EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2019177

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei lotutako fundazio eta elkarteentzako 2019ko dirulaguntzetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2019-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201904243
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/07/09an argitaratutako 2015/06/30reko 201500119 DEKRETUA

Ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio zein elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen du.
Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntzei eta dirulaguntzei dagokienez: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua –EONALTB– (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Aipaturiko 119/2015 Dekretuaren 15. artikuluan adierazten denez, kultura arloko eskumena duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei deialdia egingo die dekretu horretan araututako dirulaguntzak eskatzeko. Deialdi horretan, eduki hauek zehaztu beharko dira:
119/2015 Dekretuaren erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.
– Dirulaguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.
– Eskaerak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zein dokumentazio aurkeztu behar duten ere.
– Deialdia ebazteko epea –deialdia indarrean sartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilekoa izango da– eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.
– Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
– Balorazio-batzordeko kideen izendapena.
– Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaion.
Aipatutako dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz, agindu honen bidez gorago aipatutako eduki horiek zehaztu dira, arau horretan xedatutako dirulaguntza-deialdia 2019ko ekitaldian ezartzeko.
Laguntzen hartzaile diren fundazio eta elkarteek baliabide elektronikoez baliatuta egingo dituzte egin beharreko eskaera, galde eta izapideak. Beraz, haiei egin beharreko komunikazio eta jakinarazpenak bide horretan egingo zaizkie, baita eskaeraren ondorengo gainerako izapideak ere.
Deialdi hau aurreikusita dago Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean argitaratutako aginduan dagoen 2018-2020ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan (http://www.euskadi.eus/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2019ko maiatzaren 31n onartutako Urteko Dirulaguntzen Planean.
Bada nahiko aurrekontu-kreditua deialdi honetan arautzen diren dirulaguntzetarako, abenduaren 22ko 5/2017 Legea kontuan hartuta, non Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen baitira, aurrekontuok 2019ra luzatuta.
Horri jarraikiz, honako hau,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako 2019ko dirulaguntzetara biltzeko dei egitea. Dirulaguntza horiek emateko modua 2015eko ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.) eta honen hutsen zuzenketak (2015eko irailaren 8ko EHAA, 170. zk.) arautzen dute.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
2019ko ekitaldian, agindu honen bidez egindako deialdiko dirulaguntzak finantzatzeko guztizko aurrekontu-zuzkidura berrehun eta laurogeita bi mila eta bostehun eurokoa da (282.500).
3. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen babesean ematen diren laguntzen eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.
2.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetara sartuta:
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082506 eta baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 2.1 artikuluan aurreikusitako edozein subjekturen aurrean ere.
3.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak betetzeari buruzko azalpen guztiak aurreko puntuan esandako euskadi.net domeinuko egoitza elektronikoan daude eskura.
4.– Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.
6.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskatzaileari buruzko dokumentazioa:
i) Eskaera sinatu duen pertsona fisiko edo juridikoak eskaeraren titularra legez ordezkatzeko ahala duela egiaztatzea.
ii) Eskaeraren titularrak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politikoren batekin lotura duela egiaztatzea.
iii) Eskaeraren titularrak, zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen formazio politikoa osatzen duen eta eskatzailearekin lotura duen alderdi politikoak Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo beraiek ezagutzeko era, egiaztatu beharko ditu. (hau, soilik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek egiaztatu beharko dute).
b) Aurkeztutako programari buruzko dokumentazioa:
i) 2019ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.
ii) 2019ko ekitaldian gauzatu beharreko programari buruzko oroitza.
iii) 2019ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren aurrekontua eta deskribapena, proposatutako ereduari jarraituz.
c) 2019ko ekitaldian gauzatu beharreko programaren gauzatze-egutegia.
d) Ordainketak egiteko, dirulaguntza eskatzen duen erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.
e) Nahi izanez gero, aurkeztutako programa hobeto ebaluatzeko eskatzaileak egoki irizten dien bestelako dokumentuak gehitu ahal izango dira.
7.– Aurkezten diren dokumentu elektronikoek ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak diren kasuetan, eta ereduaren formatuan aurkeztuko dira.
b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.
c) Dokumentazio elektronikoak gehienez ere 30 Mb izango ditu.
d) Bideoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.
8.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunek eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administraziok egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
9.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko ditu, automatikoki, behar hainbat aldiz, dirulaguntza eskatu duten pertsonek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.
10.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du beti ere errekurtsoa jartzeko bidea itxi gabe.
