EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019176

EBAZPENA, 2019ko irailaren 10ekoa, HABEko zuzendariarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2019-2020 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egiten duena, eta horiek emateko baldintzak eta prozedura arautzen dituena.

Xedapenaren data: 2019-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201904225
Maila: Ebazpena
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, Helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk dirulaguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan egiten duten lanagatik. Horretarako, HABEren zuzendari nagusiak dirulaguntzen deialdia egingo du ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran.
Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, 2018-2020 epealdiko Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzak» kodea duen ekintza-atalean. Plan hori garatzeko, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, 2019ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez, 2019ko Dirulaguntzen Plan Orokorra onartu zuen, eta deialdi honetan aurreikusitakoak jasotzen dira bertan.
Beraz, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2019-2020 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egin behar da, bai eta ikasturte horretan aplikatu beharreko finantzaketa-moduluak ezarri eta dirulaguntza horiek emateko baldintzak eta prozedura arautu ere.
Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, zuzendaritza nagusi honi aitortzen dizkion eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Dirulaguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta lege hori garatzen duen Erregelamenduak, uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak, ezartzen dutenaren arabera, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako 2019-2020 ikasturteko dirulaguntzen deialdia egitea, ebazpen honen I, II eta III. eranskinetan aurreikusitako oinarrietan ezarritako baldintza, prozedura eta formularioen arabera.
Bigarrena.– Jakinaraztea ezen, ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioketela Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Donostia, 2019ko irailaren 10a.
HABEko zuzendaria,
JOKIN AZKUE ARRASTOA.
I. ERANSKINA
1. oinarria.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Oinarri hauen helburua da 2019-2020 ikasturteko (2019ko urria eta 2020ko iraila bitarteko) euskara-ikastaroengatik euskaltegi pribatuei eta autoikaskuntzarako zentro homologatuei zuzendutako dirulaguntzen baldintzak arautzea.
2.– Horrelako laguntzetan emango diren diru-kopuruak HABEren aurrekontuetan horretarako dauden partiden konturakoak izango dira: 20.760.000 euro, beraz. Era honetan banatzen da kopuru hori:
a) 18.500.000 euro, 6.1 oinarrian zehaztu euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jarduera babesteko.
b.1.– 410.000 euro, 6.2 oinarrian zehaztu autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.
b.2.– 1.100.000 euro, 6.3 oinarrian zehaztu euskaltegien bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.
c) 750.000 euro, 6.4 oinarrian zehaztu barnetegietako jarduera babesteko.
3.– Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez balego. Horrelakoetan a) eta c) azpi-atalek lehentasuna izango dute b.1) eta b.2) azpi-atalekiko.
Hala ere, diru-kopuru horiek eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoak ez balira, hainbanatu egingo da dirulaguntza onuradunen artean irizpide hauen arabera: lehenengo eta behin, faltako litzatekeen zuzkidura ekonomikoaren lehenengo 200.000 euroko kopurua 6. oinarriaren 1.1.b) atalean, euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jardueraren ratioaren gehigarria aplikatzeko aurreikusten den gehiengo diru-kopuruari aplikatuko zaio; ondoren, hainbanaketa egingo da, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuz, a) eta c) azpi-atalak salbu, hauek batera eta maila berean hainbanatuko baitira. Hau guztia, nahiz eta a) edo c) azpi-ataletan bere baitako beharrei aurre egiteko behar beste baliabide izan.
4.– Oinarri hauetan jasotako irizpideen arabera onargarria den dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, oinarri honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste dirulaguntzetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa horiek eskarien gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko dira. Adierazitako aldaketen berri HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
2. oinarria.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke euskaltegi pribatuak eta autoikaskuntzarako zentro homologatuak, betiere ondoren zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.
