EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2019175

74/2019 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki hau: «Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen ordainsarien % 0,25eko igoera osagarria onartzen duena».

Xedapenaren zenbakia: 201900074
Xedapenaren data: 2019-09-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201904210
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/03/08an argitaratutako 2019/02/26ko 201900018 EBAZPENA

2019ko irailaren 10eko batzarrean, Gobernu Kontseiluak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen ordainsarien % 0,25eko igoera osagarria onartzea. Hori horrela, behar bezalako publikotasuna izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzen Aldizkarian argitaratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen ordainsarien % 0,25eko igoera osagarria onartzeko Erabakiaren testua (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Vitoria-Gasteiz, 2019ko irailaren 10a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 10EKO 74/2019 EBAZPENARENA
GOBERNU-KONTSEILUAREN 2019KO IRAILAREN 10EKO ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ONARTZEN BAITA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO LANGILEEN ORDAINSARIEN % 0,25EKO IGOERA OSAGARRIA
Ordainsarien arloan 2019ko ekitaldirako presako aurrekontu-neurriei eta luzapenaren beste alderdi batzuei buruzko otsailaren 14ko 2/2019 Legearen 2. artikuluaren 1. apartatuak xedatzen duenez, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien aldean, % 2,25 gehituko dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan ari diren eta lan-kontratukoak ez diren langileen urteko ordainsari osoak, bai eta lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinetsitakoen, behin-behineko langileen eta zuzendaritzako langileen ordainsariak ere. Artikulu horren 2. apartatuak aurreikusten du, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan ari diren lan-araubideko langileen soldata-masa % 2,25 gehitu daitekeela, 2018ko ekitaldian ezarritakoaren aldean.
Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zen, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, ordainsariei % 2,25eko igoera aplikatzea, 2018ko abenduaren 31n ezarritako ordainsarien aldean, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan ari diren langile lan-kontratudunentzat.
Dena den, otsailaren 14ko 2/2019 Legearen 2. artikuluaren 4. apartatuak xedatzen du Gobernu Kontseiluak baimena duela, Ogasun eta Ekonomia Sailak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak proposatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko langileen ordainsari-araubidea egokitzeko eta garatzeko, 2019ko ekitaldian sektore publikoko langileen gastuei dagokienez indarrean dauden oinarrizko baldintzen arabera.
Edozein modutan, aipatutako igoera horiek sektore publikoaren zerbitzuko langileen gastuei buruz eman daitezkeen oinarrizko xedapenak aintzat hartuta aplikatuko dira, hain zuzen ere, Ordainsarien gaineko premiazko neurriak onartzen dituen abenduaren 21eko 24/2018 Errege Lege Dekretua. Oinarrizko araudiak adierazitakoaren arabera, Barne Produktu Gordinaren (BPG) gehikuntza prezio konstanteetan 2018an % 2,5ekoa edo handiagoa bada, 2019ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, % 0,25eko soldata-igoera gehituko da. Aipatutako oinarrizko xedapena betetzen dela egiaztatuta dagoenez, Gobernu Kontseiluari aurkeztu behar zaio, onar dezan, sektore publikoaren zerbitzuko langileen lansarien % 0,25eko igoera osagarria, uztailaren 1etik aurrera. Igoera hori aurretik onartutako % 2,25eko igoerari batuta, % 2,50eko igoera egiten du, guztira, aipatu den datatik aurrera.
Bestalde, 2018ko irailaren 19an egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorrean aztertu da aipatutako igoera, gai-zerrendako puntu honetan: «2019. urterako soldaten proposamena».
Azkenik, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko funtzionarioen ordainsari-araubidea eta gainerako langileen lansari-baldintzak ezartzeko arauak eta jarraibideak urtero ezartzea.
Aurrekoaren ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez eta gaia eztabaidatu ostean, Gobernu Kontseiluak erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
«Lehenengoa.– Baimena ematea, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeuden ordainsarien aldean, % 2,50 gehitzeko, 2019ko uztailaren 1etik aurrerako ondorioekin, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko entitateetan dauden eta lan-kontratukoak ez diren langileen urteko ordainsari osoetan, bai eta lehendakariaren, sailburuen, goi-kargudunen eta berdinetsitakoen, behin-behineko langileen eta Zuzendaritzako langileen ordainsarietan ere.
Bigarrena.– 2019an, lan-kontratukoak ez diren langileek jaso beharreko oinarrizko ordainsariak honako hauek izango dira:
a) Langile bakoitza sailkatuta dagoen kidegoari edo eskalari dagokion taldeko soldata eta hirurtekoak (zenbatekoak hamabi hilekori dagozkie):
b) Soldatari eta hirurtekoei dagokien hileko bat 2019. urteko ekaineko eta abenduko aparteko ordainsarietako bakoitzean, honako letra honetan zehazten diren kopuruetan.
Hirugarrena.– Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak 79.1.a) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 12 hilekori dagokion lanpostu-mailako osagarriaren urteko zenbatekoa, lanpostu-maila bakoitzari dagokiona, honako hau izango da:
Laugarrena.– Gainerako ordainsari osagarriek, halaber, % 2,50eko igoera izango dute, 2019ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31 bitartean, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. Hala ere, aldaketa batzuk egiteko modua izango da programa bakoitzari atxikitako langile kopuruaren aldaketaren ondorioz, programari ezarritako helburuen betetze-mailaren ondorioz eta programa aplikatzearen banakako emaitzen ondorioz.
Bosgarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legeak 74.1.a) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, Ertzaintzaren kategoria-maila bakoitzari dagokion lanpostu-mailako osagarria honako hau izango da 2019ko ekitaldirako:
Seigarrena.– Goi-kargudunen lansariei buruzko urriaren 28ko 14/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, lansari horien urteko zenbateko gordinak honako hauek izango dira, 2019ko ekitaldirako:
Zazpigarrena.– Justizia Administrazioko langileen lansariez bezainbatean, langile horiei dagokien berariazko araudia aplikatuko da.
Zortzigarrena.– Ordainsarien % 2,50eko igoera aplikatzea baimentzea, 2019ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31 bitartean, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, Ertzaintzako langileentzat.
Bederatzigarrena.– 2019ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31 bitartean, ordainsarien % 2,50eko igoera onartzea, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, haren organismo autonomoetan eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua zuzenbide pribatuko erakunde publikoan diharduten lan-kontratudunentzat.
Hamargarrena.– Autonomia Erkidegoko gainerako zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan, sozietate publikoetan eta sektore publikoko fundazio eta partzuergoetan diharduten langileen soldata-masak ezingo du % 2,50eko baino gehiagoko igoerarik izan 2019ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31 bitartean, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Aurreko paragrafoan jasotakoa 2019ko aipatutako denbora-tarteko soldata-masaren gehieneko muga da; horren banaketa eta bakoitzari aplikatuko zaiona negoziazio kolektiboaren bidez erabakiko da.
Hamaikagarrena.– Era berean, osagarri pertsonalak eta iragankorrak beren araudi espezifikoaren arabera arautuko dira, eta haien kopuru indibidualak ezingo dira % 2,50 baino gehiago igo 2019ko uztailaren 1etik 2019ko abenduaren 31 bitartean, 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean.
Halaber, erabaki honetan xedatutakotik salbuetsita geratuko dira, aplikagarri zaien araudiari jarraituz, lansari-igoera orokorraren bidez eguneratzea baztertzen duen araubide bat duten lansari-kontzeptuak.
Hamabigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea».