EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019176

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 7koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, Bilboko (Bizkaia) Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko Plan Partzialaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2019-08-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201904223
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2018ko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez, Bilboko (Bizkaia) Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko Plan Partzialaren (aurrerantzean, Plan Partziala) ingurumen-azterketa estrategikoaren irismeneko dokumentua egin zen, bai Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean bai Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean jasotakoari jarraikiz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Bilboko Udalak jendaurrean jarri zuen Plan Partziala, zeinak ingurumen-azterketa estrategikoa barne hartzen duen; iragarkia argitaratu zuen 2018ko abuztuaren 10eko 154. zenbakiko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta 45 egunez egon zen jendaurrean, horren eraginpekotzat jotzen direnek egoki iritzitako alegazioak egin zitzaten, beren interesak defendatzeko.
Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, Bilboko Udalak egiaztatu zuen ez zela alegazio berririk jaso.
Jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, Bilboko Udalak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, arauaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta 45 eguneko epea eman zien, egoki iritzitako txostenak eta alegazioak aurkez zitzaten. Horien ondoreak espedientean daude jasota. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari; IHOBEri eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
2019ko maiatzaren 21ean, ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskakizuna egin zuen Bilboko Udalak, otsailaren 27ko 3/1998 Legean, abenduaren 9ko 21/2013 Legean eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan xedatutakoekin bat.
Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:
– Planaren amaierako proposamena, 2018ko azaroko datarekin.
– Planaren ingurumen-azterketa estrategikoa, Kimar Consultores ambientales SL Consulting enpresak idatzia, 2018ko ekainean.
– Sustatzaileak idatzitako laburpen bat, planaren programaren azken proposamenean honako alderdi hauek nola txertatu diren azaltzen duena: ingurumen-alderdiak, ingurumen-azterketa estrategikoa eta azterketa hori irismen-agiriaren arabera egokitzea, egindako kontsulten emaitza, eta kontsulta horiek nola hartu diren aintzat.
– Planoak, shape formatuan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.1 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako planei, baldin eta lege-xedapen batek edo erregelamenduzko xedapen batek beharturik prestatu eta onartu badira, betiere ingurumen-eraginaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen badute eta arlo jakin batzuei erreferentzia egiten badiete, hala nola lurralde-antolamenduari.
Ildo horretan, adierazi behar da Bilboko (Bizkaia) Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko Plan Partziala (aurrerantzean, Plan Partziala) egitea eta onartzea, Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean xedatutako betekizunetako bat dela.
Halaber, otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 46.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, ingurumen-inpaktuaren gaineko baterako ebaluazio bat egin behar da; hau da, arauaren I. eranskineko a) atalean jasotako planen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar da, eta ebaluatu beharreko plan horien artean daude, besteak beste, Plan Partzialak, ingurumenari ondorio adierazgarriak eragiteko modukoak badira.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzeko urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan adierazitakoaren arabera, bai Bilboko Udalak, organo substantibo gisa, bai Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen organo gisa, beharrezko den guztia xedatu dute Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura burutu ahal izateko, ingurumen-ikerketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri baita, kontsulta publikoen eta ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen parte-hartze prozeduraren bitartez.
Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpen horretan, ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten da, eta Plan Partziala aplikatzeak dakartzan ingurumen-efektu nabarmenen aipamena jasotzen, azkenik onartuko den Planean sartu behar diren azken zehaztapenak sartuta, ingurumen-efektuetarako bakarrik.
Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostena aztertu da, eta xedapen hauek guztiak ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzekoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehena.– Bilboko (Bizkaia) Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko Plan Partziala (aurrerantzean, Plan Partziala) ingurumen-adierazpen estrategikoa egitea, honako hauek aipatuta:
A) Plan partzialak Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko lurzoru urbanizagarri produktibo guztien antolamendu xehatua du helburu.
Sektorearen azalera 101.100 m
Pribatizatzeko aukera izango duten lau partzela sortuko dira, eta plan partzialak baimendutako erabilera ezberdinak modu homogeneoan banatzeko saiakera egingo da. Erabilera guztien arteko proportzioa eta kokapena mantenduko da (ekoizpena, hirugarren sektorea eta merkataritza), eta hirugarren sektoreak ezingo du eraikigarritasun osoaren % 45 gainditu.
Bideragarritasunari dagokionez, Plan Partzialak proposatutako antolamenduak erreferentziatzat hartzen du dauden bideen ibilbidea, eta bide berriak komunikazioen sistema orokorrean sartuko dira. Espaloia eta pasealeku zuhaiztua egiteko lurzoruaren lagapena eremu libreen tokiko sisteman sartuko da, eta 3.246 m
Antolamenduaren xede den sektoreak barne hartzen duen azalera Altamira auzoaren, Basurtotik Kastrexanara doan errepidearen, Kadaguako korridorearen eta Kobetako eta tokiko bideen artean dago. Eremu horretan, inguruko jarduera industrialaren hondakinak daude, baita garai batean zenbait enpresa zeuden lursailak ere. Ur- eta gas-zerbitzuen ekipamendu batzuk ere badaude, eta mantendu egingo dira.
Eremu oso antropizatua da, zeinetan habitat hauek nabarmentzen diren: Batasunaren intereseko 6510 habitata, latitude baxuko sega-belardiak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis) eta garrantzi txikiagoko beste gainazal bat, 6210* habitatekoa, hots, larre lehor erdinaturalak eta kareharrizko lurzoruen gaineko sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia).