2.– Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:
2.1.– Baldintza orokorrak.
a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea edo, dagokionean, deialdi honetako 3.4.c) oinarrian ezarritakoaren arabera eguneratzea.
b) DLOren 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako egoeretan ez egotea, eta batez ere zerga guztiak ordainduta edukitzea eta egunean Gizarte Segurantzarekiko ordainketak. Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, dirulaguntza eskatu duten entitateek bi betebehar horiek egunean dituztela. Hala ere, eskaria egiten duenak baimena emango ez balu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiei dagozkien egiaztagiriak.
c) Dirulaguntza-eskaria zuzen osatzea, deialdiaren III. eranskinean jasotako ereduaren arabera eta, eskariarekin batera 3. oinarrian eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.
d) Finantzaketa publikoa (Europako edo Estatuko Erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundi edo Udaletatik edo Administrazio Publikoaren baitako beste Erakunde Autonomoetatik edo zuzenbide pribatuaren menpeko erakunde publikoetatik datorrena), gehienez, diruz lagundutako jardunaren aurrekontu osoaren % 70 izango da.
e) Dirulaguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
f) Betiere, onuradunen aldeko dirulaguntza-aitorpena baldintzatuta egongo da dirulaguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaituta egotera, eta hala dagokionean, dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatera Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin.
2.2.– Baldintza akademikoak.
a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) unez une aplikatzea (EHAA 144 zk., uztailaren 31koa).
b) Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak (EHAA, 232. zk., abenduaren 7koa), Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez aldatutakoak, ezartzen dituen prozedurak aplikatzea, eta aipatu lehenengo aginduaren 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak unez une aplikatzea.
c) Material didaktikoari dagokionez, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa betetzea (EHAA 149 zk., uztailaren 31koa).
d) Irakaskuntzan erabiliko dituzten lokalek bete beharko dituzte aipatu 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak.
e) Helduentzako euskalduntze-ikastaroak ematen dituzten irakasleek 179/2003 Dekretuak, 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute; eta maila horretako ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.
f) Ikasleei matrikula-saria kobratu beharko diete. Ikasleek kopuru horren herena, gutxienez, ikastaroa hasi baino lehen edo, beranduen, hasi eta lehenengo hamar eskola-egunetan ordainduta eduki beharko dute. Honetatik at geratzen dira matrikula erakunde batek ordaintzen dien ikasleak.
g) Euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek jasota eta egunean edukiko dituzte matrikulei dagozkien ordainketen banku-agiriak, ikasleek matrikulak garaiz ordaindu dituztela frogatzeko. Dirulaguntzen ondorioetarako, matrikula banku bidez ordaindu duten ikasleak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ordainagirian ordainketa nori dagokion ere nabarmen azaldu beharko da.
h) Helduen euskalduntzean egiten duten jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.
i) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, deialdi honen II. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.
j) Aurrez aurreko eta jardun biko ikastereduetan, euskaltegiek ikastaro bakoitzaren hasieran gutxieneko ikasle-kopuru hauek bete beharko dituzte dirulaguntzetan onartuak izateko, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:
Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.
k) HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasieran ebazpenez emango dituen jarraibideak bete beharko dituzte, jakinaraziko diren euskarriak erabiliz eta bertan adieraziko diren epeetan. Halaber, diruz lagungarria den jardueraren berri emateko, euskaltegiek edo autoikaskuntzarako zentroek HABEra luzatuko dituzten agirien bitartez, hauen berri eman beharko dute:
– Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.
– Euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.
– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztiak, hauen jarduera eta titulazioarekin batera.
– Ikasle guztiak, eta hauetako bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak. Halaber, ikasle bakoitzaren matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamenduaren berri. Barnetegien kasuan, ikaslea zein pentsio-motatan dagoen ere adieraziko da.
– Ikastalde bakoitzaren berri, bere ezaugarriak adieraziz (maila, ordutegia, egutegia, eta abar).
3. oinarria.– Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Interesatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek, izaera juridikokoak izanik, dirulaguntza eskariak eta ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan www.euskadi.eus/zerbitzuak/1045505 helbidean eskuragarri egongo den formularioaren bitartez. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da.
2.– Dirulaguntza aitortu ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta.
