EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019179

EDIKTUA, adostasun gabeko dibortzioari buruzko 472/2018 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2019-07-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201904286
Maila: Ediktua
Donostiako Lehen Auzialdiko 3 zenbakiko Epaitegia (Familia). Zuzeneko Laguntza emateko Unitate Prozesal Zibila.
Judizioa: 472/2018 adostasun gabeko dibortzioa.
Gaia.
Demandatzailearen prokuradorea: Itziar Mujika Atorrasagasti.
Aipatutako judizioan 241/2019 epaia eman da 2019-07-03an, eta horren bidez amaiera eman zaio prozesuari. Honela dio xedapen-zatiak:
XEDAPENAK
Baiesten dut Mugica epaitegietako prokuradoreak Leticia-Yamileth Reyes Rodriguezen izenean eta hura ordezkatuz aurkeztutako demanda, Jorge Edilberto Rodriguez Lopezen aurkakoa. Horrenbestez:
1.– Deklaratzen dut deseginda dagoela, dibortzioa dela-eta, aipatutako alderdien arteko ezkontza, zeina 2017ko ekainaren 2an egin baitzen, Donostian. Legezko ondorio guztiak izango ditu horrek, epai hau irmo bihurtzen denetik aurrera, baina ez du fede oneko hirugarrenik kaltetuko, harik eta Erregistro Zibilean inskribatzen den arte.
2.– Desegintzat deklaratzen dut ezkontza-erregimen ekonomikoa, eta azken horren likidazioa egin ahal izango da ezkontza-erregimen ekonomikoa likidatzeko prozeduraren bidez, baldin eta alderdiren batek hala eskatzen badu. Ezeztatuta geratzen dira ezkontideek elkarri emandako baimen eta ahalordeak. Aurkako itunik izan ezean, amaitu egiten da etxeko ahala egikaritzean ezkontide batek bestearen ondasun pribatiboak lotzeko duen aukera.
3.– Guraso-ahalaz baliatzea. Bi gurasoek izango dute XXXXXXXXX alaba adingabeen guraso-ahala; nolanahi ere, aita absente dagoen bitartean, amak bakarrik baliatuko du.
Amak, guraso-ahala esklusiboki baliatzen duenean, aukera izango du adingabeei buruzko erabaki garrantzizkoak hartzeko, aitari adostasuna eskatu beharrik izan gabe. Guraso-ahalaren esparruan aitari berariazko adostasuna eskatu beharrik izan gabe hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabeen egoitza haiek ohiko bizileku duten udalerritik kanpora aldatzea; adingabeak atzerrira joatea oporraldiko bidaietan.
b) Ikastetxea aukeratzea eta aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak (bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak).
e) Urgenteak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
d) Adingabeen dokumentazioa izapidetzea/berritzea (pasaportea, NANa, egoiliar-txartela, osasun-txartela etab.).
Adingabeekin dagoen gurasoak haiei buruzko erabakiak hartzea izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin eta larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak badira.
4.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko erregimena. Amak izango du XXXXXXXXX alaba adingabeen gaineko zaintza eta jagoletza.
5.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Ez da nahitaez bete beharreko gutxieneko bisita-erregimenik ezartzen aitaren eta alaben artean. Aitak alabekin harremanak berriro hasteko nahia adierazten badu, gurasoen artean adostu beharko dute hori, eta, desadostasunik bada, neurri hau aldatzeko eskatu ahal izango da, horretarako dagoen legezko prozeduraren bidez.
6.– Mantenu-pentsioa. Rodríguez jaunak, jagoletza ez duen guraso den aldetik, hilero 300 euro ordaindu behar ditu alaba adingabeentzat (150 euro alaba bakoitzarentzat), haien mantenua ordaintzeko ekarpen gisa. Urteko hamabi hilabeteetarik bakoitzeko lehen bost egunetan ordainduko zaio diru kopuru hori amari, hark izendatutako kontuan. Urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako kontsumoko prezioen indizeak izandako aldaketen arabera; urtarrilaren 1ean izango ditu ondorioak eguneraketak, 2020. urtetik aurrera.
