EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019176

AGINDUA, 2019ko irailaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita ikastetxe itunduetako lanbide-heziketako irakasleak, 2019ko ekitaldian, enpresekiko lankidetzan, zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzea sustatzeko dirulaguntzetarako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201904224
Maila: Agindua
Zientziaren eta teknologiaren aurrerapenek gaitasun handiko irakasle berriak arintasunez garatzea eskatzen dute, hau da, ekoizpen-inguruneetako beharrei erantzungo dieten irakasleak garatzea. Oso espezializatuak dauden eta eskakizun teknologikoen etengabeko bilakaeratik eratorritako aldaketa azkarretara egokitzeko prestatuta dauden profesionalen beharrei erantzuna emateko, Euskadiko Lanbide Heziketako irakasleek etengabe eguneratu behar dituzte beren konpetentzia zientifiko eta teknologikoak, eta, horrez gain, daukaten ezagutza ikaskuntza-metodologia berrien bidez ikasleei transmititzeko gaitasuna hobetu behar dute etengabe.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak 3.2.g) artikuluan ezartzen dituen lanbide-heziketako euskal sistemaren lehentasunezko helburuen artean, irakasleei oinarrizko konpetentziak eta konpetentzia espezifikoak eta bestelako tresna profesionalak ematea dago, gizartearen edo sektoreen beharrizan berrien araberako prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.
Era berean, aipatutako 4/2018 Legearen 7.3 artikuluak ezartzen du berrikuntza aplikaturako ikaskuntzak ingurune estrategiko espezializatuak sortzea bultzatuko duela, ingurune horiek lagundu egingo baitute lanbide-heziketako ikastetxeak eta enpresak bat etorri, eta lankidetzan jardutea hainbat produkzio-sektoretan, batez ere ETE enpresa txiki eta ertainen eremuan.
Gainera, 7. artikulu horren 6. apartatuan adierazten da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak berrikuntza aplikaturako ikaskuntzaren eremua bultzatuko duela, bai lanbide-heziketa ikasten diharduten gazteen artean bai ikasketa horiek egiten dituzten biztanle aktibo landunen eta langabeen artean, eta, horrela, berrikuntzaren kultura sustatuko du pertsona horiengan.
Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak irakasleen prestakuntzari buruzko 31. artikuluan ezartzen du lanbide-heziketan berrikuntza eta etengabeko hobekuntza sustatzeko, ezinbestekoa izango dela irakasleak prestatzea, ikasgela barruan lantzeko metodologia aktibo berriak ikasi eta gara ditzaten eta eduki profesional espezifikoak berengana ditzaten, irakasle horiek ingurune konplexuetan aritzeko dituzten konpetentziak areagotzeko. Horrekin lotuta, 31. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloan eskumena duen sailak irakasleentzako prestakuntza-programak eratuko dituela, eta, horietan, aurreko lerrokadan zehaztutako arloei emango zaiela lehentasuna, baina baita teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneetan aurrera egin ahal izateko ekintzak sustatzeari ere.
Gainera, 31. artikulu horren 3. apartatuaren arabera, prestakuntza-zentroetan edo beren lan-prozesu edo -jardunbide aurreratu eta berritzaileengatik nabarmenak diren enpresetan egin ahal izango dira irakasleentzako etengabeko prestakuntzako programak.
Bestalde, Lanbide Heziketaren V. Euskal Planean –1: 4.0 testuinguruko ikaskuntza-eremu estrategikoan–, 1.2 jarduketa-lerroa planteatzen da: «Irakas-gaitasuna indartzea, lanbide-heziketan aldaketa eta eraldaketa finkatzeko beharrezkoak diren gaitasun eta jokabide berriak garatzea bilatuz».
Era berean, 2.2 jarduketa-lerroak –«Enpresaren partaidetza sustatzea ikaskuntza-prozesuan»– ikastetxeen eta enpresen arteko erronka partekatuen esperientziak sustatzea aurreikusten du, enpresaren egoera errealetan, beste aukera batzuekin lan egin ahal izateko.
