EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-09-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2019166

AGINDUA, 2019ko uztailaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baitira EAEko sektore pribatuan dauden lantokietan 2019an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak (LanHitz).

Xedapenaren data: 2019-07-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201904077
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoan laguntzei eta dirulaguntzei buruzko arau hauek daude indarrean: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina, EONALTB (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.
Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari bere 13.2 artikuluan (apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.): Euskararen erabilera arautzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legea eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dauzkaten funtzioak.
Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21, Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak.
Euskararen Aholku Batzordeak, 2012ko uztailaren 18an onartutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planean arlo sozio-ekonomikoaren alorrean, etorkizunerako erronka era honetan zehazten du:
Enpresen eguneroko lanean euskara erabiltzea bezain garrantzitsua da (edo garrantzitsuagoa) bezeroarekiko harremanetan euskara erabiltzeko aukera bermatu eta sustatzea, kontsumitzaileek euskaraz jarduteko duten eskubidea aintzat hartuz.
Era berean, emakumeek lan-esparruan duten egiturazko desberdintasuna, soldata arraila, sexuaren ziozko lan-jazarpen egoerak, bereizkeria horizontala eta bertikala eta lanaldi partziala, besteak beste, egiaztaturik, genero-ikuspegia modu eraginkorrean integratzea bermatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean 3.4 artikuluan xedatzen den moduan. Hau da, emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratuko da, eta, horretarako, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatuko dira.
Azkenik, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez, Sailaren 2018-2020 epealdiko dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartu da, eta euskadi.eus atarian argitaratu da. Halaber, 2019ko maiatzaren 6an, Sailaren 2019. urteko plana onartu da. Bi plan horietan, LanHitz deialdia aurreikusita dago.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da EAEko sektore pribatuan dauden lantokietan, 2019an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak arautzea eta iragartzea (LanHitz).
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
LanHitz deialdirako aurreikusitako diru-baliabideak 1.850.000 euro dira.
Diru-kopuru hori 2019ko kudeaketa-plana garatzeko eskabidea egin duten pertsona edo entitate guztien artean banatuko da, agindu honen 17. eta 18. artikuluetan jasotako puntuen eta mugen arabera.
3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Europar Batasuneko nazionalitatea edo helbide soziala edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutakoa duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta indarreko legeriaren arabera eratuta badaude eta, edozein dela ere haien eraketa juridikoa, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten lantokien titularrak edo kudeatzaileak badira.
2.– Deialdi honetatik kanpo geratuko direnak:
a) Administrazio publiko batek edo gehiagok jarritako kapitala denetara entitatearen kapital sozial osoaren erdia baino gehiago duten entitateak.
b) Euskara-zerbitzuak eskaintzen dituzten entitateak: euskalduntzea, alfabetatzea, hizkuntza-kudeaketaren inguruko aholkularitza, itzulpenak, trebakuntza, besteak beste.
c) EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak eta haien fundazioak.
d) Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera (AO, C 249, 2014-07-31koa), krisialdian dauden enpresak.
e) Europar Batasunak dirulaguntza bat ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratu duen aurretiazko erabaki baten ondoren, berreskuratze-agindu baten zain dauden enpresak.
f) Laguntza-deialdi honetan sarbiderik izan arren, kanpo geratuko dira Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2019an edo 2019rako beste bideren batetik diruz lagundutako jarduerak.
g) Fundazio publikoak.
4. artikulua.– Onuradun izateko betekizunak.
1.– Eskatzaileak berrehun eta berrogeita hamar (250) langile baino gehiago baditu, berdintasun-plana egin eta aplikatu beharko du, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak bere 45.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– EAEko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie dirulaguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoen inor, Emakume eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak xedatutakoaren arabera.
4.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan alta emanda izan beharko dute. Betekizun hau ezinbestekoa da baiezko ebazpena izanez gero ordainketak egiteko.
5.– Halaber, eskatzaileari dirulaguntza esleitzeko eta ordaintzeko, eskatzaileak egunean egon beharko du zerga-zorren ordainketan eta Gizarte Segurantzarekikoan.
