EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019143

AGINDUA, 2019ko uztailaren 16koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen eta iragartzen baita kultura-arloko jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak 2019. urtean emateko deialdia.

Xedapenaren data: 2019-07-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201903650
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 15eko 24/2016 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagozkio, besteak beste, arte- eta kultura-jardueren eta haien zabalkundearen gaineko eskumenak.
Bestalde, Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren bidez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoa eta ikusizko arteen beharrak aztertzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan haien jarduna sustatzeko, sendotzeko eta hedatzeko hartu beharreko neurri administratiboak hartzeko eginkizuna.
Halaber, arau hauek daude indarrean Euskal Autonomia Erkidegoan, laguntza eta dirulaguntzetarako: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen VI. titulua (testu bateginaren arabera, zeina azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu baitzuen), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege horren Araudia onartu duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, jardunbide bat ezarri beharra dago, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdiei laguntzeko. Jardunbide hori, bestalde, sail horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko dirulaguntzak eskainiz gauzatzen da, bereziki, honako arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Neurri horri esker, kultur ekoizpena gizarte osoaren eskura jarri nahi da, herritar guztiek kultura adierazpide horiez guztiez goza dezaten.
Deialdi hau Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018ko urtarrilaren 31n onartu duen eta sailaren beraren webgunean (http://www.euskadi.eus/plan-departamental/plan-estrategico-de-subvenciones-del-departamento-2018-2020/web01-s2hhk/eu/ helbidean) argitaratua den Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren 2018-2020 aldirako urteko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan aurreikusia da, JAIALDIAK izenarekin, 4513. Programan, 45136 Kulturaren Sustapena azpiprograman, Aukera-berdintasuna sustatzea 3. helburua, 3. ekintzan. Halaber dago aurreikusita Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren 2019. urteko Dirulaguntza Planean, 2019ko maiatzaren 31n onetsia.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da: kultura-arloko jaialdiak antolatzeko, 2019ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea eta deialdia egitea, bereziki kultura-arlo hauetan: musika, antzerkia, dantza, liburugintza, ikus-entzunezkoak eta ikusizko arteak. Kultura-ekintzok espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan beharko dute, eta interes berezia sortu Euskal Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.
2. artikulua.– Hautapena eta baliabide ekonomikoak.
1.– Agindu honetan zehaztutako dirulaguntzak lehiaketa-prozeduraz emango dira, hain justu ere 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan izanik, aurkeztutako eskabideak konparatuz, horiei lehentasunezko hurrenkera bat ezartzeko. Eta balorazio fasean, artikulu horretan zehaztu puntuazioa edo hortik gorakoa lortzen dutenek bakarrik eskuratuko dituzte dirulaguntzak; eta dirulaguntza horiek ahalik eta handienak izango dira, betiere 11. artikuluan ezarritako mugen arabera.
2.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da. Aurkezten diren proiektuak bi kategoriatan sailkatuko dira, aurrekontuaren arabera:
– A kategoria. 100.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuak.
– B kategoria. 100.000 eurokoa nahiz hori baino aurrekontu txikiagoko proiektuak.
Honela banatuko da kreditu globala bi kategoria horietan:
– 150.000 euro A kategoriako jaialdiak antolatzeko.
– 200.000 euro B kategoriako jaialdiak antolatzeko.
11. artikuluan xedatutako mugak aplikatzearen ondorioz aurreikusitako kopuru horiek osorik esleitu gabe geratzen badira, soberakina beste kategoriaren zuzkidura handitzeko baliatuko da.
3. artikulua.– Eskatzaileak eta onuradunak
1.– Pertsona fisikoek, pertsona juridiko pribatuek zein ondasun-erkidegoek eskatu ahal izango dituzte dirulaguntzak Agindu honen babesean, betiere 1. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiten badituzte eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluaren arabera onuradun bilakatzeko betebehar orokorrak betetzen badituzte. Besteren izenean diharduten pertsonek eta erakundeek hala adierazi beharko dute, eta ordezkapena justifikatu. Ondasun-erkidegoen kasuan, partaide guztiek bete beharko dituzte laguntza hauen onuradun izateko pertsona fisikoei exijitzen zaizkien baldintzak.