Bestalde, Euskadiko Lanbide Heziketan ezartzen ari diren ikaskuntzako metodologia aktibo/kolaboratibo berriek STEAM (Science, Technology, Engineering, Art/Design, Mathematics) gaitasunak garatzera bultzatzen dute, ekoizpen-inguruneetako errealitateari lotutako erronka errealetan oinarritutako lanekin eta STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren esparruan.
Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea ikastetxe eta enpresen arteko lankidetzatik eratorritako erronka errealak garatuz. Agindu honen bidez finantzatuko diren jarduerak Lanbide Heziketako irakasleak elkarlanean arituko diren enpresetako arazo errealetan oinarrituta egongo dira. Horrela, irakasleen ezagutza eta gaitasunak eguneratuko dira, eta, horrez gain, jakinaren gainean egongo dira ekoizpen-sektore desberdinak orain planteatzen ari diren eta etorkizunerako planteatzen ari diren erronka eta beharren inguruan.
Gainera, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 102.1 artikuluan ezartzen du etengabeko prestakuntza eskubidea eta betebeharra dela irakasle guztientzat, eta erantzukizuna, berriz, hezkuntzako administrazio eta ikastetxeentzat.
Artikulu horren 2. apartatuan zehazten da etengabeko prestakuntza-programetan, jakintzak eta metodoak berariazko zientzien eta didaktiken bilakaerara egokitzeko zeregina hartu beharko dela kontuan, baita irakaskuntzaren kalitatea eta ikastetxeen funtzionamendua hobetzera zuzenduta dauden alderdi guztiak ere.
Azkenik, apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak (Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena) Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari esleitzen dizkio, beste funtzio batzuen artean, hauek:
Lanbide-heziketaren ikaskuntza-maila desberdinetan STEAM kultura bultzatzea.
Irakasleen prestakuntzara zuzendutako ekintzak sustatzea, ingurune teknologikoki oso aurreratuetan behar bezala erantzuteko gai izan daitezen.
Agindu honen jarduerak 5414 «Berrikuntza Funtsa» programaren baitan daude. Programa horrek ekimen eta proiektu estrategikoen garapena sustatzen du, baldin eta bat egiten badute 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin eta Euskadi RIS3 espezializazio-estrategia adimendunarekin.
Ondorioz, kontuan harturik zer dioten Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluak –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako xedapenek, honako hau
Horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da arautzea Lanbide Heziketako ikastetxe pribatu itunduetako irakasleak zientzia eta teknologiaren arloan, 2019ko ekitaldian ikastetxe eta enpresen arteko lankidetza-proiektuekin, eguneratzeko jardueretarako lehiaketa-prozeduraren bidez eman beharreko dirulaguntzak.
2. artikulua.– Jardueren esparru orokorra.
1.– Deialdi honen xede diren jardueren helburua da Lanbide Heziketako irakasleak eguneratzea zientzia eta teknologiaren arloan, ikastetxe eta enpresen arteko lankidetzaren bidez eta hura ikasgeletara transferituz. Elkarlan horren bitartez, benetako erronkak zehaztu eta garatuko dira enpresetan sortzen diren eremu zientifiko eta teknologikoetan.
Horren guztiaren helburua da irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea beren espezialitateari dagozkion ekoizpen-sektoreetan planteatzen diren erronka errealetan lan eginez. Ondoren, irakasle horiek ezagutza hori guztia ikastetxeko ikasleei eta gainerako irakasleei transmitituko diete; hartara, horrekin ekarpena egingo zaio Lanbide Heziketako irakasleen eta ikasleen STEAM gaitasunen garapenari.
2.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak hiru fasetan garatuko dira:
a) Enpresen lehen behaketa-fasean, ikastetxe onuradunetako irakasleek ikastetxearen eta enpresaren arteko elkarlan-eremuak identifikatuko dituzte, eremu zientifiko eta teknologikoko erronka errealen bitartez. Erronka horiek irakasleen eguneratze teknologikoa izango dute helburu, kasuan kasuko ikastetxeko ikasleei eta irakasleei transferitu beharko zaizkie eta interesgarriak izan behar dute enpresarentzat. Behaketa egiteko, enpresa bakoitzak 5 ordu izango ditu gehienez ere.
