EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019147

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 24koa Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearena eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordearena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia onartzeko dena, (Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 12an onartua).

Xedapenaren data: 2019-07-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201903746
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/11/12an argitaratutako 2012/10/16ko EBAZPENA indargabetzen du [201204968]

Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktikak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak lege esparru berria ezarri du, unibertsitateko praktiken arloan. Errege Dekretu horrek Hezkuntza Lankidetza Programei buruzko ekainaren 19ko 1497/1981 Errege Dekretua indargabetu du, baita hura eguneratzen duen irailaren 9ko 1845/1994 Errege Dekretua ere. Bestalde, TSren 2013ko maiatzaren 21eko epaiak baliorik gabe utzi zuen unibertsitate ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen zituen azaroaren 18ko 1707/2011 Errege Dekretua.
UPV/EHUk kanpoko praktika akademikoei buruzko hainbat arautegi izan ditu; berriena Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak Arautzeko Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartutakoa.
Gaur egun, arloko unibertsitate araudia aipatutako 592/2014 Errege Dekretura eta unibertsitatearen behar berrietara egokitzea beharrezkoa da, eta horretarako, ahalegin berezia egin da ikasleen praktiketarako dauden barne prozedurak egungo antolaketara egokitzeko, bai eta izapideak errazteko ere. Bestalde, zehaztasun handiagoarekin arautu dira praktiketan egun garrantzitsuak diren zenbait gai, besteak beste: konfidentzialtasuna, industria jabetza eta intelektuala eta datu pertsonalen babesa.
Aurkeztutako arautegiaren proposamena egiteko, metodologia partehartzailea erabili da: aurreko arautegia hobetzeko proposamenak eskatu zitzaizkien praktiketako arduradunei, eta gero lankidetzan aztertu zituzten Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordetzaren eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordetzaren artean, Praktiken eta Enplegagarritasunaren arloko zuzendaria izanik lankidetza horren buru. Proposamen guztiak aztertu ondoren, arautegi berriaren testua idatzi zen, eta hiru campusetako Kanpo Harremanetarako zuzendaritzei eta ikastegietako praktiken arduradunei aurkeztu zitzaien, iradokizunak eta hobetzeko proposamenak egiteko epe bat irekita. Aipatutako bi errektoreordetzek proposamen guztiak aztertu ondoren, egoki iritzitako alderdiak aldatu zituzten, eta testua izapidetzeari ekin zitzaion, araudi aplikagarriak ezarritako prozeduraren arabera.
Hala, proposamena 2019ko maiatzaren 16an egindako Graduko Batzordean eta 2019ko maiatzaren 17an egindako Graduondoko Batzordean aurkeztu zen, eta alegazioak aurkezteko epe bat ezarri zen bietan, 2019ko maiatzaren 24ra arte. Aurkeztutako alegazioak eta iradokizunak aztertzeko eta Errektoretza Taldeak Arautegiaren alderdi zehatz batzuei buruz adostutako zenbait jardun lerro sartzeko, bi batzordeetako kideek osatutako azpibatzorde bat eratu zen, 2019ko maiatzaren 29an bildu zena, eta han adostu zen testua Graduondoko Batzordeak onartu zuen ekainaren 28ko bileran, eta Graduko Batzordeak, berriz, uztailaren 4an.
Hori guztia UPV/EHUren Estatutuak onartzen dituen otsailaren 15eko 17/2011 Errege Dekretuaren arabera; Estatutu horien 88.b) eta 90.b) artikuluek, hain zuzen, antolakuntza eta kudeaketa akademikoari buruzko arautegiak Gobernu Kontseiluan aurkezteko eskumena ematen baitie, hurrenez hurren, Graduko Batzordeari eta Graduondoko Batzordeari. Era berean, gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko ebazpenak (EHAA, 2017.02.03) Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloari eta Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloari zer gai ematen dizkien hartu behar da kontuan.
Aurreko guztia kontuan hartuta, eta Estatutuetako 177.1.b) artikulua betetzeko, proposamena Gobernu Kontseiluan aurkeztu zen eta onartua izan zen 2019ko uztailaren 12an.
Aipaturiko guztia kontuan hartuta, eta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.2 artikuluan dioena betez (2004/03/12ko EHAA), honakoa
EBATZI DUGU:
Argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia, eranskinean jaso bezala.
Leioa, 2019ko uztailaren 24a.
Errektorea.
EE (Gobernu taldearen egitura eta funtzionamendu arloak zehazteko, eta eskumenak eskuordetzeko UPV/EHUko errektorearen 2017ko urtarrilaren 25eko ebazpenak (EHAA, 2017-02-03).
Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea,
ARACELI GARÍN MARTÍN.
Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea,
TXELO RUIZ VÁZQUEZ.
UPV/EHUko IKASLEEN KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOEN ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea eta definizioak.
1.1.– Arautegi honen xedea UPV/EHUko gradu eta master titulu ofizialetako eta berezko ikasketetako ikasleen kanpoko praktikak arautzea da.
Xedapen orokorrak berezko ikasketei aplikatuko zaizkie, haien espezifikotasunaren arabera aplikagarria den alderdietan.
1.2.– Arautegi honen ondorioei begira, zera ulertuko dugu:
a) Tutorea UPV/EHUko irakasle-ikertzaile bat da, eta haren egiteko nagusia da erakunde laguntzaile batean kanpoko praktika akademikoak egiten ari den ikasleari jarraipena egin eta laguntzea da. Ikasle bakoitzari tutore bat esleituko zaio.
b) Instruktorea, kanpoko praktika akademikoak gauzatuko diren erakunde laguntzaileko kidea da, eta bertan egiten du lan, eta haren egiteko nagusia da prestakuntza jarduerak antolatzea, unibertsitatearekin ados jarrita. Ikasle bakoitzari instruktore bat esleituko zaio.
c) Praktika Programaren Arduraduna (aurrerantzean, PPA) unibertsitatearen egiturako edo ikastegiko pertsona bat da, eta haren egitekoa da kanpoko praktika akademikoen programa antolatzea, koordinatzea eta kudeatzea.
d) Erakunde laguntzailea, UPV/EHUrekin kanpoko praktika akademikoak gauzatzeko akordio batera iristeko ahalmena duen enpresa edo erakundea da.
Arautegi honen ondorioei begira, «erakunde laguntzailea» kontzeptuak UPV/EHUren antolakuntza unitateak ere bere baitan hartuko ditu, 21. artikuluaren prozedura jarraituz ikasleei kanpoko praktika akademikoak eskaintzeko onartzen badira.
2. artikulua.– Kanpoko praktiken kontzeptua, izaera eta ezaugarriak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak ikasleek gauzatzen dituzten eta unibertsitateak gainbegiratzen dituen prestakuntza jarduerak dira, eta haien bidez, ikasleei prestakuntza akademikoan jasotako ezagutzak aplikatzen eta osatzen lagundu nahi zaie, jarduera profesionalerako prestatzen, lan merkatuan egokitzen eta ekintzailetzarako gaitasuna sustatzen ahalbidetuko dieten gaitasunak eskura ditzaten.
2.– Kanpoko praktika akademikoak unibertsitatean bertan edo erakunde laguntzailetan egin ahal izango dira, hala nola estatuko eta nazioarteko erakunde publiko eta pribatuetan.
3.– Kanpoko praktika akademikoen prestakuntza izaera dela eta, haiek egitean ez dira sortuko lan harreman bati dagozkion betebeharrak, eta ezin izango dira erabili lanpostu baten berezko zereginen ordezko gisa.
4.– Era berean, ikasketak bukatutakoan ikaslea erakunde laguntzaileko langile bilakatzen bada, praktiketan eginiko denbora ez da aintzat hartuko antzinatasunari begira, eta langile berria ez da horregatik proba epea igaro beharrik gabe geratuko, aplikatu beharreko lan hitzarmenean bestelakorik zehazten denean izan ezik.
5.– Administrazio publikoetan, zuzenbide publikoko erakundeetan eta gainerako organismo publikoetan egindako kanpoko praktika akademikoak ez dira merezimendutzat hartuko funtzio publikora sartzeko, eta ez dira zenbatuko antzinatasun edo lehendik egindako zerbitzu gisa.
3. artikulua.– Helburuak.