2.– Deialditik kanpo geratuko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko Aurrekontu Orokorra 2019ra luzatu izanaren arabera helburu bererako dirulaguntza izendunen bat esleituta dutenak; halaber ikastetxeak zein arte, musika, dantza eta bestelako arte-diziplinetako ikastegiak.
b) Zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak ez dituztenak. Betekizun horiek ematen den dirulaguntza kitatu artean atxiki beharko dira beterik, eta, beraz, laguntzak esleitzeko unean zein, hasierako ziurtagiria iraungi delako hala egokitzen bada, ordainketak egiteko unean egiaztatuko da betetzen diren.
c) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez dituztenak. Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak esleitzeko eta ordaindu ahal izateko, amaituta egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak zein haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza edo laguntzen esparruan hasitako eta izapidetze-aldian den zigortze- nahiz itzultze-prozedura orok. Baldin eta prozedura amaitzen bada laguntza publikoak jasotzeko debekua edo itzultzeko obligazioa ezarrita, eta itzulketa ez bada ordaintzeko borondatezko epean gauzatzen, baldintzapean esleitutako dirulaguntza bertan behera geratuko da onuradun bilakatzeko debeku-kasua gertatzeagatik, hurrengo puntuan azaldu bezala.
d) Laguntza publikoak jasotzeko aukera ukatu dien zigor administratibo edo, epai irmoz, penala jaso dutenak, zigorrak dirauen bitartean, dela laguntza publikoak lortzeko aukera ukatzen zein legezko debeku bat dela eta –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-bereizkeria barne–, dela prebarikazioa, eroskeria, ondasun publikoen bidegabeko eralgitzea, eragin trafikoa, iruzurra eta legez kanpoko ordainarazpenak nahiz hirigintza-delituak egiteagatik.
3.– Orobat geratuko dira bazterturik:
a) Krisian dauden enpresak, krisian dauden enpresa ez finantzarioak salbatu eta berregituratzeko laguntza estatalei buruzko zuzentarauen definizioaren arabera (DO C249, 2014-07-31).
b) Dirulaguntza bat legez kanpokoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi duen Europar Batasuneko Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak.
4.– Eskatzaileek ez dute egon beharko Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluek onuradun bilakatzeko xedatzen dituzten debekuen ezein kasutan.
4. artikulua.– Diruz lagundu beharreko jarduerek bete beharreko baldintzak.
1.– Dirulaguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Programak edo jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira, 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta haien edukia batez ere kulturala izan beharko du eta programazio artistiko intentsiboa izan.
b) Dirulaguntzen deialdi honetara aurkeztutako programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, agindu honen 8.2 artikuluan xedatutako gutxieneko autofinantziazio-maila eta 11. artikuluan ezarritako finantzazio-mugak errespetatu beharko dira.
c) Diruz lagundu beharreko jarduerek herritarrei oro har irekiak izan beharko dute, ekitaldi kolektiboetan eta aurrez-aurre.
d) Aurretiko nahiz ondorengo faseak (prestatzekoak nahiz ixtekoak edo baloratzekoak) gorabehera, jendaurreko jarduerek epe mugatu batean gauzatu beharko dira, inola ere ez bi egun baino laburragoa, ez eta bi hilabete baino luzeagoa ere.
e) Jaialdiak aldikakoak izango dira eta irauteko bokaziodunak.
f) Ez dira jaialditzat hartuko, bira artistikotzat baizik, ikuskizun beraren hainbat emanaldi aurreikusten dituzten proposamenak.
2.– Deialditik kanpo geratuko dira:
a) Artikulu honen 1. puntuan aipatzen diren baldintzak betetzen ez dituzten proposamenak.
b) Urte osoko kultura-programazioak eta kultura-programazio orokorrak. Halakotzat hartuko dira areto baten ohiko programazioa deialdiaren baldintzetara formalki egokitu besterik egiten ez dituzten proposamenak.
c) Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak, hala nola lantegi, mintegi eta antzekoak.
d) Izaera akademiko zein gremiala besterik ez duten ekitaldiak eta promozio- zein oroitzapen-ekitaldi puntualak.
e) Sariak eta galak.
f) Erakundeen barne-jarduerak, beren ikus-entzuleentzakoak.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako epearen barruan burutzen badira. Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.
Sustatzailearen egiturari, mantentze-lanei eta ohiko jardunari lotutako gastuak: lokalen alokairua, finantza-gastuak, baimenak, zergak, lege-aholkua, ohiko kontsumoak (argia, ura, telefonia, internet...) eta abar ezin izango dira guztira aurrekontuaren % 5 baino gehiago izan.
