EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019177

AGINDUA, 2019ko irailaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko dirulaguntzen oinarriak, eta laguntza horien deialdia iragartzen.

Xedapenaren data: 2019-09-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201904247
Maila: Agindua
Euskadiko Liburutegiei buruzko urriaren 26ko 11/2007 Legearen bidez, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea sortu zen. Sare horren funtzioetako bat da liburutegientzako laguntza-programak eta zerbitzuak ezartzea, bereziki informatika-sareak antolatzeko, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, funtsak eskuratzeko, eta beste helburu batzuetarako.
Era berean, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio liburutegien alorreko eskumenak, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 14.1.c) artikuluan.
Horiez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren arabera, Liburutegi Zerbitzuaren eskumena da Euskadiko Liburutegien Sistema Nazionalari dagozkion egitekoak garatzea eta gauzatzea.
Araudi horiekin bat etorriz, eta udal-liburutegi publikoen eginkizun funtsezkoena aintzat hartuta (herritar orok ezagutza eta informazioa jasotzeko gune izatea), eta teknologia berriek horretan duten garrantzia kontuan izanda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak uste du beharrezkoa dela teknologia horiek udal-liburutegi publikoetan ezartzeko edota garatzeko lagungarri izan daitezkeen jarduerak bultzatzea.
Agindu hau, halaber, sailaren 2018-2020rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan eta 2019ko Dirulaguntzen Urteko Planaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu ditu plan horiek, eta sailaren webgunean daude argitaratuta (www.euskadi.eus), zehazki helbide hauetan:
– http://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_18_20/es_def/adjuntos/PLAN%20ESTRATEGIKOA-PLAN%20ESTRAT%C3%89GICO-PES%202018-2020.pdf
– http://www.euskadi.eus/contenidos/plan_departamental/saileko_planak_18_20/es_def/adjuntos/URTEKO%20PLANA-PLAN%20ANUAL-PAS%202019.pdf
Dirulaguntzen programa honi aplika dakizkioke Euskal Autonomia Erkidegoaren Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea (aurrerantzean, EAEONAL) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean (aurrerantzean, DLO) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduan (aurrerantzean, DLOE) jasotako oinarrizko araudia.
Dirulaguntzen programa honetarako nahikoa aurrekontu dago 2019ko ekitaldira luzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Aginduak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko 2019ko dirulaguntzak emateko modua arautzen du.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen gehieneko zenbateko globala 350.000 eurokoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura emango dira.
3. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapide oro eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko.
2.– Honako egoitza elektroniko honetan daude eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztapenak:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095906
3.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
4. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituak dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko udal-erakundeak.
Udalerri bakoitzean onuradun bakarra egon daiteke. Beraz, udalerri batean eskaera bat baino gehiago badago, udalaren eskaerak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aurretik.
Eskatzaile bat baino gehiago badago eta horietako bat ere ez bada udala, liburutegi gehien kudeatzen duen erakundeak izango du lehentasuna. Azken kasu horretan, erakunde eskatzaileek liburutegi-kopuru bera kudeatzen badute, liburu-funtsen kopuru handiena duenak izango du lehentasuna.
2.– Ezingo dituzte laguntzak eskuratu DLOren 13.2 artikuluan jasotako egoeraren batean dauden erakundeek, eta zehazki bi baldintza hauek betetzen dituztenek:
a) Egunean ez izatea indarreko xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehazten den bezala.
a) Ordaindu gabe izatea dirulaguntzak itzultzeko obligazioak, erregelamenduz zehazten den moduan.
Gainera, bi baldintza horiek bete beharko dira hala onuradun izateko nola izaera horri eusteko dirulaguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, baldintza betetzen dela egiaztatuko da bai dirulaguntza ematen denean bai ordainketak egiten direnean.
Halaber, ezingo dute agindu honetako dirulaguntzarik eskatu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, sexu-bereizkeria dela-eta zehapen administratibo edo penalik duten pertsona juridikoek, ezta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen indarrez jarritako zehapenen ondorioz debeku hori dutenek ere.
5. artikulua.– Erakunde eskatzailearen betekizunak egiaztatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako baldintza hauek egiaztatzeko:
– Erakunde eskatzaileak adierazten du egiazkoak direla eskabidean eta hari atxikitako agirietan jasotako datuak eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
2.– Erakunde eskatzaileen betekizunak, zeinak ofizioz egiaztatuko baititu Administrazioak.
