EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-08-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019145

478/2019 EBAZPENA, ekainaren 24koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza baliabideetako zuzendariarena, zeinaren bidez Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan (Zuzendaritza nagusia) atal sanitarioko burua (errekurtso eta prozesu asistentzialen analisia) hautatzeko lehiaketarako deialdia egiten den.

Xedapenaren zenbakia: 201900478
Xedapenaren data: 2019-06-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201903688
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan (Zuzendaritza Nagusia) Atal Sanitarioko buruaren lanpostua (errekurtso eta prozesu asistentzialen analisia) hutsik dagoenez, eta honako lege eta dekretuei jarraikiz: ekainaren 26ko 8/1997 Legearen (Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena) 28. artikuluko Hirugarren Arau Komunari; uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuari (Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen ditu); abenduaren 16ko 55/2003 Legeari (osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen esparru-estatutuari buruzkoa); urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuari (Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen du) eta Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Aginduari (Zerbitzuetako eta Atal Medikoetako buruzagitzak betetzeari buruzkoa), Giza Baliabideetako Zuzendaritza honek erabakitzen du deialdi publikoa egitea aipatutako lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko betekizunak.
Deialdi honetan parte hartu ahalko dute eskaerak aurkezteko epearen azkeneko egunean hurrengo baldintzak egiaztatzen dituztenek:
– Langile estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zerbitzu-erakundetan edo estatutupeko langile finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta jarduneko zerbitzuan egotea edo eskainitako lanpostuaren lanbide-talde berari dagokion kategoria bateko lanpostuaren erreserba dakarren beste administrazio-egoera batean egotea (A.1).
– A.1 lanbide-taldeko titulazioa eta espezialitatea edukitzea.
– Gutxienez hiru urteko lan-esperientzia izatea A.1 lanbide-taldean.
2.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web orrian.
3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
1) Interesa dutenek beren eskaera Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzara bidali beharko dute (Araba kalea, 45; 01006 Gasteiz), hamabost egun baliodunen barruan, deialdiaren ebazpena dagokien aldizkari ofizialetan azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
2) Interesdunek beren datu pertsonal guztiekin eta Curriculum Vitae (CV) dokumentatuarekin batera aurkeztu beharko dute eskaera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzan. Dokumentazioan honako hauek sartu behar dira:
– NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
– Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkoko langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
– Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, deialdirako Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean kategoria zein den adierazita.
– Bete nahi den ataleko Kudeaketaren Memoria Proiektua.
– Balora daitezkeen merituak egiaztatzen dituzten dokumentu guztien kopia konpultsatua.
Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurretik aipatu den moduan; hala ere, eskatzaileak horien berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartutakoen eta baztertutakoen behin-behineko zerrenda.
1) Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendariak, Ebazpen baten bidez, Osakidetzako web orrian jakitera emango du prozesurako onartu eta baztertu direnen behin-behineko zerrenda; zergatik baztertu diren ere agertuko da.
Baztertutako hautagaiek 10 laneguneko epea izango dute erreklamazioa egiteko, aipatutako ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Baztertzeko arrazoia zuzendu daitekeen huts bat baldin bada, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denean, atzemandako akatsak hamar laneguneko epean zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak eransteko eskatuko zaie interesdunei, ohartaraziz hala egiten ez badute prozesutik behin betiko baztertuko direla.
2) Erreklamazioak eta/edo eskaeren zuzenketak aurkezteko epea amaituta, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak, Ebazpen baten bidez, Osakidetzako web orrian jakitera emango du prozesurako onartu eta baztertu direnen behin betiko zerrenda.
5.– Balorazio Batzordea.
1) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Ebazpen baten bidez, Balorazio Batzordeko kideak izendatuko dira. Ebazpen hori Osakidetzaren web orrian argitaratuko da, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko zaio Osakidetzako zuzendari nagusiaren aurrean.
Kudeaketa-proiektuak (geroago aipatuko dira) defendatzeko saio publikoa egin baino gutxienez 10 egun lehenago argitaratu beharko da ebazpena.
