EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019145

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 16koa, SPRI - Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, argitaratzen eta iragartzen baitira «Elkartu» 2019 Laguntza Programaren oinarriak.

Xedapenaren data: 2019-07-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201903699
Maila: Ebazpena
SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartearen garapenari eta enpresen ekintzailetzaren sustapenari.
Horri dagokionez, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzera bideratuta. Besteak beste, aipagarriak dira gure enpresen nazioarteko kokapena hobetzen saiatzeko laguntza programak.
Ondorioz, Laguntza Programa hau proiektuen eta nazioartekotzeko jarduerak lankidetzan aritzeko helburuarekin, baita nazioartekotze prozesuan garapen iraunkorra ere sustatzeko helburu nagusiari jarraikiz diseinatu da.
Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe
ERABAKITZEN DUT:
Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Elkartu» 2019 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeintzuen edukia atxikita baitago Ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraiki, «Elkartu» 2019 Laguntza Programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke SPRI – Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendaritza nagusiari, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2019ko uztailaren 16a.
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
I. ERANSKINA
2019KO ELKARTU LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Enpresen nazioartekotzea ez da kontzeptu berria Euskal Autonomia Erkidegoan; izan ere, kontzeptu hori 80ko hamarkadatik jaso izan da Jaurlaritzak diseinatutako industria- eta lehiakortasun-programetan. Programa horiei esker, indartu egin da Euskal Autonomia Erkidegoko industria-jardueren lehiakortasuna.
Azken urteotan, enpresen nazioartekotzea lehentasunezko jarduketa-ardatz bihurtu da. Besteak beste, aipagarria da 2017-2020 aldirako Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren aldeko Esparru Programaren oinarri nagusietako bat eta indarrean dagoen 2017-2020 aldirako Industrializazio Planeko ardatz estrategikoetako bat dela.
Gainera, Enpresak Nazioartekotzeko Plana 2017-2020 (aurrerantzean ENP) Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-ereduak ezarritako tresna estrategikoa da. Bertan, enpresei kanpoko merkatuetara irekitzeko ematen dituzten lehen pausoetan laguntzea aurreikusten duen politika publiko bat definitzen da, aldi berean esportatzaile erregularrei balio erantsiko zerbitzuak ematearen alde apustu egiten duena, baldin eta beren lehiakortasuna handitzeko arriskuak hartzen badituzte, besteak beste, merkatuak dibertsifikatuz eta beren produktu eta zerbitzuak merkatu globalen eskakizunetara egokituz.
ENPren berritasuneko bat da laguntza-programak eta balio erantsiko zerbitzu pertsonalizatuak eskaintzen zaizkiela enpresei, eta bereziki sustatzen dela enpresen arteko lankidetza.
Bestalde, Eusko Jaurlaritza Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Garapen Jasangarrirako Helburuak erdiesteko lehen pausoak ematen hasi da. NBEk 17 helburu (GJH) onetsi zituen pobrezia mota oro desagerrarazi, desberdinkeria murriztu eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko, betiere inor atzean geratuko ez dela bermatuz.
Horregatik, Eusko Jaurlaritzak Agenda 2030 programaren erronka unibertsala hartu du bere gain, eta bat egin du bere politika publikoak Agendaren erronkei jarraikiz bideratzeko konpromisoarekin. Hartara, eragindako lurraldeek nazioartekotze-estrategia ekonomiko eta soziala edukitzea bermatuko duten hautaketa-irizpideak txertatu ditu. Horren adibide da 2019ko martxoaren 4an Pacto Mundial nazioarteko ekimenak, Eusko Jaurlaritzak eta euskal enpresa-elkarteek sinatutako hitzarmena. Zehazki, beren lankidetza indartzea erabaki dute Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) Euskadiko enpresa-ehunean sustatzeko.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu enpresa guztien nazioartekotze-prozesuan buru izateko eta laguntza emateko erronka, betiere ikuspuntu inklusibo eta jasangarriago batetik. Horretarako, kanpoko merkatuetan beren lehen urratsak ematen dituzten enpresei laguntza emateaz gain, beren irismen globalean jauzi kualitatiboa ematea bilatzen duten enpresa esportatzaileei laguntza ematen jarraitzearen alde egiten du apustu.
Elkartu laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza publikoen bitartez gauzatuko dira, eta enpresen arteko lankidetza babestera bideratuta daude, nazioartekotzearekin zerikusia duten proiektuen bidez.
