EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2019170

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 30ekoa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez iragartzen baita, 2019ko ekitaldirako, enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programaren II. fasearen deialdia.

Xedapenaren data: 2019-08-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201904115
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/03/02an argitaratutako 2017/01/31ko AGINDUA [201701116]

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez arautzen da enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zk.). Agindu hori Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko abenduaren 17ko Aginduak aldatu du (2018ko abenduaren 27ko EHAA, 248. zk.).
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearen 2018ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bidez (2018ko abenduaren 28ko EHAA, 249. zk.) iragarritako I. fasea amaitu ostean, eta aipatutako agindu arautzailearen 12.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, II. fasearen deialdia egiten da, I. fasean onartu diren proiektuei laguntzak adjudikatzeko, 2019ko ekitaldian, eta, horretarako, behar diren arauak eman behar dira.
Horiek horrela, aipatutako aginduaren 12.3 artikuluan ezarritako eskumenaz baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea hauxe da: II. fasearen deialdia egitea, I. fasean onartutako proiektuetarako laguntzak adjudikatzeko. I. fasea Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduan aurreikusi zen, eta horretarako deialdia 2018ko abenduaren 18ko Ebazpenaren bitartez egin zen (2018ko abenduaren 28ko EHAA, 249. zk.). Aipatutako agindu horren bitartez, enpresa arloko I+G bultzatzeko Hazitek laguntza-programa arautzen da, 2019ko ekitaldiari dagokionez.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Deialdiko laguntzak finantzatzeko, 79.675.150,00 euro erabiliko dira. Erabilera horrek bat etorri beharko du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren 2018ko ekitaldiko aurrekontu-kredituekin, zeinak 2019ko ekitaldirako luzatu baitira.
Deialdiaren guztizko zenbatekoko 39.000.000,00 euro bideratzen dira izaera lehiakorreko I+G proiektuak finantzatzera, eta, 40.675.150,00 euro, izaera estrategikoko proiektuak finantzatzera.
Eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik eta haiek ebatzi baino lehen, zenbateko horiek aldatu ahal izango dira; betiere Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratzen diren aurrekontu-baliabideen arabera. Aldaketarik izanez gero, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpena emango du, aurreko guztiaren berri emateko.
3. artikulua.– Betekizunak.
Deialdi honetako laguntzak eskuratu ahal izateko, egiaztatu beharko da Hazitek programa arautzen duen Aginduaren 3. eta 20. artikuluetan proiektuei eta entitate eskatzaileei buruz ezarritako betekizunak betetzen direla.
4. artikulua.– Eskabideak: aurkeztea eta epea.
1.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 20. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz egin beharko da eskabidea; agindu horren bidez arautzen da enpresa I+G bultzatzeko Hazitek programa.
2.– Eskabidea lortzeko eta hori betetzeko, ondoren adierazten den egoitza elektronikoan bakarrik egin ahal izango da:
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/es/ (gaztelania).
http://www.industria.ejgv.euskadi.eus/r44-teletram/eu/ (euskara).
3.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, 09:00etan; amaitu, berriz, argitaratzen denetik hilabete igaro eta hurrengo eguneko 12:00etan amaituko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, eta laguntzak emateko proposamena egiteko, ebaluazio-organo bat eratzen da, zeinaren osaera hauxe izango baita:
Lehendakaria: teknologiaren arloan eskuduna den zuzendaritzako titularra, Iosu Madariaga Garamendi; eta ordezkoa: teknologiaren arloan eskuduna den sailburuordetzako titularra, Estíbaliz Hernáez Laviña.
Honako kide hauek izango dira bokalak:
– Industriaren garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako titularra; eta ordezkoa: industriaren garapenaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Agustín García Pérez.
– SPRIren ordezkari bat, Alberto Fernández González; eta ordezkoa: Miguel García.
– Teknologiaren arloan eskumenak dituen zuzendaritzako teknikari bat, Larraitz Segurola Bereciartua; eta ordezkoa: Natividad Niño Bartolomé, zeinak idazkari-eginkizunak egingo baititu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 30a.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea,
ESTÍBALIZ HERNÁEZ LAVIÑA.