Mantenu-pentsio hori ordainduko da alabak adinez nagusi, ekonomikoki burujabe edo halako izateko kondizioan izaten diren arte, fede onezko jokabidearekin bat etorriz.
Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean eta bere kabuz ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
7.– Aparteko gastuak. Gurasoek erdibana ordainduko dituzte alaben ezohiko gastuak, ados baldin badaude eta gastuak agiri bidez egiaztatuta geratzen badira. Bi gurasoen adostasunez erabakiko da halako gastuak egitea, edo, ados ez badaude, epaile batek baimena emanda, eta, betiere, gastuak egin baino lehen.
Kontzeptu horretatik kanpo utziko dira, esaterako, eskola-uniformearen edo -liburuen gastuak (izan ere, urtero errepikatzen dira); bestelako gastuak, berriz, sartu egingo dira apartekoen kontzeptuan, eta katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe, honako hauek sar daitezke: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion medikuntza-erakundean sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eta eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute aitak eta amak; horretaz gain, fakultatiboa eta tratamendua bi gurasoek elkarrekin adostutakoak izango dira.
Aurreko paragrafoan azaldutako ezohiko gastuak aitak eta amak adostu beharko dituzte, gastua egin aurretik betiere; horrela, bada, gastu hori egin edo ez egin desadostasunik egonez gero, organo judizialaren pean jarriko da gaia; izan ere, organo horrek erabakiko du gastu hori ea bi gurasoek ordaindu behar duten ebazpen honetan ezarritako proportzioan. Gastua egingo dela ebatziko da, baldin eta behar-beharrezkoa bada, edo oso komenigarria bada eta familiaren gorabeherei egokitzen bazaie. Erregimen horretatik kanpo uzten dira behar-beharrezkoak diren presako gastuak; izan ere, aldez aurretik ezin bada, aski izango da beste gurasoari ondoren jakinaraztea.
Guraso biek erabakitzeko xedez, aldez aurretik premiazkoa ez den gastu bat egiten bada edo premiazko gastu bat egin ostean jakinarazten bada, komunikazioetarako mekanismo egiaztagarri bat ezarriko da: faxa, burofaxa, telefaxa edo posta elektronikoa izan daitezke. Guraso batek frogatzen badu besteari jakinarazi diola, modu egiaztagarri horretan, beharrezkoa edo komenigarria dela aparteko gastu hori egitea, ulertuko da beste gurasoa ados dagoela gastu hori egitearekin, erantzuten ez badu, behintzat (eta horrela frogatzen badu), eta berariaz adierazi beharko du horren kontra dagoela jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean.
Aparteko gastuak ordaintzeko obligazioa amaitu egingo da alabak, adin nagusikoak izanik edo legez emantzipatuta egonik, ekonomikoki independente direnean, hartara eragotzi gabe 150. eta 152. artikuluetan obligazioa amaitzeko adierazten diren kausak.
8.– Ez da hartzen beste inolako neurririk.
Ez da berariaz kosturik ezartzen.
Epaiaren aurka aurkezten diren errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZL, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZL, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharra dago, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 9200 0500 1274 1847 0000 00 0472 18. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02–Apelazioa). Kontsignazioa egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLO, 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko gordailua egin beharretik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. apartatuan sartutakoak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Leticia Yamileth Reyes Rodriguez demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ediktu baten bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen (PZL) 497.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Ebazpen horren aurka apelazio-errekurtsoa jar daiteke, hogei egun balioduneko epean, ediktu hau argitaratzen denetik hasita, ebazpenean bertan adierazten den eran.
Interesdunak eskuragarri dauka jakinarazten den ebazpenaren testu osoa, epaitegi honetako bulego judizialean, eta, han, osorik aztertu ahal izango du.
Donostia, 2019ko uztailaren 30a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.