Honako oinarri hauek bateratu egiten dituzte aurretik enpresen arteko lankidetzaren arloan indarrean zeuden programak, Elkartzen Berri eta Global Lehian programak, alegia. Ildo horretan, esparru arautzaile berria ezarri da onuradun gisa enpresa-elkarteak nahiz «esportazio partzuergo» edo «salmenta talde» deritzen enpresen lankidetza-taldeak edo kanpoko merkatuetan batera jarduteko konpromisoa duen beste edozein figura dituzten laguntzak arautzeko. Gainera, programa honen xedea enpresa-lankidetzako taldeak eratzeko gastuak, gastu operatiboak eta sustapen-gastuak laguntzea da.
Aipagarria da Elkartu programa Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako Sailak 2019ko martxoaren 12an onetsi zuen 2019rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan jasota dagoela.
1. artikulua.– Xedea.
Elkartu programa bat dator Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako Sailak 2017-2020 ENPn ezarritako helburuekin, eta bere xedea lankidetzan egiten diren nazioartekotze-proiektu eta -jarduerak babestea eta nazioartekotze-prozesu osoan zehar garapen jasangarria sustatzea da.
Oinarri hauen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa-lankidetzako elkarte eta taldeei bideratutako dirulaguntzak arautzea eta deitzea da, 2019ko ekitaldirako, nazioartekotze-jarduerak taldean egin ditzaten, jarraian datozen artikuluetan jasotakoaren arabera.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Programa hau publizitate- eta objektibotasun-printzipioen mende dago, egikaritzeari eta ebazpenari dagokionez.
2.– Laguntza hauek behar bezala aurkeztutako eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera onartzeko prozedurari jarraikiz izapidetuko dira.
3.– Programa honen esparruan emandako laguntzek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izaera izango dute.
3. artikulua.– Araudi aplikagarria.
1.– 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
2.– 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
3.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntzen arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
4.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretua.
5.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
6.– Europako Batzordearen 1407/2013 Erregelamendua (EB), abenduaren 18koa, minimis laguntzei Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (DOUE L 352/1).
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 1. artikuluan ezarritako xedea lortzera bideratutako baliabide ekonomikoak 500.000 euro izango dira, zehazki, eta xede horretarako SPRI- Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Azken horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan daude jasota.
2.– Laguntzen esleipena egiteko eskaerak aurkezteko ordena-irizpideari jarraituko zaio, espedientea osorik dagoen unea aintzat hartuta.
3.– Programara bideratutako funtsak agortzen badira, programa momentu horretan bertan bukatuko da. Edonola ere, inguruabar horren berri emango da SPRI- Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren www.spri.eus/elkartu webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ebazpen bitartez.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Erakunde onuradun izan ahalko dira enpresa-lankidetzako elkarte eta taldeak, barne hartuta esportazio-partzuergoak, salmenta-taldeak eta kanpoko merkatuetan batera jarduteko konpromisoa duen bestelako edozein figura, juridikoki balioa badu.
2.– Oinarri hauetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, elkartetzat joko dira honako baldintza hauek betetzen dituzten erakundeak:
a) Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea, eta elkartutako enpresetatik, gutxienez 10, euskaldunak izatea.
c) Xede nagusien artean enpresa bazkideen nazioartekotzea izatea, eta horretarako plangintza bat izatea.
3.– Enpresa-lankidetzako taldeek bete beharreko baldintza orokorrak:
a) Gutxienez 2 enpresa independentek osatu beharko dute taldea, elkarrekiko loturarik ez dutenak, eta operazioek eskaintzen dituzten sinergiek bata zein besteari ematen dizkieten onurak direla bide, kanpoko merkatuetan batera jarduteko konpromisoa hartu behar dute, arriskuak eta kostuak partekatuta.
b) Jarduera guztien oinarrian enpresa eta/edo erakundeen arteko lankidetza-hitzarmen bat egon behar da, kontratu edo bestelako edozein dokumenturen bidez sinatutakoa, inolako zalantzarik gabe alderdien konpromisoa egiztatuko duena.
c) Enpresa parte-hartzaileek jarduketa plan bat izan beharko dute. Bertan ezarriko dira zeintzuk diren batera lortu nahi diren merkataritza-helburuak eta horiek erdiesteko estrategiak eta jarduerak.
d) Gainera, honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte enpresa parte-hartzaileek:
– EAEn ezarrita edo bertan instalazio produktiboak dituzten mikroenpresa edo enpresa txiki edo ertainak (ETE) izan behar dira, indarreko deialdia baino lehen eratutakoak.