3.– Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2019ko azaroaren 7ra bitartekoa izango da.
4.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.
Hauek dira eskariekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:
a) Jardueraren aurreikuspena: 2019-2020 ikasturterako talde-orduen, autoikaskuntzako matrikulen eta barnetegi-egunen aurreikuspena, deialdi honen 6. oinarrian zehaztutako irizpideen arabera osatutakoa. Beraz, bere ekimenezko jardueran urrian hasitako ikastaldeen orduen, autoikaskuntzako matrikulen zein barnetegi-egunen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera hiru atal horietan onartutakoen batuketekin bat etorri beharko dute eskariko talde-orduen, autoikaskuntzako matrikulen edo barnetegi-egunen kopuruek.
b) 2019-2020 ikasturterako Plana.
c) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak HABEren euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan datu guztiak eguneratuak ez balitu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.
d) Erantzukizunpeko adierazpenak. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) eta DLOk ezartzen dutenaren arabera, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:
d.1.– Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak ez dagoela azaroaren 17ko DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan, ez duela zigorrik, ezta ere administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
d.2.– Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik helburu berbera izan eta jaso ditzakeen laguntzak bateragarriak direla.
d.3.– Euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentro homologatua ez dela parte dirulaguntzen itzulketagatik hasitako prozeduretan, ezta ere artean izapidetzen ari direnetan, eta horrelakoren batean parte hartu izan badu, prozedura horiek amaituta daudela, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta daudela.
e) Zerga-obligazioen eta gizarte-segurantzarekiko obligazioak egunean dituela zuritzeko dokumentuak, baldin eta eskatzaileak ukatu badio HABEri baimena egiaztapen horiek zuzenean lortzeko.
4. oinarria.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.
Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, dagokion ebazpenaren bitartez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.
5. oinarria.– Dirulaguntzen organo kudeatzailea.
HABEren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.
6. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jarduera.
Euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jarduerari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa ordu-kopuru onargarriaren arabera kalkulatuko da, ordu horiei oinarri honetan zehaztutako moduluak aplikatuz.
Euskaltegi bakoitzari dirulaguntzetarako onartuko zaizkion aurrez aurreko talde-orduak 2018-2019 ikasturtean euskaltegi bakoitzak eman eta ikasturtearen bukaeran dirulaguntzaren kitapenean HABEk onartutzat aitortu zizkion talde-orduak izango dira, ikasturte honetarako aurreikusitakoekiko % 7koa baino alde handiagorik ez badago. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, euskaltegiari onartuko zaion aurreikuspenaren gehiengoa izango da urrian hasitako ikastaldeen orduen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduen batuketa. Hala ere, deialdi honetako 1. oinarrian finkatu zuzkidura ekonomikoa nahikoa izan ez eta oinarri berean aurreikusitako hainbanaketa egin beharra balego, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera ondoren zehazten diren gutxieneko batez besteko ikasle-kopuru hauek ikasturtearen hasieran, urriaren azken lan-egunean, betetzen ez dituzten euskaltegiei doitu egingo zaie ordu onargarrien kopurua hainbanaketa egin aurretik, euskaltegian lortutako batez bestekoak euskaltegiari aplikatu behar zaion batez bestekoa betetzen duen proportzio berean:
% 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, ordu onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako proportzioa aplikatuz egokitu ere.
2018-2019 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegien kasuan, euskaltegiak 2019-2020 ikasturterako aurreikusitako ordu-kopurua onartuko da, betiere aurreikuspen horrek ez badu urrian hasitako taldeen orduek eta horiei erantsitako % 20ko gehikuntzak osatzen duten ordu-kopurua gainditzen.