2.– Lagun daitezkeen gastuetatik at geratzen dira:
a) Ondasun higiezinak eta azpiegiturak erostearekin, erabiltzearekin eta finantzatzearekin lotutako guztiak, bai eta ekipamendu-ondasun inbentariagarriak ere.
b) Proiektua garatzeko beharrezkoak ez diren eta zenbatekoa sinesteko moduan frogatua ez duten gastu-kontzeptuak.
c) Erakunde sustatzailearen langileen ordainak, aseguru sozialen kotizazioak eta zerga-atxikipenak.
d) Eskatzaileak berak egindako lanengatiko gastuak.
e) Diru bidezko sariak.
f) Protokolo-ekitaldiak, hala nola afari, festa, koktel eta antzekoak.
3.– Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZ kengarriaren zenbatekoa, eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean. Halako kasuetan, justifikazio-agirien zerga-oinarriari dagokion kopurua bakarrik egotzi ahal izango da gastu gisa.
6. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, eskatzaileek zergekiko obligazioak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean beteak dituztela. Eskabidea aurkezteak berekin dakar inplizituki egiaztapen hori egiteko baimena ematea. Dena dela, berariaz ukatu dezake eskatzaileak baimen inplizitu hori eskabidean bertan, eta kasu horretan berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiek beteak dituela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
2.– Egoitza fiskala estatu espainiarretik kanpo izanez gero, egiaztagiri eguneratua aurkeztu beharko da: zergekiko obligazioak egunean izateari buruzko egiaztagiria, organo eskudunak emandakoa. Kasu bietan ere, egiaztagiriek ez dute izango sei hilabetetik gorako antzinatasuna.
3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua betez, betebehar hauek bete direla egiaztatuko da, eskabidearekin batera aurkeztuko den erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri emango da.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrena, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekua dakarkion ezein kasutan egotea ere, ez azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutakoetan, ez gizon-emakumeen arteko berdintasunaren gaineko legeetatik zein Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunaren abenduaren 28ko 14/2007 legetik eratorrietan.
– Baldin eta eskatzailea halako baten pean egona bada, amaituta egon beharko du emanda dituen laguntzak itzultzeko nahiz eskatzailea zehatzeko hasi eta oraindik izapidetzen ari diren prozedura orok.
– Halaber, eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 9an amaituko da.
2.– Pertsona fisikoek, beren izenean nahiz beste pertsona fisiko baten izenean dihardutela betiere, aurrez aurre nahiz telematikoki aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak:
– Aurrez aurreko kanala: eskabideak Zuzenean zerbitzuko bulegoetan aurkeztuko dira, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Kanal elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikora sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honetako 5. atalean adierazten diren helbideetan edo urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat –presentziala nahiz elektronikoa– hautatzeak ez dakar berekin prozeduraren hurrengo izapideetan ere hartaz baliatu behar izatea; alegia, noiznahi aldatu daiteke bidez.
3.– Pertsona juridikoek eta ondasun-erkidegoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz bakarrik aurkeztuko dituzte, artikulu honen 5. atalean adierazitako helbide elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
4.– Eskatzaileek eskaera bana besterik ezin izango dute aurkeztu.
5.– Eskaera-orria, eta orria bera, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak bide elektronikoz zein presentzialez izapidetzeko jarraibideak, euskadi.eus egoitza elektronikoaren helbide elektroniko honetan eta administrazio-egoitzetan egongo dira eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/jaialdiak/web01-tramite/eu/
Eskaeraren ondorengo izapide elektronikoak, berriz, hemen egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dituzte beren eskaera eta hari atxikitako dokumentazioa. Halaber, eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen erabilera arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
7.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak berariaz eta formalki onartu direla adierazten du, horien aurka helegitea aurkezteko aukera gorabehera.
8. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskatzaileari berari buruzko agiriak:
a) Pertsona fisikoen kasuan:
– Eskabidea sinatzen duen pertsonaren identitatea egiaztatzea.
b) Pertsona juridikoen kasuan:
Administrazio honen mendeko erregistroetan inskribatutako erakundeek:
– Eskabidean adieraziko dute zein erregistrotan dauden inskribaturik, eta ez dute zertan aurkeztu inskripzio horren egiaztagiririk.
Administrazio honetakoak ez diren erregistroetan inskribatutako entitateek legez sortuak direla frogatu beharko dute, beren izaera juridikoaren arabera, bai eta pertsona ordezkariaren identitatea erakutsi ere; gainera, ordezkaritza-ahalorde nahikoa dutela justifikatu beharko dute, horretarako, agiri hauek aurkeztuz:
– Sortze-eskritura, estatutuak, eta dagokien erregistro ofizialaren jatorrizko ziurtagiria, inskribatuta daudela egiaztatzen duena.