ETEren definizioa Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduaren (EB) I. eranskinean jasotakoaren arabera aplikatuko da.
e) Esportazio-partzuergoek, salmenta-taldeek eta bestelako figurek, enpresa traktoreak ere izan ahalko dituzte (2 euskal ETEz gain) –hau da, ETE ez direnak–, baita egoitza soziala EAEtik kanpo dituzten enpresak ere, betiere enpresa horien parte-hartzeak ez baldin badu parte-hartzerik txikiena duen ETEaren parte-hartze tasa gainditzen.
4.– Enpresa-lankidetzako taldeek bete beharreko baldintza espezifikoak:
a) Esportazio-partzuergoak, 3. puntuko baldintza orokorrak betetzeaz gain, jarraian datozen baldintza espezifikoak ere bete beharko dituzten elkarteak dira, hala jatorrian (EAEn eratutakoak), nola helmugan (atzerrian eratutakoak).
– Osatzen duten enpresa edo erakundeekiko izaera juridiko propio eta independentea izatea.
– Esklusiboki partzuergoa zuzentzeko pertsona bat kontratatua izatea edo urte horretan kontratatzeko aukera aurreikustea.
b) Salmenta-taldeak eta balio juridikoa duten bestelako figurak 3. puntuan jasotako lankidetza-jarduerak egiteko ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresa eta/edo erakundeen arteko aliantzak dira.
Onuradun izateko baldintzak dirulaguntza indarrean dagoen bitartean bete beharko dira.
6. artikulua.– Dirulaguntzetatik kanpo geratzen diren enpresa eta erakundeak.
1.– Baztertu egingo dira, oinarri hauetan araututako dirulaguntzen onuradun gisa, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako inguruabarren baten daudenak, Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela deklaratu duen erabaki bat hartu eta gero berreskurapen-agindu baten menpean daudenak eta krisialdian dauden enpresak, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzko Gidalerroetan ezarritako definizioaren arabera (DO C249, 31-07-2014).
2.– Zehatuta egotea zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean egotea, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean Azken Xedapenetatik Seigarrenean ezarritakoarekin bat.
3.– Ezingo dira onuradun edo parte-hartzaile izan soilik bitartekaritza-lanak eta /edo hirugarrenen banaketa-lanak egiten dituztenak.
4.– Klusterren dinamizazio-erakundeek ezingo dituzte laguntza hauek jaso.
5.– Dirulaguntzetatik kanpo daude Europar Batasunaren barruko hurbileko merkataritza-operazioak.
6.– Honako inguruabar hauetan egotea:
– Indarreko ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldietan jasotako minimis-laguntzetan guztira 200.000 euro baino gehiago jaso izana.
– 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50. artikuluko eta 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritako inguruabarretan egotea, baldin eta onuradun izatea eragozten badute, bereziki honako hauetan:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekikoak eta/edo erakunde laguntzaileekikoak egunean ez izatea, baita Eusko Jaurlaritzarekin dituen betebeharrekikoak, eta, halaber, zor mugaeguneratuak, erreklamatuak eta ez-ordainduak izatea SPRI Taldeko ezein enpresarekin.
– Betetzeke izatea edozein Administrazioren edo bere sektore publikoetako edozein erakunderen aurrekontu publikoetatik datozen laguntzei edo dirulaguntzei dagozkien kopuruen itzulketa-betebeharrak. Halaber, ez dute deialdi honetan parte hartzerik izango zehapen-prozedura batean zehapen irmoa jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Enpresa-lankidetzako enpresa edo taldea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura batean badago, horren emaitza ikusita emango da, edo, hala badagokio, ordainduko da, laguntza.
– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, betiere konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe badago.
– Erakunde eskudunak egiaztatu izana erakunde horrek lehia galarazten, mugatzen edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.
– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoari jarraikiz.
7. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
2019ko urtarrilaren 1aren eta abenduaren 31ren artean egindako ekintzak izango dira diruz lagungarriak.
1.– Hasteko, eta taldea eratzea sustatzeko, diruz lagungarriak izango dira enpresa-lankidetzako taldea eratzeari lotutako gastuak.