Honako helburu hauek lortu nahi dira kanpoko praktika akademikoen bitartez:
a) Ikasleen prestakuntza integrala bultzatzea, haren ikaskuntza prozesu teorikoa eta praktikoa osatuz.
b) Ikasleek jardun beharko duten errealitate profesionalaren araberako lan metodologiaren ezagutza erraztea, jasotako ezagutzak alderatuta eta aplikatuta.
c) Ikasleek gaitasun teknikoak, metodologikoak, pertsonalak eta partaidetzakoak garatzea.
d) Ikasleek esperientzia praktikoa eskuratzea, lan merkatuan sartzen eta enplegagarritasuna hobetzen laguntzeko.
e) Berrikuntzaren, sormenaren eta ekintzailetzaren balioak bultzatzea.
4. artikulua.– Kanpoko praktiken modalitateak.
Kanpoko praktika akademikoak curriculumekoak eta curriculumez kanpokoak izan daitezke.
a) Curriculumeko praktikak dena delako ikasketa plana osatzen duten jarduera akademikoak dira. Praktiken modalitate honen xedapen espezifikoak arautegi honen II. kapituluan tratatuko dira.
b) Curriculumez kanpoko praktikak ikasleek prestakuntzaldian beren borondatez egin ditzaketen praktikak dira, eta, curriculumeko praktiken helburu berberak izanda ere, ikasketa planetatik kanpo daude. Praktiken modalitate honen xedapen espezifikoak arautegi honen III. kapituluan tratatuko dira.
5. artikulua.– Praktiken iraupena eta ordutegiak.
1.– Praktiken iraupena honako hau izango da:
a) Curriculumeko kanpoko praktikek dena delako ikasketa planean ezarritako iraupena izango dute.
b) Curriculumez kanpoko praktikek ez dute iraungo, ahal bada, ikasturtearen % 50 baino gehiago. Haien iraupena eta garapena zehazteko, PPAk edo, ikastegiak hala ezartzen duenean, tituluko praktiken arduradunak kontuan hartuko ditu fakultateak, eskolak edo atalak onartutako irizpideak, dagokionean, eta ikasleen jarduera akademikoen garapen zuzena eta jarraipena ziurtatzen saiatuko da.
c) Curriculumeko nahiz curriculumez kanpoko praktiketan, ikasleen arduraldi osoak ez du gaindituko praktikak egingo diren arlo profesionalaren lanaldia.
2.– Ikasketen eta ikasketa planaren arabera, 8. artikuluan aipatutako hitzarmenean ikasturte bakoitzean praktikak zer datatan egingo diren zehaztuko da.
3.– Praktiken ordutegiak ikastegiak eta erakundeak adostuko dituzte, praktiken ezaugarriak eta erakunde laguntzailearen aukerak aintzat hartuta. Nolanahi ere, ordutegi horiek bateragarriak izango dira ikasleek unibertsitatean gauzatu beharreko prestakuntza eta jarduera akademikoekin, baita haien ordezkaritza eta partaidetza betebeharrekin ere. Ikasketen bukaerak praktikena ere ekarriko du ezinbestean. Curriculumez kanpoko praktikei dagokienez, behin ikasketak amaituta, soilik lehendik baimendu diren eta dagoeneko hasita dauden praktikak amaitu ahal izango dira, eta ez dira luzatuko izenpetutako hitzarmenaren indarraldiaz eta tituluaren eskaeraz harago, betiere ikasleek dagokion aseguruaren estaldura badute.
6. artikulua.– Praktika Programaren Arduradunaren (PPA) zereginak.
Kanpoko praktika akademikoen programaren antolaketan, koordinazioan eta kudeaketan, PPAk, ikastegiak hala ezartzen duenean tituluetako praktiken gainerako arduradunekin koordinatuta, besteak beste, zeregin hauek izango ditu:
1.– Hitzarmenen izapidetzea bultzatzea, eta haien edukia erakunde laguntzailearekin adostea, arautegi honen eranskinetan jasotako ereduak erabilita, ahal bada. Era berean, dagokion eredura egokitzen ez den hitzarmenaren edukia arautegi honekin bat datorrela egiaztatuko du.
2.– Erakunde laguntzaileak hautatutako instruktoreari adostasuna ematea. Adostasun horrek venia docendiaren aitortza ekarriko du, eta hori arautegi honen 13.3 artikuluan adierazitako prozeduraren arabera gauzatuko da.
3.– Praktikak erakunde laguntzaileetan esleitzeko unean, ikasle hautagaiak hautatzeko irizpideak proposatzea edo erabakitzea, arautegi honen 9. eta 19. artikuluetan ezarritakoa kontuan hartuta.
4.– Kanpoko praktika akademikoak egiteko ikasle hautagaien zerrendak prestatzearen eta zabaltzearen ardura hartzea, hala dagokionean, ezarritako prozeduraren arabera.
5.– Dekanoari edo zuzendariari kanpoko praktiken kudeaketaren eta garapenaren berri ematea.
6.– Kanpoko praktiken arloko eskumena duen zuzendaritzak hala eskatuta, erakunde laguntzailean egindako praktiken emaitzen berri ematea.
Hala behar bada, PPAk Ikastegiko Praktiken Batzordearen laguntza jasoko du.
7. artikulua.– Prestakuntza proiektua.
1.– Kanpoko praktika akademiko bakoitzaren oinarrian dagoen prestakuntza proiektuak hezkuntza helburuak eta gauzatu beharreko jarduerak finkatu beharko ditu. Helburuak zehazteko kontuan hartuko dira ikasleek bereganatu behar dituzten oinarrizko gaitasunak, gaitasun orokorrak eta/edo espezifikoak. Era berean, praktikaren edukiak definitzeko, eduki horiek ikasketetan eskuratu beharreko gaitasunekin lotura zuzena dutela ziurtatu beharko da. Gradu eta master ofizialetako kanpoko praktiken prestakuntza proiektuaren ezaugarriak 29. artikuluan zehaztuko dira, curriculumeko praktiketarako, eta 37. artikuluan, berriz, curriculumez kanpokoetarako. Berezko ikasketen kanpoko praktiken prestakuntza proiektuaren ezaugarriak, berriz, 37. artikuluan zehazten dira.
2.– Nolanahi ere, prestakuntza proiektua aukera berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioen arabera eratuko da.
3.– Dagokion ikasketa planean ezarritakoa abiapuntutzat hartuta, tutorea arduratuko da kanpoko praktika akademikoen prestakuntza proiektua egiteaz. Era berean, erakunde laguntzaileko instruktoreak hala proposatuta, praktika behar bezala gauzatzeko ezinbestekoak diren egokitzapenak egin beharko ditu.
8. artikulua.– Hezkuntza Lankidetzarako Hitzarmenak.
1.– Kanpoko praktika akademikoak gauzatu ahal izateko, unibertsitateak hezkuntza lankidetzarako hitzarmenak sinatuko ditu arautegi honen 2.2 artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzaileekin, eta erakunde horietarako irisgarritasuna bereziki sustatuko du, ezgaitasunak dituzten ikasleek ere praktikak egiteko aukera izan ditzaten. Xede horri begira, behar diren giza baliabide eta baliabide material nahiz teknologiko guztiak bideratuko ditu, aukera berdintasuna berma dadin.
2.– Unibertsitateak eta erakundeak sinatu beharreko hitzarmenak 31, 39, 46 artikuluetan eta lehen xedapen gehigarrian tratatzen dira, praktikaren modalitatearen arabera.
3.– Praktiketako ikasleak hartuko dituzten unibertsitateko antolakuntza unitateen kasuan, praktiken gaineko arautegi honen 21. artikuluak xedatutakoa beteko da.
9. artikulua.– Praktiken ikasle hartzaileak eta haietan parte hartzeko baldintzak.
1.– Kanpoko praktikak egin ahal izango dituzte:
a) UPV/EHUk emandako edozein ikasketatan matrikulatutako ikasleak.
b) UPV/EHUn ikasten ari diren Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetako ikasleak, haien artean ezarritako mugikortasun akademikoko programen edo hitzarmenen arabera.
2.– Praktikak egiteko, ikasleek, dagokionean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ikasleak praktikak egitean eskuratu behar dituen oinarrizko gaitasunei, gaitasun orokorrei eta/edo espezifikoei lotutako unibertsitate ikasketetan matrikulatuta egotea.
b) Curriculumeko kanpoko praktiken kasuan, lotutako irakasgaian matrikulatuta egotea, dena delako ikasketa planaren arabera.
c) Praktikak egingo diren enpresa edo erakunde publiko nahiz pribatuarekin edo unibertsitatearekin kontratu bidezko harremanik ez edukitzea, non eta praktikez arduratzen den dekanordeak edo zuzendariordeak berariaz baimentzen duen; kasu horretan, dagokion informazioa edo dokumentazioa eskatu ahal izango da.
d) Praktikako modalitate bakoitzerako arautegi honetan, dena delako ikasketa planean eta dagokion ikastegiko batzarrak onartutako barne arautegian praktika egin ahal izateko beharrezkoak diren gainerako baldintza espezifikoak betetzea.
e) Praktiketan segurtasuna bermatuko duen jarrera erakustea. Baldin eta praktikak hasi aurretik dagokion PPAk ikasleak praktiketan pertsonen edo instalazioen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa den oinarrizko jarrera ez izatearen ebidentziak baditu, PPAk arrazoitutako txosten bat igorriko dio ikastegiko dekanotzari edo zuzendaritza taldeari, eta hark erabakiko du ikasle horri praktika egitea onartzen zaion ala ez. Ikasleari praktika ukatzen bazaio, ukapenaren arrazoiak jakinaraziko zaizkio eta, curriculumeko praktiken kasuan, aktan «ez-aurkeztu» gisa agertuko da.