1.1.– Euskaltegien aurrez aurreko ikastaldeen dirulaguntzak bi zati izango ditu: oinarrizko modulua eta ratioarengatiko gehigarria.
a) Oinarrizko modulua: euskaltegiaren eskarian onartzen diren talde-ordu bakoitzeko oinarrizko modulua 43,10 eurokoa izango da. Modulu hau aplikatuko zaie jardun biko talde onargarrietako tutoretza-saioei ere.
b) HABEren dirulaguntzapeko taldeetan, euskaltegiaren beraren ekimenezkoetan, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren tamainaren arabera artikulu honetan zehaztu gutxienekoak aintzat hartu eta dagokion batez bestekotik gorakoa bada, talde-orduak aldearen puntu bakoitzeko 1,92 euroko gehigarria izango du eta kontzeptu honetarako guztira 400.000 euroko kopurua izango da. Ratio hau urriaren azken lanegunean neurtuko da.
1.2.– Uda-barnetegien kasuan, egun osoko pentsioagatik (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria), eguneko eta ikasleko 20,78 euroko laguntza izango dute.
2.– Autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera.
Autoikaskuntzarako zentroen beren ekimenezko jarduerari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa matrikula onargarriaren arabera kalkulatuko da, matrikula horiei artikulu honetan zehaztutako moduluak aplikatuz.
a) Eskariko matrikulak, hau da, urrian hasitako ikasleak eta dagokion proiekzioa –aurreko ikasturteko azarotik aurrerakoak gehi udakoak– aurreko ikasturtean ikasleek burututako matrikula onargarrien proportzio berean doituko dira, betiere aipatu proportzioak gutxienez % 40ren bermea eta gehienez % 80ren muga izango dituelarik. Matrikula onargarriak deialdi honen II. eranskineko 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, autoikaskuntzarako zentroari onartuko zaion aurreikuspenaren gehiengoa urrian hasitako autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako autoikaskuntzako matrikulen batuketa izango da.
b) Doitutako kopuru hori oinarri bezala kontuan hartuta, laguntzarako matrikulak 2018-2019 ikasturtean bakoitzak eman eta HABEk onartutako berak izango dira, % 7koa baino alde handiagorik ez badago.
c) % 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, doitutako matrikula onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako nahiz beherako proportzioa aplikatuz egokitu ere.
d) 2018-2019 ikasturtean diruz lagundu gabeko autoikaskuntzarako zentroen kasuan, autoikaskuntzarako zentroak 2019-2020 ikasturterako aurreikusitako matrikulak onartuko dira, betiere aurreikuspen horrek ez badu urrian hasitako matrikulek eta horiei erantsitako % 20ko gehikuntzak osatzen duten matrikula-kopurua gainditzen.
Autoikaskuntza bidez ikasten duten ikasleen jarduera, deialdi-ebazpenaren II. eranskinaren 3.1.1.a) puntuan zehaztutako 190 eskola-orduko modulu estandarra osatu duen ikasleko 920,85 eurotan babestuko da. Aipatu deialdi honen II. eranskinaren 3.1.1 eta 3.1.2 puntuetan zehazten diren beste moduluak proportzionalki egokitu egingo dira, ikastaro-modulu onargarria izanik ere, jarduera osoa burutzen ez duen ikasleko.
3.– Euskaltegien bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera.
Euskaltegien beren ekimenezko autoikaskuntzako jarduerari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa matrikula onargarriaren arabera kalkulatuko da, matrikula horiei oinarri honetan zehaztutako moduluak aplikatuz.
a) Eskariko matrikulak, hau da, urrian hasitako ikasleak eta dagokion proiekzioa –aurreko ikasturtean azarotik aurrerakoak gehi udakoak- aurreko ikasturtean ikasleek burututako matrikula onargarrien proportzio berean doituko dira, betiere aipatu proportzioak gehienez ere % 80ren muga izango duelarik. Matrikula onargarriak deialdi-ebazpenaren II. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko dira. Dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, euskaltegiari onartuko zaion aurreikuspenaren gehiengoa urrian hasitako autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako autoikaskuntzako matrikulen batuketa izango da.
b) Doitutako kopuru hori oinarri bezala kontuan hartuta, laguntzarako autoikaskuntza-matrikulak 2018-2019 ikasturtean bakoitzak eman eta HABEk onartutako berak izango dira, % 7koa baino alde handiagorik ez badago.
c) % 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, doitutako autoikaskuntza-matrikula onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako nahiz beherako proportzioa aplikatuz egokitu ere.
d) 2018-2019 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegien kasuan, euskaltegiak 2019-2020 ikasturterako aurreikusitako autoikaskuntza-matrikulak onartuko dira, betiere aurreikuspen horrek ez badu urrian hasitako matrikulek eta horiei erantsitako % 20ko gehikuntzak osatzen duten matrikula-kopurua gainditzen.
