EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019177

AGINDUA, 2019ko irailaren 11koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019an eta 2020an euskal kultura-ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-lanak egiteko dirulaguntzen deialdia egin eta hartarako araubidea arautzen duena.

Xedapenaren data: 2019-09-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201904246
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak 10. artikuluaren 19. apartatuan Euskal Autonomia Erkidegoari ematen dio ondare historiko, artistiko, monumental, arkeologiko eta zientifikoaren gaineko eskumen esklusiboa, eta Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen du Estatuak ondare hori esportazioaren eta espoliazioaren aurrean babesteko ezarritako arauak eta betebeharrak betetzea.
Horren ildotik, Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, antolamendu juridiko berri bat ezarri zuena euskal kultura-ondarea defendatu, aberastu, hedatu eta sustatzeko. Berriki, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Lege berria onartu eta indarrean jarri da, zeinak 7/1990 Legea indargabetzen baitu –agiri-ondareari eta artxibo-zerbitzuei buruzko tituluak ez ditu indargabetu–. 1. artikuluan, hau ezartzen du: Lege honen xedea da EAEko euskal kultura-ondarearen araubide juridikoa ezartzea, beraren babesa, kontserbazioa eta balio-nabarmentzea bermatzeko, bai eta pertsona guztiek, oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek, irisgarritasun unibertsaleko baldintzetan posible direnean, ondare hori ezagutu, ikertu, hedatu eta goza dezatela erraztea ere.
Sustapen-neurriei dagokienez, 6/2019 Legearen 79.2 artikuluak ezartzen duenaren arabera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, kultura-ondareari buruzko gaietan ikerkuntza eta prestakuntza sustatuko ditu. Orain dela urte batzuetara arte, ondare hori, dokumentazioari eta babesari dagokienez, ondare historiko-arkitektonikora eta arkeologikora mugatzen zen, baina, denbora igaro ahala, zientzialariek ia landu ez dituzten eremuetara zabaldu da: industria-ondarea, ondare immaterial edo ukiezin deitutakoa, eta, nola ez, memoria historikoaren ondarea, bai eta ondare higigarria ere. Horrez gain, ez da ahaztu behar genero-ikuspegia txertatu behar dela ondare horiek identifikatu eta baloratzean.
Eusko Jaurlaritzak Euskal Kultura Ondarearen EAEko Zentroaren bidez garatzen ditu 6/2019 Legeak esleitzen dizkion eskumenak. Egun, zentro hori Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago, hala zehaztuta baitago sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuan (apirilaren 21eko EHAA, 76. zenbakia).
Agindu honek, bada, kultura-ondarearen babesari aplikatutako ikerketa-proiektuak egiteko dirulaguntzak emateko prozedura eta baldintzak arautzeko esparrua zehazten du, eta dirulaguntzon deialdia egiten du 2019rako eta 2020rako.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Iragarritako laguntzen xedea ikerketa-proiektuak egitea da; hain zuzen ere, euskal kultura-ondarearen babesaren arlora bideratutako ikerketa-proiektuak, ondare materiala –higiezina eta higigarria– nahiz immateriala barnean direla.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Kultura-ondarea –zentzu zabalenean ulertuta– hobeto ezagutzen laguntzen duten eta berau babesteko irizpide oinarridunak zehazten eta tresna erabilgarriak egiten laguntzen duten proiektuak lagundu ahal izango dira diruz. Euskal Autonomia Erkidegoko kultura-ondareari buruzkoak izango dira proiektuak, eta iturri dokumental, bibliografiko, arkeologiko, toponimiko, grafiko, ikusizkoak izango dituzte oinarri, bai eta ahozko transmisioko iturriak ere.
Dirulaguntzen lerro honetatik baztertuta egongo dira honako hauek:
– Laborategi edo profesional espezializatuek analitikak egiteko xede bakarra duten proiektuak; adibidez eta zerrenda osoa emateko asmorik gabe: datazio absolutuak, dendrokronologia, DNA analitikak edo biologia molekularra, isotopo egonkorrak, etab. Halere, kultura-ondarea –higigarria edo higiezina– ikertzeko proiektuek dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldin eta analitikak egin behar badituzte proiektuaren xede den ondarea ikertzeko erabilitako informazioa hobetu eta zehazteko laguntza gisa. Betiere proiektuan esplizituki justifikatu beharko da analitika horiek osagarriak direla, eta ez funtsezkoak.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak deialdi honen aurretik egin dituen ondare-katalogoak egitea xede duten proiektuak.