3.– Bere lanean lanerako ezintasun iragankorraren egoeran dagoen ikasleak, langilea izanik, ezingo ditu egin, oro har, kanpoko praktikak, PPAk berariaz baimentzen dionean izan ezik.
10. artikulua.– Praktiketan ari diren ikasleen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Kanpoko praktikak egitean, ikasleak honako eskubide hauek izango ditu:
a) Praktikek irauten duten bitartean, unibertsitateko irakasle baten eta praktika egiten ari den enpresa, instituzio edo erakundean lanean ari den profesional baten tutoretzarako eskubidea.
b) Ebaluaziorako eskubidea, unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.
c) Praktiketako erakunde laguntzaileak egindako txostena eskuratzeko eskubidea. Bertan, berariaz aipatuko dira egindako jarduera, iraupena eta, hala badagokio, errendimendua.
d) Hala zehaztu den kasuetan, erakunde laguntzaileak ikasketetarako laguntza gisa finkatutako ekarpen ekonomikoa jasotzeko eskubidea.
e) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, legeriak arlo horretan zehaztutako baldintzetan, ikasleak lagapen edo transmisio dokumentua sinatu duenean izan ezik, dagozkion aplikazio informatikoetan dauden ereduak erabiltzeko aukera edukita.
f) Segurtasun eta lan arriskuen prebentziorako araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea. Informazio hori erakunde laguntzaileak eman beharko du.
g) Bere jarduera akademikoa, prestakuntza zereginak eta ordezkaritza nahiz partaidetza betebeharrak betetzeko eskubidea, aldez aurretik erakunde laguntzaileari jakinarazita.
h) Ezgaitasunak dituzten ikasleen kasuetan, praktikak besteen baldintza berberetan egiteko eta tutoretza, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eskubidea.
i) Ezgaitasunak dituzten ikasleen kasuan, praktikak ezgaitasunari lotutako edo hortik eratorritako jardueretara eta egoera pertsonalera egokitzeko eskubidea.
j) Azterketak egiteko praktiketara ez joateko eskubidea, hiru egun lehenago tutoreari eta instruktoreari horren justifikazioa emanda. Arrazoi akademikoengatik edo beste era bateko arrazoiengatik joan ezean, ahalik eta lasterren emango die horren berri tutoreari eta instruktoreari, eta tutorearen baimena eskuratu beharko du.
k) Indarrean den araudian eta unibertsitateak eta/edo erakunde laguntzaileak izenpetutako hezkuntza lankidetzarako hitzarmenetan aurreikusitako beste eskubide guztiak.
2.– Era berean, kanpoko praktika akademikoak egin bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Kanpoko praktiken arloan indarrean dagoen arautegia, unibertsitateak zehaztutakoa, betetzea.
b) Praktiken prestakuntza proiektua ezagutzea eta betetzea, erakunde laguntzaileak izendatutako instruktorearen jarraibideak kontuan izanik eta unibertsitateko tutorearen gainbegiradapean.
c) Praktikak egin bitartean unibertsitateko tutorearekin harremana izatea, eta praktikarekin zerikusia duen edozein gorabehera hari jakinaraztea, bai eta eskatzen zaizkion agiriak, txostenak eta azken memoria entregatzea ere.
d) Erakunde laguntzailean hitzartutako egunean hastea, hezkuntza proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea, praktikaren araberako jantziak eta higienea mantentzea, eta erakundearen funtzionamendu arauak eta segurtasun eta lan arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.
e) Praktiketako pertsonen eta instalazioen segurtasuna bermatuko duen jarrera erakustea.
f) Prestakuntza proiektua garatzea eta erakunde laguntzailearekin hitzartutako jarduerak egoki betetzea, proiektuan ezarritako lan ildoen arabera.
g) Praktika motaren arabera arautegi honen 32. eta 40. artikuluetan aurreikusitako agiriak prestatzea eta entregatzea.
h) Erakunde laguntzailearen barne informazioari lotutako konfidentzialtasuna gordetzea eta sekretu profesionala gordetzea; hortaz, praktikak egin aurretik, egin bitartean eta behin amaituta ezagutzen edo eskuratzen dituen datuak ez dizkie hirugarren pertsonei komunikatuko eta jakinaraziko.
i) Baliabide informatikoak erabiltzeko proposatutako jarraibideak eta segurtasun neurriak betetzea, informazioa eskuratzean eta agiriak babestean, baita instalazioen segurtasunean ere.
j) Erakunde laguntzailearen politikarekiko errespetuzko jarrera izatea une oro, partaide den unibertsitatearen izen ona zainduta.
k) Indarrean den araudian eta unibertsitateak erakunde laguntzailearekin sinatutako hezkuntza lankidetzarako hitzarmenetan aurreikusitako beste edozein betebehar.
3.– Aurreko atalean aipatu diren betebeharrak bete ezean, praktikak bertan behera utzi ahal izango dira. Horretarako, UPV/EHUk edo erakunde laguntzaileak beste aldeari arau hauste horren berri jakinaraziko dio, eta aldeen artean izenpeturiko lankidetza hitzarmenean aurreikusi bezala ebatzi beharko da auzia.
4.– Betebeharrak betetzen ez badira edo praktikak justifikaziorik gabe uzten badira, ikasleak zigortuko da, praktika berriak eskatzen dituenean esleitzerakoan lehentasunerako aukera galduta.
11. artikulua.– Ikasleen gainbegiratzea, UPV/EHUn eta erakunde laguntzailean.
1.– Kanpoko praktikak egiteko, ikasleek unibertsitateko tutore bat eta erakunde laguntzaileko instruktore bat izango dute.
2.– Unibertsitateko tutorea arautegi honen xedapen espezifikoen arabera izendatuko da, irakaskuntza mota eta praktika modalitatea aintzat hartuta.
3.– Ezgaitasunak dituzten ikasleen tutoreei eginkizun hori betetzeko beharrezkoa den informazioa eta prestakuntza emango die unibertsitateak.
4.– Erakunde laguntzaileak izendatutako instruktorea erakunde horri lotutako pertsona bat izango da, esperientzia profesionala ez ezik, tutoretza lan egokia egiteko ezagutzak ere izango dituena. Instruktorea eta unibertsitatearen tutoretza lana egingo duen pertsona ez dira bat eta bera izango.
12. artikulua.– Unibertsitateko tutorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Unibertsitateko tutoreak honako eskubide hauek izango ditu:
a) Bere jarduera akademikoaren aitortza eraginkorra jasotzeko eskubidea, unibertsitateak, dagokion unibertsitate araudian aurreikusitakoari jarraiki, ezarriko dituen baldintzetan.
b) Kanpoko praktikak arautzen dituen arautegia ezagutzeko eskubidea, baita prestakuntza proiektua eta tutorea izango den ikasleak egingo duen egonaldiaren baldintzak ere.
c) Erakunde laguntzailean sarbidea izatea, bere eginkizunak bete ahal izateko.
2.– Era berean, honako betebehar hauek izango ditu:
a) Prestakuntza proiektua era egokian gauzatzen dela zaindu beharko du, eta praktiketako ordutegia ikaslearen betebehar akademikoarekin, prestakuntza zereginekin eta ordezkaritza nahiz partaidetza betebeharrekin bateragarria dela bermatuko du.
b) Praktiken jarraipen eraginkorra egin beharko du. Horretarako, erakunde laguntzaileko instruktorearekin koordinatuko da, eta, halakorik bada, jarraipen txostenak aztertuta.
c) Prestakuntza proiektuan gerta daitezkeen aldaketak baimenduko ditu.
d) Tutoretzapeko ikaslearen praktiken ebaluazio prozesua gauzatu beharko du, arautegi honen 14. artikuluak xedatutakoaren arabera.
e) Tutore lanaren bidez eskuratutako zeinahi informazio isilpean gorde beharko du.
f) Gerta daitezkeen gorabeherak jakinarazi beharko dizkio PPAri edo, ikastegiak hala ezartzen duenean, tituluko praktiken arduradunari.
g) Ezgaitasunak dituzten Ikasleek praktikak aukera berdintasunean, bereizkeriarik jasan gabe eta irisgarritasun unibertsala xedatzen duen printzipioaren arabera egiteko, laguntzarako behar dituzten baliabideak egoki bideratu direla gainbegiratu beharko du, eta, hala behar bada, halaxe egin dadila eskatuko du.