Autoikaskuntza bidez ikasten duten ikasleen jarduera, deialdi-ebazpenaren II. eranskinaren 3.1.1.a) puntuan zehaztutako 190 eskola-orduko modulu estandarra osatu duen ikasleko 920,85 eurotan babestuko da. Aipatu deialdi-ebazpenaren II. eranskinaren 3.1.1 eta 3.1.2 puntuetan zehazten diren beste moduluak proportzionalki egokitu egingo dira, ikastaro-modulu onargarria izanik ere, jarduera osoa burutzen ez duen ikasleko.
4.– Barnetegi iraunkorretako ikastaroen kasuan, eskolarako modulu horrez gain, eguneko 6,89 euroko modulua aplikatuko da pentsio erdia bada (bazkaria) eta eguneko 21,98 euro pentsio osoa denean (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria). Pentsio osoko ikasleen kasuan, ikastaroak dirauen bitartean eta euskaltegiak bideratuta, familia euskaldun batean bizi diren ikasleen kasuan, ikasle eta eguneko 6,13 euroko gehigarria jasoko du euskaltegiak. Halaber, urte osoan zehar barnetegia zabalik izateak dakartzan gastu orokorretarako, pentsioetarako modulu horiez gain, aurreko ikasturteko dirulaguntzaren kitapenean lerro honetan onartutako % 5 gehituko da.
7. oinarria.– Dirulaguntzarako Ebazpena.
1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez erabakiko dira onuradun bakoitzari, ikasturte osorako eskariaren eta 6. oinarrian ezarritako irizpideen arabera, onartzen zaizkion talde-orduak, autoikaskuntzarako matrikulak, barnetegi egunak eta, ondorioz, bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta 12. oinarriak dioenaren arabera.
2.– Ebazpena 2019ko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.
3.– Izapide elektronikoa izanik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, aipatu ebazpen horren jakinarazpena egindakotzat joko da euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Nolanahi ere, aplikagarria den araudian aurreikusita dagoen baliabide edota posta elektronikoaren bidezko abisua aplikatuko da.
Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.
4.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako dirulaguntzak eta horien onuradunak, baita martxoaren 8ko 130/2019 Errege Dekretuak berariaz aurreikusitako bitartekoetan ere.
8. oinarria.– Beste dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honen kontura ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.
2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, edota finantzaketa publikoetan aurreikusitako mugak gaindituko balira, murriztu egingo da dirulaguntza, dagokion neurrira doitu arte.
3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.
9. oinarria.– Dirulaguntzak ikuskatzea eta jarraitzea.
HABEren Ikuskatzailetza ataleko langile baimenduek noiznahi ikuska ditzakete euskaltegiak eta autoikaskuntzarako zentroak berauek emandako datuak egiaztatzeko, eta bertako arduradunari eska diezazkiokete eskolak emateko erabiltzen dituen lokalei buruzko berriak, eta bai ikasle, ikastalde, irakasle, beste langile eta erabiltzen duten material didaktikoari buruzkoak ere.
HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikusketetan jasotako informazioa euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEren zuzendari nagusiari helaraziko dio horren berri, besterik ezean, aitortutako dirulaguntzei dagozkien ondorioak erabaki ditzan.
Ikusketan bertan jasotako informazioa, edo ikuskatzaileak gehienez ere 15 eguneko epean euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak emateko eskatutakoa, ikusketa-aktan jaso beharko du ikuskatzaileak, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunak eta ikuskatzaileak sinatuta.