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
b) Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalak jaso dituzten erakunde eskatzaileak, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa barne (4/2005 Legea, otsailaren 18koa).
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo/eta garatzeko elementuak jartzeko edo eskuratzeko 2019ko ekitaldian egiten diren jarduera bereziak.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira, halaber, 2019ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati bat diren inbertsio-jarduerak, baldin eta 2019. urtean gauzatzen badira, erabilera beregaina dutela irizten bazaio eta haien banakako kostua zehaztu badaiteke.
3.– Zehazki, hauek eskuratzeko edo instalatzeko emango da laguntza:
a) Hardwarea edo euskarri fisikoa. Ordenagailuak eta haren osagaiak barne hartzen dira, bai eta funtzionamendurako edo erabilerarako beharrezkoa den beste edozein elementu material ere, dela ordenagailuak modu autonomoan lanean diharduelarik, dela sarean diharduelarik (mahaigaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pdak, eskanerra, pantaila lauak, periferikoak, routerrak, biltegiratze-unitateak, txartel grafikoak, saguak, aurikularrak, inprimagailuak, liburu-irakurgailu elektronikoak, tabletak eta abar).
b) Softwarea edo informatika-sistemen euskarri logikoa. Alegia, halako ataza zehatz bat egiteko beharrezkoak diren programa eta prozeduren multzoa. Horretarako, atal honetan sartzen dira liburutegi-kudeaketarako sistemak ez diren sistemen softwarea eta aplikazioen softwarea.
c) Telekomunikazioak. Komunikazio-sareak instalatzea, bai hari bidezkoak bai haririk gabekoak.
4.– Hauek joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz lagundu daitezkeen gastutzat: aurkeztutako eskabidean jasota egonik, diruz lagundu daitekeen jarduerarekin lotura estua dutenak; bai erosketatik eratortzen direnak, bai errentamendutik edo laguntzeko moduko elementuen benetako erabilgarritasuna bermatzen duten bestelako edozein sistematatik eratortzen direnak. Gainera, diruz lagundu daitezkeen gastuak bat etorriko dira DLOren 31. artikuluan xedatutakoarekin.
5.– Ez dira diruz lagunduko:
a) Ikus-entzunezko ekipamenduak edo bestelakoak, beren ezaugarriak direla-eta 3. puntuko atalen batean sartzen ez badira.
b) Mantentze-lan, laguntza tekniko edo aholkularitza moduan definitzen diren zerbitzuen kostuak.
c) Liburuzainak edo erabiltzaileak teknologia berrien erabileran trebatzeko prestakuntza-ikastaroak.
d) Liburutegien presentzia Interneten areagotzea beste asmorik ez duten softwarea eta gainerako elementuak.
e) Liburutegiarentzako funtsak eskuratzea, edozein dela ere funts horien euskarria, lokalizazioa eta edukietan sartzeko beharrezkoa den ekipamendua.
f) Software edo hardware plataformak kontratatzea, sortzea edo alokatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegi guztientzat jada eskaintzen eta kudeatzen dituen zerbitzuetarako.
6.– Onuradunak diruz laguntzen den jardueraren % 100 azpikontratatu ahal izango du, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraituz: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
7. artikulua.– Eskabideak eta inprimakiak aurkeztea.
1.– Hilabetekoa izango da agindu honetan araututako eskabideak aurkezteko epea, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Eskabideak zein Administraziotara bideratzen dituzten, haren erregistro elektronikoan aurkeztu ahal izango dituzte eskatzaileek eskabideak eta justifikazioak, baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluko erregistro elektronikoetan ere. Gainera, 39/2015 Legearen 66.4 artikuluaren arabera, eskabide-eredu bat emango da, zeina interesdunek eskuragarri izango baitute dagokion egoitza elektronikoan.
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta hari atxikitako agiriak. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) Erakunde eskatzaileko teknikari arduradunek izenpetutako memoria bat, honako hauek azaltzen dituena: 2019. urteko ekitaldian egin diren edo egin nahi diren jardueretatik zein lagundu nahi diren diruz; zer helburu lortu nahi den hori eskuratuta edota instalatuta, eta haien beharraren justifikazioa.
b) Baldin eta 2019ko ekitalditik harago zabaltzen diren inbertsio-proiektuen zati edo osagai badira jarduerak, jarduera horien banakotasuna, erabilera beregaina dutela, eta jarduera horiek banaka duten kostua justifikatu beharko dira. Kasu horretan, eskabidea jarduera horietara mugatuko da.
c) Ondasunak edo instalazioak jartzen dituzten enpresa hornitzaileen aurrekontuak, jardueretan aurreikusitako gastua justifikatuko dutenak.
