EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019149

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Belako Lanak SLU enpresak Lemoiz udalerriko (Bizkaia) Andraka parajean harri eta haitz naturalen bidezko betelanak egiteko proiektuaren gaineko ingurumen-inpaktuaren txostena.

Xedapenaren data: 2019-06-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201903811
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2019ko martxoaren 20ko sarrera-data duen idazkiaren bidez, Lemoizko Udalak Andraka parajean Belako Lanak SLU enpresak sustatuta harri eta haitz naturalen bidezko betelan bat egiteko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera osatu zuen, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari zuzendua, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluak xedatutakoaren arabera. Aipatu arauaren II. eranskineko 9. taldean jasota dago proiektua.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuak eragiten dien administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.
Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, URA-Uraren Euskal Agentziari, Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari.
Kontsulta-izapidea bukatuta, honako hauen erantzunak jaso dira: Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzarena (bi horiek Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritzarena (Bizkaiko Foru Aldundikoa), eta URA-Uraren Euskal Agentziarena. Kontsulten emaitza espedientean jasota dago. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio sinplifikatua egingo zaie lege horren II. eranskinean jasotako proiektuei. Beraz, eta ingurumen-ebaluazioaren alorrean indarrean dagoen legedia aplikatuz, Andraka parajean harri eta haitz naturalen bidezko betelanak egiteko proiektuari ingurumen-inpaktuko ebaluazioaren prozedura sinplifikatua aplikatuko zaio.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta proiektuaren ingurumen-txostena zuzena denez eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen denez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori eskuduna da aipatu otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion ala ez.
Lege hauek ikusi dira: Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, eta urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea, Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Lemoizko Andraka parajean Belako Lanak SLU enpresak sustatuta harri eta haitz naturalen bidezko betelanak egiteko proiektuari, baldintza hauetan:
A) Proiektuaren xedea da eraikinen eraikuntzari eta errepideen mantentze-lanei (profilatzeei eta ezponda-erauzteei) loturiko indusketetako harri eta lur naturalen bidezko betelanak egitea Lemoizko Andraka parajean.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1) Proiektuaren ezaugarriak:
Jarduketak eragina izango du 18,53 ha-tan. Horietatik, 12,5 ha betelanak izango dira, itsas maila +95 m kota minimotik itsas maila +124 m kota maximora bitartean. Hauexek dira betelanen ezaugarri nagusiak:
– Bolumen zenbatetsia: 40.000 m
– Balio bizitza zenbatetsia: 4 urte.
– Eremurako sarbidea eraikiko da BI-2153 errepidean.
– Betelaneko materialak: lurzoru naturaleko lurrak eta haitzak, kutsatu gabeak. Ezin erabili daiteke bestelako materialik.
– Hondoko drainatzea, laginketa-kutxatilarekin.
– Aire libreko drainatze perimetralak, betelanekiko iragazgaitzak, eta 500 urteko errepikatze-denborara egokituak.
– Dekantazio-putzu bat egitea betelanen oinarrian, Andraka errekatik 15 m-ra baino gehiagora, drainatze perimetraletako urak eta hondoko urak biltzeko ibilgura isuri aurretik.
– Gurpilak garbitzeko sistema instalatzea.
2) Proiektuaren kokapena:
Lemoizko Andraka auzoko 005 poligonoko 005. eta 018. lurzatietan egingo dira betelanak. BI-2153 errepidearen eskuinaldean dagoen mendi-hegal batean egingo dira.
Baso misto atlantikoz inguratuta dago eremua; ipar-ekialdean, Andraka errekaren ibilgua dago. Hego-mendebaldean, 005. lurzatian, sega-larre atlantikoen eremu bat dago; Batasunaren intereseko habitatak dira, «6510 – Altuera gutxiko sega-larre pobreak (
Eremuan eta inguruan ez dago ingurumen-balio bikaineko edo kultura ondarean katalogatutako edo inbentariatutako elementurik bat ere. Uholde-arrisku aipagarririk edo kutsatuta egon daitekeen lurzorurik ere ez da aurkitu.