6.– Eskatzailea pertsona fisikoa bada, Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda egon behar du.
7.– Onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
5. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.
Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako dirulaguntzak.
6. artikulua.– Denbora-barrutia eta eskabideak aurkezteko epea.
1.– Laguntza-deialdi honek 2019an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu kontuan hartuko. Hori dela eta, deialdi honetara jotzen duten egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edo gizarteratu beharreko jarduerak, zerbitzuak eta produktuak 2019ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.
2.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epea izango du eskaera egiteko.
7. artikulua.– Dirulaguntzen izapidetzea.
1.– Pertsona edo entitate interesdunek bide elektronikoak erabili behar dituzte prozedurako izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak bere 14.2 artikuluan dioenari jarraituz.
Pertsona fisikoen kasuan aplikatuko zaie Bikain-Euskararen Kalitate Ziurtagiria arautzen duen ekainaren 5eko 162/2017 Dekretuak bere 13.1 artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoa.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta bestelako ereduak modu elektronikoan izapidetzeko zehaztapenak euskadi.eus-eko:
https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0096107 helbidean daude eskuragarri.
Eskaeraren ondorengo izapideak, honako gunearen bitartez egin beharko dira:
http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Hizkuntza hautatzea.
Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkez ditzakete laguntza-eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, laguntza-eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarri den bezala.
9. artikulua.– Pertsona edo entitate eskatzaileen zenbait betekizunen egiaztapena.
1.– Dirulaguntzaren entitate/pertsona eskatzailea zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean dagoela behar bestetan egiaztatuko du automatikoki organo kudeatzaileak eskatzaileari baimenik eskatu gabe, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraituz, betiere, eskatzaileak organo instrukzio-egileari eskaeran ofizioz konprobatzeko baimena ukatzen ez badio. Azken kasu honetan, entitate edo pertsona eskatzaileak frogatu beharko du zerga-betebeharren eta Gizarte Segurantzaren ordainketan egunean dagoela, horretarako dagozkion dokumentuak aurkeztuta.
2.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina betetze aldera, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, eskabide normalizatuan betekizun hauek egiaztatuko dira:
– Administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribaturen batetik, agindu honetan araututako dirulaguntzaren helburu bera duen laguntzarik jaso edota jasoko duen edo ez.
– Entitatea itzultze- edo zehapen-prozedura batean sartuta dagoen edo ez. Halaber, itzulketa-prozedura batetik eratorritako dirulaguntzarik itzultzeko betebeharrik duen ala ez.
– Pertsona edo entitate eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere, beren-beregi Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.
– Entitatea legez eratuta dagoela eta dagokion Erregistroan izena emanda.
– Entitate edo pertsona eskatzaileak ez duela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik ez izatea Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrak 13.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
3.– Erregistratuta egon ezean, edo Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, hirugarrenaren datuen alta-inprimakia aurkeztu beharko du. Inprimaki hori euskadi.eus-en dago (http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html).
10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: pertsona edo entitate eskatzailearen ingurukoa.
1.– Eskatzaileak berrehun eta berrogeita hamar (250) langile baino gehiago baditu 4. artikuluan aipatutako berdintasun-plana aurkeztu beharko du.
Tamaina horretatik beherako erakundeek honako hauek aurkeztu ahalko dituzte, izanez gero: entitatearen berdintasun-plana, kontziliazio-neurriak, lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak edota amatasuna eta norberaren familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak.
2.– Eskatzailea pertsona fisikoa izanez gero, Administrazioak ofizioz kontsultatuko ditu dokumentu hauek, pertsona fisikoak berariaz horretarako baimena ukatu ezean:
– Eskatzailearen nortasuna.
– Autonomoen Erregistroan edo dagokion elkargo profesionalean alta emanda dagoela.
– Jarduera Ekonomikoen zerga-ordainketan alta emanda dagoela.
Eskatzaileak aukera du berariazko baimena emateko gainontzeko datu eta dokumentazioa laguntza kudeatzen duen organoak lortu edo egiaztatu dezan, administrazio publikoei dagozkien egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak aparte utzi gabe.
