EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019149

123/2019 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia erakundeari baimena ematen diona Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen kapital gehikuntzan parte hartzeko, eta Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen estatutuak aldatzeko dena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900123
Xedapenaren data: 2019-07-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201903804
Maila: Dekretua
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Administrazio Kontseiluak 2019ko maiatzaren 22ko bileran erabaki zuen Eusko Jaurlaritzari eskatzea baimena eman ziezaiola, EAEko aurrekontuak onartzeko 5/2017 Legearen 5.c) apartatuari jarraikiz, agentzia horrek berak parte har zezan Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Guztira, 2.159.949 euro harpidetuko dira, eta hori % 72,91ko partaidetza izango da. Eragiketa horren ostean, % 66,08koa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen denez, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuan, non eta ez diren doan eskuratzen, nahitaez adieraziko da sozietatearen xedea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen helburuak honako hauek dira: inbertsio eta ekimen industriala sustatu eta bultzatzea, industria-pabiloien konplexu bat eraikiaz, eta horiek, errentamendu-formulen, jabetza-transferentzien edo prekarioko lagapenaren bidez kudeatuaz, lokalen eta zerbitzuen promozioa eta komertzializazioa eginez, eta haietan instalatu nahi diren enpresak gonbidatu eta hautatuaz; enpresa horiek teknologia aurreratuko jarduerak burutu beharko dituzte, bereziki elektronikaren edo informatikaren arloan (hardware eta software); guzti hori produktu, prozesu eta zerbitzuei aplikatuaz, eta halako instalazioetan obligaziozko diren zerbitzuen ustiapen eta kudeaketa iraunkorrarekin aurrera eginez; zerbitzuok honakoak lirateke: testuen prozesaketa, telexa, ordenagailu bidez marrazketa, datu-baseekiko konexioa, ordenagailuen alokairua, bulegoetako makinaria, batzar-aretoak eta telefono bidezko arreta pertsonalizatua.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 30ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artilukua.– Baimena ematea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen kapital-gehikuntza harpidetzeko, 2.159.949 euroko guztizko zenbatekoarekin, hau da, gehikuntza horren % 72,91. Eragiketa horren ostean, % 66,08koa izango da SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren parte-hartzea.
2. artilukua.– Baimena ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei kapital-gehikuntzaren ondorioz Parque Tecnológico de Álava – Arabako Teknologi Parkea SA sozietatearen estatutuen 2. artikuluaren aldaketa onartzeko, eta honela idatzita geratzen:
«Berrogeita zazpi milioi, zortziehun eta berrogeita hiru mila eta laurehun eta berrogeita hemeretzi (47.843.459) euro ezartzen da kapital soziala, zazpiehun eta laurogeita lau mila hiruehun eta hemeretzi (784.319) akziotan zatituta; akzio bakoitzak hirurogeita bat euro (61,00) balio nominala du, eta akzioak zenbakituta egongo dira, 1etik 784.319ra, biak barne, eta erabat harpidetuta eta ordainduta».
AZKEN XEDAPENA
Onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.