13. artikulua.– Erakunde laguntzaileko instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.
1.– Erakunde laguntzaileko instruktoreak eskubide hauek izango ditu:
a) Bere laguntzaile jarduera aitortua izateko eskubidea, artikulu honen 3. zenbakian jasotako baldintzetan.
b) Kanpoko praktikak arautzen dituen arautegiaren berri izateko eskubidea, baita prestakuntza proiektua eta hura garatzeko baldintzak ezagutzekoa ere.
c) Unibertsitatean sartzeko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar duen informazioa eta babesa eskuratzeko.
d) Unibertsitateak ezar ditzakeen beste kontsiderazio espezifiko guztiak.
2.– Era berean, betebehar hauek izango ditu:
a) Ikasleari harrera egin, eta garatu beharreko jarduera antolatu beharko du, prestakuntza proiektuan zehaztutakoaren arabera.
b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratu, eta praktikaren garapena orientatu eta kontrolatu beharko ditu, elkarrekiko errespetuan eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarritutako harremanean.
c) Ikasleari erakundearen antolakuntza eta funtzionamenduaren berri eman beharko dio, baita intereseko araudia ezagutarazi ere; batez ere, segurtasunaren eta lan arriskuen arlokoa.
d) Hezkuntza lankidetzarako hitzarmenean zehaztutako jardueren garapena unibertsitateko tutorearekin koordinatu beharko du, eta, hala badagokio, praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza proiektuan beharrezkotzat jo daitezkeen aldaketak egin. Era berean, bitarte horretan gerta daitezkeen gorabeherak jakinarazi eta soluziobidean jarri beharko ditu, eta azterketak egiteko baimenak kontrolatuko ditu.
e) Ebaluazio proiektuan parte hartuko du, arautegi honen 14. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta horretarako, praktikak amaitzean amaierako txostena egin, eta unibertsitateko tutoreari igorri beharko dio. Instruktoreak ikasleak egindako ordu kopuruen berri eman beharko du, eta, besteak beste, dagokion prestakuntza proiektuan aurreikusitako gaitasun orokorrak edo espezifikoak baloratu ahal izango ditu. Amaierako txostena unibertsitateak ezarritako ereduaren arabera egin daiteke, eta, desberdina izanez gero, lehendik tutorearekin adostutakoaren araberakoa izango da.
f) Ikasleari praktikak egin ahal izateko behar duen prestakuntza osagarria eman beharko dio.
g) Ikasleari praktikak egin ahal izateko ezinbestekoak diren bitarteko materialak eman beharko dizkio.
h) Ikasleari erraztasunak eman eta bultzatu berrikuntza, hobekuntza eta ekintzailetza proposamenak egin ditzan.
i) Unibertsitateko tutoreari erakunderako sarbidea erraztuko dio, bere eginkizunari dagozkion helburuak bete ditzan.
j) Instruktore lanaren bidez ikasleari buruz eskuratzen duen edozein informazio isilpean gorde beharko du.
k) Erakundean ari den bitartean ikasleari beharrezkoa den laguntza eman beharko dio, eginkizun dituen jardueretan suerta daitezkeen lan izaerako arazoak konpontzeari begira.
l) Instalazio eta baliabideen erabilera bermatuko du, praktikak egiteko, eta zehaztuko du, halaber, hartu ahal izango dituen ikasleen kopurua, eskura dauden baliabideen eta lortu nahi diren helburuen arabera.
3.– Dekanotzak edo Zuzendaritzak Venia Docendia aitortuko die erakunde laguntzailearen instruktoreei, eta dagokion ziurtagiriarekin egiaztutako da, Dekanoak edo Zuzendariak sinatuko duena.
14. artikulua.– Praktiken ebaluazioa.
Unibertsitateko tutoreak egindako praktikak ebaluatuko ditu, eta horretarako oinarriak amaierako txostena, instruktoreak emandako informazioa eta ikasleak egindako ebaluazio dokumentuak izango dira.
Ebaluazioari buruzko espezifikotasunak arautegi honen 32. eta 40. artikuluetan ematen dira, praktika motaren arabera.
15. artikulua.– Praktiken akreditazioa.
1.– Kanpoko praktikak amaitzean, unibertsitateak, ikasleak hala eskatuta, horien ziurtagiria igorriko du, eta bertan, gutxienez, alderdi hauek agertuko dira: agiriaren titularra; praktikak zer erakunde laguntzailetan egin diren; praktikaren deskribapena, iraupena eta datak zehaztuta; eta, egindako jarduerak. Ziurtagiria dagozkion aplikazio informatikoetan ezarritako ereduaren arabera egin daiteke.
2.– Tituluaren Gehigarri Europarrak unibertsitateko tutorearen aldeko ebaluazioa duten kanpoko praktikak jasoko ditu, baldintza hauetan:
a) Curriculumeko praktikak dena delako ikasketa plana osatzen duten jarduera akademikotzat jasoko dira, Tituluaren Gehigarri Europarrean.
b) Curriculumez kanpoko praktikak araudi akademikoan ezarritako baldintzetan jasoko dira Tituluaren Gehigarri Europarrean.
PPAk edo, ikastegiak hala ezartzen badu, tituluko praktiken arduradunak praktiken modalitate desberdinei buruzko informazioa dagokion aplikazio informatikoan behar bezala jasota dagoela ziurtatu beharko du.
16. artikulua.– Istripuen aurkako eta erantzukizun zibileko aseguruak.
1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du, ikasleek praktikak egin bitartean sor ditzaketen kalteak estaltzeko.
2.– Erakundeko instruktoreak praktiken jarduera programan zehaztuta ez dagoen agindu edo jarraibideren bat eman, eta horren ondorioz kalteak gertatzen badira, haien erantzukizuna ez da izango, inola ere, unibertsitatearena, ez eta praktiketan ari den ikaslearena ere.
3.– Ikasketa ofizial batean matrikulatuta dauden eta 28 urtetik behera dituzten ikasleek eskola aseguru bat izango dute, espainiarrak izan edo bizileku baimena duten atzerritarrak edo europarrak izan.
Era berean, UPV/EHUk istripuetako eta laguntza sanitarioko EHU Ikasle Asegurua du kontratatuta, eta UPV/EHUn matrikulatutako ikasle guztiak estaltzen ditu, estatuko lurraldean.
4.– Atzerrian kanpoko praktikak egiteko, IBILI poliza edo gutxienez horren estaldura bera duen poliza bat izenpetu beharko da. Harrera herrialdearen arabera, gizarte erantzukizuneko polizaren estaldura egiaztatu beharko da, salbuespen batzuk ez baitaude estalita (AEB eta Kanada).
5.– Mugikortasun edo antzeko programa baten bidez atzerriko unibertsitateetatik UPV/EHUra datozen eta kanpoko praktika akademikoak egiten dituzten ikasleek IBILI poliza edo gutxienez horren estaldura bera duen poliza bat izenpetu beharko dute, eta erantzukizun zibileko beste poliza bat, ikasleek praktikak egitean sor ditzaketen kalteak estaltzeko.
17. artikulua.– Zerga eta kotizazio betebeharrak, ikasketetarako poltsan edo laguntzan.
Baldin eta ikasleari kanpoko praktikak gauzatzeko ikasketetarako poltsa edo laguntza ordaindu behar bazaio, erakunde laguntzaileak egin beharko du laguntza poltsaren ordainketa eta zerga eta Gizarte Segurantzaren kotizazio betebeharrak bete beharko ditu, indarrean dagoen legediaren arabera.
Baldin eta ikasleari kanpoko praktikak gauzatzeko ikasketetarako poltsa edo laguntzarik ordaindu behar ez bazaio, indarrean dagoen legedian xedatutako zerga eta kotizazio betebeharrak bete beharko dira.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Praktikak egiteko hitzarmena eta, hala behar bada, dagokion eranskina sinatzeak arautegi honen edukia onartzea dakar, eta baimena ematea, UPV/EHUk eta erakunde laguntzaileak titularraren datu pertsonalak erabil ditzaten, Datu Pertsonalak eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta datu pertsonalen trataerari eta horien zirkulazio libreari dagokion pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak (95/46/EE Zuzentaraua, datuak babesteari buruzkoa, indargabetzen duena) ezarritakoaren arabera.