3.– Eskatzailea pertsona juridiko pribatua izanez gero:
Entitate bakoitza legez eratuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
4.– Artikulu honen 1., 2. eta 3. apartatuetan aipatutako dokumentazioa Administrazioan aurkeztu izan bada eta eskaera egitean indarrean badago, eskabide-orrian dokumentazioaren ordezko adierazpena markatu ahal da eta noiz eta non aurkeztu zen dokumentazioa adierazi.
5.– Administrazio honetako erregistroetan dauden fundazioak, elkarteak edo kooperatibak badira, ofizioz konprobatuko du Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak eta nahikoa izango da Eskabide-orrian hau adieraztea.
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Eskatzaileren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.
12. artikulua.– Deialdira bil daitezkeen jarduerak.
EAEn lantokiak dituzten pertsona edo entitate pribatuen urteko kudeaketa-plana.
Kudeaketa-plana garatzeko ekintzek 2019ko urtarrilaren 1etik urte bereko abenduaren 31ra bitartean egindakoak izan behar dute.
13. artikulua.– Dirulaguntza-gai diren jarduerek bete beharreko gutxienekoak.
1.– Eskatzaile guztiek Erreferentzia Marko Estandarrari jarraiki (EME, aurrerantzean) osatutako urteko kudeaketa-plana aurkeztu beharko dute, «Hizketa» izeneko aplikazioa behar bezala betez.
EMEri buruzko zehaztapenak honako helbide honetan aurki daitezke:
http://www.euskadi.eus/errefrentzia-marko-estandarra-eme/web01-a2sekpri/eu/
Hizketari buruzko zehaztapenak honako helbide honetan:
http://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/
2.– EMEren 3. mailako osagai guztien hizkuntza-egoera eta urteko planerako helburuak zehaztu beharko dituzte («Hizketa» izeneko aplikazioa).
3.– Plan guztiek EMEren lehen mailako 6. elementua (kudeaketa-sistema) eta beste bi elementu jorratu behar dituzte, gutxienez. Horretarako, batetik, aurreikusten duten aurrerapena adierazi beharko dute («Hizketa» izeneko aplikazioaren Plan Estrategikoaren atalean) eta, bestetik, aurrerapen hori lortzeko, ekintzak zehaztuko dituzte Kudeaketa-planaren atalean.
4.– Halaber, euskara-koordinatzailea edota euskara-batzordea izan behar dute.
5.– Entitate eskatzailearen aginte exekutibo gorena duen organoak onartu behar du urteko kudeaketa-plana eta horren inguruko informazioa eskaeran horretarako dagoen atalean jasoko da.
14. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak.
1.– Proiektuaren auto-finantzazioak gutxienez % 40koa izan behar du.
2.– Eskatzaileak 12. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztu behar ditu bere jarduerak.
3.– Eskatzaileak adierazle-sistema era egokian aurkeztu beharko du: Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak finkatutako adierazle-sorta («Adierazle-sorta» izeneko formularioa) ahalik eta zehatzen beteta eta datuak beti sexuaren arabera emanda. Egindako neurketaren emaitzak 2018ko azken hiru hilabeteetakoak edo 2019koak izan beharko dira.
15. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa: jardueraren ingurukoa.
Entitateak dokumentazioan Emakume eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.
1.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Jardueraren diru-sarreren eta gastuen aurrekontu zehatza eta xehatua (eskabide-orrian bertan).
b) Hizketa izeneko aplikazioa era egokian beteta. Bertan ondorengo hauek jaso beharko dira:
Lehenengoa.– Plan Estrategikoari dagokion atalean, erakundearen Hizkuntza-egoera eta 2019rako helburuak.
Bigarrena.– Kudeaketa-planari dagokionean, planean aurrerapena lortzeko aurreikusitako ekintzen inguruko informazioa.
Urte bakarrerako plana jasoko da aplikazioan, kasu honetan 2019koari dagokiona.