– Identifikazio fiskaleko zenbakiaren egiaztagiri-txartela.
– Pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta hark erakundea ordezkatzeko boterea duela egiaztatzeko agiriak.
Pertsona fisikoen zein juridikoen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, zeinaren bidez jakinaraziko baitute aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan agindu honen lehen xedapen gehigarrian deskribatzen den de minimis erregimenari lotutako beste laguntzarik jaso duten ala ez, eta, baiezkoan, haien jatorria, helburua eta zenbatekoa zehaztuta.
c) Ondasun-erkidegoek ezinbestean aurkeztu beharko dute agiri bat, eskabidearekin batera, non adieraziko baitute erkidegoko kide bakoitzak zer konpromiso hartzen dituen bere gain proiektua gauzatzeko eta dirulaguntzaren zer zati jasoko duen bakoitzak. Halaber, erkidegoaren ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute kideek, onuradun gisa erkidegoari egokitzen zaizkion betebeharrei erantzuteko adinako ahalmena duena.
Erkidegoak deuseztatu gabe iraun beharko du harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluak Euskadiko Ogasun Nagusiaren eskubideetarako aurreikusten dituen preskripzio-epeak ahitzen diren arte.
2.– Jarduerari buruzko dokumentazioa:
– Proposamena aginduaren 12. artikuluaren 2. atalean xedatutako irizpideen arabera egoki baloratzeko behar diren puntuak zehaztu eta garatu egiten dituen memoria zehatza eta jaialdiaren gauzatze-egutegia. Halaber adieraziko da zer lurralde-eragin aurreikusten zaion jaialdiari.
Jaialdiaren lehen ekitaldia baldin bada, lau urterako garatze-plana gehituko zaio aurrekoari, jarraitutasun-plana bistaratu eta haren balorazio-irizpideak definitzen dituena.
– Jardueraren gastuen eta diru-sarreren aurrekontu orekatua, banakatua eta xehea. Gastu eta jarduera lagungarrietan eta gastu eta jarduera ez-lagungarrietan banatuta aurkeztuko da aurrekontua. Baldin eta eskaeran 5. artikuluak ez-lagungarritzat jotako gastu edo jarduerarik aurreikusten bada, organo kudeatzaileak aurrekontua araztuko du halakoak baztertuz, eta arazketaren ondoren onartzen den aurrekontua baizik ez da hartuko lagungarritzat eta dirulaguntza kalkulatzeko oinarritzat. Gutxienez 15.000 eurokoa izango da aurrekontua, eta eskatu beharreko gutxieneko dirulaguntza, berriz, 5.000 eurokoa. Aurrekontuaren autofinantziazio-maila gutxienez % 20koa izan beharko da, halakotzat hartuta iturri publikoetatik ez datorren frakzioa (alegia, norberak egindako ekarpena, gehi mezenas pribatuek egindakoa, gehi jarduerak berak eragindako diru-sarrerak, hala nola publizitatea, sarrerak nahiz bestelako ondasun eta zerbitzuak saltzeak eragindakoak).
– Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde pribatu zein publikoei xede bererako egin zaizkien beste dirulaguntza eskaeren zerrenda eta horietako bakoitza zertan den zehazten duena.
– Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, horren inguruko motibazioa, 12.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuko ote den ere.
3.– Eskatzailea ez badago erregistratuta Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edo han dituen banku-datuak aldatu nahi baditu, berari ordaindu ahal izateko hirugarrenaren alta izeneko agiria aurkeztua izan beharko du, dela eskaerarekin batera, dela prozeduraren beste une batean.
4.– Erabilitako kanala edozein delarik ere (aurrez aurrekoa nahiz elektronikoa), aurkezten diren agiri elektronikoek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Deskarga daitezkeen ereduak erabiliko dira. Bestela, ahal delarik PDF formatuan aurkeztuko dira.
b) Dokumentazio elektroniko osoaren tamaina 30 Mb-koa izango da gehienez ere.
5.– Eusko Jaurlaritzaren esku dauden agiri eta datuak ez ekartzeko eskubidea dute eskatzaileek, baldin eta haiek indarrean jarraitzen badute. Eskubide horretaz baliatu nahi izanez gero, datu horiek zer prozeduratan, zer organoren aurrean eta zer egunetan aurkeztu zituzten jakinarazi beharko dute eskatzaileek.