19. artikulua.– Kanpoko praktiken eskaintza, zabalkundea eta esleipena.
1.– Ikastegiek eta berezko ikasketen arduradunek zehaztuko dituzte kanpoko praktika akademikoak eskaintzeko, zabaltzeko, eskatzeko eta esleitzeko prozedurak, aurrez finkaturiko irizpide objektiboetan oinarrituta eta gardentasun, publizitate, irisgarritasun unibertsal eta aukera berdintasunerako printzipioak bermatuta betiere.
2.– Kanpoko praktiken eskaintzek, ahal den neurrian, honako datu hauek eduki beharko dituzte:
a) Praktika egingo den erakunde laguntzailearen izena edo sozietate izena.
b) Praktikak zer zentro, herri eta helbidetan egingo diren.
c) Praktiken hasiera eta amaierako datak, eta iraupena, ordutan adierazita.
d) Arduraldiak edo praktikaldiak egunean zenbat ordu hartuko dituen, eta zer ordutegitan beteko den.
e) Prestakuntza proiektua, garatu beharreko gaitasunak eta egin beharreko jarduerak adierazita.
3.– Curriculumeko praktika eskaerek lehentasuna izango dute, curriculumez kanpokoen aurrean.
4.– Praktika mota bakoitza esleitzeko, hautagaiak antolatzeko irizpide objektiboak finkatu beharko dira; besteak beste, honako hauek izan daitezke: espedientearen batez besteko nota, gainditutako kredituak edo praktikak egiteko izen ematearen data, baldin eta hori prozeduran ezarri bada. Edonola ere, praktikak hautatzean eta esleitzean, ezgaitasunak dituzten ikasleek lehentasuna izango dute, irisgarritasun unibertsalerako neurri guztiak —hara joateko garraioari eta instalazioetara sartzeari lotutakoak barne— egiaztatzen dituzten enpresetara joateko aukera izan dezaten.
5.– Hala behar bada eta aurreko atalean adierazitako prozeduraren arabera, PPAk edo, ikastegiak hala ezartzen badu, tituluko praktiken arduradunak kanpoko praktika akademikoak egin nahi dituzten hautagaien zerrendak egitearen ardura izango dute.
6.– Ikasleek proposatutako praktikei dagokienez, PPAk edo, ikastegiak hala ezartzen badu, tituluko praktiken arduradunak praktikaren eta haren esleipenaren egokitasunari buruz erabaki beharko du, kontuan hartuta ikastegiak edo ikasketen organo arduradunak ezarritako irizpideak, halakorik bada.
7.– Praktikak antolatzeko eta garatzeko garaian, bereziki zainduko da praktika horiek ikasleari ahalegin ekonomiko gehigarri ahalik eta txikiena eragitea.
20. artikulua.– Kanpoko praktika akademikoen kalitatea bermatzea.
Kanpoko praktika akademikoak ikaslea egiten ari den tituluaren kalitatea bermatzeko sistemen eta prozeduren menpe egongo dira, praktikaren berezko ezaugarrietatik erator daitezkeen egokitzapenak eragotzi gabe.
21. artikulua.– Praktikak unibertsitateko antolakuntza unitate batean.
Artikulu honetan xedatutakoa bete beharko da 9. artikuluan adierazitako ikasleek praktikak UPV/EHUko antolakuntza unitate batean egiten dituztenean.
Horrelakoetan, erakunde laguntzailea unibertsitatearen antolakuntza unitatea dela ulertuko da. Unitate hori, bestalde, UPV/EHUko Estatutuen 10. eta 93. artikuluetan aurreikusitako edozein unibertsitate organo edo egitura izan daiteke, honako berezitasun hauek edukita:
a) Kanpoko praktika akademikoetarako programak egiteko aukera eskaintzen duen antolakuntza unitatea UPV/EHUren «zerbitzu» bat bada, zerbitzu horrek A edo B taldeetako funtzionarioak edo administrazioko I. edo II. taldeetako langileak eduki beharko ditu, eta aukeraturiko instruktoreak talde horietako lanposturen batean egingo du lan, eta espresuki onartu beharko du proposamena.
b) Kanpoko praktika akademikoen programan parte hartzeko, antolakuntza unitatearen arduradunak baimen eskaera egin beharko du III Eranskina betez. Praktika ikerketarako diruekin ordainduko bada, dagokion Campuseko Errektoreordetzari eskatu beharko dio baimena. Praktika ikerketarako diruekin ez bada ordaindu behar: praktika irakaskuntza zentro batean burutuko bada, baimena eskatu beharko zaio Zentroko Zuzendaritzari edo Dekanotzari; eta, praktika Errektoreordetza batean burutuko bada, dagokion Errektoreordeari baimena eskatu behar zaio.
c) Lankidetza erakundeek sinatutako dokumentu berberak sinatu behar dira, bai curriculumeko praktiketarako bai curriculumez kanpoko praktiketarako, eta antolakuntza unitatearen arduradunak sinatuko ditu, beste sinatzaile batzuk egotearen aukera eragotzi gabe.
d) Antolakuntza unitate batean praktikak egitearen ondorioz laguntza poltsa ordaindu behar bada, antolakuntza unitatearen arduradunak egiaztatu beharko du bere aurrekontuan horretarako nahiko diru dagoela eta laguntza poltsa ordaintzeaz arduratuko da eta dagokion zerga eta Gizarte Segurtasunarekiko kotizazio betebeharrak beteko ditu, indarrean dagoen legediaren arabera. Laguntza poltsaren ordainketa epe bakarrean egingo da, edo bi epeetan, baldin eta praktikaldia sei hilabetetik gorakoa bada.
22. artikulua.– Jardun lerroak koordinatzea eta garatzea.
1.– Graduko eta graduondoko arloan eskumena duen errektoreordetzak kanpoko praktikei dagozkien jardun lerro orokorrak finkatuko ditu, praktiken kudeaketan eskumena duen errektoreordetzarekin eta enpresekiko harremanez arduratzen diren campuseko errektoreordetzekin batera.
2.– Praktiken kudeaketan eskumena duen errektoreordetzak zehaztuko du ikasleak erakundean egindako praktiken emaitzari buruz PPAk igorri beharko dion informazioaren forma, metodoa, maiztasuna eta nolakotasuna. Informazio horren erabilera mugatua izango da, eta jendaurrean UPV/EHUren memorian islatutako datu globalak bakarrik erabiliko dira.
23. artikulua.– Jarraipen Batzordea.
1.– Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean gorabeherak sortzen direnean, ikastegiko bi ordezkarik eta erakunde laguntzaileko bi kidek osatutako Jarraipen Batzorde bat eratu beharko da, titulu ofizialetan. Berezko ikasketen kasuan, Batzordea tituluaren bi arduradunek eta erakunde laguntzaileko beste bi kidek osatuko dute.
2.– Gorabeherak gehienez 10 eguneko epean ebatzi beharko dira.
3.– Batzordea eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.
24. artikulua.– Aholku Batzordea.
1.– Arautegi honen aplikazioak sor ditzakeen alderdi teknikoak konpontzeko, Aholku Batzorde bat eratuko da, praktiken kudeaketaren ardura duen zuzendariak eta enpresekiko harremanez arduratzen diren campuseko errektoreordetzen zuzendariek osatuko dutena. Batzordeburua Praktiken eta Enplegagarritasunaren zuzendaria izango da, eta idazkari lanak campuseko errektoreordetzen zuzendari gazteenak egingo ditu.
2.– Batzorde horrek ohiko bilera bat egingo du urtean, eta beharrezkoak diren ezohiko bilera guztiak egin ditzake.
3.– Aholku Batzordeak zainduko du ikasleek kanpoko praktikak prestakuntza proiektua garatzeko baldintza egokiak bermatzen dituzten erakundeetan egiten dituztela, eta horretarako erakundeei betoa jartzeko protokolo bat ezarri ahal izango du.
4.– Arautegi honetan jasotako eranskinak Aholku Batzordeak diseinatu eta eguneratuko ditu. Kasu horretan, batzordeak gradu eta graduondokoetan eskumena duen errektoreordetzak izendatutako pertsona baten laguntza jasoko du.
II. KAPITULUA
GRADU ETA MASTER TITULU OFIZIALEN CURRICULUMEKO KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOEN XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
25. artikulua.– Definizioa.
1.– Graduko eta masterreko ikasketa ofizialen curriculumeko kanpoko praktika akademikoak dagokion ikasketa planaren barruko jarduera akademikotzat hartzen dira.