2) Balorazio Batzordeko burua Asistentzia Sanitarioko zuzendaria izango da, eta honako hauek osatuko dute: zuzendariorde medikoak edo Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren Zerbitzu Korporatiboko buruak; Giza Baliabideetako zuzendariak, zeina hitza eta botoa izango dituen idazkari ere izango den, eta beste hiru kidek, horietako bat Herri Arduralaritzaren Euskal erakundeak izendatua. Hiru kide horiek hautagaiei eskatutako titulua eta espezialitatea eduki beharko dute, estatutupeko langile finko, karrerako funtzionario edo lan-kontratudun langile finkoak izan, eta deialdiko lanpostuaren maila hierarkiko bereko edo goragoko lanpostu funtzionalean aritu.
Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, aurrekoak huts eginez gero haren lekua har dezan, eta kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.
Balorazio Batzordea osatzeko aipatu diren kideetakoren bat falta bada Zuzendaritza Nagusian, Osakidetzako beste edozein erakundetako maila bereko pertsona bat aukeratu ahalko da.
3) Batzordeko kide guztiek norberaren izenean jardungo dute bertan, modu independentean, eta diskrezionalitate teknikoak babestuta, zuzenbidearen mende egoteko beharra alde batera utzi gabe.
Batzordearen osaerak emakume eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, betiere egoerak horretarako aukera ematen badu. Sexu bakoitza gutxienez ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, ordezkapen orekatutzat joko da.
4) Batzordeko kideek esku hartzeari uko egin beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legearen (urriaren 1eko 40/2015) 23. artikuluan aipatutako egoeraren bat gertatzen bada, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek edozein unetan errekusazioa aurkeztu ahalko dute, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako Lege horren 15. artikulutik 18.eraino zehaztutako arauetara egokitu beharko du bere jarduna.
5) Balorazio Batzordeko kide guztiek edukiko dute hitza eta botoa. Erabakiak gehiengoz hartuko dira, eta akta batean jasoko dira.
6) Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta horren objektibotasuna ziurtatzeko ardura izango du. Halaber, deialdiko oinarriak aplikatzeko orduan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta deialdian aurreikusi gabeko kasuetan zein irizpide erabiliko diren erabakiko du. Gainera, hautagaiak ebaluatu baino lehen, akta batean jaso beharko ditu ebaluatzeko irizpide zehatzak, oinarriei eta bertan jasotako merituen baremoari jarraituz.
6.– Hautatzeko prozedura.
Izangaien merituen balorazioak honako fase hauek izango ditu:
1) Balorazio Batzordeak dei egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzen uzteko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori gutxienez hamar egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren webgunean horren iragarki bat argitaratu beharko da.
Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin baino lehen, Balorazio Batzordeko kideek Batzordeko kideei beraiei eragin diezaieketen abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoi posibleak aztertuko dituzte, eta organo deitzaileari jakinaraziko dizkiete.
Gero, izangai bakoitzari deituko zaio, proiektuaren aurkezpena eta defentsa egiteko, eta, horren ondoren, elkarrizketa bat izateko. Elkarrizketan, Balorazio Batzordekoek proiektuan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dizkiote izangaiari, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Bai aurkezpena eta defentsa, bai elkarrizketa publikoak izango dira.
Proiektuen aurkezpen publikoa bukatutakoan, Balorazio Batzordeak puntuazioa emango dio izangai bakoitzari, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera.
2) Merituen balorazioa.
Balorazio Batzordeak, izangai bakoitzaren merituak baloratu, eta puntuazioa emango du, deialdiaren oinarrietan jasotakoaren arabera. Atxikitako eranskinean dago jasota deialdi honetan aplikatu beharreko merituen baremoa.
Ebazpen hau dagokien aldizkari ofizialetan argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merituak ezingo dira inolaz ere baloratu, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Merituen Baremoaren 2. apartatuan jasotzen denarekin bat etorriz egingo da balorazioa.
3) Akta eta izendapen-proposamena.
Balorazio Batzordearen aktak zehatz-mehatz jaso beharko du bertako kideek hautagai bakoitzari baremoaren atal bakoitzean emandako puntuazioa, bai eta ematen dioten azkeneko puntuazioa ere. Era berean, aktan jasoko da epaimahaiak hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketako memoria-proiektuari eta egindako azalpen publikoari puntuazioa emateko oinarri izan dituen alderdien inguruko azalpen labur bat eta baita beste ataletako puntuen esleipen xehea ere.