Ikusketa baten ondorioz ez-betetze bat ohartuko balitz, HABEren zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren arduradunari ikuskatutako egoera jakinarazi beharko dio, honek 15 eguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.
10. oinarria.– Dirulaguntzen ordainketa.
1.– Dirulaguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:
a) Dirulaguntzen Ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 25,77 ordainduko da.
b) 2020ko martxotik aurrera, 2019ko urritik aurrerako gastuen bitartez lehen ordainketan jasotako dirulaguntza osoa egoki zuritu ondoren, dirulaguntzaren Ebazpenean ezarritako zenbatekoaren % 64,23 ordainduko da.
c) Ebazpenean erabakitako gainerako dirulaguntza, bakoitzari dagokiona eta, hala behar denetan, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen-ebazpenaren araberakoa, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu eta agiriak bidali ondoren, ordainduko da.
2.– Dirulaguntzaren ordainketa baldintzatuta egongo da, beti ere, Euskal autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitzera.
11.– Oinarria.– Zuriketa.
1.– HABEren dirulaguntza behar bezala zuritua dagoela ulertuko da, DLOren 30. eta 31. artikuluen arabera, jarraian adierazten diren kontzeptuengatik bidalitako zuri-agiri guztien batuketa, gutxienez, emandako dirulaguntza adinakoa bada.
HABEren dirulaguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira eta bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dira. Dena den, HABEk beharrezkotzat joko balu, laginketa tekniken bidez, badu eskatzerik gastu hauen agirien originalak edo kopia konpultsatuak:
a) Langileen soldatak eta Gizarte Segurantzako gastuak. Gastu hauen zuriketari dagokionez, euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota dauden langileak soilik hartuko dira kontuan. Langileen gastuak, euren ordainketarako banku bidezko zerrendak (edo nominak), eta Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak aurkeztuz zurituko dira. Banka elektronikoaren bidez eginiko eragiketen agiriek dagozkien aztarna elektronikoen kodeak eduki behar dituzte eta bankuaren ordainagiriek, zigilua edo baliozkotze mekanikoa. Langileen gastuen bitartez deialdi honetako 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan zehaztutako jarduerak babesteko emandako dirulaguntzaren % 75 gutxienez zuritu beharko da.
b) Lokalen alokairuak: soilik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZ, Ogasunerako atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.
c) Mantenu-gastuak: barnetegiko pentsiotarako dirulaguntza onartua duten euskaltegiek, eta horretarako esleitutako kopurua, gehienez.
d) Garbiketa-gastuak: azpikontratatuta daudenean.
e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).
f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu. Horretarako onuradun bakoitzak deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzaren % 3 gutxienez jarraian zerrendatzen diren hobekuntza-prozesuetan erabili izana ziurtatu beharko du: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan. Dena den, euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroren batek ikusten badu, behin-behineko egoera medio, hobetzeko jardueretako agiriekin ez duela portzentaje hori zuritzerik izango, memoria arrazoitua helaraziko dio HABEren zuzendari nagusiari 2020ko urriaren 14ko epe-mugarekin.
2.– Bestalde, deialdi honen 2. oinarriko 2.1.d) puntuan zehaztutako baldintza betetzeari begira, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak helduen euskalduntze-alorreko zereginetan ikasturtean izan dituen sarrera eta gastu guztien balantzea azaldu beharko dio HABEri izapide elektronikoan dagoen formularioari jarraikiz.
3.– Halaber, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak 2019-2020 ikasturteko Memoria aurkeztu beharko du.
4.– Agiri horiek aurkezteko epeak honako hauek izango dira:
a) 2020ko otsailaren 14a, ikasturteko lehen ordainketan jasotako dirulaguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak aurkezteko.
b) 2020ko urriaren 14a, gainerako dirulaguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak eta oinarri honetako 2. eta 3. puntuetan eskatutakoa aurkezteko.
