EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2019182

AGINDUA, 2019ko irailaren 2koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira atzerrian ingeleseko, frantseseko eta alemaneko ikastaroak egiteko plazak, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleei zuzenduta (L3. Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan).

Gaiak: LAGUNTZAK
Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201904357
Maila: Agindua
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planaren helburua da, Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria da eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.
Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira, bestela esanda, beharrezkoak dira arazoak konpontzeko edo bizitzako zenbait egoerari aurre egiteko. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Zeharkako konpetentzietako bat da ahozko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, eta, diziplina barrukoen artean, berriz, hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia dago.
Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita eraginkorki eta egokiro komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Eta diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia, zeinaren helburua baita ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, egokiro, eraginkorki eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetuz komunikatzeko, bizitzako egoera ezberdinetan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, nork bere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutzen lagunduko duena.
Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko da euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek komunikazio-gaitasun praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenean, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere oinarrizkoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzeko aukera baztertu gabe, Hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko asmoz.
Testuinguru horretan, hezkuntza-sistemaren oinarrizko helburuetako bat bilakatu da atzerri-hizkuntza bat jakitea; izan ere, prestakuntza integralaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Frogatuta dago atzerriko hizkuntzak bereganatzeko osagarri ezin hobea dela herrialde horietan egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.
Hezkuntza Saila, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat. Aldatuz joan dira atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko eskakizunak, plaza horien aprobetxamendu hobea bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat zabaldu zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.
Beka izan zein ez izan, gaur egun, familia askok ezin dituzte seme-alabak atzerrira bidali hizkuntza bat ikastera, joan-etorriek eta egonaldiek kostu ekonomiko handia dutelako.
Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jarrita.
Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste eskakizun bat ezarri zen: familiaren maila ekonomikoaren araberako ekarpen indibidualak egitea, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.
Ikasleak-Administrazioa kontribuzio mistoaren ideiari eusten zaio deialdi honetan, eta ikasleei dagokienez, ezartzen da, batetik, plaza-kopuru jakin bat eta, bestetik, ikasle horiek bekadunak diren ala ez aintzat hartuta, kontribuzio ekonomiko ezberdin bat.
Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren arloko dirulaguntzak arautzen dituen heinean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenek, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamenari jarraituz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdiaren xedea da gehienez 533 plazatarako deialdia egitea, hain zuzen ere 3 asteko egonaldia eta ikastaroak egiteko Erresuma Batuan, Irlandan, Frantzian eta Alemanian, 2020ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoez finantzatzen diren ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat izango dira plaza horiek.
2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 19 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta Matematika Olinpiadan lehenengo lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek.
3.– Kontzeptu hauek izango ditu deialdi honetako plaza bakoitzak: EAEko hiru hiriburuetatik egonaldia egingo duen herrialderainoko joan-etorriko bidaia, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.
4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu baterako deialdia egin eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betetzeko.
5.– Hezkuntza Sailak gehienez 847.038 euro emango ditu agindu honetako deialdiko plazak finantzatzeko 2020ko ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2020ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.
6.– Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa eskaintzen diren 552 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitzeko aukera izan daiteke, deialdia ebatzi aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.
2. artikulua.– Deitutako plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.
1.– Familien egoera ekonomikoaren araberako partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan banatzen dira deialdi honen xede diren ikasleentzako plazak, hizkuntza eta herrialde bakoitzerako hezkuntza-mailaren arabera. Hau da banaketa:
2.– Ikasleek deialdiko plazak eskuratzeko eskubidea izango dute, baldin eta dagokien partaidetza-kuota ordaintzen badute.
1. tartea: 170 euro.
2. tartea: 680 euro.
3. artikulua.– Tarteak.
1. tartean sartuko dira eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak.
2. tartean, berriz, aurreko paragrafoan zehaztutako deialdian bekarik jaso ez duten ikasleak.
4. artikulua.– Betekizunak.