4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar orokor hauek:
1.– Erakundeak ez du jaso dirulaguntza eta laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapenik, ez zigor-arlokorik, ez administrazio-bidekorik, eta ez dauka legez debekatuta halakorik eskuratzea (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zigor eta debekuak ere kontuan hartuta).
2.– Erakundeak aurkezturiko gastu-aurrekontuan, hurrengo gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Higiezinetako obren gastua.
b) Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.
c) Amortizazio-gastuak.
d) Zerga-gastuak.
e) Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea dirulaguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.
3.– Batetik, erakundearen izenean aurkeztutako eskaerako datuak eta han erantsitako agirietakoak egiazkoak dira; bestetik, erakunde eskatzaileak indarrean den araudian dirulaguntza jasotzeko ezarritako betekizun guztiak betetzen ditu eta badauzka hori frogatzen duten agiriak. Azkenik, betekizun horiek dirulaguntzaren iraunaldi osoan betetzeko konpromisoa onartzen du.
5. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen ekainaren 30eko 119/2015 Dekretuak, 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, balorazio-batzordea osatuko duten kideak hauek izango dira:
a) Arturo Garcia Fiel, kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta balorazio-batzordeko presidentea izango da.
b) Itziar Lizeaga Romero, Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskumena duen zuzendaritzako teknikaria izango da, eta balorazio-batzordeko presidenteordea izango da; honek huts egingo balu, Silvia Martínez de Ubago Bermejo arituko da bere ordez.
c) Verónica Del Blanco Ruiz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko (HAEE) teknikaria izango da, eta balorazio-batzordeko idazkaria (bai hitz egiteko eta baita bozkatzeko eskubideak izango ditu) izango da; honek huts egingo balu, Anartz Izagirre Arretxe arituko da bere ordez.
d) Ane Crespo Calvo, hizkuntza-politikaren arloan diharduen teknikaria izango da; honek huts egingo balu, Elene Etxezarreta Etxeberria arituko da bere ordez.
6. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak esleitzeko prozedura Kulturako sailburuordeak ebatziko du, Balorazio-batzordeek egindako proposamena ikusi ondoren.
2.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie banan-banan interesdunei. Horretaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
3.– Ebazteko epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako. Horrek ez du Administrazioa salbuesten, ordea, ebazpen adierazia emateko duen obligaziotik.
4.– Nolanahi ere, onuradunei dirulaguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomiadunek ematen dituzten izaera bereko laguntza edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta beharko du. Orobat, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea borondatez ordaintzeko epea igarota.
7. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetzea presentzialean eta telematikoan.
Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan-kasuan, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Interesdunari abisatu ahal zaio edozein euskarri elektroniko erabilita jakinarazpena duela helbide elektronikoan. Abisu hori aukerakoa da, eta balio informatiboa baino ez du, eta abisurik ez badago horrek ez du eraginik jakinarazpen zuzentasunean.
Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da, eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.
8. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Dirulaguntza honen onuradunek, diruz lagundutako programako jarduerak bukatzen diren egunetik hasi eta bi hileko epean gehienez ere, eta nahitaez 2019ko abenduaren 31 baino lehen, programei buruzko ondorengo dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, dirulaguntza justifikatzeko:
a) Diruz lagundutako programari buruzko justifikazio laburpena, proposatutako ereduari jarraituz.
b) Diruz lagundutako programaren memoria.
c) Dirulaguntza jaso duen programaren egikaritzapenaren behin betiko aurrekontua (gastuak eta sarrerak); kopuruak ahalik eta xehatuen eman behar dira.
d) Dirulaguntza jaso duen programa egikaritzeko egindako gastu guztien zerrenda, proposatutako ereduari jarraituz.
e) Diruz lagundutako programa egitearen ondorioz sorturiko gastuen frogagiriak, kasu bakoitzeko hirugarren interesdunaren aldeko ordainketaren librantza egin izana egiaztatzen duen dokumentazioarekin batera.
f) Diruz lagundutako programan edo jardueran oinarrituta sorturiko material bakoitzaren hizkuntza-bertsioen aleak.
2.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, «Nire karpeta» atalean (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta)
Justifikazioak tramitatzeari buruzko zehaztapen eta eredu guztiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskura, ondorengo helbide honetan: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0082506
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio Klausula.
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.
Helburua: 2019. urtean Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/0082506
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak ere aztertu eta egiaztatu ahalko ditu emandako datuak, laguntzak zuzen esleitzeko.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak gehitu ahal izango dira, Kultura sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hileko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.