5.– Zuriketaren edozein fasetan egindako ez-betetzeak dirulaguntzarako eskubidea galtzea eta jasotako zenbatekoa itzultzea ekarriko du, ez-betetzeak dituen gainontzeko lege-ondorioez gain.
12. oinarria.– Dirulaguntzaren kitapena.
Ikasturtea bukatu ondoren, dirulaguntzaren kitapena honela egingo da:
1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak (emandako eskolak eta barnetegi-egunak) eta gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, dirulaguntzaren kopurua erabakitzeko baliatu den edozein baldintzak behera egin duela ikusten bada, dirulaguntzak emateko erabakia aldatu egingo da, HABEren zuzendari nagusiaren kitapen-ebazpenaren bitartez laguntza-kopuruak doituz. Aipatutako doikuntza era honetan egingo da:
1.1.– Emandako talde- eta ikasle-orduak eta barnetegi-egunak esleitutakoak baino gutxiago izan badira, horiek hartuko dira aintzat (bere ekimenezko jarduerari dagokionez, deialdi honen 6.1, 6.2 eta 6.3 oinarrietan finkatu irizpideak aplikatuta).
1.2.– Dirulaguntzaren Ebazpenean esleitutako talde-ratioak behera egin badu ikasturtean zeharreko batez bestekoan, azken hau hartuko da aintzat, taldeak berregitearen ondorioz jaitsi bada ratioa.
1.3.– Euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro bakoitzari esleitutako diru-kopurua deialdi honetako 11. oinarrian zehaztutako kontzeptuen bitartez, eta oinarri horretan ezarritako proportzio-mugak errespetatuz, zuritzen ez bada edota 2.2.1.d) oinarrian zehaztutako % 70eko muga gainditzen bada, doitu egingo da, era berean, esleitutako dirulaguntza.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen dirulaguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira, eta gauzatuko den aldaketak dirulaguntza jasotzeko funtsezkoak izan diren aspektuei eragiten ez badie edo dirulaguntza jasotzeko erabakigarria izan diren aspektuei ezta ere.
13. oinarria.– Onuradunaren betebeharrak.
Deialdi honetan araututako dirulaguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan eta DLOren 14. artikuluan araututako betebeharreko hauek izango dituzte:
1.– Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
2.– Dirulaguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.
3.– Oinarri hauetan eta deialdiaren beste eranskinetan ezarritakoak, ondoren zehazten diren xedapenetan oinarrituz: uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen dituenak (EHAA 149 zk., uztailaren 31koa); Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez (EHAA 144. zk., uztailaren 31koa) ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera aritzea diruz lagundutako jardueretan, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak (EHAA 232 zk., abenduaren 7koa), Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 7ko Aginduaren bidez aldatutakoak, ezartzen dituzten HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak eta aipatu lehenengo Aginduaren 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak ere.
4.– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako dirulaguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta DLOren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
5.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako dirulaguntzaren izaera publikoari, DLOren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.
14. oinarria.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.
Edozein kasutan, deialdi honetako onuraduna lotuta dago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.
Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere berandutze interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.
15. oinarria.– Datuen tratamendua.
Dirulaguntza deialdi honetan adierazitako datu pertsonalak eta egiaztatze-prozeduran sortzen direnak, abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen 2016/679 (UE) Erregelamenduak araututakoari jarraikiz, «Euskaltegien eta Autoikaskuntzarako Zentro Homologatuen Erregistroaren Kudeaketa» eta «Ikaslegoaren kudeaketa» izeneko tratamenduetan tratatuko dira, ondoren zehazten diren helburuetarako:
– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen dirulaguntzen kudeaketa.
– HABEri atxikita dagoen Euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen Erregistroa kudeaketa.
– Udal euskaltegietako ikasleen kudeaketa: ikas-prozesua, euskara-mailaren egiaztapena eta dirulaguntzaren proposamena.
HABEren zuzendari nagusia izango da tratamenduaren administrazio-organo arduraduna.