Beste edozein erakunde edo administraziotatik –publikoa zein pribatua– helburu bererako beste dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu badu edo lortu badu erakunde eskatzaileak, horren berri jakinarazi beharko du.
5.– Baldin eta legez eratutako udal-erakundeek edota udal-liburutegi publikoen arloan eskumena duten udal-erakundeek egiten badute eskabidea, agirien bidez egiaztatu beharko dute beren helburuen artean liburutegi publikoaren zerbitzua edo eskumena elkarrekin kudeatzea dagoela. Dokumentazio hori ez da aurkeztuko baldin eta Eusko Jaurlaritzaren esku badago. Horretarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zein organoren aurrean aurkeztu zituen aipatutako agiriak.
8. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio agindu honen bidez araututako dirulaguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
9. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Ikusiz gero falta direla eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk edo horietan forma-akatsak daudela, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
Halaber, 39/2015 Legearen 68.4 artikuluari jarraikiz, erakunde eskatzaileren batek eskabidea presentzialki aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zeneko eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
10. artikulua.– Eskabideen ebaluazioa.
Kultura Ondarearen zuzendariari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea. Era berean, zuzendari horrek osatuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kulturako sailburuordeari igorriko dio. Bertan, honako informazio hau jasoko da: onuradun izateko proposatzen diren erakundeen zerrenda eta bakoitzari esleitutako diru-kopurua; ukatu diren eskabideen zerrenda eta ukatzearen arrazoia, eta emandako dirulaguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko beharrezkotzat jotzen diren baldintza guztiak.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Agindu honetan dirulaguntzak eskuratu ahal izateko ezarritako eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituzten eskatzaileen artean banatuko dira deialdiaren diru-baliabideak.
2.– Eskatzaile bakoitzari zehatz-mehatz eman beharreko diru-kopurua zehazteko, hurrengo atalean finkatutako irizpideak eta agindu honen hurrengo atalean jasotako kalkulu-sistema aplikatuko dira.
3.– Zenbatekoak esleitzeko, honako irizpide hauek hartuko dira aintzat:
a) Populazio-irizpidea: erakunde onuradunak duen populazioa hartuko da kontuan.
Horretarako, biztanleen araberako multzoak ezartzen dira, zeinei indize homologatu batzuk eta indize zuzentzaile batzuk aplikatuko baitzaizkie: zenbat eta biztanle gutxiago izan onuradunek, orduan eta handiagoak izango dira indize zuzentzaileak.
b) Formulak eta koefizienteak:
Koefizienteak.
1.– Populazio-irizpidea.
a) Populazioaren homologazioa (P). Erakunde onuradunen populazioak biztanle-kopuruaren arabera sailkatzen dira, eta populazioaren balio homologatua P lortzen da, eskala honen arabera:
Adibideak: 3.248 biztanleko populazioa duen udalerri bat 5.000rekin parekatuko litzateke, eta 54.949 biztanlekoa duen beste bat 100.000rekin.
b) Populazio-irizpidea. Koefiziente zuzentzailearen aplikazioa (IZ).
Honako koefiziente zuzentzaile hau ezarriko da:
Formula.
P: biztanle-taldeentzako homologatutako populazioa.
IZ: zuzenketa-indizea.
B: onuradunak jasotako puntuazioa.
BB: onuradun guztien puntuazioen batura, hots, B guztien batura.
DK: dauden baliabideak. 350.000 eurokoa da aginduaren diru-hornidura. Soberakinak banatzeko, agindua aplikatu osteko baliabideak hartuko dira kontuan.
DL: onuradun bakoitzari esleitutako diru-kopurua, dauden baliabideak banatzearen ondoriozkoa. Hori zehazteko, onuradun bakoitzak lortutako puntuak eta puntu horiek onuradun guztiek lortutako puntuazioekiko duten erlazioa hartuko dira kontuan.
Hauek dira eman beharreko pausoak:
1.– P eta IZ balioak esleitzea onuradun bakoitzari.
2.– P eta IZ balioak biderkatzea, onuradun (B) bakoitzak zer puntuazio eskuratzen duen jakiteko.
3.– Onuradun (B) guztien puntuazioen batuketa egitea, BB balioa eskuratzeko.
