gainditzen duen gehiegizko zenbatekoa itzuli beharko da, haren aldaketa-ebazpenaren arabera, zeina eskaerak baloratzeko 11. artikuluko irizpideetan oinarrituko baita.
5.– Osasuneko sailburuordeak abiaraziko eta ebatziko du dirua itzultzeko prozedura, aurretik beharrezkoak diren izapideak beteta. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren konturako dirulaguntzen bermeen eta itzuleren erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da prozedura, zeinak hura kudeatzen parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta obligazioak zehazten baititu.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu pertsonalen araudiak bildutakoaren arabera (3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta eskubide digitalak bermatzekoa), Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioak (BIOEF) tratatuko ditu deialdi honetan emandako datu pertsonalak:
a) Azaroaren 17ko 38/2003 Legeak biltzen duen lege-obligazioak betez tratatuko dira (Dirulaguntzei buruzko lege orokorra), dirulaguntza ematea edo jasotzea zehaztuko duten helburua betetzeko.
b) Proiektuak deialdi honetan datozen oinarrien arabera baloratzeko, kudeatzeko, administratzeko eta kontrolatzeko eta haietan parte hartzeko tratatuko dira datu pertsonalak.
c) Deialdiak irauten duen bitartean tratatuko dira, proiektua burutu arte. Hura bukatutakoan, legez ezartzen diren epeetan bakarrik gordeko dira.
d) Datuen babeserako ordezkaria. BIOEFek datuen babeserako ordezkari bat du, araudia betez, eta harekin harremanetan jarri ahal izango da helbide honetan: dpd@bioef.org
e) Kontrol Agintaritzan erreklamazioak jarri ahal izango dira: gainera, Datuak Babesteko Euskal Bulegoan (www.avpd.euskadi.eus) ere aurkeztu ahal izango da erreklamazioa, tratamendua indarrean dagoen legearen arabera egin ez dela uste baduzu.
f) Deialdi honetako parte-hartzaileek une oro jakin ahal izango dute BIOEFek beren zein datu pertsonal erabiltzen dituen, eta araudiak ematen dizkion eskubideak zein diren, helbide honetan: Berrikuntza + Ikerketa + Osasuna Eusko Fundazioa (BIOEF), BEC Dorrea (Bilbao Exhibition Centre) - Azkue Erronda 1, 48902 (Barakaldo). Are zehatzago, eskubide hauek erabili ahal izango ditu:
– Datuak kontsultatzeko eskubidea: tratatuko diren datu pertsonalen inguruko informazioa ezagutu eta eskuratzea ahalbidetzen du.
– Zuzentzeko eskubidea: akatsak zuzentzea, zehatzak ez diren edo osorik ez dauden datuak aldatzea eta tratatuko den informazioa egiazkoa dela bermatzea ahalbidetzen du.
– Ezabatzeko eskubidea: tratamenduaren xede diren datuak ezabatzea ahalbidetzen du kontratua burutzeko beharrezkoak izateari uzten diotenean.
– Aurka egiteko eskubidea: datu pertsonalen tratamendua ez burutzea eskatzeko edo hura etetea eskatzeko eskubidea, legezko arrazoiak izan ezean, edo egon daitezkeen erreklamazioen aurrean defendatzeko ez bada, non epe batez blokeatuko baitira lege-obligazioek irauten duten bitartean.
– Tratamendua mugatzea: zenbait egoeratan, interesdunek euren datuen tratamendua mugatzea eska dezakete. Kasu horretan, erreklamazioak jarri edo haietatik defendatzeko bakarrik gordeko dira.
– Banakako erabaki automatizatuen xede ez izateko eskubidea (profilak egiteko barne): efektuak izan ditzaketen edo eragin handia izan dezaketen tratamendu automatizatuetan oinarritutako erabakien xede ez izateko eskubidea.
– Datuak eramateko eskubidea. Legez ezarritako egoeretan eta teknikoki posible denean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusi ez den guztirako, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Herri Sektoreko Araudi Juridikokoa; eta 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta haren Erregelamendua (DEO), uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua, oinarrizkotzat jotako manuen aplikazioari dagokionez.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dirulaguntzak izapidetzearen ondoriozko isunak jartzeak edo bestelako jarduerek administrazioaren eskumenak erabiltzea eragiten dutenean, Osasun Sailaren administrazio-organoaren edo organoen bitartez burutuko da, edo, dagokionean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumena duten beste sailen bitartez.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikulua eta hurrengoak betez, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluak betez.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRÍA.
I-A ERANSKINA
ERAKUNDE ESKATZAILEAREN IKERTZAILEEN TALDEA
I-B ERANSKINA
ERAKUNDE ESKATZAILEAREN MEMORIA EKONOMIKOA
I. ERANSKINA
ESKAKIZUN MEMORIA NORMALIZATUA
II. ERANSKINA
CURRICULUM NORMALIZATUA
III. ERANSKINA
HISTORIA ZIENTIFIKO ETA TEKNIKOAREN MEMORIA NORMALIZATUA
IV. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
V. ERANSKINA
MEMORIA ZIENTIFIKOA
VI. ERANSKINA
MEMORIA EKONOMIKOA
PROIEKTUA BURUTZEKO GASTUAK