1.– Honako betekizun hauek bete beharko dira agindu honen bitartez deitzen diren plazak lortzeko:
a) Aurreko ikasturtean 7,00 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzetan, eta 16,00 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
Lehia-prozedura bidez esleituko dira plazok, eta, beraz, plaza eskuratzeko, ez da nahikoa izango gutxieneko notak lortu izana. Beharrezkoa izango da, era berean, eskatzailea tarte bakoitzean emango diren plazen barruan kokatzen duen ordena zenbaki bat eskuratzea, eta, Irlanda eta Erresuma Batuaren kasuan, maila.
b) Eskatzen den plazari dagokion/dagozkion hizkuntza/hizkuntzak ikasten aritu izana Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, eskaera aurkezten den dataren aurreko bi ikasturteetan (2017-2018 eta 2018-2019), eta azken ikasturtean funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasi izana.
c) Epean egitea plaza atxikitzen zaion tarteari dagokion diru-ekarpena (2.2 artikuluan jasoa).
d) Aurreko urteetan, Hezkuntza Sailak egindako deialdian plazarik eskuratu ez izana atzerrian hizkuntzak ikasteko; baldintza hau betetzetik salbuetsita daude Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.
e) Beranduenez 2020an betetzea 19 urte.
2.– Ikasleek dirulaguntza jaso ahal izateko, eskabidea aurkezten duen pertsona (5. artikuluan jasoa) ezingo da egoera hauetako batean egon:
– Laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren epai irmo batez kondenatuta, hauetako delituren bat egiteagatik: prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak.
– Ez beteak izatea indarrean dauden xedapenek zergen eta gizarte-segurantzaren arloan ezartzen dituzten eginbideak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratiborik edo penalik dutenek, eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik dutenek ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak badira, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren argitan.
5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Ikasle adindunak edo adingabe emantzipatuak egingo du eskaera; adingabe emantzipatu gabeen kasuan, berriz, aitak, amak edo legezko ordezkariak.
2.– Bide elektronikoz egingo da eskaera, www. hezkuntza.ejgv.euskadi.eus web-orriaren bidez, eta bi aukera hauetako bat baliatuz:
– Ziurtagiri digitalaren bidez sartuta (NAN, Izenpe txartela...) edo itsasontzien jokoa erabilita (B@kq).
Ziurtagiri digitala erabiltzeak berekin dakar eskabidea bide telematikoz aurkeztea. Elektronikoki izenpetu beharko da eskabidea. Orduantxe geratuko da hura erregistratuta. Ez da beharrezkoa aplikazio informatikoak sortutako inprimakia ikasketa-zentroan aurkeztea.
– Sisteman erregistratuta, helbide elektroniko baten bidez eta honako bide hauetako bati jarraituta:
● HIA (Hezkuntzako Identifikazio Agiria), jaiotegunarekin batera.
● Nortasun Agiri Nazionala (NAN), haren iraungitze-data zehaztuta. Eskatzailea atzerritarra baldin bada, atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ) eta jaioteguna adierazi beharko ditu, eta, hala badagokio, atzerritarren identifikazio-txartelaren zenbakia (AIT). Kasu batean eta bestean, eskatzailearen nortasuna egiaztatu egingo da, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Sisteman helbide elektroniko baten bidez erregistratuta aurkezten bada eskabidea, nahitaezkoa izango da betetako eskabide-inprimakia inprimatzea, izenpetzea eta dagokion ikastetxean aurkeztea, 6. artikuluan zehazten den epean.
Ikastetxeak konpromisoa hartzen du sei urtez gordetzeko eta kontserbatzeko ikasle eskatzaileen eskabideak eta fakturak.
3.– Eskatzaileak, ez baldin badauka eskabide telematikoa egiteko bitartekorik, matrikulatuta dagoen ikastetxera joanda egin ahal izango du.
4.– Eskabide-eredua deialdi honen eranskinean dago.
Formularioan, «telefono mugikorra» eta «helbide elektronikoa» atalak bete behar ditu eskatzaileak. Bete ostean, ulertzen da eskatzaileak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari agindu honetako 10.7 artikuluan aurreikusitako ohar osagarriak helarazteko.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Hilabeteko epea egongo da eskabideak aurkezteko, agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
7. artikulua.– Eskabidea aurkeztearekin lotutako ondorioak.
Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak edo, hura adinez txikia izanez gero, haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
a) Beka edo laguntzaren deialdiko oinarriak onartzen dituela;
b) Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla;
c) Eskabidea aurkezteak baimena ematen diola Hezkuntza Sailari eskatzailearen nortasuna egiaztatzeko, NAN, AIZ edo AIT agirien bidez.
d) Jakitun dagoela ezen, aitortutako datuak zuzenak ez badira, beka edo laguntza ukatuko zaiola edo itzuli beharko duela;
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutatik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diola Hezkuntza Sailari;
f) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzen dituela egiaztatuko duela, eta adierazten duela ez dagoela dirulaguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta;
g) Onartzen duela beka emateko baldintzak betetzen dituela egiaztatzeko egin beharreko jarduketak egitea.
8. artikulua.– Ikasleen notak.
Aplikazio informatikoak automatikoki emango ditu eskatutako hizkuntzaren edo hizkuntzen nota eta batez besteko nota. Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, aurreko ikasturtean ikasitako ikasgai guztiak kontuan hartuta.
9. artikulua.– Musikako edo dantzako ikasketa profesionalak.
2018-2019 ikasturtean Musika edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea ikasten aritu diren ikasleen kasuan, matrikulatuta dauden ikastetxeak ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak sartuko dituzte Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera.
10.– artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan xedatzen den prozedura kudeatzeko lanak egitea.
2.– Ikasle eskatzaileen zerrenda egingo du organo kudeatzaileak, eta, han, adieraziko ditu: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.
3.– Bi tarteetako bakoitzean plazak esleitzeko proposamena egiteko, eta, Irlanda eta Erresuma Batuaren kasuan, maila, 2018-2019 ikasturtean izandako batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batuta lortutako puntuazioaren hurrenkerari jarraituko zaio.
Berdinketarik badago, errenta indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari. Azkenik, berdinketak bere horretan badirau, aplikazioak hura ebazteko zenbaki bana esleituko du ausaz, eta zenbaki txikienarentzat izango da plaza, hau da, goranzko hurrenkeran ordenatuko dira espedienteak.
4.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetako deialdiko plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde batean baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.
Ikasleak uko egiten badio lortutako plazari, ez zaio besterik emango, nahiz eta egokitu, bere puntuazioaren arabera.
5.– Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetako batean plazarik sobratzen bada, beste tartean pilatuko dira plaza horiek, herrialde eta hezkuntza-maila berberetan.
6.– Zerrenda hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emango da argitara (https://euskadi.eus webgunean), 6. artikuluan eskaerak egiteko emandako epea amaitu eta 20 egun balioduneko epean. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko da: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
7.– Aurreko puntuan esandakoa alde batera utzi gabe, jakinarazpen-abisuak bidali ahal izango dizkie organo kudeatzaileak interesdunei, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
8.– Zerrenda horretan jasotako datuetan akatsik aurkituz gero, interesdunek aukera izango dute idatzizko alegazioak egiteko eta datuak aldatzeko frogak aurkezteko, zerrenda argitaratu eta 10 egun balioduneko epean.
9.– Erreklamazioak aztertu ondoren, organo kudeatzaileak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, deialdia ebatz dezan.
11. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan adieraziko da plaza eskuratu dutenen zerrenda. Horretaz gainera, beste bi ebazpen emango ditu: batean, tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adieraziko ditu, eta, bestean, aldiz, baztertu diren eskaerak zerrendatuko; azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko ditu.
Ebazpenok jakinarazteko, argitara emango dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, https://euskadi.eus webgunean. Horrez gainera, Hezkuntza Sailaren web-orrian ere argitaratuko dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus
2.– Baldin eta, artikulu honetan araututako prozeduraren arabera, deialdia ebatzi ez bada 6. artikuluan adierazitako eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru hiletan, interesdunek ezetsitzat jo beharko dute eskaera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan. Nolanahi ere, geroago berariaz ebatz lezake deialdia Administrazioak.
3.– Deialdi-ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
12. artikulua.– Plazak erreserbatzea.
1.– Plaza lortu dutenek plazen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, 11.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik aurrera.