3) Balizko inpaktuaren ezaugarriak:
Proiektuaren ondoriozko inpaktu esanguratsuenak proiektua bera gauzatzeko fasean gertatuko dira, nagusiki, eta lursaila prestatzeko lanek eta betelana osatuko duten lurrak botatzeko lanek eragingo dituzte. Nabarmendu beharreko arriskuak: Andraka errekako uren kalitateak okerrera egin dezake solido esekiak ugaritzeagatik; betelana egin asmo dagoen eremuaren mugakide den baso mistoak kalteak izan ditzake; espezie aloktono inbaditzaileek koloniza ditzakete lurra mugituko den lursailak; giza habitatean hauts-igorpenak, zarata eta kamioien zirkulazioa handituko dira obra-fasean eta jarduketaren ustiapenean.
Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:
– Betelanean onartuko diren material bakarrak indusketetako lurzoru naturaleko lurrak eta haitzak izango dira, eta ez da bestelako materialik onartuko, honako dekretu hauetan xedatutakoaren arabera: 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena; eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena arautzen duena.
– Obrak proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira, bai eta lursaila okupatzea eragiten duten eragiketa osagarri guztiak ere. Aipatutako eremutik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko dira makinen joan-etorriak. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean eraginik gertatuz gero, zuzentze- eta lehengoratze-neurri egokienak burutuko dira.
– Obrak egiten diren bitartean, jarduera egokien eskuliburuan ezarritakoa aplikatuko da.
– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
• Ibilgua babesteko 15 metroko tartea balizatuko da, ibilgailuen joan-etorriak, materialen eta hondakinen pilaketak, isurketak eta abar saihesteko.
• Betelanetatik ibaian behera egin asmo dagoen dekantazio-putzua, Andraka errekara solidorik ez botatzeko, erabilgarri egon beharko da proiektuaren fase guztietan. Sarrera bat atonduko da, aldizkako garbiketa-lanak egin ahal izateko.
• Errepideetatik, sarbide-pistetatik, garbiketarako ureztatzeetatik eta gurpilak garbitzekoak gainezka egiteagatik sor daitezkeen jariatzen-urak egoki tratatu beharko dira, eta debekatuta egongo da ibilgu publikora zuzenean isurtzea.
• Obrako makinak gordetzeko azalera eta haiek mantentzeko tokia drainatze-sare naturaletik bereiziko dira.
• Bestalde, mantentze-eragiketak edo erregaia transferitzeko eragiketak horretarako egokituko den gunean egingo dira, lurrean olioak edo erregaiak ez isurtzeko moduan.
• Ezin izango da lurrazaleko edo lurrazpiko urik bildu, horretarako administrazio-emakida izan ezean.
– Natura-ondarea eta paisaia babesteko eta kaltetutako eremuak lehengoratzeko neurriak.
• Ibilgua eta ibaiertzak babesteko 15 metroko zerrendako landaredia naturala bere horretan utziko da, baita zuzenean okupatu behar ez diren eremuetakoa ere. Balizatu egingo dira eremuok, obren eraginik nozi ez dezaten. Zorrotenak eraikitzeko egin beharko diren belar-sastraken garbiketak ahalik eta azalera txikienera mugatuko dira.
• Betelanek eragindako eremu osoa lehengoratzea eta landareztatzea bermatuko da. Horretarako, baso misto atlantikoko eta haltzadi kantauriarreko espezieak erabiliko dira (erreka inguruan, zorrotenetan eta ubide perimetraletan), eremuaren inguruko baso-masekin jarraitutasuna bermatuta.
• Lur-mugimenduek iraun bitartean, landare-lurra kendu, metatu eta bereizita zabalduko da, betiere ukitutako eremuen lehengoratzea eta landareztatzea errazte aldera.
• Aurrekontuan barne hartuko du hutsarteak betetzeko eta landareak behin betiko errotzea lortzeko behar diren mantentze-lanetara bideratutako kontu-sail bat.
• Proposatutako luzetarako drainatzearen ohiko mantentze-lanak egingo dira, ornodun txikiak igaro ahal izatea ziurtatzeko.
• Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Jarduteko eremuan landare horiek badaude, desagerrarazteko ahaleginak egingo dira.
– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta zarataren arloko gainerako arauetan xedatutako neurri aplikagarrien kalterik gabe, honako hauek hartuko dira aintzat:
• Egikaritze-fasean, neurriak hartu beharko dira honako hauen inguruan: obrako makinen mantentze orokorra; zarata eta bibrazioak jatorrian murriztea; makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzea; obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzea, eta abar.
• Obra-fasean erabilitako makinek aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legeria bete behar dute, eta, batez ere, aplikatzekoa denean, aire zabalean erabiltzen diren makina batzuek inguruan egiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan ezarritakoa eta gainerako arau osagarriak bete beharko dituzte.
– Hondakinak kudeatzeko neurriak:
• Ahalik eta hondakin gutxien sortuko da.
• Sortutako hondakinak Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluak xedatzen duen lehentasun-hurrenkeran kudeatuko dira: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta beste balorizazio mota batzuk, balorizazio energetikoa barne dela. Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta prozedura horiek aplikatzea ezinezkoa bada, hondakinak deuseztatu egingo dira ingurumenean eragin gabe, edo ahal den eragin txikiena eginik.
• Berariaz debekatuta egongo da sortutako hondakinen tipologia desberdinak nahastea, arriskutsuak izan ala ez. Hondakinak jatorrian bereiziko dira, eta horiek biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak baliatuko dira, hondakinak ez nahasteko eta kudeatzaile baimenduei entregatzeko, obran edo instalazioan berrerabiltzeko ez badira, behintzat.
• Hondakin arriskutsuak biltegiratuz gero, beharrezkoak diren preskripzio teknikoak aplikatuko dira, kudeatzaile baimendu batek bildu arte.
• Behar bezalako baldintzetan baztertuko dira olioen eta baterien hondakinak, makinerien mantentze-lanen hondakin arriskutsuak eta, oro har, substantzien/prestakinen hondakin arriskutsu guztiak, haiek barnean izan dituzten ontzi guztiak, iragazkiak, xurgatzaileak, trapu eta kotoi kutsatuak, hodi fluoreszenteak, merkuriozko lurrunezko lanparak eta abar, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeari jarraikiz, eta Aparatu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuaren eta hondakinei buruzko gainerako araudiaren arabera.
– Airearen kutsadura txikiagotzeko neurriak.
Airearen kutsadurari dagokionez, ahalegin handia egingo da obra-fasean ahalik eta hauts gutxien sor dadin. Airearen kalitatean ez eragiteko, materialak garraiatzean eta zamalanak egitean honako neurri hauek hartuko dira, atmosferara partikularik ez igortzeko:
• Sarbidean, ibilgailuen trafikoa eta obrako makinena mugatuko da.
• Garraiatutako zama olanaz estaliko da, eta, beharrezkoa izanez gero, gain-gainetik ureztatuko da.
• Materialaren zamalanak ahalik eta hauts gutxien sortzeko moduan egingo dira.
• Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, bai eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatuko ere. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute uneoro.
• Garbiketa egiteko, zisterna-ibilgailuak erabiliko dira, edo, zenbait tokitan, presio-mahukak edo antzeko tresnak.
• Obrarako sarbideak, makina-parkea, obrako materialak aldi baterako gordetzeko gunea eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko guneak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko irizpideen arabera proiektatuko dira, eta helburu horretarako aukeratutako tokietan ezarriko.
• Materialak kanpoaldean metatu behar izanez gero, material horiek haizetik babestuen dauden lekuetan kokatuko dira.
• Ez da hondarrik erreko, ez eta beste inolako materialik ere.
– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurra erauzteko eta mugitzeko obretan zehar arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, behar diren neurriak har ditzan.
– Garbiketa eta obra-akabera.
Behin obrak bukatuta, garbiketa-kanpaina sakona egin beharko da, obra-hondarrak kendu eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu.
Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz bigarren puntuan ezarritakoek eta baimen sektorialetan zehazten diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Andraka parajean Belako Lanak SLU enpresak sustatuta egingo den harri eta haitz naturalen bidezko betelanaren proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Lemoizko Udalari.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua baimenduko ez balitz. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 27a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.