4.– Onuradun bakoitzari egokituko zaion zenbatekoa jakiteko, kalkulu hau egitea: eskura dauden baliabideak onuradun bakoitzaren puntuazioarekin biderkatuko dira lehenik, eta erdietsitako emaitza onuradun guztien puntuazioaren baturarekin zatituko da. Hau da: DL = DK * B / BB.
5.– Kalkulatzeko sistema hori aplikatuta, lehenengo emaitzak erakusten badu eskabideren batean gainfinantzaketa egon dela, hasieran esleitutako kopurua murriztuko zaie eskatzaile horiei, eta soberakina gainerako eskatzaileen artean banatuko da; behar adina aldiz errepikatuko da eragiketa hori. Esleitutako kopuruak ez du inolaz ere gaindituko agindu honetako 12. artikuluaren 1. puntuan jasotako muga.
12. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoak, mugak eta bateragarritasunak.
1.– Jasotako dirulaguntzak ez du gaindituko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diruz lagundu dezakeen aurrekontuaren % 90, eta ez da inolaz ere 100.000 eurotik gorakoa izango erakunde onuradun bakoitzeko.
Dirulaguntza justifikatzeko eta likidatzeko agirietan ikusten bada baldintza hori ez dela betetzen, dirulaguntza murriztuko da, eta dirulaguntzaren behin betiko zenbatekoa dagokion zenbatekoan ezarriko.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
13. artikulua.– Ebazpena eta jakinarazpena.
1.– Kulturako sailburuordeari dagokio, Kultura Ondarearen zuzendariak egindako proposamena ikusita, liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edota garatzeko deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen ebazpena ematea. Ebazpen horretan adieraziko da eskatutako dirulaguntza ematen den edo ukatzen den; ematen den kasuetan, erakunde onuradunaren nortasuna, diruz lagunduko den jarduera eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatzen diren dirulaguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen nortasuna eta dirulaguntza ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.
2.– Ebazpenak bide elektronikoz jakinaraziko zaizkie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko jakinarazpenaren epea lehenengo egin den jakinarazpenaren epea izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.7 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean lehenengo jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Sei hilekoa izango da prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan xedatutako ondorioetarako.
5.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, baldin eta agindu honen 9. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.
6.– Dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak. Dirulaguntza horiek emateko eta, hala behar bada, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena eman bada.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Hauek dira erakunde onuradunen betebeharrak:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren aurrean justifikatzea laguntza ematea edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
e) Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatu batzuei xede berarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta, agindu honetan ezartzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean, erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adieraztea.
h) Kultura Ondarearen Zuzendaritzari jakinaraztea laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu dela, hala gertatzen denean.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Liburutegi Zerbitzuak emandako babesa beren-beregi adieraztea dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta agiri guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
k) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) jasotako betebehar oro, eta DLOren 14. eta 16. artikuluetan jasotakoak.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa, likidazioa eta ordainketa.
2020ko urtarrilaren 15a baino lehen aurkeztu behar da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa.
Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, helbide honetan:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
Laguntzak justifikatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
– Kontu-hartzailearen edo, hala badagokio, idazkari kontu-hartzailearen egiaztagiria, «Justifikazioak» ereduaren araberakoa, non jasoko baita informazio hau: egindako gastuak eta helburu berarako jasotako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideen zerrenda, halakorik balego.
– Erantzukizunpeko adierazpena, alkateak sinatua; bertan zehaztuko da eskuratutako ondasunen destinoa liburutegia bera dela eta, hain zuzen, ondasunak bertan daudela.
Aurkeztutako agiriak jasota eta aztertuta edo epe hori igarota, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aginduko du dirulaguntza ordaintzea, eta, minorazio bat egin behar denean, likidatzeko ebazpen-proposamena egingo dio Kulturako sailburuordeari, zeinari baitagokio ebazpena ematea bi hilabeteko epean, justifikazioak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik aurrera.
Edonola, diruz lagundu daitezkeen justifikatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
Dirulaguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, emandako dirulaguntza justifikatu eta likidatu ondoren, betiere onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean baditu eta itzultzeko ebazpen baten ondorioz zorrik ez badu.
Baldin eta, dirulaguntza eman zaiela jakitera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
16. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeak.
Hauek dira ez-betetzeak:
1.– Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
2.– Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza emateko ebazpenean adierazitako baldintzak ez betetzea.
3.– Dirulaguntzen arloan aplika daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea, batik bat DLOren 37. artikuluan xedatutakoak, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta DEOren 91, 92 eta 93. artikuluetan zehazten diren baldintzak ez betetzea.