«Hizketa» aplikazioan sarbidea izateko, erabiltzaile berriek, erakunde edo aplikazioa elikatuko duen erabiltzaile (erakundeko langilea izan edo ez) aldez aurretik Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzarekin harremanetan jarri behar dute Hizketa aplikazioan alta emateko.
Erabiltzaile berriek alta emateko dagokion fitxak (entitate fitxa/erabiltzaile fitxa) bete beharko ditu. Fitxa horiek LanHitz web gunean eskuratu ahal izango dira. Erakundearen edota erabiltzailearen fitxak bete ondoren, helbide honetara bidali beharko dira: lanhitz@euskadi.eus
Erabiltzaile-alta eta aldaketa guztiak (bajak barne) Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari jakinaraziko zaizkio aipatutako fitxen bidez.
Aplikazioan sartzeko ezinbestekoa da ziurtagiri digitala izatea. Gai hauen inguruko informazio guztia LanHitz web gunean dago (http://www.euskadi.eus/zer-da-lanhitz/web01-a2lanhit/eu/).
c) Adierazle-sorta izeneko formularioa era egokian beteta.
d) 12 urtetik gora HPSren laguntza jaso dutenek, Hizkuntza trebakuntza orokorra kontzepturako eskatutzen badute, euskara ikasten duten langileek lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua aurkeztu beharko dute.
2.– Baloratzeko aurkez daitekeen dokumentazioa (aukerakoa):
a) Entitateak indarrean hainbat urterako daukan Euskararen Plan Estrategikoa jasotzen duen dokumentua.
b) Entitatearen hizkuntza-politika edota hizkuntza-irizpideak jasotzen duen dokumentua.
c) Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.
d) Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua.
e) Entitatearen LanHitz deialdirako lehenengo eskaera bada, 2019rako egindako diagnostikoa eta Euskararen Plana Estrategikoaren diseinua jasotzen duen dokumentua.
16. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Balorazio batzordea osatzeari dagokionez, Emakume eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 3.7 artikuluan dioena kontuan hartuko da, eta kideetako batek, gutxienez, berdintasunari buruzko prestakuntza izango du.
2.– 2019ko deialdian onartutako eskabideak baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:
a) Josune Zabala Alberdi andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Estibaliz Alkorta Barragan andrea, Euskara Sustatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.
c) Edurne Pérez de San Román Ruiz de Munain andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna, edo haren ordezkoa, Ane Crespo Calvo andrea, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna.
d) Alberto Telleria Zabala jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Ander Alonso Lopez jauna, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu.
3.– Balorazio-batzorde honek, agindu honen 17. eta 18. artikuluetan ezarritako dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa finkatzeko irizpideak kontuan izanik, baloratu ondoren, Hizkuntza Politikarako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio.
4.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako moduan.
17. artikulua.– Dirulaguntza ebazteko prozedura eta balorazio-irizpideak.
1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau; hots, onartutako eskabideen arteko konparaketa egingo da eta finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, egitasmo bakoitzari dagokion puntuazioa emango zaio.
2.– Agindu honen 18.5 artikuluak zehaztutako gastuak eta mugak aplikatuta, aurkeztutako aurrekontuaren arazketa egingo da eta onartutako aurrekontua finkatuko da.
Proiektu bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eskatutako kopuruaren arazketa egingo da, 18. artikuluak zehaztutako mugak aplikatuta. Proiektu bakoitzak lortutako puntuazioa ehuneko bihurtuko da (adib.: 50 puntu = % 50) eta ehuneko hori aplikatuko zaio eskaera araztu ondoren geratzen den kopuruari.
Nolanahi ere, hasierako kalkuluen emaitzen kopurua deialdiaren diru-zuzkidura baino handiagoa bada, entitateek jaso beharreko dirulaguntza kopurua hainbanatu egingo da, proportzioan, deialdiaren aurrekontu baliabideetara egokitzeko.
3.– Egitasmoen balorazioari dagokionez: esleipen-prozedurari ekin aurretik, baldintzak betetzen dituzten egitasmoak baloratuko dira, artikulu honen 5. puntuan finkatutako irizpideen arabera.