Plazak aukeratzeko prozedura:
Irlandan eta Erresuma Batuan, lehentasun-taldeka aukeratuko dituzte ikasle esleipendunek plaza zehatzak, talde bakoitzarentzat berariaz finkatzen diren egunetan, eta tarte eta maila bakoitzeko erreserba-ehunekoak errespetatuz. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean Irlandan plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituko zaio, harik eta plaza guztiak betetzen diren arte. Tarte bateko plazak betetzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta horren guztiaren ondorioetarako, esleipendunak, enpresak adierazten dion bitartekoa erabiliz, plaza bat aukeratuko du libre dauden plaza guztien artean, tokatzen zaion egunean.
Enpresak ezin badu plaza kopuru hori (100) kudeatu, adierazten den proportzioaren arabera doituko da hautatze-prozedura.
Norbaitek ezin badu plaza aukeratu egokitu zaion egunean, hurrengo egunetan egin dezake, azken ikasleek aukeratzen duten egunera bitartean, baina une horretan libre dauden plazen artetik aukeratu beharko du.
Frantziarako eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat destino edota irteera-data egonez gero, ikasleek zein nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako baliabideak erabiliz. Aukera hori egiteko epea 12.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunean bukatuko da. Enpresa esleipendunak esango die zer herrialde eta irteera-data esleitu zaien. Horretarako, kontuan hartuko du zer tokitan dagoen ikaslea Hezkuntza Sailak emandako zerrendan. Lortutako kalifikazioen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta zerrenda.
2.– Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta gauzatuko da erreserba. Diru hori ez bada epean ordaintzen, esleitutako edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.
2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen eta enpresak adierazten duen egunean ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, 2. artikuluaren arabera aplikatu beharrekoa. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.
3.– 12.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunaren ondoko bost egun igarota, enpresek Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari jakinaraziko diote zer plaza geratu diren hutsik erreserba ordaindu ez delako.
Plaza horiek eta ukoen ondorioz hutsik gera litezkeenak erreserba-egoeran dauden izangaiei esleituko dizkie Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz, harik eta kontratatutako plaza-kopurua bete arte.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusi bada eta gurasoen eta aitaren, amaren edo legezko tutorearen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Adingabeko ikasleek itzulera-bidaia baino ezingo dute egin antolaketatik kanpo, baldin eta aitak, amak edo legezko tutoreak laguntzen badie, edo aitak, amak edo legezko tutoreak baimendutako adinez nagusiko pertsona batek; laguntzaile horiek agiri bat izenpetu beharko dute ikaslea jasotzeko unean, eta, haren bidez, enpresa esleipenduna nahiz Eusko Jaurlaritza salbuetsita geratuko dira ikaslea zaintzeko erantzukizun orotik.
Onuradunek nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak.
14. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53.1 artikuluan adierazitako kasuren batean sartzen badira, edo agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta betebeharrak ezartzen dira, hargatik eragotzi gabe bideratu beharreko beste ekintza guztiak. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
15. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk emandako edozein laguntza edo dirulaguntzarekin.
Dena den, deialdi honetan ezin izango dute plazarik eskuratu aurreko urteetan Hezkuntza Sailak egindako deialdietan atzerrian hizkuntzak ikasteko plazaren bat eskuratu dutenek; salbuespena izango dira Matematika Olinpiadetako sari gisa aurreko deialdietan plaza lortutako DBHko 2. mailako ikasleak.
16. artikulua.– Ordainketak, eta programari uko egitea edo/eta uztea.
Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bazaie bai programan parte hartzen duten ikasleei, bai haien 2. mailarainoko senideei, betiere programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu horrek.
Programa borondatez utziz gero, parte-hartzaileek edo haien senideek ordaindu beharko dute jatorrizko herrira itzultzeko garraioaren kostua.
17. artikulua.– Datu pertsonalak.
Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» baita. Datu pertsonal horien tratamenduaren xede izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea. Horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.
Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Egonaldi-programa hau gauzatzeko, beharrezkoa izango da 1.4 artikuluan adierazten den kontratua esleitzea.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2020. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 2a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.