Nabarmendu behar da eremuaren barruan lurraren kutsatzaileak izan daitezkeen jarduerak izan dituen lurzoru moduan katalogatutako kokaleku bat dagoela, Garbikerren instalazioak izan direla, eta inbentarioan dagoela 48020-00937 kodearekin. Ildo horretan, esan behar da dagoeneko ikerketa bat hasi dela partzela horretan, lurraren kalitatea deklaratzeko prozeduraren esparruan (DCS-59/16-IB espedientea).
Bestalde, eremuaren zati bat Bizkaiko foru-errepideen zortasun akustikoko aldearen eraginpean dago (4523/2013 Foru Agindua), eta BKEak betetzen dira, etorkizunean hirigintzaren arloan egin daitezkeen garapenei begira.
B) Ingurumen-adierazpen estrategiko hau bat dator ingurumen-azterketa estrategikoaren ondorio nagusiekin, eta uste da nahikoa justifikatu dela Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2018ko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez emandako irismen-dokumentuan aurkeztutako ingurumen-irizpideak integratzea.
Ingurumen-organo honek emandako irismen-dokumentuan eskatutako sakonera, xehetasun-maila eta espezifikazio-gradua bermatuz egin da Plan Partzialaren ingurumen-azterketa estrategikoa. Planifikazio-prozesuan ingurumen-eragin posibleak kontuan hartzen direla bermatzeko, uste da nahikoa zorrozki heldu zaiela ingurumen-izapidean adierazitako irizpide guztiei.
C) Plan Partziala izapidetzean, ez da gehitu ingurumen-azterketa estrategikoa zabaltzeko eskatzen duen jarduketa berririk, eta ez da atzeman birdefinitu edo kendu behar den Planaren jarduketarik.
D) Indarreko araudiaren arabera hartuko dira neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak, baita hurrengo apartatu hauetan xedatutakoaren arabera eta, aurrekoa galarazten ez dutenetan, ingurumen-azterketa estrategikoan aurreikusitakoaren arabera ere.
Halaber, planak zehaztapen hauek jaso beharko ditu:
D.1.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.
Plan Partziala Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko irailaren 30eko 165/2008 Dekretuan jasotako leku bat duen eremu batean gauzatuko da. Hein horretan, gogorarazten da aipatutako 4/2015 legeak, ekainaren 25ekoak, Lurzorua ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzekoak, 31.4 artikuluan xedatzen duena, han esaten baita lurzoruaren kalitatearen adierazpena antolamendua xehatua barne hartzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu aurretik egin beharko dela; edo, halakorik ezean, jarduera hirigilearen programari edo lekua barne hartzen duen kudeaketa-esparruko birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuei hasierako onarpena eman aurretik.
D.2.– Ebaluazioaren xede den planean barne hartutako proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko jarraibideak.
D.2.1.– Urbanizazio-obrak, eta haien artean indusketa-lanak, indusketa selektiboen planen arabera eta lurzoruaren kalitateari buruzko prozedura horretan (ekainaren 25eko 4/2015 Legean) ezarritako baldintzetan egingo dira, kokapena aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko. Halaber, lurzoruaren kalitateari buruzko Ebazpen horretan ezartzen diren erabilera-mugak beteko dira.
Hala ere, obrek dirauten bitartean lurra kutsatzen duten jarduerak edo instalazioak izan dituen beste lekurik aurkitzen bada, edo lurzorua kutsatzen duten gaien zantzu argirik bada, kasu horietarako ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
D.2.2.– Jardunbide egokien eskuliburuan jasotako neurriak hartu beharko dira obretan, lurren eta soberakinen kudeaketan, hondakinen sorkuntzan eta kudeaketan, induskatutako lurzoruen kontrolean, eta airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesean. Bereziki honako hau:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.
– Olio erabiliak kudeatzeko, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Ez da, inola ere, espezie aloktonorik erabiliko (adibidez, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana), eta lurrak mugitzen direnean espezie horiek ez hedatzeko neurriak hartuko dira. Horrez gain, betelanetan, landareztatzean eta urbanizazioko lorategiak jartzean erabiliko den landare-lurraren nahiz maileguko materialen jatorria eta osaketa kontrolatuko dira.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez, «EAEko etxebizitzen eraikuntza eta birgaikuntza jasangarriaren Gidaliburuan» jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortzen den energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
E) Ingurumen-efektuaren jarraipena egiteko plana.
Ingurumen-azterketa estrategikoak ikuskatze-programa egoki bat deskribatzen du, Plan Partzialaren aplikazio egokia bermatzeko eta, hala badagokio, aurreikusitakoak ez diren beste ingurumen-efektu batzuk hautemateko. Hainbat kontrol proposatzen dira, Plan Partzialaren esparrukoa den proiektuaren obra-faserako; jarraipen-adierazleen eta atalase-balio jakin batzuen arabera burutu beharreko jarduketa batzuk dira kontrol horiek.
Bigarrena.– Plan Partziala onartzeko, bi urteko gehieneko epea ezartzen da, ingurumen-adierazpen estrategiko hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera. Epe hori igarota, proiektua onartu ez bada, ingurumen-adierazpen estrategiko honen indarraldia amaituko da, eta ez da gehiago eraginkorra izango. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Bilboko (Bizkaia) Kastrexanako Gaina Sektoreko Geroratutako Antolamendu Eremuko Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren izapidea, non eta ez den ingurumen-adierazpen estrategikoaren epea luzatzea adosten. Hori guztiori, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 27. artikuluarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Bilboko Udalari.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 7a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.