– Landako lan arkeologikoak, lurpean nahiz eraikinetan (altxaeren analisia) eginak, foru-aldundiek abiarazitako beste dirulaguntza-lerro batzuen xede badira, lan horiek ikerketaren xede nagusia direnean.
– Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legea aplikatuta nahitaezkoak diren lan arkeologikoak, babes bereziko eta ertaineko kultura-ondasun deklaratutako eremu arkeologikoei eta ustezko zona arkeologikoei eragiten dieten obren ondoriozkoak.
– Foru-aldundiak edo beste administrazio publiko batzuk egiten ari diren jarduerak.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Dirulaguntza hau jaso ahal izango dute agindu honen 7. artikuluan adierazitako titulazio akademikoa duten pertsona fisikoek eta, pertsona juridikoen kasuan, estatutuetan haien helburu edo xede sozial gisa kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea dutenek.
2.– Sektore publiko instituzionala eratzen duten erakundeek ezin izango dituzte laguntza hauek jaso, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen 2. artikuluaren arabera.
3.– Lana banaka edo taldeka egin ahal izango da. Taldeka egiten bada, dirulaguntza bakarra emango da, eta pertsona fisiko batek ordezkatu beharko du taldea. Ordezkari hori, bada, zuzendari zientifikoa eta proiektuaren arduraduna izango da. Pertsona hori dirulaguntzaren onuradun bakarra izango da.
4.– Proiektuaren zuzendaritza zientifikoaren ardura hartzen duen pertsona fisikoak egiaztatu beharko du goi-mailako unibertsitate-titulu hau duela: Geografia eta Historian, Historian edo baliokideren batean lizentziaduna edo graduduna. Baliagarriak izango dira, halaber, espezialitate hauei dagozkien titulazioak: Antzinaroaren Historia, Erdi Arokoa, Modernoa, Garaikidea, Arkeologia edo Historiaurrea, bai eta Artearen Historia eta Antropologia Kulturala ere.
5.– Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xedera, 160.000 (ehun eta hirurogei mila) euro bideratuko dira. Horietatik 80.000 (laurogei mila) euro 2019ko aurrekontuari dagozkio, eta 80.000 (laurogei mila) euro 2020ko konpromiso-kredituetarako dira.
5. artikulua.– Muga edo gehieneko zenbatekoa, diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzaren bateragarritasuna.
Onartutako aurrekontuan jasotako diruz laguntzeko moduko gastuen ehuneko ehun (% 100) hartu ahal izango dute dirulaguntzek, proiektuko 13.500 (hamahiru mila eta bostehun) euro gainditu gabe; betiere Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aurrekontu-kontsignazioen barruan.
Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartzen dira zuzenean lana egitearen ondorioz sortu direnak, baldin eta agindu honen 21. artikuluan lana justifikatzeko ezarri den aldia amaitu baino lehen egin badira, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamenduaren –uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak onetsia– 83. artikulua.
Ez da inolaz ere diruz lagundu daitekeen gastutzat hartuko BEZ kengarriaren zenbatekoa, baldin eta pertsona edo erakunde onuraduna zerga horren aitorpena egitera behartuta badago. Horrelakoetan, gastu gisa egotz daitekeen zenbatekoa aurreikusitako gastuen eta egiaztagirien zerga-oinarriari dagokiona izango da. Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskabidean adierazi beharko du BEZaren aitorpena egitera behartuta dagoen.
Dirulaguntza hauek bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada eta deialdi honetan ezarritako mugak gainditzen ez badira. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
6. artikulua.– Eskaera egiten duten pertsona edo erakundeen betekizunak.
1.– Jarduteko gaitasun nahikoa izatea.
2.– Pertsona fisikoen kasuan, agindu honen 7. artikuluan eskatutako titulazioa izan beharko dute.
3.– Egunean izatea zerga-betebeharrak eta, hala badagokio, Gizarte Segurantzarekikoak.
4.– «De minimis» araubideko 200.000 euro baino gehiagoko laguntzarik jaso ez izana, ez azken bi ekitaldietan, ez uneko ekitaldian.
5.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jaso duten eskatzaileak, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoa barne.
6.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko 28/2013 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
7. artikulua.– Proiektuen zuzendaritza zientifikoa eta betekizunak.
1.– Lana banaka edo taldeka egin ahal izango da. Taldeka egiten bada, dirulaguntza bakarra emango da, eta pertsona fisiko batek ordezkatu beharko du taldea. Ordezkari hori, bada, zuzendari zientifikoa eta proiektuaren arduraduna izango da.
2.– Lana banaka egin edo lanaren zuzendaritza zientifikoaren ardura hartzen duen pertsona fisikoak titulu hau izan beharko du: lizentzia edo gradua Geografia eta Historian, Historian, Arkeologian, Artearen Historian, Antropologia Kulturalean edo Filosofia eta Letretan. Baliagarriak izango dira, halaber, espezialitate hauei dagozkien unibertsitate-titulazio ofizialak: Antzinaroaren Historia, Erdi Arokoa, Modernoa, Garaikidea, Arkeologia, Historiaurrea, Kultura Ondarea.
3.– Proiektu baten zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsona deialdi honetara aurkeztutako proiektu bakarrean baino ezingo da halakotzat agertu.
4.– Dirulaguntzaren eskatzaile gisa pertsona fisiko bat agertzen bada eta proiektua hainbat pertsonak egiten badute, eskatzaileak hartu behar du proiektuaren zuzendaritza zientifikoaren ardura.
5.– Unibertsitateko irakasle batek edo erakunde zientifiko batekiko lotura estatutario edo laborala eta doktore-titulua dituen pertsona batek emandako abal zientifikoa izan beharko du proiektuak.
8. artikulua.– Proiektuak egiteko epea.
Diruz lagundutako proiektuek 2019ko ekitaldian hasi behar dute edo dagoeneko hasita egon behar dute. Proiektuak amaitzeko azken eguna 2020ko urriaren 7a izango da, eta egiteko epea ezin izango da luzatu edo geroratu data horietatik aurrera.
9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Pertsona fisiko interesdunek bide elektronikoak edo presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Pertsona juridikoek bide elektronikoak erabili beharko dituzte, nahitaez.
3.– Eskabideak era presentzialean aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako organoetan. Eskabideak Kultura Ondarearen Zuzendaritzari zuzenduko zaizkio: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
4.– Eskaera-formularioa eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan –artikulu honen 5. apartatuan adierazten den helbidean–, bai eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzan eta Zuzenean zerbitzuaren bulegoetan ere.
5.– Eskabideak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:
– Gaztelaniaz: www.euskadi.eus/servicios/1030004
– Euskaraz: www.euskadi.eus/zerbitzuak/1030004
6.– Bide elektronikotik eginiko eskaeraren osteko izapideak egoitza elektronikoaren bitartez egingo dira. Artikulu honen 5. apartatuan adierazitako helbidetik sar daiteke egoitza elektroniko horretara; bestela, zuzenean dagokion espedientera sar daiteke Nire Karpeta ataletik.
7.– Pertsona fisikoek, eskaera egiteko eta dokumentuak aurkezteko bide presentziala edo elektronikoa erabiltzen badute, ez dituzte nahitaez baliabide horiek erabili behar prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta. Zuzendaritza Kudeatzaileari jakinarazi beharko zaio izapidetzeko bidearen aldaketa, egoitza elektronikoan eskura daitekeen formularioaren bitartez.
8.– Eskabideak bide presentzialez nahiz bide elektronikoz izapidetzeko zehaztapenak eta ereduak eskuragarri egongo dira egoitza elektronikoan, artikulu honen 5. apartatuan zehaztutako helbidean eta artikulu honen beraren 4. apartatuan adierazitako tokietan.
9.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, aukeran. Halaber, pertsona edo entitate eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, hala xedatuta baitago Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan.
10. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzailearen eta proiektuaren zuzendaritza zientifikoa egin edo hartzen duen pertsonaren betekizunak egiaztatzea.