b) Bigarren fasean, ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza-proiektu baten proposamena idatzi beharko da. Horretarako, ikastetxeak azterketa sakon bat egin beharko du enpresarekin batera garatuko duen erronkaren, merkatuan dauden irtenbideen eta erronkak izango duen garapenaren inguruan. Proiektuaren proposamen horrek enpresaren oniritzia izan beharko du.
c) Hirugarren fasean, erronka garatuko da. Bertan, irakasleek aurrez zehaztutako erronka garatzeko helburuarekin lan egingo dute, eta horrek dagokion ikaskuntza eta eguneratze teknologikoa eragingo du; era berean, ikasgelan bereganatutako ezagutzak txertatzen direla bermatu beharko da.
3. artikulua.– Jardueren baldintzak.
Agindu honen bidez finantzatuko diren jarduerek baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Ikastetxe parte-hartzaileek behaketak zein enpresetan egin nahi diren planifikatu beharko dute, ETEetan, ahal izanez gero, betiere mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioarekin bat etorriz.
2.– TKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa), Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mendekoak, baliozkotuko du ikastetxe bakoitzak proposatutako enpresen zerrenda, irakasleak zientziaren eta teknologiaren arloetan eguneratzen direla eta ikastetxeko ikasleei eta irakasleei ezagutza transmititzen zaiela bermatuz. Baliozkotze horren bidez ziurtatuko da enpresa bat ez dela izango TKGUNE sareko ikastetxe bat baino gehiagoren plangintzan. Enpresa bat ikastetxe batek baino gehiagok proposatzen badute, irizpide hauek jarraituko dira hurrenez hurren:
A) Lehentasuna izango du enpresarekin aurreko bi ikasturteetan erlazio bat izan duen ikastetxeak, ondoko bi modalitateetako batean: ikastetxeko ikasleek lantokiko prestakuntzako modulua egitea, ikastetxeko ikasleek Ikas-ekinezko erregimeneko Lanbide Heziketa Duala egitea, enpresako langileei etengabeko prestakuntza ematea.
B) Lehentasuna izango du ikastetxearen eta enpresaren arteko hurbiltasun geografikoak (eskualde berdina).
C) Baldintza-berdintasunak jarraitzen badu, eskaeran 14. artikuluko irizpideen arabera balioztatze onena jasotzen duen ikastetxeari esleituko zaio enpresa.
3.– Enpresako behaketetan, enpresarekin lankidetzan, ekoizpen-sektoreen arazo erreal baten bidez, irakasleek konpetentzia zientifiko eta teknologikoak eguneratzea eragin dezaketen eta aldi berean enpresarako hobetzeko aukera bat izan daitezkeen erronkak detektatuko dira. Proiektu hori dokumentu batean gauzatuko da eta, bertan, zehazki identifikatuko da ikastetxeko irakasleek garatu behar duten lana.
4.– Ikastetxe bati onartutako enpresa batean behaketa ezin bada egin, TKNIKAren beste baimen batekin ordeztu ahal izango da.
5.– Irakasleek Agindu honen xede diren jarduerak eskola-orduetatik kanpo egingo dituzte.
6.– Dirulaguntzaren xede diren jarduerak 2019ko ekitaldian garatuko dira, 2019ko urtarrilaren 15etik abenduaren 15era.
4. artikulua.– Entitate onuradunen betekizunak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunak izan ahal izango dira EAEn Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza-zikloak emateko ofizialki baimendutako ikastetxe pribatu itunduak, baldin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. eta 14. artikuluetan ezarritakoa eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluaren 5. eta 6. apartatuetan ezarritakoa betetzen badute.
2.– Ikastetxe parte-hartzaileek TKNIKAk (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako EAEko Zentroa) koordinatutako TKGUNE sarekoak izan beharko dute.
3.– Ikastetxe onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituztenak betetzeari dagokionez.
Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako, ez du ikastetxe eskatzaileen baimenik behar izango, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera.
Ikastetxe onuradunak berariaz egin diezaioke uko baimen horri. Kasu horretan, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritako baldintzen arabera. Errege-dekretu horren bidez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartu zen.