Curriculumeko kanpoko praktika akademikoen irakasgaiak dagozkion araudi akademikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, arautegi honetan aurreikusitakoa albo batera utzi gabe.
2.– Ikasle bakoitzak curriculumeko praktiken irakasgaia gainditzeko deialdi bakarra izango du ikasturtean, irakasgai horiek ematen dituzten ikastegiek eduki dezaketen deialdi erregimen propioa baztertu gabe; deialdi horretan, edonola ere, helburu akademikoak betetzen direla bermatu beharko da.
26. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.
1.– Unibertsitate ikastegietako dekanoek eta zuzendariek kanpoko praktika akademikoak antolatzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko ardura dute.
2.– Ikastegiko batzarrek, dekanoak edo zuzendariak hala proposatuta, jarduera horiek arautzeko barne arauak eta eraginpeko sailekin lankidetzan aritzeko modua onartuko dute; edonola ere, sailei kontsultatu egingo zaie. Master ofizialen kasuan, ikastegiek unibertsitate masterretako batzorde akademikoekin lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko modua onartuko dute, eta batzorde horiek praktiken garapenaz arduratuko dira, ikastegiaren laguntza administratiboarekin.
3.– Ikastegiek, beren barne prozedurekin bat etorrita, PPAren zereginak beteko dituzten pertsonak izendatuko dituzte, eta pertsona horiek, dekano edo zuzendariaren eskuordetzez, ikastegian matrikulatutako ikasleen praktikak antolatzeaz, koordinatzeaz eta kudeatzeaz arduratuko dira. PPAk, hala eskatzen badu, Ikastegiko Praktiken Batzordearen laguntza jaso dezake.
Era berean, bere zereginak egitean, PPA tituluetako praktiken gainerako arduradunekin koordinatuko da, ikastegiak hala ezartzen duenean.
4.– Arautegi honen 6. artikuluan esleitzen zaizkion zereginak eragotzi gabe eta, hala badagokio, tituluko praktiken arduradunarekin koordinatuta, PPAk, beharrezkoa denean, praktikak kudeatzeko zeregin hauek bete beharko ditu:
a) Ikasturteko eskaintza osatzeko behar diren praktiken plaza kopurua zehaztea, ikasketa planean ezarritakoarekin bat etorrita.
b) Praktikak egiteko datak proposatzea eta/edo egiaztatzea, ikastegiko egutegi akademikoan.
c) Unibertsitatean horretarako garatutako aplikazio informatikoan praktikak grabatu direla bermatzea, praktika bakoitzari buruzko datuak eta informazioa sartuta.
d) Ikasleei informazioa ematea, praktikako plaza hautatzeari eta/edo esleitzeari lotutako alderdiei buruz.
e) Sor daitezkeen gorabeherei erantzutea, irakasle tutorearekin eta/edo erakunde laguntzaileen arduradunekin koordinatuta.
f) Irakasle tutoreari eta/edo instruktoreei informazioa eta/edo prestakuntza ematea, ebaluazio tresnei buruz eta laguntza eta jarraipen prozesuari buruz.
g) Kalifikazio tresnak eta ikasleei laguntza eta orientazioa emateko tutoretza prozesua ebaluatzea, eta egoki iritzitako hobekuntzak proposatzea.
27. artikulua.– Irakaslana banatzea.
Eraginpeko saileko zuzendariek zera proposatuko diete ikastegietako zuzendariei edo dekanoei, edo haiek izendatutako pertsonei: praktiketako orduak sail horietako irakasleen artean banatzea, ikastegi bakoitzak onartutako prozeduraren arabera, ikasle guztiek irakasle tutore bat izan dezaten praktikak hasi baino lehen.
28. artikulua.– Tutoreak izendatzea.
1.– Graduko tituluetan, tutorea ikaslea matrikulatuta dagoen unibertsitate ikastegiaren beraren irakasle bat izatea lehenetsiko da, eta, edonola ere, praktikari lotutako ikasketen arlokoa izatea. Tutorea ikastegi horrek ezarritako prozeduraren arabera izendatuko da.
2.– Masterretan, tutorea masterrari atxikitako UPV/EHUko irakasle bat izango da.
3.– Irakasle tutoreak curriculumeko praktiken irakasgaien irakats betebeharraren ziurtagiria lortu ahal izango du, horretarako prestatutako kudeaketa aplikazioaren bidez.
29. artikulua.– Curriculumeko praktiken prestakuntza proiektua.
1.– Curriculumeko praktiken irakasgaien prestakuntza proiektua Ikasketen Gidaliburuan ezarritakoaren arabera zehaztu beharko da. Gidaliburu hori ikasketez arduratzen den ikastegiaren batzarrak onartzen eta argitaratzen du, ezarritako epeetan, ikasketa planaren curriculumeko gainerako irakasgaiak bezala.
2.– Prestakuntza proiektuak honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Erakundearen datuak.
b) Tituluaren datuak.
c) Erakundeko instruktorea.
d) Tutore akademikoa.
e) Oinarrizko gaitasunak, gaitasun generikoak eta espezifikoak.
f) Zehaztutako gaitasunei lotutako ikaskuntza emaitzak.
g) Ikasleek egin beharreko jarduerak eta zereginak (praktiketako zentroan eta/edo unibertsitate ikastegian).
30. artikulua.– Ikasleari laguntza ematea eta jarraipen prozesua.
1.– Ikastegiak tutoreak eta instruktoreak egin beharreko laguntza eta jarraipen prozesua zehaztuko du; bertan, agenteen arteko (ikaslea, tutorea, instruktorea) komunikazio uneak espezifikatuko dira, baita dokumentuak entregatzeko data garrantzitsuak ere, laguntza eta jarraipen prozesua egoki gara dadin.
2.– Unibertsitateko tutoreak eta erakunde laguntzaileko instruktoreak orientazioa eta laguntza emango diete ikasleei, curriculumeko kanpoko praktiken prestakuntza proiektua egoki gara dadin. Horretarako, eraginkortasunez koordinatuko dira, laguntza eta jarraipen prozesuaren esparruan.
3.– Unibertsitateko tutoreak, gutxienez, hiru tutoretza saio egingo ditu ikaslearekin: lehenengoa, praktikak hasi baino lehenago; bigarrena, praktiken zikloaren erdialdean; eta, azkenekoa, praktikak amaitzear direnean. Tutoretza horiek dagokion aplikazio informatikoan erregistratuko dira.
4.– Unibertsitateko tutorea hiru aldiz jarriko da harremanetan erakundeko instruktorearekin, gutxienez. Lehendabizikoa, praktiken hasieran; bigarrena, praktiken zikloaren erdialdean; eta, azkenekoa, praktikak amaitu baino lehen.
5.– Unibertsitateko tutoreak prestakuntza proiektuaren garapenaren eboluzioaren berri izango du, ikasleak eta instruktoreak emandako informazioaren bidez.
6.– Tutoreak eta instruktoreak informazio eta orientazio egokia eskaini beharko diete ikasleei gaitasunen eskuratze mailari buruz eta haien ikaskuntza prozesuan iradokitako hobekuntzei buruz, ebaluazioak prestakuntza izaera eduki dezan.
31. artikulua.– Hitzarmenak izapidetzea eta sinatzea.
1.– Ikastegiek beharrezkoak diren hitzarmenak izapidetu eta sinatu beharko dituzte erakunde laguntzaileekin. Haietan jasoko dira, hain zuzen, nola erakunde laguntzailearen hala ikastegiaren betebeharrak eta eskubideak. Hitzarmen horiek arautegi honen I. eranskinean jasotako hitzarmenaren klausulak eduki beharko dituzte gutxienez, eta horri prestakuntza proiektua gehituko zaio (II. eranskina).
2.– Praktika unibertsitatearen antolakuntza unitate batean egiten denean, beharrezkoa izango da, gainera, antolakuntza unitatea dagoen ikastegiak edo unitateaz arduratzen den errektoreordetzak III. eranskinaren bidez baimena ematea, eta arautegi honen 21. artikuluak ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.
3.– PPAk edo, hala badagokio, tituluko praktiken arduradunak hitzarmenak izapidetzeari ekingo dio, eta haien edukia adostuko du erakunde laguntzailearekin. Hitzarmena ezarritako eredura egokitzen bada, horretarako ahalmena duen pertsonak sinatu ahal izango du. Erabili beharreko hitzarmena arautegi honen hitzarmen ereduaz bestelakoa bada, PPAk edo tituluko praktiken arduradunak haren edukia arautegi honetara egokitzen dela egiaztatuko du, eta ondoren sinatu ahal izango da.