Deialdian, berdinketa hausteko irizpideak zehaztu daitezke, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (otsailaren 18ko 4/2005) xedatutakoa kontuan hartuta.
Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta proiektuaren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.
Era berean, Balorazio Batzordeak puntuazio handiena lortu duen hautagaiaren alde egiten duen proposamena ere jasoko da aktan.
7.– Prozeduraren ebazpena.
1) Aurkeztutako proiektuak eta curriculumeko merituak ebaluatzeko fasea bukatutakoan, Balorazio Batzordeak puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldeko izendapen-proposamen bat egingo dio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzari, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lotutako puntuazioak banaka zehaztuta.
Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.
2) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen Zuzendaritzak, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, ebazpen bat emango du, proposatutako izangaia izendatzeko deialdian eskainitako lanpostua betetzeko edo deialdia hutsik uzteko.
Deialdia hutsik utziz gero, Ebazpenean honako arrazoi hauetakoren bat jaso beharko da:
a) Ez da hautagairik aurkeztu. Kasu horretan, Kudeaketa Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin gabe.
b) Hautagaietako inork ez ditu betetzen Deialdiko Oinarrietan eskatzen diren baldintzak.
c) Hautagaietako inork ez du lortu gutxieneko puntuazioa.
3) Izendapenaren Ebazpena, interesdunari jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusian.
8.– Esleipenaren ondorioak.
Atal Sanitarioko buruaren izendapenak lau urteko aldi baterako lan-harremana sortuko du, zeina luzatu ahalko den, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearen (8/1997, ekainaren 26koa) 28. artikuluan jasotako aurreikuspenei jarraikiz.
9.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 24a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideetako zuzendaria,
MARÍA PILAR URIARTE BRIZUELA.
ERANSKINA
Merituen baremoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Asistentzia Sanitarioko zuzendaritzan (Zuzendaritza nagusia) atal sanitarioko burua (Errekurtso eta prozesu asistentzialen analisia) hautatzeko deialdirako.
Merituen baremoa (gehienez 66 puntu).
Merituen balorazioak fase hauek izango ditu:
I.– Proiektua eta horren defentsa (gehienez 30 puntu).
Izangaiek dagokion Atalaren antolaketaren eta funtzionamenduaren memoria-proiektu bat aurkeztu beharko dute, baita epaimahai kalifikatzailearen aurrean azalpen publikoa egin eta epaimahaikideek egindako galderei erantzun ere.
Fase horretako puntuazioa bi atal hauetan banatuta dago:
a) Zerbitzuaren kudeaketarako aurkeztutako memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez 15 puntu).
Kudeaketari buruzko memoria-proiektuan, gutxienez, hurrengo atalak garatu beharko dira. Deialdian eskainitako lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, deialdiaren ebazpenean, agintaritza deitzaileak a.1), a.2) eta a.3) atal hauei dagokien gehieneko puntuazioa zehaztuko du:
a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (gehienez 9 puntu):
Zerbitzuaren/atalaren organigrama, bai buruzagitzako postuaren bai horri atxikitako gainerako postuen funtzioak adierazita.
Zerbitzuak/atalak erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.
Buruzagitza/atala kudeatzeko plana, antolaketa-helburuak definituta, hobetu beharreko eremuak aztertuta eta hautemanda eta horiek lortzeko egokiak diren neurriak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak modu efizientean erabiltzeko konpromisoa edo plana.
a.2.– Asistentziarekin lotutako atala (gehienez 3 puntu):
Asistentzia-zerbitzuen zorroaren deskribapena.
Helburu eta adierazle asistentzialak finkatzea, eta, horrekin batera, horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat.
a.3.– Irakaskuntzarekin eta ikerkuntzarekin lotutako atala (gehienez 3 puntu):
Zerbitzuan/atalean irakaskuntzaren plangintza zehaztea.
b) Memoria-proiektua publikoki aurkeztea Balorazio Batzordearen aurrean (gehienez 15 puntu).