9. artikulua.– Aurkezten diren eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabideari antzemanez gero izapidera onartzeko agirietan akats formalak dituela, orobat hura baloratzeko aipatutako agiriei akatsik antzemanez gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari, beharrezko agiriak aurkez ditzan edo hautemandako akatsak zuzen ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio hala egin ezean eskabidean atzera egin duela edo izapide horretarako eskubidea galdu duela ulertuko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio.
Pertsona juridikoek, beren eskabidea elektronikoki aurkeztu behar dutenek, aurrez aurre aurkezten baldin badute, akatsa zuzen dezatela eskatuko zaie eskabidea elektronikoki aurkeztuz. Horretarako, zuzenketa egiten den eguna hartuko da eskabidearen aurkezte-eguntzat.
10. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
11. artikulua.– Dirulaguntzen muga eta bateragarritasuna.
1.– Agindu honetara biltzen diren jarduerek jasoko duten dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurrekontu onartu osoaren % 50etik gorakoa haren lehen bost ekitaldietan, ez eta aurrekontu onartu osoaren % 30etik gorakoa ere, hortik aurrerako ekitaldietan.
2.– Diruz laguntzen diren proiektuek gehienez 35.000 euro jasoko dituzte.
3.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituzten laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera eta nolanahiko baliabideekin, betiere gain-finantziaziorik ez bada; kasu horretan, bidezkoa izango da dirulaguntzaren munta murriztea, dagokion mugaraino.
Dena dela, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak izango Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak proiektu bera egiteko nahiz haren zati bat egiteko emandako dirulaguntzekin, dirulaguntza horiek izendunak, zuzenekoak zein aginduen bitartez emandakoak direla ere.
12. artikulua.– Proiektuak baloratzeko eta hautatzeko, eta dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak
1.– A eta B kategoriak zein bere aldetik baloratuko dira, eta bateko eta besteko proiektuak elkarrekin baizik ez dira lehiatuko.
2.– Aurkeztutako eta bertan behera utzi gabeko proiektuak baloratzeko, irizpide eta baremo hauek erabiliko dira:
a) Proposamenaren kalitatea (50 puntu).
a.1.– Programazioa (25 puntu).
Hau balioetsiko da:
– Edukien interesa eta kalitatea (0-15 puntu).
– Euskal artista eta konpainien presentzia (0-5 puntu, portzentajearekiko proportzio linealean).
– Aurrekontuaren baliabide ekonomikoen, materialen eta giza baliabideen arteko koherentzia (0-5 puntu).
a.2.– Berrikuntza (ez teknologikoa) (15 puntu).
– Proposamena berrikuntzarekiko baloratuko da, haren ekarpenaren garrantzia (0-5 puntu), espezifikotasuna (0-5 puntu) eta abantailak (0-5 puntu) aintzat hartuta.
a.3.– Berezitasuna eta erreferentzialtasuna (10 puntu).
– Proposamena bere sektore barruan duen berezitasunaren (0-3 puntu) eta bere erreferentzialtasunaren arabera (0-7 puntu) baloratuko da.
b) Jaialdiaren ezaugarriak (35 puntu).
b.1.– Ibilbidea (5 puntu).
– Aurretiko edizioen kopurua. Puntu bana edizio bakoitzeko, gehienez ere 5 puntu.
b.2.– Autofinantzaketa (10 puntu).
– Aurrekontu onartuaren autofinantzaketa-portzentajea.
% 20 - % 34,99: 1 puntu.
% 35 - % 49,99: 3 puntu.
% 50 - % 64,99: 6 puntu.
% 65etik gora: 10 puntu.
b.3.– Ikusleen erantzuna areagotzeko estrategiak (12 puntu)
Helburu hauetara bideratutako ekintzak balioetsiko dira:
– Ikuslegoa zabaltzea (denbora-faltari lotutako oztopoak, geografikoak, fisikoak eta ekonomikoak minimizatuz) (0-6 puntu)
– Ikusleen esperientzia aberastea, edukiak zabaldu eta parte hartzeko, konprometitzeko eta elkarlanerako eremuak irekitzen dituzten jarduerak programatuz (0-6 puntu)
b.4.– Lurralde-eragina (8 puntu)
– Jaialdiak beren lurralde-eraginaren eta lurraldean dinamismoa era erakarmena sorrarazteko gaitasunaren arabera balioetsiko dira (0-8 puntu)
Herri-mailako eragina: 1 puntu.
Eskualde-mailako eragina: 3 puntu.
Lurralde historiko mailako eragina: 5 puntu.
Autonomia Erkidego mailako eragina: 6 puntu.