– Eraketa-gastuak: hitzarmenak sinatzea, partzuergoak edo bestelako enpresa motak eratzeari lotutako gastuak.
– Egitura-gastuak: langileak hautatzeko kanpoko kontratazio gastuak eta/edo gerentearen soldata gordinaren kostua, ustiaketa-partzuergoen kasuan.
– Jarduketa-plana edo nazioarteko estrategia egiteko gastuak: baterako jarduketa planak honako hauek jasoko ditu, gutxienez: enpresa parte-hartzaileen, beren produktuen edo zerbitzuen deskribapena; enpresen merkataritza-xede eta -itxaropenak; xede-segmentu, -bezero eta -merkatuen identifikazioa eta egin beharreko jarduketen definizioa. Azken horren barruan ezarriko dira erantzukizunak eta epeak.
2.– Gainera, dirulaguntzaren xede izan daitezke xede-merkatuan operatzeko egin beharreko gastuak:
– Merkatuen prospekziorako aholkularitza-zerbitzuak. Azterketa bakarra lagunduko da diruz helmuga-herrialde bakoitzeko, betiere Basque Trade & Investementek (Euskadiko Nazioartekotze Agentziak) enpresari zerbitzu hori ematea ukatu baldin badu espresuki eta idatziz.
– Industria-jabetzarekin eta homologazioekin lotutako gastuak:
– Patente- eta marka-erregistroa: diruz lagunduko dira egin beharreko kudeaketa-gastuak, baita helmuga-herrialdeko erregistro ofizialetan inskribatzeko tasak ere.
– Homologazioa eta egiaztapena: helmuga-herrialdean ezinbestean egin beharreko homologazioetatik eratorritako gastuak, baldin eta erakunde egiaztatuak egiten badituzte, baita atzerriko bezero handien aurrean aurkeztu beharreko egiaztapen eta aurre-kalifikazioak ere.
– Taldearen funtzionamendu operatiboarekin lotutako gastuak: mota honetako gastu kontsideratuko dira helmugan (atzerriko herrialdean) partekatzen diren zeharkako gastu operatiboak: bulegoen alokairua, hornidurak, logistika-gastuak edo helmugako operatibarekin zerikusia duen beste edozein gastu partekatu.
– Xede merkaturako merkataritza-agente edo ordezkaria hautatzeko gastuak.
3.– Gainera, sustapenarekin zerikusia duten gastuak ere hartuko dira aintzat:
– Azoka eta kongresuekin lotutako gastuak: nazioarteko azoketara, kongresuetara edo foroetara erakusketari gisa joatea lagunduko da, betiere SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Basque Trade & Investmentek (Euskadiko Nazioartekotze Agentziak) edo bestelako administrazio, elkarte edo klusterrek ez baldin badute pabiloi ofizialik antolatzen edo baterako stand batean parte hartzen.
Diruz lagun daitezke espazioaren alokairua, standaren apainketa, izen-emate kuota eta bidaia-poltsa bat azoka eta parte-hartzaile bakoitzeko.
– Elkarteak: bildu egin beharko dituzte, gutxienez, EAEn egoitza duten hiru bazkide enpresa.
– Enpresa-lankidetzako taldeak: azoketan erakusketari gisa parte hartzea taldearen baterako eskaintza aurkezteko.
– Kasu horietan, ezinbestekoa izango da Basque Country marka (Euskadi Basque Country marka, Spri taldea eta Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren logoak) standean eta azokak dirauen bitartean erabilitako materialetan ikusgai jartzea.
– Misio zuzenak: merkatuak aztertzeko eta/edo bezero potentzialak izan daitezkeen enpresekin harremanetan jartzeko eta/edo azoketara joateko edo/eta kongresu eta foro espezializatuetara joateko prospekzio-bidaiak.
– Elkarteak: elkartearekin batera egoitza EAEn duten hiru bazkide enpresa hartu behar dute parte.
– Enpresa-lankidetzako taldeak: partzuergoaren gerenteak edo enpresa-taldea ordezkatzen duen ordezkariak/buruak edo lankidetza-taldeko ordezkariren batek egindako bidaiak.
Gehienez ere 2 misio zuzen lagunduko dira diruz helmuga-herrialde bakoitzeko, eta horietako bakoitzean bidaia-poltsa bat emango da erakunde parte-hartzaile bakoitzeko.
– Alderantzizko misioak edo bezero potentzialentzako edo atzerriko preskriptoreentzako gonbidapenak.
