EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2019158

EBAZPENA, 2019ko abuztuaren 2koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Larrasoloeta EU-10 eremuaren (Durango) Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duena.

Xedapenaren data: 2019-08-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201903977
Maila: Ebazpena
EGITATEAK
2019ko martxoaren 1ean, Durangoko Udalak Larrasoloeta EU-10 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Planari) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko eskabidea bete zuen. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren; besteak beste, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zuela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2019ko apirilaren 25ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ohar horiek oinarritzat hartuta, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde eta entitate hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari; Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Natura Inguruneko Zerbitzuari; Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Ihoberen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan txertatu da haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Larrasoloeta EU-10 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Larrasoloeta EU-10 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan Bereziak helburutzat du bizitegi-lurzoru hiritar finkatugabean EU-10 egikaritze-unitatearen antolamendu xehatua egitea, eremu hori garatzeko zehaztapen espezifiko batzuk aldatuta. Zehaztapen horiek Durangoko Plangintzarako Arau Subsidiarioetan (2005) daude ezarrita. Zehazki, aurreikusten zen etxebizitza kopurua aldatuko da; 123 ziren, eta 126 izango dira. Horrez gain, eremuaren azalera zertxobait doitu da, bai eta eraikuntzen antolaketa eta orientazioa eta bide-sarearen funtzionamendua zehaztu ere. Hala ere, ez dira aldatu ez eraikigarritasun-parametroak ez etxebizitza-dentsitatea.
Planak aurreikusten du eraikuntza kontzentratuko bizitegi-eremu bat eta bide-sistema bat egitea, eremuko trafiko-fluxuei erantzuna emateko. Aurreikusita dago, baita ere, berdegune zabal bat egitea, jarraitutasuna emateko orain dauden berdeguneei. Antolatu beharreko eremuak 40.182,07 m
Hauek dira aurreikusita dauden jarduketak:
– Bizitegi-eremua. Guztira 126 etxebizitza eraikiko dira. Horretarako, 4 bloke mailakatu egingo dira, gehienez, 18.482 m
– Jabari eta erabilera publikoko espazio libreak eta berdeguneak. Horretarako, 19.680,27 m
– Bide-sarea. Bi bide egingo dira eremuaren barruan: lehenaren bidez, bizitegi-eremura sartu ahalko dira oinezkoak eta ibilgailuak, eta Antso Estegiz zumardia eta eremuaren ipar-ekialdean dagoen biribilgunea lotzen ditu; bigarrenak, aldiz, biribilgunea eta Jesús Oñate y Hermanos SA enpresa (forjaketa hotza eta mekanizatuak) lotzen ditu. Bide hori enpresa horrentzat bakarrik izango da, eta, ibilgailu-sarbide batez gain, kamioiak Montorreta kalera ateratzeko eremu bat izango du.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak.
Planak ez du aldatuko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean jasotako egiturazko antolamendua; EU-10 bizitegi-lurzoru hiritar finkatugabean antolamendu xehatua garatzea du helburu. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. Planak ez du eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.
2) Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Jarduketaren xede den eremuan ez dago ez naturagune babesturik ez interes naturalistikoko eremurik. Ez da aurkitu, ezta ere, mehatxatutako edo interes bereziko flora- eta fauna-espezierik. Era berean, ez dago ur-ibilgurik, ez eta interes hidrogeologikoko gunerik ere. Eta ez da inolako igarobide ekologikoren parte. Paisaiaren aldetik berezitasunik ez duen hiri-eremua da.
Eremuak ez dauka uholdeak jasateko arriskurik. Lurpeko urak kutsatzeko arriskua oso txikia da eremuko zati gehienetan, eta baxua, gainerako zatietan. Ez dago, ezta ere, kutsatuta egon litekeen lurzorurik, baina Jesús Oñate y Hermanos SA enpresak hartuta duen lekua –eremuaren iparraldeko mugan– inbentariatuta dago, kutsa dezakeen instalazio bat du eta.
Europar Batasunaren intereseko EAEko habitaten maparen (2012) arabera, eremuaren mendebaldeko erdian «6510-Altitude baxuetako sega-belardi elkorrak» habitata egongo litzateke. Eremuko landarediari dagokionez, belardiak, baratzeak eta fruta-arbolak, landaredi erruderal-nitrofiloa eta tresnetarako eraikinak daude; beraz, esan liteke leku horretan, gaur egun, ez dagoela 6510 habitata.
Egoera akustikoari erreparatuta, zarata-foku nagusiak Larrasoloeta kalea –eremuaren mendebaldeko mugan–, Montorreta kalea eta Jesús Oñate y Hermanos SA enpresa –iparraldean– dira.
Planak ondorio hauek izango dituela aurreikusten da:
– Obra-fasean: lurrak mugitzea, hondakinak sortzea, aireko partikulak igortzea, zarata eta bibrazioak.
– Ustiapen-fasean: hondakinak eta hondakin-urak sortzea, lurzorua artifizial eta iragazgaitz egitea, ur-emaria areagotzea eta kutsadura akustikoa.
Soinu-inpaktuari dagokionez, Eragin Akustikoari buruzko Azterketaren arabera –espedientean dago jasota–, eremuko zati gehienetan, bizitegi-eremuetarako ezarritako kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira (KAH), EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuari jarraikiz. Hala eta guztiz ere, kanpoaldean ez dira helburuak betetzen eguneko hiru aldietan (goizean, arratsaldean eta gauean): bi blokeren fatxadetan, Larrasoloeta kalearen ondoko zati txiki batean eta Jesús Oñate y Hermanos SA enpresatik gertu dagoen gune batean. Halaber, azterketak adierazten du ez dagoela kanpoaldean aplikatzeko zuzenketa-neurri bideragarririk, eta etxebizitzen barnealdean KAHak betetzeko kalkulua egiten du.
Planean jasotako antolamendu xehatuak ez du ekarriko garapen berrietara azalera gehiago bideratzea, indarrean dagoen planari dagokionez, ezta balizko efektuak areagotzea ere. Horrenbestez, ez da uste planak eragin aipagarririk izango duenik ingurumenean, baldin eta jarduketak indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatzen badira, esaterako, segurtasunaren eta osasunaren arloan, ingurumenean, natura- eta kultura-ondarean, kutsadura akustikoan eta uren arloan, eta ingurumen-txostenean eta jarraian datorren apartatuan zehazten diren babes- eta zuzenketa-neurriak beteta.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoaren arabera.
Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Halaber, kontuan hartuko dira eranskinean agertzen diren Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileak.
Kontuan izanik Planaren eremuaren iparraldean lurzorua kutsa dezakeen jarduera bat izateagatik inbentariatutako lurzati bat dagoela, kutsadura-zantzuak antzemanez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaio, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko 4/2015 Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezingo da garapen urbanistikorik gauzatu kanpoaldean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez diren eremuetan, alde batera utzi gabe arau horren 43. eta 46. artikuluetan ezarritakoa.
Bigarrena.– Zehaztea, bildutako zehaztapenei jarraikiz eta ebazpen honetan ezarritako baldintzak betez, ez dela aurreikusten Larrasoloeta EU-10 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin kaltegarri nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Larrasoloeta EU-10 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko abuztuaren 2a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea eta hondakinak kudeatzea.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako,
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienerako behar diren ezaugarriei dagokienez,
• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
• Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
• Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.