1.– Agindu honen 3. artikuluan exijitutako titulazioa egiaztatzeko, tituluaren edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiriaren kopia aurkeztu beharko da, eta, horrekin batera, espediente akademikoaren ziurtagiria, non adieraziko baita zein diren proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duenak eskatzen den titulua lortzeko egin eta gainditu dituen irakasgaiak edo gaiak. Pertsona juridikoen kasuan, egiaztatu beharko da xede sozialean sartzen dela kultura-ondarearekin lotutako jarduerak garatzea. Hori egiaztatzeko, erakundearen eratze-eskrituren edo estatutuen kopia bat aurkeztu beharko da.
2.– Eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Pertsona edo erakunde eskatzaileak zuzeneko egiaztatze horren kontra dagoela adierazi ahal izango du espresuki. Hori egitekotan, betekizuna betetzen duela egiaztatzeko behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu eskabidearekin batera. Ordainketa horietan egunean egotea eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan egunean egotea bete beharreko betekizunak dira bai onuradun-izaera lortzeko bai onuradun izaten jarraitzeko.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskaera-formularioarekin batera egindako erantzukizunpeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Eskabidea izapidetzeko unean ebazteke dauden edo, hala badagokio, lortu diren xede berarako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk eskatu direla jakinarazi behar du eskatzaileak.
– De minimis laguntzei buruzko adierazpena –eskaera-formularioan jasota dago–.
– Eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barnean direla (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera).
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizunak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoak.
4.– Eskatzaileak eskubidea dauka lehendik administrazio publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez aurkezteko, 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin bat etorriz. Hala eginez gero, adierazi beharko du zer administrazio-organotan eta noiz aurkeztu zituen; datu pertsonalak jasotzen dituzten agirien kasuan, interesdunaren berariazko baimena beharko da.
11. artikulua.– Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskaeraz gainera, eskatzaileak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.– Egingo duen ikerketa-proiektuaren memoria. Memoriak 15 orri izango ditu gehienez, eta epigrafe hauetan egituratuta egongo da:
– Titulua.
– Proiektuaren aurkezpena.
– Proiektuaren helburu zehatzak (dirulaguntzaren iraupena aintzat hartuta).
– Gaiaren interesa eta ikerketen uneko egoera.
– Lan-hipotesia, -metodologia eta -plana, eta dagokion kronograma.
– Iturri eta bibliografia espezifikoak.
2.– Proiektuaren zuzendaritza zientifikoa bere gain hartzen duen pertsonaren eta, hala badagokio, proiektua egingo duen taldea osatzen duten gainerako pertsonen curriculum vitaea.
3.– Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua, 8. artikuluan adierazitako tokietan eskuragarri dagoen «Gastuen aurrekontua» izeneko ereduaren araberakoa.
4.– Zientzia-erakunde bati lotutako unibertsitate-irakasle edo ikerlari doktore baten txostena, aurkeztutako proiektua bermatzen duena.
12. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.
13. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.
1.– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egiaztatuko du eskaera epe barruan eta behar bezala egin dela eta eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela.
2.– Eskabidea izapidetzea onartzeko beharrezkoa den dokumenturen bat falta bada edo dokumentu horietan zerbait gaizki dagoela ikusten bada, edo balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkitzen badira, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio ezen, eskatutakoa egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela edo izapideak egiteko eskubidea galdu duela ulertuko dela; hartarako, ebazpen bat emango da aldez aurretik.
14. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ostean eta, hala badagokio, 13.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatutakoan, balorazio-batzorde bat eratuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoaren arabera. Balorazio-batzordeak egiaztatuko du titulazio-betekizunak betetzen direla eta proiektuan planteatutako jarduerak dirulaguntzak jasotzeko modukoak direla, 1. eta 2. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Azkenik, onartutako proiektuak baloratuko ditu, 16. artikuluan ezarritako adjudikazio-irizpideak aplikatuta, eta dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari.
2.– Honako hauek osatuko dute batzordea:
– Kultura Ondarearen zuzendaria. Batzordeburua izango da, eta boto-berdinketak gertatuz gero, bere kalitate-botoaz ebatziko ditu.
– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kulturako sailburuordeak izendatuak. Haietako bat batzordeko idazkaria izango da.
– Unibertsitateko irakasle bat edo, bestela, izen handiko ikerlari bat, Kulturako sailburuordeak izendatuta.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da balorazio-batzorderen osaera, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz.
3.– Balorazio-batzordeak egoki deritzonean, proiektuari dagokion gaian aditu diren aholkularien laguntza eskatu ahal izango du.
4.– Organoa balio osoz eratzeko, hau da, bilkurak egiteko, eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko, batzordeburuak eta batzordeko idazkariak bilkuran egon behar dute, edo, bestela, haien ordezkoek, eta, gutxienez, batzordekideen erdiek.
5.– Balorazio-batzordeko kideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
15. artikulua.– Dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Agindu honetan jasotako dirulaguntzak emateko, norgehiagoka-prozedura hau erabiliko da:
– Behin eskaerak aurkezteko epea bukatu ostean, eta, kasua bada, 13.2 artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatzean, agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen dituzten eskabideak ebaluatu egingo ditu balorazio-batzordeak, 16. artikuluan finkatzen diren irizpideekin bat etorriaz.
– Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek, gutxienez, 50 puntu jaso behar dituzte ebaluazio-fasean.
2.– Baldin eta bi proiektuk edo gehiagok ikerketa-gai edo -ikuspegi berdina edo antzekoa badute eta, ebaluazioa egin ostean, 50 puntu edo gehiago lortzen badute, puntuazio txikiena lortu dutenak baztertuko dira, eta puntuazio handiena duenari baino ez zaio emango dirulaguntza.
3.– Hainbat proiektuk puntuazio bera lortzen badute, agindu honen 16. artikuluaren e) letran puntuaziorik handiena lortu duenak izango du abantaila. Berdinketak jarraitzen badu, abantaila izango du agindu honen 16. artikuluaren i) irizpidea betetzen duen eskatzaileak. Eskatzaile batek ere ez badu baldintza hori betetzen, agindu honen 16. artikuluaren b) irizpidean lortutako puntuaziorik handienak erabakiko du berdinketa.
4.– Gehienez ere onartutako aurrekontuaren % 100 emango zaie horiei, gainfinantzaketarik sortu gabe, eta betiere agindu honen 5. artikuluan zehaztutako gehieneko muga errespetatuta. Proiektuek lortutako puntuazioak markatzen duen ordenari jarraikiz emango da laguntza, harik eta baliabide ekonomikoak agortu arte. Azkeneko lekuan dagoen proiektua diruz laguntzeko zenbatekoari dagokionez, zenbatekoa ez bada % 100era iristen, zenbateko txikiagoa emango da; betiere, balorazio-batzordeak uste badu hala eta guztiz ere bermez gauzatu ahal izango dela. Dena dela, kasu horretan, gutxitzeak ezingo du gainditu eskatutako dirulaguntzaren % 25.
16. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Dirulaguntza emateko eta zenbatekoa zehazteko, alderdi hauek baloratuko dira (guztira, 100 puntu izango dira):
a) Azterketaren xede den esparruaren orokortasun-maila (kultura-ondasun ugari biltzen dituen edo ez; hori ez da ulertuko kopuruari dagokionez, baizik eta koherentzia duen ondasun-multzo gisa, hala nola tipologia, kronologia, geografia-esparrua, etab.):
– 5 eta 10 puntu artean emango dira tipologia baten ondasun orokorrak direnean edo xede-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa denean, edota, lurralde historiko batean ondasun-multzo partzial bat izan arren, multzo esanguratsua denean.
– 1 eta 4 puntu artean emango dira elementuak modu isolatuan aztertzen direnean (ez du nahitaez banaka izan behar).
b) Baldintzengatik lehentasunezkotzat jo daitezkeen kultura-ondareak aztergai dituzten proiektuak, honako irizpide hauek tarteko: ondarea zer inguru geografikotan dagoen edo zer jakintza-arlotakoa den, nolako kontserbazio-egoeran dagoen, babes-mekanismoak ezartzeko zailtasun handia duen: gehienez, 15 puntu.
c) Beste iturri batzuen artean landa-lana baliatzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, egin beharreko landa-lanen bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:
– 10 eta 15 puntu artean, hainbat elementutan luze-zabaleko indusketa arkeologikoak edo zundaketa arkeologikoak egitea eskatzen duten lanetarako.
