EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2019158

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 18koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201903976
Maila: Ebazpena
EGITATEAK
2019ko otsailaren 19an, Amorebieta-Etxanoko Udalak eskabidea bete zuen, Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2019ko maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu die egoki ikusten dituzten oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (Bizkaiko bulegoa) eta Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Ingurugiro zuzendaritza nagusiei; Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon da Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian, interesdunek egin ahal ditzaten egoki ikusi dituzten ingurumen-arloko oharrak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza Nagusiaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan dago haien emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Berezia da horietako bat.
Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.– Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, eduki hauekin:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Plan bereziaren xedea da indarreko plan bereziaren antolamendu xehatua aldatzea; hala, industria-eraikinen bolumetria-ezaugarriak berritu nahi dira, altuera eta, ondorioz, solairu gehiago izateko. Hauek dira zehaztapen berriak:
– Gehieneko altuera «gune industrialean»: oro har, altuera handiagoak baimenduko dira (20 metrora arte), baina eraikinek 10 metrotik gora badituzte, atzerapen handiagoa eduki beharko dute eraikinok, apaltze-neurriez gain.
– Gehieneko solairu kopurua sestra gainean «gune industrialean» eta «gune komertzialean»: behekoa eta beste lau, zorutik sabaira egon beharreko gutxieneko altuera kontuan hartuta.
Proposamena hobeto egokitzen da ekonomia berriak behar dituen tipologietara, eta lurzoru-okupazioa txikiagoa litzateke.
B) Proposatutako plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, Lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan: plana bat dator eremuari eragiten dioten lurralde-antolamenduko planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.
c) Planak ingurumen-kontsiderazioak integratzeko duen egokitasuna, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planak aukera ematen du lurzoru artifizialduaren erabilera intentsiboa egiteko.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Planak barnean hartzen dituen jarduketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea, ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunaren eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultura-ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloetan indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak.
Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira gauzatu garapen berriak kanpoko ingurunean kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2) Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta babes-neurriak eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.
3) Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Etorkizunean hirigintza-garapenik eginez gero, behar diren neurriak hartu beharko dira kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak lortzeko (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan jarritakoak), hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan xedatutakoa.
Planaren eremuan ez dago babes bereziko edo erdi-mailako babeseko ondasunik, EAEko kultura ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera; alabaina, kontuan hartuta inguru horretan Boroako Done Petriko erromatar hilarria topatu zela (Arkeologi Museoa) eta Boroa toponimoak antzina (erromatar) foro bat zegoela iradokitzen duela, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren iritzian, ezinbestean egin behar da azterlan arkeologiko bat proiektuan eragindako lursailetan lur-mugimendurik egin baino lehen.
Baldin eta jarduketarik edo lur-mugimendurik egiten bada lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen inbentarioak jasotako lurzatiren batean (48003-00265 eta 48003-00232 kodeak, erreminta-fabrikazioa eta bero-energiaren ekoizpena, hurrenez hurren), lurzoruaren kalitate-adierazpena izapidetu beharko da, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada.
Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen gaineko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7.3 artikulua aplikatuta, egoki iritzi zaio plan bereziak paisaia-integrazioko azterlan bati loturiko obra-proiektua barnean hartzeko betebeharra ezartzeari. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoan paisaia integratzeko azterlanei buruzko gida erabiltzea proposatzen da (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila, 2016).
Bestalde, eraikuntza-proiektuak egikaritzeko prozesuan aplikatuko diren neurriak loturik egongo dira obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu gutxienez: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarrienetarako behar diren ezaugarriei dagokienez,
– Materialak. Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Bereziak ingurumenean ondore kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Amorebieta-Etxanoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Amorebieta-Etxanoko «Boroa Industrial» sektorearen Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.