4.– Berrogei puntutik beherako egitasmoek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
5.– 2019ko kudeaketa-plana baloratzeko oinarrizko irizpideak:
a) Egindako diagnostikotik aukeratutako helburuetara zein planteatutako aurrerapen-mailara iristeko kudeaketa-planaren egokitasuna eta bideragarritasuna: 10 (hamar) puntu, gehienez.
b) Euskara planaren sendotasuna erakusten duten dokumentuak: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
1.– Indarrean dagoen entitatearen hainbat urtetarako euskararen Plan Estrategikoa jasotzen duen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.
2.– Entitatearen Hizkuntza-Politika edota Hizkuntza-irizpideak jasotzen duen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.
3.– Euskara ikasten duten langileak lanean euskara erabiltzen has daitezen entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 3 (hiru) puntu, gehienez.
4.– Euskara dakiten langileek berariazko trebakuntza euskaraz jaso dezaten entitateak ezarrita dituen irizpideak jasotzen dituen dokumentua. 4 (lau) puntu, gehienez.
c) Euskara-planak zuzenean eragindako langile-kopurua: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
1.– Zuzenean eragindako langileen % guztirakoa (7 puntura arte).
2.– Trebakuntzan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).
3.– Berariazkoan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).
4.– Azpibatzorde eta lantaldeetan dabiltzanak % guztirakoa (2 puntura arte).
5.– Planaren komunikazioak eragindakoak % guztirakoa (2 puntura arte).
d) Urteko plana burutzera bideratutako diru-baliabideen egokitasuna: 15 (hamabost) puntu, gehienez.
Pertsona edo entitate eskatzaileak, bere izaeragatik, dagokion sektorearen ezaugarriengatik (industria/zerbitzua) eta finkatuta dauzkan hizkuntza-politika eta hizkuntza-irizpideak kontuan izanda, abiapuntutik finkatutako helburuetara iristeko aurreikusi dituen giza- eta diru-baliabideen egokitasuna.
e) EMEren lehen mailako 1. elementuan (Erakundearen irudia) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
f) EMEren lehen mailako 2. elementuan (Bezeroekiko (pertsona fisikoak) eta herritarrekiko harremanak)) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
g) EMEren lehen mailako 3. elementuan (Barne-komunikazioa eta lan-tresnak)) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
h) EMEren lehen mailako 4. elementuan (Pertsonen kudeaketa)) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
i) EMEren lehen mailako 5. elementuan (Kanpo-harremanak)) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
j) EMEren lehen mailako 6. elementuan (Kudeaketa-sistema)) euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa areagotzeko aurreikusitako neurriak eta ekintzak: 5 (bost) puntu, gehienez.
k) Bikain ziurtagiria aurreko 3 (hiru) urteetan eskuratuta edukitzea: 10 (hamar) puntu, gehienez. Egiaztatutako azkena hartuko da kontuan.
k.1) Entitate osorako Oinarrizkoa: 6 (sei) puntu.
k.2) Entitate osorako Ertaina: 8 (zortzi) puntu.
k.3) Entitate osorako Goi-maila: 10 (hamar) puntu.
k.4) Entitate osorako izan ezean: 4 (lau) puntu.
l) Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundearen aitorpena indarrean duen entitatea izatea. Aitorpen hori otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuak arautzen du. 3 (hiru) puntu.
m) Entitateak berdintasun-plana, edota kontziliazio-neurriak, edota lanean sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko neurriak, edota amatasuna eta norberaren, familiako eta laneko bizitza uztartzea babesteko baimenak eta onurak edukitzea. 2 (bi) puntu.
6.– Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak era egokian baloratzeko.
18. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.
1.– Esleitu beharreko dirulaguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak pertsona edo entitate eskatzailearen proposamena bertan behera utziko du 40 (berrogei) puntu baino gutxiago jasotzen dituzten jardueren kasuan, edota balorazio-batzordeak esleipen-proposamena prestatu ondoren, pertsona edo entitate jakin bati esleitu behar zaion diru-kopurua guztira mila (1.000) euro baino gutxiagokoa balitz.