Emandako laguntza merkatuaren araberako bidaia-poltsak izango dira.
– Elkarteak: gonbidatuek elkartea bisitatu beharko dute, baita, gutxienez, EAEn egoitza duten hiru bazkide enpresa ere.
– Enpresa-lankidetzako taldeak: partzuergoan edo taldean bildutako enpresak bisitatzeko gonbidapena.
Gehienez ere 2 alderantzizko misio emango dira helmuga-herrialde bakoitzeko, eta bakoitzean bidaia-poltsa bat gonbidatu bakoitzeko. Alderantzizko misio bakoitzean gehienezko gonbidatuak 8 izango dira.
– Sustapen- eta hedatze-elementuak. Baterako sustapen-materiala bakarrik onartuko da, eta bertan enpresa parte-hartzaileak zeintzuk diren identifikatu beharko da. Partzuergoen kasuan, onargarria izango da soilik partzuergoaren izena erabiltzea. Sustapena helmuga-herrialdeko hizkuntza ofizialean edo ingelesez egin beharko da, kasuaren arabera.
Ez da erakunde publikoek prezio publikoen arabera emandako azterketak egiteko laguntzak eta zerbitzuak finantzatzeko laguntzarik emango.
Diruz lagunduak diren lanak burutzea, egokia den kasuetan, erabat azpikontratatu dakieke enpresa adituei. Kasu horretan, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak kontratazio publikoaren arloan kontratu txikirako indarrean dagoen araudian zehaztutakoa gainditzen duenean, gutxienez 3 hornitzaile desberdinen eskaintzak eskatu beharko ditu onuradunak, lanerako, zerbitzua emateko edo ondasuna jasotzeko konpromisoa kontratatu baino lehen, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak direlako, merkatuan ez badago nahiko erakunderik lan hori egin, zerbitzua eman edo hornitzeko, edo, salbu eta, gastua Dirulaguntza baino lehen egin bada.
8. artikulua.– Laguntza eskatzea.
Eskatzaile batek gehienez ere eskaera bat aurkeztu ahal izango du.
9. artikulua.– Dirulaguntzen mugak.
1.– Dirulaguntzak honako ehuneko hauetara irits daitezke erantzukizun jasangarriko konpromiso-mailaren arabera:
– Onetsitako gastuaren % 60ra arte, baldin eta erakunde onuradunaren buruak Global Compact edo Pacto Mundial ekimenetako kide dela egiaztatzen badu.
– Onetsitako gastuaren % 45era arte, baldin eta erakunde onuradunaren burua ez bada Global Compact edo Pacto Mundial ekimenetako kide.
2.– Gainera, honako hauek izango dira dirulaguntza-eskaera bakoitzeko emango diren gehieneko zenbatekoak:
– Gehienez ere 45.000 euro eskaera bakoitzeko.
– Gehienez ere 15.000 euro enpresa bakoitzeko, enpresa-lankidetzako taldeen kasuan.
3.– 1. eranskinean dago jasota bidaia-poltsen gehieneko zenbatekoa.
10. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Dirulaguntza hauek bateraezinak dira administrazio honek edo beste Administrazio Publiko edo erakunde pribatu batzuek helmuga-herrialdeko kontzeptu bererako emandako laguntzekin.
Diruz lagundutako kontzeptua bera balitz, erakunde onuradunak derrigortuta egongo dira SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari laguntza horiek jakinaraztera.
2.– Aurretik aipatutakoari kalterik egin gabe, minimis-dirulaguntzak metatzeko araubidea izango da aplikatzekoa, laguntza horiei buruzko eta Europako esparruan xede horretarako emandako beste xedapen batzuei buruzko 2013ko abenduaren 18ko Europako Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan (EB) ezarritakoari jarraikiz.
11. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.
1.– Eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean eta 2019ko urriaren 31n bukatuko da, 12:00etan, edo eskuragarri dauden funtsak agortzen direnean, 3. artikuluan ezarritakoa betez.
2.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta deialdi honetan egin beharreko gainerako izapideak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
3.– Izapideak bitarteko elektronikoak erabilita egiteko zehaztasunak eta eskaeren, erantzukizunpeko adierazpenen eta erabili behar diren gainerako agirien ereduak https://www.spri.eus/elkartu Interneteko atarian beteko dira.