4.– Hitzarmenak dekanoak edo zuzendariak soilik izenpetuko dituzte, baldin eta ikastegi bateko ikasleei bakarrik eragiten badie. Hitzarmenak hainbat ikastegitako ikasleei eragiten badie, praktiken arloan eskumena duen errektoreordetzak sinatuko du, egokitasun arrazoiak tarteko, errektoreak berak sinatzeko aukera baztertu gabe.
5.– Hitzarmena sinatzeko ekimena kanpo erakunde batetik datorrenean eta ikastegi bakarrari eragiten dionean, ikastegi horrek izapidetu eta sinatuko du; hitzarmenak hainbat ikastegiri eragiten badie, ordea, kanpoko praktika akademikoen ardura duen errektoreordetzak izapidetu eta sinatuko du, egokitasun arrazoiak tarteko, errektoreak berak sinatzeko aukera baztertu gabe.
6.– Kanpoko praktiketarako sinatutako hitzarmen guztiak artxibatu edo erregistratuko dira, unibertsitatean ezarritako prozedurari jarraiki.
32. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Unibertsitateko tutoreak praktiketan prestakuntza proiektuaren garapena ebaluatu, eta ebaluazio erregistroak beteko ditu, ikastegiek ezarritako prozeduraren arabera, eta kontuan hartuko ditu ere honako hauek: ikastegiak onartutako Ikasketen Gidaliburua, erakundeko instruktoreak emandako informazioa eta agiriak, eta ikasleak emandako informazioa eta egindako txostenak, agiriak edo memoria.
2.– Erakunde laguntzailearen instruktoreak txosten bat egingo du egindako jarduerari, haren iraupenari eta errendimenduari buruz, eta unibertsitateko tutoreari eta ikasleari igorriko die. Horrez gain, kasu bakoitzean dokumentazio edo informazio egokia aurkeztu beharko du ezarritako epeetan eta tituluaz arduratzen den ikastegiak zehaztutako prozeduraren arabera, ikasleari eskainitako laguntza eta jarraipena zuzenak izan daitezen.
3.– Ikasleak informazioa eta/edo dokumentazioa prestatu, eta unibertsitateko tutoreari eta/edo instruktoreari entregatuko die ikasleen laguntza eta jarraipen zuzena egiteko definitutako prozeduran ezarritako epeetan.
4.– Praktiken ebaluazioa dagokion ikastegiko batzarrak onartutakoaren eta UPV/EHUn indarrean den araudi akademikoan ezarritakoaren arabera egingo da, arautegi honetan aurreikusitakoa eragotzi gabe.
III. KAPITULUA
GRADU ETA MASTER TITULU OFIZIALEN CURRICULUMEZ KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOEN XEDAPEN ESPEZIFIKOAK
33. artikulua.– Definizioa.
Curriculumez kanpoko praktikak ikasleek prestakuntzaldian beren borondatez egin ditzaketen praktikak dira, eta, curriculumeko praktiken helburu berberak badituzte ere, ikasketa planetatik at daude. Haiek egiteagatik ECTS kredituak aitortu daitezke, dena delako ikasketa planak horrela aurreikusten duenean, eta kredituak aitortu eta transferitzeko araudi aplikagarriarekin bat etorrita.
34. artikulua.– Praktikak egitea.
1.– Graduko tituluetan curriculumez kanpoko praktikak egiteko, ikasleak titulua eskuratzeko beharrezkoak diren kredituen erdiak gaindituta eduki beharko ditu gutxienez, eta ikastegiak ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
2.– Master ofizialetako ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte, dagokion ikasketa planean ezarritako aurreikuspenen arabera edo, halakorik bada, tituluaz arduratzen den ikastegiak egindako plangintzaren arabera.
35. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.
1.– Graduko eta masterreko tituluetan praktikak antolatzeko, koordinatzeko eta kudeatzeko, 26. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.
2.– Curriculumez kanpoko praktikak egin nahi dituen ikasleak eskaera egin beharko du ikastegiak ezarritako prozeduraren arabera, eta, irizpide objektiboak oinarri hartuta, haren eskaera onartuko da edo, egokia ez bada, atzera botako da.
36. artikulua.– Tutoreak izendatzea.
1.– Graduko tituluetan, ikastegi bakoitzak prozedura bat finkatuko du curriculumez kanpoko praktika akademikoen programan parte hartzen duten ikasleei tutore bana esleitzeko, ikastegian eskola orduak dituzten sailei atxikitako irakasleen artean.
2.– Masterretan, tutorea masterrari atxikitako UPV/EHUko irakasle bat izango da, eta haren aukeraketa aurreko artikuluan aipatutako barne arau orokorren arabera egingo da, edo, halakorik ez bada, Masterraren Batzorde Akademikoak ezarritako irizpidearen arabera.
3.– Irakasle tutoreak ikasturte batean tutoretzapean egindako praktiken kopuruari dagokion ziurtagiria lortu ahal izango du, horretarako erabilitako kudeaketa aplikazioaren bidez.
37. artikulua.– Prestakuntza proiektua.
Prestakuntza proiektua egiteko, PPA edo, hala badagokio, tituluko praktiken arduraduna eta erakunde kolaboratzaileak koordinatuko dira.
Curriculumez kanpoko prestakuntza proiektuak, gutxienez, honako atal hauek izango ditu (IV. eranskina):
a) Tituluaren datuak.
b) Ikaslearen datuak.
c) Erakundearen datuak.
d) Erakundeko instruktorea.
e) Tutore akademikoa.
f) Praktiken programako arduraduna
g) Praktikaren iraupena, ordutan adierazita.
h) Oinarrizko gaitasunak, gaitasun generikoak eta espezifikoak.
i) Egin beharreko jarduerak edo zereginak.
38. artikulua.– Ikasleari laguntza ematea eta jarraipen prozesua.
1.– Unibertsitateko tutoreak eta erakunde laguntzailearen instruktoreak orientazioa eta laguntza emango diote ikasleari, prestakuntza proiektua egoki gara dadin.
2.– Unibertsitateko tutorea harremanetan jarriko da instruktorearekin eta ikaslearekin, prestakuntza proiektuaren garapenaren eboluzioa ezagutzeko eta, hala behar bada, hobekuntza neurriak ezartzeko.
39. artikulua.– Hitzarmenak izapidetzea eta sinatzea.
1.– PPAk edo, hala badagokio, tituluko praktiken arduradunak hitzarmenak izapidetzeari ekingo dio, eta haien edukia adostuko du erakunde laguntzailearekin. Curriculumez kanpoko praktikak egiteko hitzarmen eredua IV. eranskinean aurkezten da, bertan dago jasota prestakuntza proiektua.
2.– Hitzarmena ezarritako eredura egokitzen bada, horretarako ahalmena duen pertsonak sinatu ahal izango du. Erabili beharreko hitzarmena IV. eranskinean jasotako ereduaz bestelakoa bada, PPAk edo, hala badagokio, tituluko praktiken arduradunak haren edukia arautegi honetara egokitzen dela egiaztatuko du, eta ondoren sinatu ahal izango da.
3.– Erakunde laguntzaileko ordezkari ahaldun batek, dekanotza edo zuzendaritza taldeak izendatutako pertsona batek eta praktika egingo duen ikasleak sinatuko dute hitzarmena, adostasunaren erakusgarri.
4.– Praktika unibertsitatearen antolakuntza unitate batean egiten denean, arautegi honen 21. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
40. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Unibertsitateko tutoreak egindako praktikak ebaluatuko ditu, instruktoreak eta ikasleak emandako informazioa eta dokumentuak kontuan hartuta.
2.– Praktikak amaitzean, erakunde laguntzailearen instruktoreak amaierako txosten bat egin, eta unibertsitateko tutoreari eta ikasleari igorriko die; bertan, egindako jarduera, haren iraupena eta, hala behar bada, errendimendua jasoko dira. Unibertsitateak dagokion aplikazio informatikoan ezarritako eredua erabili ahal izango da.
Hitzarmenean hala finkatuz gero, praktiken erdia egin ondoren, tarteko jarraipen txosten bat egin ahal izango da.
3.– Praktikak amaitzean, ikasleak azken memoria prestatu, eta unibertsitateko tutoreari igorriko dio; bertan, unibertsitateak ezarritako ereduan aurreikusitako alderdiak jasoko dira. Era berean, ikasleak tarteko jarraipen txosten bat prestatu beharko du, ahal bada praktika epearen erdia igarotzean, tutoreak hala egiteko eskatzen badio. Txosten horretan, prestakuntza proiektuaren garapenaren balorazioa egingo du ikasleak, horretarako finkatutako ereduaren arabera.