2.– Edozein modutan ere, 17.2 artikuluan jasotzen den aurrekontu araztuaren gaineko % 60ko dirulaguntza esleitu ahal izango da, gehienez ere.
3.– Halaber, euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duen pertsona edo entitate bakoitzak gehienez ere 25.000 euro jaso ahal izango ditu, eta gainontzekoek, 35.000 euro.
4.– Agindu honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu bertsurako eman ditzakeenekin, baldin eta agindu honetako mugak errespetatzen badira eta eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako jardueraren kostu osoari gehienez dagokion dirulaguntzara arte.
5.– Ondokoak dira kontuan hartuko diren gastuak eta mugak:
Dirulaguntza honetako gastuak eta mugak finkatzeko, Diruz lagundu daitezkeen gastuak finkatzen dituen azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikulua hartu da kontuan.
a) Itzulpenetarako, gehienez ere, gastu osoaren % 50 hartuko da kontuan, betiere, 12.000 euroko gastua baino gehiago ez bada. Kontuan hartuko den tarifa Eusko Jaurlaritzako Itzultzaile Zerbitzu Ofizialak gaztelaniatik euskarara itzultzeko testu errazetan edo estandarretan aplikatzen duena izango da, 0,0823 euro hitzeko.
Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek softwarearen itzulpenetarako bakarrik jaso ahalko dute itzulpen-gastua aurrekontuan eta zehaztu beharko dute zein aplikaziotarako eskatzen duten (eskabide-orrian).
b) Batzarretako aldibereko itzulpen-zerbitzua. Gehienez ere 2.000 euro arteko gastua hartuko da kontuan.
c) Langile elebidunen lanari lotutako hizkuntza-trebakuntza orokorra, baldin eta HABEk diruz lagundu ez badu. Kalkuluak egiteko erabiliko den erreferentzia: 5,21 euro ikasle/orduko.
Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso duten eskatzaileek, beti ere erabilerarekin lotzeko plan pertsonalizatua egiten bazaie ikasleei (hala bada, markatu eskabidean, izena adierazi proiektuari buruzko dokumentazioaren atalean eta erantsi dokumentua).
d) Langileentzako prestakuntza-ikastaroa euskaraz.
e) Softwarea. Kontzeptu honetan, gehienez ere, 15.000 euroko gastua hartuko da kontuan. Euskarazko softwarearen sorkuntza, programa, aplikazio edo software baten iturburu kodea euskaratzea, produktua euskaraz itzultzea lagunduko dira diruz. Hemendik kanpo geratzen dira webguneak euskaraz sortzea edo elikatzea, edo sortuta dauden aplikazioen bitartez euskarazko informazioaren bidaltze soila, aplikazioa bera euskaratu gabe.
Terminologia zein hizkuntza egokitzapen soila denean, honi dagokion diru-zuzkidura itzulpenen atalean sartu beharko da, derrigorrean. Edozein eratara, entitateek softwaregintzan egin dituzten lanen merkatuko kostu estimatua zein izan litekeen jakiteko, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak era horretako lanetan eskarmentua duten aholkularitzekin jarduteko aukera izango du, baldin eta beharrezkotzat joko balu.
f) Plangintzaren jarraipena, ebaluazioa, inplementazioa eta egokitzapena. Honetan hiru azpi-kontzeptu hauek hartuko dira aintzat:
1.– Euskara Batzordearen jarduera; hots, batzorde horretako kideen lan-bileren orduak.
2.– Euskara-koordinatzailearen dedikazioa; bere lan-jardunaren barruan zeregin horri eskainitako denbora (ehunekotan) eta horren kostua.
3.– Pertsona edo entitate eskatzaileak kanpo aholkularitza-zerbitzua kontratatua baldin badu, planaren jarraipenari eta ebaluazioari dagokien gastua, muga hauekin:
– Lehenengoz aurkezten direnek, gastu horretaz gain, aurten diagnostikoa eta diseinua egin badituzte, dagokion txostena aurkeztuta, 8.000 euroko muga.
– Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza behin edo 12 urtera arte jaso dutenek, 5.000 euroko muga.
– Euskara-planak kudeatzeko HPS-ren dirulaguntza 12 urtetik gora jaso dutenek, 2.000 euroko muga.
g) Ez da aintzat hartuko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria edo bestelako euskararen kalitate-ziurtagiririk eskuratzeari edota eskuratzeko aurrelanari lotutako gasturik.
19. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpena sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
2.– Hala ere, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan eta dagozkion ondorioak izan ditzan.
3.– Sei hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunean hasi eta hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gora jotzeko errekurtsoa aurkezteko aukera izango du. EHAAn argitaratzen den eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.
20. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
Dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz bidalitako jakinarazpena jaso eta hamar (10) eguneko epean dirulaguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, dirulaguntza onartutzat emango da.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Esleitutako dirulaguntzen ordainketak bi zatitan egingo dira:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren ehuneko hirurogeita bost (% 65) ordainduko da, dirulaguntza onartutzat ematen den egunean hasi eta bi (2) hilabeteko epean.
b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako ehuneko hogeita hamabost (% 35) ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean. Bigarren ordainketa 2020ko aurrekontuen kontura egingo da.
22. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikaziorako dirulaguntza publikoei buruzko justifikazioa arautzen duen 38/2003 Legearen 30. artikuluak ezarritakoa hartuko da kontuan.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du ezinbestean Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzaren aurrean.
3.– Dirulaguntza zuritzeko, gastuak 2019ko urtarrilaren 1a eta 2019ko abenduaren 31 bitartekoak izango dira, eta gastu horiei dagozkien ordainketa-agiriak 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak eta justifikazioa egiteko epea amaitu baino lehenagokoak.
4.– Dirulaguntzaren justifikagiriak aurkezteko azken eguna 2020ko martxoaren 31 izango da.
5.– Justifikatzeko era:
Justifikagiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira:
http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean sartuta
23. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Diruz lagundutako jardueren behin betiko balantze ekonomikoa, 2019ko diru-sarrerak eta -irteerak «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» izeneko formularioaren arabera zehaztuz eta erakunde publiko nahiz pribatuetatik jasotako beste dirulaguntzak eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak esleitutakoa ere adierazita. Pertsona edo entitate onuradunak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez badu, horren adierazpena egingo du «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakia» formularioan bertan.
2.– Justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egin beharko da. Justifikazio-kontu erraztuak, erantzukizunpeko adierazpenaren izaera izango duenak, honako hauek jaso beharko ditu («Justifikazio-kontu erraztua» deituriko formularioa):
2.a) Agindu honen 25. artikuluak ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.
2.b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion gastuen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, jaulkipen-data, guztirako zenbatekoa eta egotzitako gastua biltzen dituena, «Emandako dirulaguntza justifikatzeko inprimakian» finkaturiko kontzeptu nagusien arabera sailkatuta. Langile-gastuak zuritzeko ez dira onartuko berariaz egindako ziurtagiriak.
3.– 2019ko kudeaketa-plana garatzeko dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek honako hauek erantsi behar dituzte:
a) Hizketa aplikazioa behar bezala beteta. Bertan, Euskararen Plan Estrategikoaren atalean amaierako egoera bete behar da eta, Kudeaketa-planaren atalean, ekintzaren amaierako egoera ekintza bakoitzean.
b) Itzuli edo egokitutako testuen ale bana eta jatorrizkoen ale bana euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus) eta horren zerrenda («Exceleko formularioa»). Hala eskatuz gero, Agiri-ereduak, glosategi eta terminologia-lanez gain, diruz lagundutako prestakuntza eta trebakuntza-material kurrikularra ere Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku jarri behar da euskarri informatikoan.
c) Hizkuntza-trebakuntza orokorraren eta euskaraz egin diren laneko berariazko prestakuntza-ikastaroen zerrenda, iraupena eta bakoitzean parte hartutako ikasleen kopurua, sexuaren arabera berezita («Exceleko formularioa»).
