EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019170

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 29koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, zeinaren bidez garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau bekaren deialdia egiten baita 2019rako.

Xedapenaren data: 2019-08-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201904120
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/03/24an argitaratutako 2017/03/21eko 201700062 DEKRETUA

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuak (2017ko martxoaren 24ko EHAA, 59. zk.) arautzen ditu Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak.
Dekretu horren 4.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko 2019ko beken deialdia egin behar da.
Deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorearen oniritzia jaso zuen, 2019ko martxoaren 7an egindako bilkuran.
Hori dela bide, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da garapenerako lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko lau beka ematea 2019rako.
2.– Hauek izango dira beka bakoitzaren espezializazio- eta prestakuntza-eremuak:
a) Generoa eta garapena.
b) Lankidetza Afrikarekin.
c) Gizarte-ekintza.
d) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta komunikazioa.
2. artikulua.– Zuzkidura ekonomikoa eta beken zenbatekoa.
1.– Gehienez 80.000,00 eurokoa da iragarritako beka-programen zuzkidura ekonomikoa.
2.– Beka gisa, onuradun bakoitzak hogei mila (20.000,00) euro jasoko du gehienez (zenbateko gordina), zenbateko horrek barne hartuko du Gizarte Segurantzari egindako kotizazioengatik, bekaren onuradun gisa, ordaintzea dagokion zatia. Zenbateko hori honela ordainduko da:
– Espezializazio- eta prestakuntza-aldiaren lehenengo hamabi hileetan mila eta bostehun (1.500,00) euro jasoko dute hilero.
3.– Bekaren zuzkidura indibidualaren hogei mila (20.000,00) euro gordinetatik, bi mila (2.000,00) euro bideratuko dira martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 14.2.c) artikuluan aipatzen den planean sartuta egonik Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren esparrutik kanpora garatu beharreko onuradunen espezializazio- eta prestakuntza-jardueretara.
– Ordainketa egingo da bekadunaren gainbegiraleak prestakuntza- eta espezializazio-jarduera bakoitza onartu ondoren –onuradunak proposatzen duenean egitea jarduera hori–, dagokion faktura aurkeztuta, eta bi mila (2.000,00) euro gordineko mugarekin.
4.– Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari eta Gizarte Segurantzari dagokion araudiaren mende egongo dira jasotako zenbatekoak, hala dagokionean. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak bere gain hartuko du beken onuradunei tokatzen zaien Gizarte Segurantzaren araubide espezifikoa aplikatuz dagozkien kopuruen ordainketa.
3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.
1.– Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Dirulaguntzak eta bekak atala), edo, bestela, web-orri honetan: http://www.elankidetza.euskadi.eus (Deialdiak atala).
2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko jarraibideak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.
3.– Behar bezala betetako inprimaki normalizatua erabiliz egingo da eskabidea; egoitza elektronikoan eta aurreko zenbakian adierazitako web-orrian dago eskuragarri inprimaki hori.
4.– Eskabidea egin osteko izapideak helbide honetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus
5.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
4. artikulua.– Eskabideak prestatzea.
1.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat barne hartuko du, zeinetan bekaren eskatzaileak honako hauek egiaztatuko baititu:
a) Eskatzailea ez dagoela oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitakoak. Halako prozeduraren batean badago, esan egin beharko du zer prozedura den.
b) Eskatzailea ez dagoela laguntza eta dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, eta ez legez debekatuta izatea halakorik eskuratzea (ildo horretatik, kontuan izan behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean sexuaren ziozko bereizkeria zehatzeko ezarritako zehazpen eta debekuak).
c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta dituela.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dauzkala.
e) Ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretakoren batean.
5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9 artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:
– Ainara Arrieta Archilla, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburua izango da.
– Noemí de la Fuente Pereda andrea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Koordinazio Estrategikoaren arduraduna; batzordeko bokala izango da.
– Mónica Fernández Vidal, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren teknikaria; batzordeko bokala izango da.
– Ana Rojo González, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Aholkularitza Juridikoko arduraduna; batzordeko bokala izango da eta idazkari gisa jardungo du.
6. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Balorazio-irizpideak martxoaren 4ko 62/2017 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira.
2.– Profil akademiko-profesionalerako egokitzapena 25 punturekin baloratuko da gehienez: espezializazio- eta prestakuntza-eremu hauetan izandako ibilbidea, esperientzia, prestakuntza eta argitalpenak hartuko dira aintzat:
a) Generoa eta garapena: Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldirako IV. Gida Planean lehenesten den emakumeen ahalduntzearen zeharkako ikuspegia eta sektoriala aplikatzea sustatzeko.
b) Lankidetza Afrikarekin: Garapenerako Lankidetzaren 2018-2021 aldirako IV. Gida Planean lehenesten diren Afrikan oinarritutako eta Afrikako agenteekin egin beharreko ekimenak, jarduerak eta ekintzak sustatzeko.
c) Ekintza humanitarioa: Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren 2018-2023 aldiko Ekintza Humanitarioko Estrategiaren inplementazioa sustatzeko.
d) Gizarte-eraldaketarako hezkuntza eta komunikazioa: (H)ABIAN 2030 - Gizarte-Eraldaketarako Hezkuntza-Estrategiaren eta ARAR 2017-2020 Ekintza Planaren inplementazioa sustatzeko.
3.– Atzerriko hizkuntzengatik 20 puntu emango dira gehienez. Ingelesa, frantsesa edo portugesa baloratuko dira; honela:
B1: 5 puntu.
B2: 10 puntu.
C1 edo goragoko maila: 15 puntu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan aipatutako dirulaguntzak honako xedapen hauen menpe egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 62/2017 Dekretua, martxoaren 21ekoa, zeinaren bidez arautzen baitira Garapenerako Lankidetzaren arloan profesionalak espezializatzeko eta prestatzeko bekak (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 59. zk., 2017ko martxoaren 24koa).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 29a.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.