4.– Betetako eskaeran, pertsona edo erakunde eskatzaileak aitortutako sinaduraz gain, hurrengo artikuluak aipatzen duen euskarri-dokumentazioa ere atxikiko da.
5.– Espedientera eta eskaera egin ondorengo izapideetara sartzeko, bitarteko elektronikoa erabiliko da, zehazki, honako helbide hau: https://www.spri.eus/elkartu
6.– Laguntza-eskaera eta eskatutako agiriak eskatzaileak hautatutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketek irauten duten bitartean eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza hori erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoa betetze aldera.
7.– Dirulaguntza-eskaera aurkezteak berekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea erakunde emaileak zuzenean jaso dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekikoak beteta dituelako egiaztapena. Alabaina, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimen hori. Kasu horretan, aipatutako betebehar horiek betetzen dituela ziurtatzen duen egiaztagiria eskatzen zaion guztietan aurkeztu beharko du.
12. artikulua.– Eskaeren edukia.
1.– Erakunde eskatzaileek honako eduki hauek jaso beharko dituzte eskaeran:
a) Eskaera telematikoa, behar bezala beteta eta ahalmen nahikoa duen erakunde eskatzaileko legezko ordezkariak sinatuta. Eskaera horretan erakundeari buruzko datuez gain, eskaera behar bezala baloratzeko oinarri izango diren jarduketei buruzko datuak ere jaso beharko dira.
b) Eskrituren eta/edo erakunde eskatzailearen ordezkaritza-ahalaren kopiak. Baldin eta eraketa-gastuekin zerikusia duen laguntza eskatzen bada, kontratua eta/edo kanpoko zerbitzuaren kostuaren aurrekontua ere aurkeztu beharko da eskaera aurkezten den momentuan.
c) Eskatzaileak emandako bankuko kontuaren titulartasun-ziurtagiria.
d) Eskatzaileak eta enpresa parte-hartzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekikoak beteta dituztela ziurtatzen duten egiaztagiriak, enpresa-lankidetzako taldeen kasuan.
e) ETE karakterizazioa: aurkeztutako azken 200 zenbakiko inprimakia, sozietateen gaineko zergarena, zeinetan egiaztatu egingo den eskatzailea eta parte-hartzaileak ETEak direla. Gainera, enpresa parte-hartzaile bakoitzak 3. eranskina bete beharko du.
f) Eskatzaileak eta enpresa parte-hartzaileek aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta indarreko fiskalean jasotako minimis-laguntzak, minimis laguntzei buruzko Europako Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduaren (EB) menpekoak. Enpresa parte-hartzaile bakoitzak 4. eranskina bete beharko du.
g) Global Compact edo Pacto Mundial ekimenetako kide-egiaztagiria.
h) Enpresen eta/edo erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena, kontratua edo bestelako edozein dokumentu, inolako zalantzarik gabe ziurtatuko duena alderdien arteko konpromisoa. Partzuergoen, salmenta-taldeen eta bestelakoen kasuan, 2. eranskina bete beharko da.
i) Dirulaguntza eskatzen den jardueretarako zerrenda.
j) Enpresa-lankidetzako taldearen jarduketa-plana. Baldin eta eraketa-gastuekin zerikusia duen laguntza eskatzen bada, kontratua eta/edo kanpoko zerbitzuaren kostuaren aurrekontua ere aurkeztu beharko da eskaera aurkezten den momentuan.
2.– Edozein kasutan, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak nahi beste agiri eta/edo informazio osagarri eskatu ahal izango dio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkoa dela uste baldin badu. Gauzak horrela, arau honetan espresuki aurreikusita ez dagoen guztirako, Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa aplikatuko da. Agiri horiek eskatzen zaizkion momentuan jakinaraziko zaion epean aurkeztu beharko ditu.
3.– Baldin eta eskaera osorik bete ez bada edo agiri osagarri guztiak aurkeztu ez badira, erakunde onuradunari 10 egun balioduneko epea emango zaio akatsa zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio, ez egitekotan, eskaeran atzera egingo duela ulertuko dela. Hartara, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoetako Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoaren arabera.
13. artikulua.– Dirulaguntzak ebazteko prozedura.