4.– Dokumentazio hori aztertu ondoren, unibertsitateko tutoreak praktiken aldeko edo kontrako ebaluazioa egingo du. Aldeko ebaluazioa duten praktikak ikaslearen TGEn jasota geratuko dira. Praktiken kontrako balorazioaren aurrean, ikasle bakoitzak erreklamazioa aurkeztu ahal izango du bere ikastegiko zuzendaritzan edo dekanotzan, 10 eguneko epean.
Dekano edo zuzendariak hartutako erabakiarekin ados egon ezean, ikasleak gorako errekurtsoa jarri ahal izango du kanpoko praktiken arloan eskumenak dituen errektoreordetzaren aurrean.
41. artikulua.– Ikasleari ECTS kredituak aitortzea.
1.– Praktika horiek aitortza akademikoa eduki ahal izango dute, ikaslea egiten ari den UPV/EHUko tituluaren ikasketa planak aukera hori aurreikusten badu eta praktikek aldeko ebaluazioa jaso badute.
2.– Praktikak kredituen transferentziari eta aitortzari buruz indarrean den araudian ezarritakoaren arabera aitortuko dira.
3.– Curriculumez kanpoko praktika akademikoengatiko kredituak aitortzeari dagokionez, praktiketako 25 ordu ECTS kreditu baten baliokide izango dira.
4.– Unibertsitateak ezarritako ereduaren bidez tutorearen aldeko ebaluazioa lortu ondoren, ikasleak egindako kanpoko praktika akademikoen ziurtagiri bat eskatu ahal izango dio PPAri edo, hala badagokio, tituluko praktiken arduradunari. Praktiken aitortzarako, ikastegiak finkatuko du zer prozedurari jarraitu behar zaion eta, hala behar bada, zer dokumentazio eska daitekeen.
42. artikulua.– Arauetara igortzea.
III. kapitulu honetan ezarritakoa baztertu gabe, gradu eta master titulu ofizialetako curriculumez kanpoko praktikei gradu eta master titulu ofizialetako curriculumeko praktiketarako ezarritako arau aurreikuspenak aplikatu zaizkie, haien espezifikotasunerako egokia den horretan.
IV. KAPITULUA
BEREZKO IKASKETEN CURRICULUMEKO ETA CURRICULUMEZ KANPOKO PRAKTIKAK
43. artikulua.– Praktikak egitea.
Berezko ikasketen ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte, dagozkion ikasketa planean ezarritako aurreikuspenen arabera edo, hala badagokio, tituluaz arduratzen den pertsonak egindako plangintzaren arabera.
44. artikulua.– Antolakuntza, koordinazioa eta kudeaketa.
Berezko ikasketen zuzendari akademikoak arduratuko dira praktika mota hauen antolakuntzaz, koordinazioaz eta kudeaketaz; hau da, Praktiken Programako Arduradunaren (PPA) zereginak beteko dituzte, non eta Batzorde Akademikoak berariaz beste pertsonaren bat hautatzen ez badu.
45. artikulua.– Tutoreak izendatzea.
Berezko tituluaren Batzorde Akademikoak kanpoko praktika akademikoen programa batean parte hartzen duten ikasleei tituluko irakasleen artetik tutore bana esleitzeko prozedura ezarriko du.
46. artikulua.– Hitzarmenak izapidetzea eta sinatzea.
1.– Ikasketa horietako hitzarmenak berezko ikasketen arautegi espezifikoan ezarritako aurreikuspenen arabera izapidetu eta sinatuko dira, eta haien edukia IV. eranskineko eredura egokituko da.
2.– Hitzarmena erakunde laguntzaileko ordezkari ahaldun batek eta ikasketak proposatu dituen unibertsitate egitura edo organoaren ordezkariak sinatuko dute. Salbuespen gisa, dagokion batzordeak hitzarmena sinatzeko baimena eman ahal izango dio tituluaz arduratzen den irakasleari.
47. artikulua.– Ikasleei ECTS kredituak aitortzea.
Arautegi honetan aurreikusitakoarekin bat etorrita, ikasleak egindako curriculumez kanpoko praktikengatik hautazko kredituak aitortu ahal izango dira, ikaslea egiten ari den UPV/EHUko tituluaren ikasketa planak hala aurreikusten badu.
Edonola ere, praktika horiek berezko ikasketetan kredituak aitortzeari eta transferitzeari buruz indarrean den araudiak ezarritakoaren arabera aitortuko dira.
Curriculumez kanpoko praktika akademikoengatiko kredituak aitortzeari dagokionez, praktiketako 25 ordu ECTS kreditu baten baliokide izango dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Doktoregoko praktika akademikoak.
Doktoregoko programetan, praktikak curriculumez kanpokoak bakarrik izango dira, eta doktoregaiaren jardueren dokumentuan sartu ahal izango dira.
Doktorego programaren Batzorde Akademikoak praktiken tutorea izendatuko du, doktorego programako kide diren UPV/EHUko irakasleen artean. Tesiaren zuzendarietako bat UPV/EHUko kidea bada, praktikaren tutoretza haren esku geratuko da.
Doktoregoko ikasketei lotuta egon daitezken kanpoko praktika akademikoak dagokion lankidetza hitzarmenean ezarritakoaren arabera arautuko dira (V. eranskinean jasotakoa), eta dagokion aplikazio informatikoan grabatuko dira.
Hitzarmena ezarritako eredura egokitzen bada, horretarako ahalmena duen pertsonak sinatu ahal izango du. Erabili beharreko hitzarmena V. eranskinean jasotako ereduaz bestelakoa bada, PPAk edo, hala badagokio, doktorego programaren praktiken arduradunak haren edukia arautegi honetara egokitzen dela egiaztatuko du, eta ondoren sinatu ahal izango da.
Erakunde laguntzaileko ordezkari ahaldun batek, Doktorego Eskolako Zuzendaritza Taldeko kide ahaldun batek eta praktika egingo duen doktoregaiak sinatuko dute hitzarmena, adostasunaren erakusgarri.
Praktika unibertsitatearen antolakuntza unitate batean egiten denean, arautegi honen 21. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta dagokion baimena eskatu beharko da, III. eranskinaren baimen ereduaren arabera.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Prestakuntza duala kanpoko erakundeetan.
Prestakuntza dualaren esparruan UPV/EHUko ikasleek enpresetan prestakuntza ibilbideak egin behar badituzte kanpoko praktiken hitzarmen baten baitan, praktika horiek arautegi honetan ikasketa ofizialen curriculumeko praktikei buruz ezarritakoaren arabera arautuko dira, UPV/EHUn Prestakuntza Duala arautzen duten gainerako araudiak albo batera utzi gabe.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Unibertsitate honetan ikasten ari ez diren ikasleek UPV/EHUko egituretan praktikak egitea.
1.– Arautegi honen 9. artikuluan sartuta ez dauden beste unibertsitate batzuetako ikasleak kanpoko praktika akademikoak egitera UPV/EHUra etortzen direnean, ez zaie arautegi hau aplikatuko; dena dela, bi unibertsitateek sinatu beharreko hitzarmenak unibertsitate ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuak eskatutako gutxieneko edukira egokitu beharko du, eta horretan xedatutakoa bete.
Hitzarmena UPV/EHUko Gobernu Kontseiluaren funtzionamendu arautegian ezarritakoaren arabera izapidetu eta sinatuko da, eta praktikak campus bakarrean egiten badira, dagokion campusaren batzarrak hitzarmena onartu ahal izango du.
2.– Ikasle ez-unibertsitarioen kasuan, unibertsitateko antolakuntza unitatearen praktikak arautzeko aintzat hartuko dira unitatearen araudi propioa eta unibertsitateko gainerako araudi aplikagarria.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanbide arautu baterako sarbidea ematen duten tituluak.
Lanbide arautuetan lanean aritzeko gaitzen duten tituluak direnean, arautegi honetan ezarritakoaren aplikazioa arloko agintaritza eskudunek ezarritako baldintza espezifikoetara egokitu beharko da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Arautegi hau baino lehen sinatutako hitzarmenek indarrean jarraituko dute, beren edukietan jasotako aurreikuspenen arabera.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Honako arau hauek indargabetzen dira: Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Arautegia, Gobernu Kontseiluak 2012ko irailaren 27an onartutakoa eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Akademia Antolakuntzako 2012ko urriaren 16ko erabakiaren bidez argitaratutakoa (EHAA, 218. zk., 2012ko azaroaren 12a), eta arautegi honetan ezarritakora egokitzen ez diren maila beheragoko gainerako arauak.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartu ondoren.