EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019185

148/2019 DEKRETUA, irailaren 24koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Sociedad Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-zabalkuntzan parte hartzeko, eta Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuak aldatzen baitira.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900148
Xedapenaren data: 2019-09-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201904426
Maila: Dekretua
Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak 2019ko ekainaren 24an egindako bileran erabaki zuen kapital soziala 2.000.000,00 euro zabaltzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen bazkide den heinean, akzio berriak izenpetzeko lehentasun-eskubidea du, baldin eta sozietate publiko horren Akziodunen Batzar Nagusiak akzioak jaulkitzea erabakitzen badu, Kapital Sozietateei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan xedatuarekin bat.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen duenez, enpresa-ondarearen parte diren ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluak aurrez baimena eman behar, dekretu baten bidez, ondarearen arloan eskumena duen sailburuak eta, zuzenean edo erakunde instrumental baten bidez, sozietatea atxikita dagoen edo atxikiko zaion saileko buruak elkarrekin proposaturik. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da dekretua, hargatik eragotzi gabe ematen den egunetik izango duen eraginkortasuna.
Kapitala ordezkatzen duten balioak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak nahitaez adieraziko du, non eta doako eskuratzea ez den, sozietatearen xedea eta EAEk, zuzenean nahiz zeharka, zenbateko partaidetza-ehunekoa izango duen sozietatean.
Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen xedea da «merkataritza-topaketak antolatzea eta kudeatzea, jarduera ekonomikoko adar ezberdinen merkataritza sustatzeko bide gisa, baita aisia eta kulturarekin zerikusia duten topaketak ere».
Horrenbestez, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko irailaren 24an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen milioi bat (1.000.000,00) euroko kapital-zabalkuntza izenpetzeko, eta batzar horrek zehaztutako baldintza eta epeetan hori ordaintzeko; Akziodunen Batzar Nagusiak erabaki du kapitala guztira bi milioi (2.000.000,00) euro zabaltzea. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 49,98ko zuzeneko parte-hartzea izango du Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean.
2. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasun-akzioen ordezkariari, kapitala zabaltzearen ondorioz, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko; honela idatzia geratuko da:
«Kapital soziala ehun eta hogeita zazpi milioi ehun eta berrogei mila eta zazpiehun eta hogeita hamasei (127.140.736) eurokoa da, bakoitzak 16 euroko balio izenduna duen zazpi milioi bederatziehun eta berrogeita sei mila eta berrehun eta laurogeita hamasei (7.946.296) akziotan zatituta; akzio horiek osoki izenpetuak eta ordainduak dira, klase berekoak eta serie berekoak, 1etik 7.946.296ra modu korrelatiboan zenbakituak, biak barne».
3. artikulua.– Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatua burutzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu eta dokumentuak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek 2019ko urtarrilaren 28tik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 24a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.