Nolanahi ere, dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezkoa denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
4.– Ezingo dira deialdira aurkeztu laguntza edo dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzearekin zigortuta daudenak, edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat dutenak, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrena betez.
5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.
300.000 euro baliatuko dira agindu hau garatzeko.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
Hasieran eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ikastetxe bakoitzak aurkeztutako eta TKNIKAk baliozkotutako enpresa-zerrendaren arabera kalkulatuko da eta hurrengo apartatuen batuketa izango da:
1.– 150 euro, lankidetza bakoitzeko, behaketak baliozkotutako enpresa batean egiteko.
2.– 400 euro * baliozkotutako enpresa kopurua % 30a, irakasleen irakaskuntzarako eta enpresaren intereserako diren ikastetxe eta enpresen lankidetza-proiektuak diseinatzeko.
3.– 1.300 euro * baliozkotutako enpresa kopurua % 10a, diseinatutako proiektuak gauzatzeko.
4.– Ikastetxe bakoitzeko emango den gehieneko zenbatekoa 45.000,00 eurokoa izango da.
7. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira xede bera duten erakunde publikoen edo pribatuen dirulaguntzekin.
II. KAPITULUA
ESKAERAK, AUKERAKETA ETA PROZEDURA
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte, eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute, batetik, otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak (Administrazio Elektronikoari buruzkoak), eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariak 2006ko otsailaren 9an emandako ebazpenak, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –Platea– onartzen duenak.
3.– Honako egoitza elektroniko honetan zehazten da nola izapidetu eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/actualización-cientifico-tecnologica-profesorado-fp/web01-tramite/eu)
Eskabidearen osteko izapideak elektronikoki egingo dira, honako helbide honetako Nire Karpeta apartatuaren bidez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
9. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira Euskadi.net egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/actualización-cientifico-tecnologica-profesorado-fp/web01-tramite/eu)
3.– Ikastetxeko legezko ordezkariari dagokio eskaera egitea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariari zuzenduta.
4.– Eskabideak eta haiei gehitutako dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dira, ikastetxeak aukeratutakoaren arabera. Era berean, eskaera egin duen ikastetxeak aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, hala ezarrita baitago azaroaren 24ko 10/1982 Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan (10/1982 Legea, Euskararen erabilera normalizatzeko Oinarrizko Legea).
10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ikastetxe eskatzaileek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Eskaera-formularioa behar bezala beteta, agindu honetako I. eranskinaren araberakoa.
2.– Lankidetza izan nahi den enpresen zerrenda, II. eranskineko ereduaren arabera eta hau adieraziz:
a) Izena, lurralde historikoa, udalerria, EJSN eta langile kopurua eta, hala badagokio, enpresarekin aurretik izan duen harreman mota, betiere 3.2.A) artikuluan aurreikusitako modalitateen artean.
b) Enpresetan behaketa zein hilabetetan egin den edo zein hilabetetan egitea aurreikusten den.
c) Irakasleen jakintza trukatze eta eguneratze zientifiko-teknologikoan lortu beharreko helburuak (adibidez: energiaren efizientzia, ekoizpen-prozesua, material berriak, sektore medikoa, zerbitzu berriak, errealitate birtuala, automatizazioa...). Ikastetxean eskaintzen diren prestakuntza-zikloekin lortu nahi diren helburuen deskribapen argi bat txertatu beharko da, baita enpresa bakoitzarekin parte hartuko duten irakasleen espezialitatea ere.
d) Eguneratze teknologikoa ikasleei eta ikastetxeko gainerako irakasleei transferitzeko prozedura. Lortu nahi den eguneratze teknologikoaren transferentzia zein prestakuntza-ziklotan egingo den jakinarazi beharko zaie ikasleei, baita hura zein prestakuntza-modulutan aplikatuko den eta transferentzia egiteko zein prozedura erabiliko den ere. Gainerako irakasleei dagokienez, transferentziaren onuradun izango diren irakasleen espezialitatea eta hura gauzatzeko prozedura jakinarazi beharko dira.
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
12. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Hezkuntza Saileko Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria izango da agindu honetan araututako laguntzen organo kudeatzailea.
13. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Jardueren balorazioa, 15. artikuluan xedatutako irizpideen arabera, honako hauek kide izango dituen batzorde batek egingo du:
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria; lehendakaria izango da.
– Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloko TKNIKAko arduraduna.
– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanetan jardungo duena; hitza eta botoa izango ditu.
14. artikulua.– Balioztatzeko irizpideak eta esleipeneko prozedura.
1.– Eskaerak banan-banan balioztatuko dira, deialdi honetako betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren. Balorazioa ebaluazio-batzordeak egingo du TKGUNE programaren jarraipen-aplikazioan dagoen informazioan oinarrituta. Balorazio horretarako, honako irizpide hauek erabiliko dira:
a) Ikastetxeak aurreko bi ikasturteetan egindako transferentziak/prestakuntzak, TKNGUNE programaren bitartez bereganatutako ezagutzari/eguneratzeari dagokionez; 0,1 puntu erregistratutako transferentzia bakoitzeko, 3 puntu gehienez ere.
b) Ikasleei eta irakasleei transferitzeko prozeduraren zehaztapena, 2 puntu gehienez ere: aurreikusitako transferentzia kopurua, 0,01 puntu aurreikusitako transferentzia bakoitzeko, eta puntu 1 gehienez ere. Aurreikusitako transferentzia-prozeduraren eta STEAM estrategiaren lerrokadura; puntu 1 gehienez ere.
c) Ikastetxeak proposatutako eta baliozkotutako ETE enpresen kopurua; 0,1 enpresa bakoitzeko eta 3 puntu gehienez ere.
d) Proposamenen eta Lanbide Heziketaren V. Euskal Planean zehaztutako lehentasun estrategikoen arteko lerrokadura. Bertan, II. eranskinak barne hartzen duen enpresen zerrenda baloratuko da, lehentasunezko sektore hauetako batzuk kontuan hartuta: sorkuntzako industriak, energia-efizientzia, energia berriztagarriak, automozioa, automatizazioa, material berriak, ingurune birtualak, fabrikazio mekanikoa eta biozientziak eta osasuna. II. eranskinean txertatutako enpresa guztien artean lehentasunezkoak diren sektoreetako enpresen ehunekoa baloratuko da, proportzionalki; 0,02 puntu emango dira ehuneko puntu bakoitzeko, eta 2 puntu gehienez ere.
2.– Eskaerak balioztatu ondoren, ordenatu egingo dira, 1. puntuko baremoaren arabera lortutako guztizko puntuazioa kontuan hartuta.
Berdinketa badago emandako puntuazioan, lehentasuna emango zaio 2018-2019an TKGUNE sarean proiektu gehien garatu dituen ikastetxeari.
3.– Puntuaziorik onena lortu duten eskaerei soilik emango zaie dirulaguntza, deialdi honetara bideratutako aurrekontu-kredituak agortu arte.
15. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskaerak prozedura bakar baten bidez izapidetuko dira, eta haiei buruz ebaztea, ikastetxe interesdunek azaldutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, ebaluazio-batzordeak proposatuta.
Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
Ebatzitakoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta egun berean banan-banan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei bide elektronikoak erabiliz, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Ebazteko eta ebatzitakoa ikastetxe interesdun guztiei jakinarazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Adierazitako epea igarota, aipatutako jakinarazpena egin ez bada, interesdunek eskaera ezetsitzat jo ahal izango dute, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, haren erakunde autonomoek eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
16. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da: lehena, emandako laguntza osoaren % 40, laguntza onartu ondoren ordainduko da, 19.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Gainerakoa (% 60), berriz, justifikazioa 20. artikuluan adierazitako epean eta baldintzetan aurkeztu ondoren.
17. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzeak, eta, hala egokituz gero, helburu bererako edozein diru-sarrera edo baliabide lortzeak, berekin ekarri ahal izango du ebazpena aldatzea, betiere haren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Ondorio horietarako, Lanbide Heziketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren kopurua doitu egingo da, edo, hala egokituz gero, jasotako gehiegizko diru kopurua itzultzeko aginduko da.
18. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta itzultzeko prozedura.