1.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko lan materialak Basque Trade & Investementek (Euskadiko Nazioartekotze Agentziak) izendatutako teknikariek egingo dituzte, eta txosten tekniko formatuan aurkeztuko dituzte emaitzak. Erakunde horrek SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erakunde laguntzaile gisa jardungo du, eta honakoak izango dira bere zereginak:
a) Igorritako agiri teknikoak aztertzea.
b) Egindako gastu hautagarriak behar bezala gauzatu direla ikuskatzea.
c) Egindako ikuskapenei buruzko txostenak egitea.
d) SPRIri jakinaraztea gerta daitekeen gorabehera oro.
Honako hauek jasoko dituzte txosten tekniko horiek: baliozkotzearen eta eskaera bakoitzeko onartutako gastu hautagarrien xehetasunak.
Edozein kasutan, Basque Trade & Investmentek (Euskadiko Nazioartekotze Agentziak) proiektuan parte hartu nahi duten erakunde eskatzaileekin banakako elkarrizketa bat izatea eskatu ahal izango du, beharrezkotzat jotzen duenean, espedientea behar bezala baloratzeko.
2.– Laguntza-eskaeren ebaluazioa eta ebazpena espedientea osorik dagoen momentuan egingo da.
3.– Basque Trade & Investementen (Euskadiko Nazioartekotze Agentziaren) aldeko txosten teknikoak jaso dituzten proposamenak ikusta, SPRIko Nazioartekotze zuzendariak esleipen zuzeneko prozeduraren bitartez ebatziko ditu laguntzak, eskaerak aurkeztu diren ordenari jarraikiz, betiere horretarako aurrekontu-kreditu nahikoa baldin badago.
4.– Ebazpen-epea. Eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, agiri guztiak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita. Ebazpena epe horren barruan ematen ez bada, eskaera onetsi dela ulertuko da.
5.– Pertsona ororen ezagutzarako, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira.
14. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Bi epetan ordainduko da emandako dirulaguntza, honela:
– Dirulaguntzaren % 50 emate-ebazpena jakinarazi eta gero.
– Gainerako % 50aren likidazioa lagundutako ekintzetan egindako gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.
2.– Laguntzak likidatzeko justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko otsailaren 28ko 12:00ak bitartean, eta erakunde onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura eraman beharko dute. Honako agiri hauek dira aurkeztu beharrekoak:
– Ekintza bakoitzaren gastuen eta zenbatekoen zerrenda sailkatua.
– Gastu hautagarrien fakturak, kostuen banantzearekin, jaulkipen-datarekin eta hornitzailearen identifikazioarekin, baita gastuen ordainagiriak ere, zenbatekoa eta ordainketa-data barne.
– Dirulaguntzaren bitartez finantzatutako ekintzen betetzearen justifikazio-memoria.
Egindako bidaiak justifikatu behar badira, garraio-txartelak edo ostatuko fakturak aurkeztu beharko dira lekualdatzearen egiaztagiri gisa.
15. artikulua.– Laguntza-eskaerak eta/edo likidazioak zuzentzea.
1.– Baldin eta laguntza- eta/edo likidazio-eskaera oso-osorik beteta ez badago edo eskatutako gainerako agiri guztiak aurkezten ez badira, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak errekeritu egingo dio erakundearen legezko ordezkariari 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Epe hori iragan bada eta erakunde onuradunak ez baldin badu zuzenketa egin, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak espedientea azkendu ahal izango du, eta inguruabar horren berri emango dio erakunde eskatzaileari.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebehar dira Dirulaguntzen Lege Orokorrean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritako betebeharrak, zeinaren bitartez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina, eta, bereziki, honako hauek:
1.– Emandako laguntza onartzea. Zentzu horretan, enpresa onuradunak dirulaguntza onartu duela ulertuko da baldin eta dirulaguntza eman zaiola adierazten duen jakinarazpena jasotzen den egunetik zenbatzen hasita hamabost eguneko epean ez baldin badio laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten.
2.– Emandako dirulaguntza laguntzaren xede den jarduketa-plana egitera bideratzea.
3.– Erakunde onuradunak jasotako laguntza hori enpresa parte-hartzaileen artean banatzeko konpromisoa hartzen du, eskaera egin duten enpresa guztiek adostutakoaren arabera.
4.– Onartzea SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak egoki deritzen agiri guztiak eska ditzakeela, eta erakunde laguntzaile-lanak egiten dituen Basque Trade & Investment Euskadiko Nazioarteko Agentziak beharrezko eta komenigarri kontsideratzen dituen egiaztapen eta azterketa guztiak egin ditzakeela instalazioetan, modu horretan egiaztatzeko emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
5.– Fakturak gordetzea eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
6.– Eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei, laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik.