– 5 eta 9 puntu artean, elementu batean zundaketa puntualak egin behar badira edo hainbat elementutan administrazio-baimenik behar ez duten landa-lanak egin behar badira.
– 1 eta 4 puntu artean, administrazio-baimenik behar ez duen landako prospekzio edo esku-hartze puntualak egin behar badira.
Landa-lanak izango dira Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 64. artikuluan jasotakoak –ondare arkeologikorako–, bai eta azterlanaren xede diren kultura-ondasunei buruzko datuak «in situ» biltzea dakarten beste modalitate batzuk ere: elkarrizketak, inkestak, ondasunak berrikustea datuak biltzeko, higiezinen azterketa estratigrafikoa eta abar.
d) Ikerketa gauzatzeko, jatorrizko dokumentu-iturrietara sistematikoki jotzen duten proiektuak: gehienez ere, 15 puntu, kontsultatu beharreko dokumentazio-bolumenaren arabera. Puntu hauek emango dira:
– 10 eta 15 puntu artean, hainbat agiritegi kontsultatzea eskatzen duten proiektuetarako.
– 6 eta 9 puntu artean, agiritegi batera jotzen dutenentzat.
– 1 eta 5 puntu artean, bestelako iturri berrietara jotzen duten proiektuetarako.
e) Proiektuaren kalitatea eta interesa. Atal hau baloratzeko, kontuan hartuko dira, besteak beste, proiektuan zenbateraino zehazten diren garatuko diren jarduerak, nolako metodologia erabiliko den, aurrekontua arrazoizkoa den eta ikerketa berri den. Gehienez, 15 puntu.
f) Euskaraz egiten diren proiektuak, betiere onuradunak betebeharra hartzen badu ikerketaren azken emaitza euskaraz edo EAEko bi hizkuntza ofizialetan aurkezteko. 5 puntu.
g) Ikerketaren emaitzek kultura-ondarea babesteko duten aplikazio praktikoa: 1 eta 15 puntu artean.
h) Ondare higigarria edo ondare immateriala aztergai duten proiektuei 5 puntu emango zaizkie.
i) Ikerketa-proiektuaren zuzendaritza zientifikoa emakume batek egitea, edo planteatutako ikerketak genero-ikuspegia txertatzea. Bi egoera horietako edozein gertatzen bada, 5 puntu emango dira.
17. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta, espediente osoarekin batera, Kulturako sailburuordeari igorriko dio, ebazpena eman dezan.
2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:
a) Diruz lagundutako proiektuak eta adjudikatutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.
b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoiak azalduta.
c) Onartu ez diren proiektuak, horretarako arrazoiak azalduta.
d) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 8. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
e) Behin proiektua amaituta, emandako dirulaguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honetako 20.2 artikuluak dioenari jarraituz.
f) Diruz lagundutako jarduera gauzatuko dela bermatzeko bidezkotzat jotzen den beste edozein betebehar.
3.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekitzen bada, aipatu den epea etenda geratuko da, pertsona edo entitate interesdunari bidalitako jakinarazpena jasotzen denetik eta hark jakinarazpen horri erantzuten dion arte.
4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideak isiltasun administratiboaren bidez ukatu direla ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudiari jarraituz.
5.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
6.– Laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie ebazpena, eta, horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar oro jakitun izan dadin.
7.– Jakinarazitako ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea igarota berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gorako errekurtsoa aurkez dezakete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuari jarraikiz.
18. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan zehaztu eta arautzen diren dirulaguntzen onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote dirulaguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
3.– Edozer administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk xede berarako emandako dirulaguntzen, sarreren edo baliabideen berri ematea, lortutako laguntza horien ukoari edo onarpenari buruzko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza objektibo zein subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea. Batez ere, ahal den lasterren jakinarazi beharko dira diruz lagundutako jardueren exekuzioan atzerapenak eragin ditzaketen jazoerak edo zirkunstantziak –baldin eta proiektua exekutatzeko ezintasuna badakarte–.
