EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019168

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Arabako lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez baimentzen baita Erriberabeitia udalerrian (Araba) 24 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaiko berri bat Arasur-en egikaritzea, eta dagokion proiektua onartzen baita.

Xedapenaren data: 2019-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201904088
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/08/22an argitaratutako 2019/07/04ko EBAZPENA [201903975]

Espediente-zenbakia: 01ATJ 201900001.
AURREKARIAK
Ikusi da EKIN Energía AIE enpresak aurkeztu dituela titularrak Arabako Lurralde Ordezkaritza honetan goian aipatutako instalazioarentzako administrazio-baimena, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua eta gauzatze-proiektua onartzeko eskaera. Era berean, ikusi da hasi berri dugun espedienteak betetzen dituela 282/2002 Dekretuak ezarritako arauzko izapidetzea eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Industriako 8/2004 Legea xedatutakoa.
Ikusi dira Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea.
Ikusi da Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko uztailaren 4ko Ebazpena, zeinaren bidez ematen baita Erriberabeitia udalerrian (Araba) Arasur-en 24 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaiko berriaren ingurumen-inpaktuaren txostena.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenaren arabera, energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren lurralde-ordezkaritzen esku uzten da. Eskuordetza honen bidez, ebazpen hau ematen da.
Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta oro har nahiz zehazki aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Arabako lurralde-ordezkariak honako hau
EBAZTEN DU:
1.– Baimena ematea EKIN Energía AIE enpresari Erriberabeitia udalerrian (Araba) 24 MW-ko eguzki-instalazio fotovoltaiko berri bat Arasur-en egikaritzeko, eta dagokion proiektua onartzea.
Ebazpen hau ematen da 282/2002 Dekretuan xedatutakoaren arabera eta honako baldintza orokor hauek kontuan hartuz:
1.– Onartutako proiektuari jarraikiz egin beharko dira obrak, kasu bakoitzean eskatu eta baimenduko diren aldaketekin.
2.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen hau ematen den egunetik aurrera hasita.
3.– Lanak amaitzean, instalazioen titularrak Arabako Lurralde Ordezkaritzari jakinarazi beharko dio lanen amaiera, behin betiko onarpena emateko eta abian jartzeko akta egiteko.
Obrak egiteko beharrezkoak diren udal- eta probintzia-eskumeneko eta bestelako baimenak edo lizentziak edozein direla ere, eta horiek aparte utzi gabe ematen da ebazpen hau, eta eskatzaileak nahitaez eskuratu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe emango da, jabetza-eskubidea salbu utzita.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, eta hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengo artikuluen arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 29a.
Arabako lurralde-ordezkaria,
JESÚS PASCUAL LORENTE.