Entitateak dokumentazioan Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, ez du hizkera sexistarik erabiliko, eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, ez du erabilera estereotipaturik egingo. Gainera, informazio guztia sexu-aldagaia kontuan harturik jaso eta eman beharko du.
d) Hala dagokionean, Euskara-batzordearen bileren akten kopia aurkeztu behar da euskarri informatikoan (15 MB-tik gorako artxiboak helbide honetara bidaliko dira fitxategiak partekatzeko tresna/Web zerbitzu baten bidez: lanhitz@euskadi.eus), besteak beste, honako hauek zehaztuz: data, partaideak (sexuaren arabera berezita), iraupena eta jorratutako gaiak.
4.– Dirulaguntza jaso duten pertsonek edo entitateek % 100ean justifikatu behar dute 17.2 artikuluan jasotako aurrekontu onartua.
5.– Justifikazio-kontu erraztuaren arabera egiten bada ere, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak ausazko laginketa sinplea izeneko laginketa-teknika aplikatuko du frogagiriok egiaztatzerakoan, dirulaguntza egoki aplikatzeari buruzko zentzuzko ebidentziak lortu ahal izateko. Eta, horrela eginez gero, organo emaileak eskatu ahalko dio onuradunari bidaltzeko bai laginketan aukeratutako gastu-inbertsioen egiaztagiriak, bai eta haiek ordaindu izanaren egiaztagiriak ere.
6.– Justifikazio garaian, anomalia edo irregulartasunen bat ikusiz gero, agindu honen 24. eta 26. artikuluetan finkatutakoari ekingo zaio zuzenean.
24. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen-ebazpena.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzaren helburua bete bada. Hori dela eta, onartutako aurrekontuaren eta justifikatutako gastuaren arteko desbiazioa % 5era artekoa bada, ez da ebazpena aldatuko. Desbiazio hori % 5etik % 25era artekoa bada, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da, onartutako aurrekontuarekiko desbiazioaren proportzio berean. Hortik gorako desbiaziorik ez da onartuko eta ebazpena bertan behera utziko da.
25. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen pertsona edo entitate onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 52.2 artikuluan finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Dirulaguntza-eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
b) Dirulaguntza-eskabidean aurrikusitako ekintzetarako erabili beharko dute.
c) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute urtean bertan.
d) Eusko Jaurlaritzak deialdi honen bidez diruz lagundutako edozein egitasmoren betetze-mailaren jarraipena egin ahal izango du, eta horretarako egokien irizten dituen neurriak hartuko ditu. Dirulaguntzaren onuradunak behar beste erraztasun emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, honek jarraipen hori egin ahal izan dezan.
e) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
f) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta duen pertsona bat izendatuko dute.
g) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
h) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.
i) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte-, eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
j) Emakume eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
k) Dirulaguntzaren jasotzaile direnek diruz lagundutako programa, proiektu edo jardueren ondorioz agerpen publikoetan erabiltzeko diren iragarki-txarteletan, argazkietan eta gainerako material idatzietan, entzunezkoetan eta elektronikoetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskainitako babesa adierazi beharko dute, horretarako logotipo normalizatua erabiliz. Arestian zerrendatutako material horiek guztiek gutxienez euskaraz egon beharko dute.
26. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak honako kasu hauetan joko dira bete gabetzat:
a) Jasotako dirulaguntza ez justifikatzea edo bere osotasunean ez justifikatzea.
b) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.
c) Agindu honen 25. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.
d) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
e) Dirulaguntzen araudian nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (dekretu haren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira), adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko informazio-klausula:
– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza.
– Helburua: entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan, euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko dirulaguntzak kudeatzea 2019an.
– Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
– Jasotzaileak: arloko eskumena duten administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
– Informazio gehigarria: helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
https://www.euskadi.eus/dbao/0096107
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Laguntza-programa hau Europako Batzordeak zenbait dirulaguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia), eta Erregelamendu horren 53.2 artikuluak ezarritakora egokitzen da.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 17a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.