5.– Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak egiten ari direla eskatzen duten informazioa ematea, jasotako dirulaguntzei dagokienez, eta, orobat, haiek dituzten ikuskatze-, segimendu-, egiaztapen- eta kontrol-ahalmen zein -funtzioei men egitea.
6.– Argitara daitezkeen testu edo dokumentuetan aipatzea –ikerketaren emaitzen ondoriozkoetan– Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren dirulaguntza jaso dela, eta sailaren logotipo ofiziala ere jasotzea. Proposatutako ikerketarako eman den dirulaguntzak etorkizunean master amaierako lana edo doktorego-tesia egiteko bide ematen badu, lan edo tesi horretan jaso beharko da Eusko Jaurlaritzak eman duen laguntza, eta ale bat igorri beharko zaio Kultura Ondarearen Zuzendaritzari.
7.– Dirulaguntza baliatzen duen bitartean, oinarri hauen ondoriozko arauak betetzea etenik gabe.
8.– Ikerlana amaitzea eta dirulaguntza justifikatzeko eskatutako dokumentazioa igortzea 21.3 artikuluan adierazitako gehieneko epean.
9.– Era berean, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duten jardueren kontrola eta jarraipena.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko arduraduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du.
Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.
20. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta ordaintzeko era.
1.– Agindu honen babespean eman beharreko dirulaguntzak zatika ordainduko dira, era honetan:
a) Lehen ordainketa, dirulaguntzaren guztizkoaren % 50ekoa, dirulaguntza eman ostean.
b) Gainerako % 50a dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutakoari jarraikiz ordainduko da, gastua justifikatu ondoren, dirulaguntzaren indarraldia amaitzean eta aurretik eskatutako dokumentazioa aurkeztuta.
2.– Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago erregistratuta Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan edo aldatu egin nahi baditu erregistro horretan dituen banku-datuak, bide hauek erabili ahal izango ditu: pertsona fisikoa bada, bide presentziala zein elektronikoa; pertsona juridikoa bada, bide elektronikoa baino ez. Formularioak eskuragarri egongo dira eta aurkeztu ahal izango dira 8. artikuluan adierazitako administrazio-bulegoetan eta egoitza elektronikoan, helbide honetan: www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/
21. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete justifikazioak:
– Justifikazioak era presentzialean aurkeztu ahal izango dira, honako toki hauetan: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoetan) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
– Halaber, justifikazioak bide elektronikoetatik aurkeztu ahal izango dira gobernuaren egoitza elektronikoan, Nire Karpeta atalaren bitartez espedientera sartuta: www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Pertsona juridikoek bide elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikora sartuta.
3.– Justifikazioak bide presentzialez nahiz elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 8. artikuluaren 5. apartatuan zehaztutako helbidean.
4.– Emandako dirulaguntza justifikatzeko, dirulaguntza arrazoitu duen jarduera jada burutu duela eta horrek eragin dituen gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Horretarako, gutxienez honako hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Egindako jarduera bete izanaren justifikazio-memoria, ahalik eta xehakatuena; eta, horrekin batera, eskaerarako azterlana bermatu duen pertsonak idatzitako txostena, egindako lanari oniritzia emateko eta egoki iritzitako beste ohar batzuk egiteko.
b) Diruz lagundutako ikerlanaren amaiera-dokumentuaren kopia bat; eta, horrekin batera, laburpen elebidun bat (euskaraz eta gaztelaniaz), gehienez ere 1.800 karakterekoa. Amaiera-dokumentuaren testua Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuaren estilo-arauei jarraikiz idatziko da. Justifikazioa era presentzialean egiten bada, formatu digitalean aurkeztuko da, euskarri fisiko batean grabatuta (CD/DVD, USB memoria, eta abar). Bide elektronikoa erabiltzen bada eta 30 MB baino handiagoa bada, helbide elektroniko bat adieraziko da memorian, hain zuzen ere organo kudeatzaileak lana jasotzen duten fitxategiak deskargatu ahal izan ditzan. Bide presentziala hautatzen dutenek ere erabil dezakete prozedura hori.
