EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019178

EBAZPENA, 2019ko irailaren 5ekoa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, zeinaren bidez Euskadiko Automobilismo Federazioaren Estatutuetan aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen baitira.

Xedapenaren data: 2019-09-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201904261
Maila: Ebazpena
Ikusi da Euskadiko Automobilismo Federazioaren Estatutuen aldaketaren idazkera berria; federazio hori 1986ko urriaren 10ean inskribatu zen EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan, 125 zenbakiarekin.
Euskadiko Automobilismo Federazioak, 2019ko martxoaren 5ean egindako Ezohiko Batzar Orokorrean, bere Estatutuen artikuluak moldatzeko erabakia hartu zuen, eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.
Estatutuen aldaketak bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.
Ondorioz, nire eskumenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Automobilismo Federazioaren Estatutuen artikuluen aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikuluak honela geldituko dira idatzita:
26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta hauek osatuko dute gutxienez:
a) Lehendakariak, federazioko lehendakaria ere izango denak.
b) Lehendakariordeak, lehendakarien funtzioak hartuko dituena ez badago, edo kargua uzten badu.
c) Diruzainak.
d) 5 batzordekide. Horietako bat gutxienez, berdintasun-batzordekidea izango da, eta emakumea izan behar du.
2.– Lurraldeko federazioetako lehendakariak Zuzendaritzako Batzordeko kideak izango dira, eta eskubide osoa izango dute.
3.– Zuzendaritza Batzordeari federazioko idazkariak lagunduko dio; hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Pertsona berak izan ditzake lehendakari eta diruzain karguak.
5.– Zuzendaritza Batzordearen kargu guztiak ohorezkoak dira, idazkari eta diruzain karguak izan ezik, ordaindu baitaitezke.
6.– Batzar Nagusiko kideak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak joan daitezke batzarretara. Hala ere, hitza izango dute baina botorik ez.
27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, Batzar Nagusia berritu eta gero. Batzarreko kideen hautaketa librean salbuespen dira lurraldeko federazioetako lehendakariak.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideak berriz ere hauta daitezke, baina agintaldien denbora-mugarik gabe.
37. artikulua.– Lehendakaria berriz hautatu dezakete, agintaldien denbora-mugarik gabe.
Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezakiokete pertsona interesdunek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 5a.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,
JON REDONDO LERTXUNDI.