Ez-betetzeren bat gertatuz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako zenbatekoak –osorik edo zati bat– eta berandutze-interesak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera, betiere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horien itzulketari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
– Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak:
Kultura Ondarearen Zuzendaritza
Donostia kalea 1, Gasteiz
Tel.: 945 018 800
Eusko Jaurlaritzaren Datuak Babesteko ordezkaria
Donostia kalea 1, Gasteiz
DPD-DBO@euskadi.eus
– Tratamenduaren xedeak: Euskadiko Irakurketa Publikoaren Sarean dauden liburutegi publikoetan teknologia berriak ezartzeko edo garatzeko dirulaguntzak.
– Gordetzeko epea: datuak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 44. artikuluan ezartzen den preskripzio-epean gordeko dira, edo, hala badagokio, prozedura judiziala amaitu arte.
– Legitimazioa: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
– Hartzaileak: datu pertsonalak jakinarazi ahal izango zaizkie Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala badagokio, organo judizialei.
– Eskubideak erabiltzea: interesdun orok eskubide hauek ditu:
● Eskuratzea: berari dagozkion datu pertsonalak tratatzen ari diren edo ez berrestearen inguruko jakinarazpena jasotzea tratamenduaren arduradunaren aldetik eta, tratatzen ari badira, datuok eskuratzeko eskubidea.
● Zuzentzea: berari dagozkion eta zuzenak ez diren datu pertsonalak zuzentzea lortzeko eskubidea eta osoak ez diren datu pertsonalak osatzeko eskubidea, baita adierazpen gehigarriaren bidez ere.
● Ezabatzea (ahazteko eskubidea): berari dagozkion datu pertsonalak ezabatzea lortzeko eskubidea, honako inguruabar hauetako bat gertatzen denean:
○ datu pertsonalak jada beharrezkoak ez izatea bildu edo tratatu ziren xedeetarako;
○ interesdunak uko egitea tratamenduak oinarri duen adostasunari eta tratamenduak ez izatea beste oinarri juridikorik;
○ interesdunak tratamenduaren aurka egitea eta datuak tratatzeko beste legezko arrazoirik ez egotea horren gainetik;
○ datu pertsonalak legez kontra tratatu izana;
○ datu pertsonalak ezabatu behar izatea lege-betebehar bat betetzeko;
○ datu pertsonalak 1. ataleko 8. artikuluan aipatzen diren informazioaren sozietatearen zerbitzuen eskaintzarekin lotuta lortu izana. Datu pertsonaletarako estekak ezabatzeko eskubidea, datuak ezereztea nahitaezkoa bada.
● Mugatzea: datu pertsonalen tratamendua mugatzeko eskubidea, kasu hauetan:
○ datu pertsonalen zehaztasunaren aurka egiten denean, arduradunari datuen zehaztasuna egiaztatzeko aukera emango dion epean;
○ tratamendua legez kanpokoa bada, eta interesdunak datu pertsonalak ezerezteari aurka egiten badio eta horren ordez erabilera mugatzea eskatzen badu;
○ arduradunak jada ez baditu datu pertsonalak tratamenduaren xedeetarako behar, baina interesdunak erreklamazioak egiteko, aurkezteko edo defendatzeko behar baditu;
○ interesdunak tratamenduaren aurka egin badu, arduradunaren legezko arrazoiak interesdunaren arrazoien gainetik daudela egiaztatzen den bitartean.
● Eramangarritasuna: interesdunak eskubidea izango du datu pertsonalak erabilera orokorra eta irakurketa mekanikoa duen formatu egituratu batean jasotzeko, bai eta beste tratamendu-arduradun bati bidaltzeko ere, tratamendua bitarteko automatizatuen bidez egiten bada.
● Tratamendu automatizatua: interesdunek eskubidea izango dute tratamendu automatizatu batean soilik oinarrituta dagoen eta beraiengan ondorio juridikoak edo antzeko ondorio esanguratsuak dituen erabaki baten objektu ez izateko, profilak egitea barne. Interesdunak bere eskubideak balia ditzake tratamenduaren arduradunaren aurrean.
Horrez gain, erreklamazio bat aurkez dezake Datuak Babesteko Euskal Bulegoan, eta aldez aurretik datuak babesteko ordezkariari helaraz diezaioke erreklamazioa.
Informazio osagarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo webgune honetara: https://www.euskadi.eus/dbao/0095906
Era berean, emandako dirulaguntzak EHAAn argitaratuko direla jakinarazten zaie eskabideak egiten dituztenei.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.