Tratamendua beharrezkoa da legez ezarritako betebeharrak gauzatzeko eta interes publikokoa den jarduera sustatzeko.
Interesdunak bere datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea izango du, baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Halaber, bere datuen tratamenduari buruzko informazio osagarria eskura dezake helbide honetan: http://www.habe.euskadi.eus/datu-pertsonalen-babesa-haben/s23-edukiak/eu/
16. oinarria.– Aplikagarriak diren arauak.
Ebazpen honetan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta DLOn jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.
II. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren dirulaguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2019-2020 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:
1.– Ikasturtea:
Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2019ko urriaren 1ean hasi eta 2020ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:
– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira. Ikastaro hauen iraileko orduak dirulaguntzetan onartuak izateko baldintza hauek bete beharko dira:
a) Taldeek dirulaguntzen deialdi honen I. eranskineko 2. oinarriko 2.2.j) puntuan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute.
b) Taldeei matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoan aipatutako gutxieneko ikasle-kopurua betetzen denean hasierako itxiera eman beharko zaie.
c) Diruz lagunduko diren orduak gutxieneko ikasle-kopurua bete eta hasierako itxiera ematen den egunetik ikastaroaren azken egunera artekoak izango dira.
– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.
Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.
2.– Aurrez aurreko ikastereduan:
Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:
2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak:
a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.
2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak:
a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.
b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.
c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko udako ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean eta aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena behar ez dutenak:
c.1.– Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.2.– Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.
c.1) eta c.2) azpiatal hauetako udako ikastaro bereziek, HABEren dirulaguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleek ondoko baldintzak bete behar dituzte:
– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikasleak izan.
– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo egiaztatze-probak gainditu ez dituzten ikasleak izan.
2.3.– Maila burutzeko ikastaroak:
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:
a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.
b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.
Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.
3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan:
HABErentzat onargarria izan dadin, tutorizatutako autoikaskuntza bidezko ikaskuntzak honako baldintzak bete behar ditu:
3.1.– Ikastaro-moduluei dagokienez:
3.1.1.– Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek antolatu ditzaketenak:
a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
b) 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 4 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
c) 70 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, ekainetik irailera bitarteko udako autoikaskuntza-ikastaroetan, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
3.1.2.– Ikastaro-modulu horiez gain, autoikaskuntzarako zentroek honakoak ere antolatu ahal izango dituzte HABEren dirulaguntzen barruan:
a) Ikasturtearen barruan: 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 12 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
b) Bi ikasturteetan luzatzen diren ikastaroak:
b.1.– Enpresetako ikasleentzat, 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, urtarriletik irailera bitartean, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
b.2.– Enpresetako ikasleentzat, 30 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, urritik abendura bitartean, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.
Tutorizatutako autoikaskuntza eskaintzen duten euskaltegiek ere 3.1.2 azpiatal honetako ikastaro moduluak antolatu ahal izango dituzte, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, LanHitz edo enpresen plangintza batean sortuak eta txertatuak badaude, eta dirulaguntzen barruan onartuak izateko, ikastaroak hasi baino lehen eskaera arrazoitua aurkeztu beharko diote HABEren zuzendari nagusiari. Eskaerarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du honelako ikastarorik diruz lagundua izan nahi duen euskaltegiak.
3.2.– Bestelako baldintzak:
Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da dirulaguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehienezko orduak eman eta hartutako mintza-saio eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.
Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa.
Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.
Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, dirulaguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.
Euskaltegi publikoen kasuan, berriz, irakasle batek une berean hasieratik amaierara auto-ikaskuntzako 42 ikasleren tutoretza (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak) oinarritzat hartuko da, horren arabera neurtuz bakoitzaren dedikazioa. Era berean, ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.
IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».
4.– Jardun biko ikastereduan:
HABEren dirulaguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:
a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.
b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.
c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.
5.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak:
5.1.– AISA, Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.
5.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.
Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.
5.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
5.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.
6.– Malgutasuna:
Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean, ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. HABEren zuzendari nagusiak helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa bada, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.