7.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede bererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
8.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari jakinaraztea laguntza emateko aintzat hartu den edozein inguruabarren aldaketa.
9.– Dagokion publizitatea ematea programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriari.
10.– Bermatzea diruz lagundutako proiektuan sortzen diren dokumentu eta euskarrietan hizkera eta irudi ez-sexistak erabiliko direla.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Baldin eta erakunde onuradunak programa honetan edo aplikagarriak zaizkion gainerako arauetan ezarritako betekizunak edo, hala badagokio, laguntzaren emate-ebazpenean ezartzen diren gainerako betekizunak betetzen ez baditu, galdu egingo du laguntza jasotzeko eskubidea eta derrigortuta egongo da SPRIri ordura arte jasotako dirulaguntzaren zenbatekoa eta dagozkion legezko interesak itzultzera. Beharrezkoa balitz, dagozkion legezko ekintzak erabiliko dira zenbateko horien ordainketa lortzeko.
2.– Ez-betetze kasuen artean onetsitako aurrekontuaren % 25 edo gehiago desbideratzea egongo da, salbu eta SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aburuz behar desbideratze horren salbuespen-izaera beste justifikatuta badago txosten tekniko baten bitartez.
3.– Zehazki, laguntza exijitzeko eskubidea galduko du erakundeak edo, hala badagokio, ordura arte jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu honako kasu hauetan:
a) Laguntza programa honetan ezarritako baldintza edo betekizunak bete gabe edo laguntza emateko ezarritako betekizunak hautsiz eskuratu izana laguntza.
b) Programan edo laguntzaren ematean aurreikusitako kontrol-neurriak errefusatzea edo oztopatzea.
c) Gastu hautagarriak epea barruan ez justifikatzea edo programa honetan edo programaren ebazpenean eskatutako betekizunak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere epe hori aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badago.
e) Proiektutik beste edozein modutan desbideratzea edo laguntzaren emate-ebazpenean ezarritako beste edozein betekizun ez betetzea.
4.– Erakunde onuradunak agindu honetan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta hurrengoetan, eta aplikagarriak diren gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat eta, hala badagokio, emate-ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak ez-betetze txostena egingo du. Interesatuak txosten horretan bere ekarpena ere egiteko aukera izango du, eta gero, organo eskudunak administrazio-ebazpenaren bidez deklaratuko du dirulaguntza jasotzeko eskubidearen galera, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, bi hilabeteko epean, jasotako dirulaguntzen printzipala itzultzeko betebeharra, baita dagozkion berandutze-interesak ere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatu zenbatekoak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondore guztietarako.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aurreko deialdi batean ezarritakoaren arabera izapidetzen ari diren txostenak deialdi horretan xedatutakoaren menpean jarraituko dute, behin betiko amaitu arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorrean (aurrerantzean, DBEO) eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoaren arabera, eskatu den dirulaguntzen txostena kudeatzeko tratatuko dira lortzen diren datu pertsonalak. Zentzu horretan, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIren helburua betetzeko interes legitimoa da, haren eraketa-legeari eta garapen araudiari jarraikiz.
Aipatutako informazio hori enpresa laguntzaileei helarazi dakieke, eta arlo horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei ere bai (ikusi https://www.spri.eus/nortzuk-gara/spri-taldeko-sozietateak/).
Interesdun guztiek erabili ahal izango dituzte SPRIren aurrean datuen babeserako araudiak ematen dizkien eskubideak. Horretarako, idatziz zuzenduko zaizkio SPRIri helbide honen bitartez: lopd@spri.eus
SPRIren Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarria eta zehatza kontsultatzeko, https://www.spri.eus/pribatutasun-politika/ webgunean dagoen Pribatutasun Politikara jo dezakezue.
Jakinarazten da, datuen babesa eskatu behar izanez gero, kontrol-agintaritza Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartutako erabakiek izaera administratiboa dute eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziei dagokiena da.
1. ERANSKINA
BIDAIA-POLTSA
2. ERANSKINA
Lankidetza-hitzarmena Partzuergoen, salmenta-taldeen eta bestelakoen kasuan
3. ERANSKINA
ETE ADIERAZPENA
4. ERANSKINA
MINIMIS LAGUNTZETARAKO ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA / PROIEKTU BERA