1.– Dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da eta, hala egokituz gero, jasotako zenbatekoa gehi dagokion interesa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio hauetako bat gertatuz gero:
a) Ikastetxe onuradunak aurkeztutako azken memoriatik ondorioztatzea jarduerak ez dituela lortu diruz lagundutako proiektuan proposatutako gutxieneko helburuak.
b) Agindu honetan eta hura garatzen duten ebazpenetan xedatutako edozein betebehar edo baldintza ez betetzea.
c) Ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontuen konturako dirulaguntzen onuradunen edozein betebehar. Betebehar horiek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasota daude edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan.
d) Aldi berean erakunde publiko edo pribatuen beste edozein dirulaguntza jaso izana, helburu berarekin.
2.– Jasotako zenbatekoak itzultzeko eta berandutze-interesa eskatzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Errege Dekretu Legegileak onartutako testu bategina), abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
III. KAPITULUA
IKASTETXE ONURADUNEN BETEBEHARRAK, JUSTIFIKAZIOA, JARRAIPENA ETA EBALUAZIOA
19. artikulua.– Ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, esleitzeko erabakia jakinarazi eta hurrengo hamar egun naturaleko epean berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
2.– Ikastetxe eskatzailea ez badago alta emanda Ogasun eta Finantzetako Sailaren Hirugarrenen Erregistroan, izapide hori bide elektronikoa erabiliz egin beharko du:
https://www.euskadi.eus/web01-sede/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml
Gune elektroniko horretan, bertan dauden datuak aldatu ere egin ahal izango ditu. Ofizioz aztertuko da erakunde eskatzailea alta emanda dagoen erregistroan.
3.– Ikastetxeko Urteko Planean sartzea diruz lagundutako jarduerak.
4.– Emandako dirulaguntza justifikatzea 20. artikuluan jasotakoaren arabera.
5.– Dirulaguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluko gainerako betebehar guztiak betetzea; zehazki, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea haiek eskatzen duten edozein informazio, laguntzen xedea fiskalizatu ahal izan dezaten.
9.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
10.– Jakinaraztea ekimena Eusko Jaurlaritzaren Berrikuntza Funtsak finantzatu duela; horrela, enpresa parte-hartzaileak jakingo dute Funts horrek ematen duen babesa.
11.– Planifikatzea irakasle parte-hartzaileek eskuratutako ezagutza ikastetxeko ikasleei eta irakasleei nola transmitituko dieten eta ikasgelan egindako aplikazio praktikoak erregistratuko dituzte.
12.– Diruz lagundutako jarduerak TKGUNE, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloak koordinatutako programan sartzea.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Ikastetxe onuradunek 2019ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute, https://www.euskadi.eus/nire-karpeta helbidearen bidez, ikastetxearen jarduketa jasoko duen jarduketa-memoria bat eta memoria horrek justifikazio-memoria ekonomiko bat ere izango du.
Memoriak honako apartatu hauek izan beharko ditu:
Enpresa-zerrenda eta horietan garatutako jarduera. Kasu bakoitzean, dagokiona adieraziko da: behaketa, proiektuaren entrega, eta ikastetxearen eta enpresaren arteko lankidetza. Informazio horrek bat egin beharko du 2019ko abenduaren 15ean TKGUNE aplikazioan sartutako informazioarekin. Beraz, bertan egindako eta memoria laburtuan adierazitako ekintza bakoitzaren zehaztasuna egiaztatu ahal izango da.
Era berean, memoriak ikastetxe eta enpresaren arteko lankidetza desberdinen bidez lortutako ikaskuntza eta transferentziaren deskribapen laburtu bat izango du. Informazio horrek koherentea izan behar du 2019ko abenduaren 15ean TKGUNE aplikazioan egindako ekarpenekin, hau da, bertan egindako transferentziaren zehaztasuna egiaztatu ahal izango da.
Gainera, ikastetxeak lankidetza-proiektu bat garatu duen enpresa bakoitzaren ziurtagiri bat txertatu beharko da memoria horretan, eta irakasleek zenbat ordu eskaini dizkioten eta enpresaren balorazioa sartu beharko dira, IV. eranskineko eredua oinarritzat hartuta.