Nolanahi ere, aurkeztutako emaitzek hasiera batean eskaerarekin batera aurkeztutako memoriaren planteamenduekin bat etorri beharko dute.
c) Zinpeko deklarazioaren bidez, diruz lagundutako jardueraren gastuen eta sarreren behin betiko balantze orekatua –ahalik eta banakatuena–, egoitza elektronikoan eta agindu honen 8. artikuluaren 5. apartatuan adierazitako tokietan eskura daitekeen ereduaren arabera.
Ondoren pertsona edo erakunde onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain bestelako dirulaguntzarik edo kanpoko ekarpenik jasoko ez balu, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena bete beharko du –balantzearen formularioan jasoa–. Eskaera-izapidearen ostean lana egiteko beste dirulaguntza ezberdin bat edo bestelako sarreraren bat jaso badu, zehaztu egin beharko du, hauek adierazita dirulaguntza edo ekarpen bakoitzeko: kopurua eta hura eman duen pertsona edo erakundea, balantzeko sarreren atalean.
d) Egindako gastuen zerrenda sailkatua eta korrelatiboki zenbakitua, hartzekoduna eta egiaztagiria adierazita, baita alderdi hauek ere: zenbatekoa, jaulkipen-data, jarduerari egotzitako gastuaren zenbatekoa –zerga-oinarria eta BEZa banakatuta–. Balantzea izeneko inprimakian jasotako taularen bidez egin ahalko da, edo bereiz aurkeztu, kalkulu-orri batean, betiere datu-eredu berari jarraituta.
e) Gastuak egiaztatzea –horien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren zenbateko osoaren baliokide izan behar du– fakturen, faktura sinplifikatuen eta/edo langileen nominen kopia konpultsatuen edo jatorrizkoen bitartez edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio bera duen edota administrazio-eraginkortasuna duen beste edozein dokumentu gastuen zerrenda sailkatuan erantsiz. Zerrenda sailkatuan eman zaien zenbakia eraman beharko dute ziurtagiriek. Jatorrizko ziurtagiriak DIN-A4 neurria baino txikiagoak badira, jatorrizkoak orri bati itsatsi beharko zaizkio kopiatu baino lehen. Orri horiek ere zenbakituta egon beharko dute beheko eskuineko ertzean. Bulego hartzaileetan konpultsatu ostean, jatorrizkoak pertsona edo erakunde interesdunari itzuliko zaizkio.
5.– Justifikatzeko dokumentazioa aurkezteko azken eguna 2020ko urriaren 27a da, egun hori barnean dela.
6.– Betiere Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003 Legea) 30. artikuluan ezarritakoa beteko da.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.
1.– Helburua eta irizpideak.
Justifikatutako diru-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du emango eskubiderik hasieran onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa handitzeko.
2.– Prozedura.
a) Dirulaguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.
b) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak gerora aldatzen badira –eta dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada–, benetako kostuak aurrekontuan jasotakoak baino txikiagoak direnean, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egingo da. Horretarako, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena egingo du, bi hilabeteko epean, jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko epea amaitzen den egunetik hasita.
Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari diru-zenbatekorik itzuli behar bazaio, itzulketa egiteko bi hilabeteko epea emango da likidazio-ebazpenean, jakinarazpena egiten denetik hasita; betiere, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan ezarritako prozedura errespetatuta (dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak zehazten dira).
23. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legeari eta hura garatzekoei jarraikiz nahitaez bete behar den beste edozer betebehar.
2.– Artikulu honetako aurreko zenbakian zehaztutako kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala, arau horietan ezarritakoa bete ondoren eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluari jarraikiz.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Araudian ezarritakoarekin bat etorriz, agindu honetan ezarritako laguntzak «de minimis» arauen mendean daude (araudi hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «de minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezingo da izan 200.000 eurotik gorakoa, hiru ekitaldi fiskalen edozer alditan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.
Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
Xedea: Kultura-ondarea ikertzeko lanak egiteko dirulaguntzak kudeatzea.
Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, hala nola tratamendua mugatu zein aurkaratzeko. Ikus informazio gehigarria.
Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: https://www.euskadi.eus/dbao/1030004
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. artikulua), hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, lehenago aipatutako data beretik aurrera (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 11.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.