Proiektuaren aurkezpen publikoa baloratzeko orduan, memoria-proiektuaren defentsa modu argian eta zehatzean egitea baloratuko da, baita horren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak izangai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da. Proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, baita proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere.
II.– Merituen balorazioa (gehienez 30 puntu).
Puntuazioa honela banatuko da:
II.1.– Laneko esperientzia (gehienez 13 puntu).
A1 Taldeko espezialitatean fakultatibo gisa emandako zerbitzuen hilabete bakoitzagatik: 0,0500 puntu.
Edozein espezialitatean ataleko buru gisa lanean emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.
Edozein espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Edozein espezialitatean osasun-arloko administrazio publikoetako zuzendari gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.
Osakidetzako, Gizarte Segurantzako edo autonomia-erkidegoetako zerbitzu sanitarioen erakundeetan edo edozein administrazio publikotako osasun-zerbitzuetan egindako lana lan-esperientzia gisa baloratuko da, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko zerbitzu sanitarioetan egindako lana ere.
Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan, eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Ildo horretan, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.
II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkuntza (gehienez 17 puntu).
Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.
II.2.1.– Kudeaketan prestakuntza izatea (gehienez 3 puntu).
Osasunaren arloko kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:
– 20-30 ordu bitarte: 0,2000 puntu.
– 31-50 ordu bitarte: 0,3000 puntu.
– 51-100 ordu bitarte: 0,4000 puntu.
– 101-200 ordu bitarte: 0,5000 puntu.
– 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez 3 puntu).
Dagokion lanpostuko espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:
20-30 ordu bitarte: 0,2000 puntu.
31-50 ordu bitarte: 0,3000 puntu.
51-100 ordu bitarte: 0,4000 puntu.
101-200 ordu bitarte: 0,5000 puntu.
200 ordutik gora: 1,2500 puntu.
Erakunde ofizialek, unibertsitateek, erakunde sanitarioek emandako eta egiaztatutako ikastaroak baloratuko dira, baita elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandakoek ere. Era berean, edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.
II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez 5 puntu):
– Doktorea: 3 puntu.
– Cum laude doktorea: 4 puntu.
– Graduondoko masterra: 2 puntu.
– Unibertsitateko aditua/espezialista: 1 puntu.
– Ikertzeko gaitasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma: 1 puntu.
– Doktorego-ikastaroa, doktorego-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez 10 ikastaro): 0,1000 puntu.
Doktore, cum laude doktore, ikertzeko gaitasuna edo ikasketa aurreratuetako titulu bat lortzeko balio izan duten programetako doktorego-ikastaroak ez dira baloratuko.
II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez 3 puntu).
Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratu, txostenak aurkeztu, komunikazioak egin, hitzaldiak eman edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:
– Eskualde bateko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 0,2500 puntu.
– Txosten-aurkezpen nazional bakoitzeko: 1,000 puntu.
– Nazioarteko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 1,500 puntu.
– Eskualdeko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.
– Ahozko komunikazio/poster nazional bakoitzeko: 0,6000 puntu.
– Nazioarteko ahozko komunikazio/poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.
– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.
– Mahai-inguru nazional bakoitzeko: 0,7500 puntu.
– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (egile nagusia): 1,0000 puntu.
– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
– Liburu bakoitzeko (egile nagusia): 2 puntu.
– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): 1 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (egile nagusia): 1,0000 puntu.
– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.
– Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.
II.2.5.– Irakaskuntza-jarduera (gehienez 3 puntu).
– Medikuntzako fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatekoa (urteko): 1,0000 puntu.
– Medikuntzako Fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatekoa (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.
– Medikuntzako Fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatekoa (urte bakoitzeko): 0,2500 puntu.
– Egoiliarren irakaskuntzarako tutore akreditatua, dagokion espezialitatekoa (urte bakoitzeko): 0,5000 puntu.
– Etengabeko prestakuntzako programa ofizialetako irakaskuntza (ordu bakoitzeko): 0,050 puntu.
III.– Euskara (gehienez 6 puntu).
Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko Dekretuan (martxoaren 18ko 67/2003) eta berau garatzeko arauetan jasotakoaren arabera baloratuko da.