Ikastetxeak justifikazio-memoria ekonomikoa ere sartu beharko du, dirulaguntzan dagokion amaierako zenbatekoaren kalkuluarekin. Horretarako, egindako behaketetan, enpresetan aurkeztutako proiektu kopuruan eta egindako ikastetxe/enpresa lankidetzetan oinarrituta, kalkulua egingo du arau hauen arabera:
Behatutako enpresak TKNIKAk onartutako zerrendan egon beharko dute eta TKGUNE aplikazioan behar bezala erregistratuta. Gainera, behaketa bakoitzari eskainitako orduen kopurua adieraziko da eta orduko 30 euro kontatuko dira, behaketa bakoitzeko 150 euro gehienez kontatu arte.
Enpresari entregatutako eta aplikazioan behar bezala erregistratutako proiektu bakoitzeko, proiektu bakoitzari eskainitako ordu kopurua adieraziko da eta orduko 30 euro zenbatuko dira, gehienez 400 eurora heldu arte. Gainera, kontuan izango da entregatutako proiektuak diruz lagunduko direla baliozkotutako enpresen % 40ra heldu gehienez.
Gauzatutako proiektu bakoitzeko, eta behar bezala aplikazioan erregistratua, ikastetxeko irakasleek horretan eman dituzten ordu guztiak adieraziko dira. Ordu kopuru hori egokia den edo ez enpresarekin egiaztatu beharko da. Apartatu honetan proiektu bakoitza egiteko erabilitako ordu kopuruaren % 25 kontuan hartuko da eta orduko 30 euro zenbatuko dira.
Amaierako dirulaguntza aurreko apartatuen batuketa izango da, betiere lortzen den zenbatekoa ez bada hasieran emandako dirulaguntza baino handiagoa. Kasu horretan, amaierako dirulaguntzak bat egingo du hasierakoarekin.
Era berean, adierazi beharko da agindu honetako dirulaguntzaren xede den jarduera finantzatu duen beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuk jaso diren, zenbatekoa eta jatorria adieraziz.
Jarduketa-memoria artikulu honen aurreko apartatuetako edukiaren arabera egin beharko da eta erreferentziatzat hartuko da III. eranskineko eredua.
Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak, agindu honen 16. artikuluan aurreikusitako bigarren ordainketa egin baino lehen, justifikazio-memoria ekonomikoa aztertu eta ikastetxeak egindako kalkuluaren balioa egiaztatuko du.
21. artikulua.– Jarraipena.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzak jarraipena egingo die diruz lagundutako jarduerei, TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloaren bidez, haiek egiten direla bermatzeko.
2.– Baldin eta, ikasturtean zehar, gorabeheraren bat gertatzen bada diruz lagundutako prestakuntza-jardueren garapenean, TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloak komeni bada, egoki irizten dion txostena bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, agindu hau betearazteko neurriak har ditzan.
22. artikulua.– Ebaluazioa.
TKNIKAren Lanbide Heziketari Aplikatutako Berrikuntza Arloak, ikastetxeek igorritako amaierako memorian eta kontuan hartzekoa dela uste duen beste edozein datu edo txostenetan oinarrituta, lortutako emaitzen ebaluazio-memoria bidaliko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, laguntzak justifikatzeko epea amaitu eta 3 hilabeteko epean. Ebaluazio-memoria horretan, datu hauek egongo dira jasota: parte hartu duten ikastetxeen zerrenda, bakoitzak egindako jarduerak, eta onartutako jardueretan aurreikusitako helburuen betearazpen-maila. Era berean, proposatutako helburuen gutxienekoa bete ez denean, berariaz emango da egoera horren berri.
23. artikulua.– Datu pertsonalak.
1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta kapitulu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta laguntza eta dirulaguntza publikoen gaineko arauak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari, bi hilabeteko epean. Bi epeok agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKABIDEA
II. ERANSKINA
Ezagutza transmititzeko konpromisoa eta lankidetzarako enpresen zerrenda
III. ERANSKINA
JARDUKETA ETA EKONOMIARI BURUZKO JUSTIFIKAZIO-MEMORIA
IV. ERANSKINA
ENPRESAREN ZIURTAGIRIA JARDUERAK EGIN DIRELA EGIAZTATZEKO