Nazioarte-mailako eragina: 8 puntu.
c) Euskararen presentzia (10 puntu)
c.1.– Euskarak programazioan, marketinean eta publizitatean zer presentzia duen baloratuko da
Honen arabera puntuatuko da:
– Ekitaldi eta jardueretan euskararen erabileraren portzentajea (0-5 puntu). Irizpide hau ez da baloratuko beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan; ikus artikulu honen 3. puntua
– Euskarazko marketin eta publizitatean egindako gastuaren portzentajea marketin eta publizitateko gastu osoarekiko (0-5 puntu)
Bi aldagaiak baremo honen bidez baloratuko dira:
% 0 - % 10: 0 puntu.
% 10,01 - % 20: 1 puntu.
% 20,01 - % 30: 2 puntu.
% 30,01 - % 40: 3 puntu.
% 40,01 - % 50: 4 puntu.
> % 50: 5 puntu.
d) Genero-berdintasuna (5 puntu)
d.1.– Sentikortzeko eta ekintza positiboko neurriak balioetsiko dira:
– Emakumeen portzentajea parte hartzen duten artisten artean (0-2 puntu)
% 0 - % 25: 0 puntu.
% 25,01 - % 50: 1 puntu.
> % 50: 2 puntu.
– Emakumeen ehunekoa epaimahai eta erabakitze-organoetan (0-3 puntu)
% 0 - % 30: 0 puntu.
% 30,01 - % 40: 1 puntu.
% 40,01 - % 50: 2 puntu.
> % 50: 3 puntu.
3.– Beren izaera dela eta hizkuntzarik erabiltzen ez duten diziplinen kasuan, hala nola eskultura, pintura, grabatua, musika klasikoa eta abar, berariaz motibatu beharko du eskatzaileak kontua. Balorazio Batzordeak nahikoa dela irizten baldin badio motibazioari, eskatzailearen puntuazioa gorantz egokituko da, 1,05 faktoreaz biderkatuta.
4.– Puntuazio osoaren % 60 (100 puntutik 60, hain zuzen) lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira.
5.– Hautatutako proiektuei dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, prozedura honi jarraituko zaio:
a) A kategorian puntu gehien bildu dituen proiektutik hasi eta dirulaguntza esleituko zaio, betiere muga hauek aplikatuta: (a) eskatutako kopurua, (b) 11.1 artikuluak ezarritakoa eta (c) 11.2 artikuluak ezarritakoa. Hiru mugetan txikiena esleituko zaio eskatzaileari.
b) Prozedura errepikatu egingo da artikulu honen 4. puntuan aipatzen den irizpidea gainditzen duten hurrengo proiektu hautatuekin, lortu duten puntuazioaren arabera handitik txikira antolatuta, kategoria honetarako aurreikusitako zuzkidura agortu arte. Horretarako, aurreko puntuan aipatu diren mugei egokitze-faktore proportzional bat aplikatuko zaie, faktore hori izanik dirulaguntza kalkulatzen ari zaion proiektuak jaso duen puntuazioaren eta puntuazio handienaren arteko arrazoia.
c) Prozedura errepikatu egingo da B kategoriako proiektuei dagokien dirulaguntza kalkulatzeko ere.
6.– Aipatu mugak aplikatzearen ondorioz geldikinik geratzen bada, puntuen % 60 baino gehiago jaso eta berari dagokion mugara iritsi ez den hurrengo proiektuari emango zaio; prozedura errepikatu egingo da, harik eta deialdiaren zuzkidura amaitzen den arte edo, kasua bada, eskabide guztiak zein bere laguntzaren mugara iristen diren arte.
13. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio Batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak, dagokion ebazpen-proposamena hartzea eta Kulturako sailburuordeari igortzea.
2.– Balorazio Batzordearen osaera Kulturako sailburuordearen ebazpen batek zehaztuko du, eta haren lehen bilkura baino lehenago argitaratuko da EHAAn.
3.– Kultura Sustatzeko zuzendaria nahiz hark izendatzen duen eskuorde bat izango da Balorazio Batzordearen presidentea; idazkari, berriz, hitzarekin baina botorik gabe, zuzendariak Zuzendaritza horretako teknikarien artetik izendatzen duenak jardungo du. Kide anitzeko organoaren jardunaren legaltasun formala eta materiala bermatzea izango da idazkariaren zeregina.
Batzordeko bokalak gutxienez hiru eta gehienez bost izango dira, eta Kulturako sailburuordeak izendatuko ditu. Kulturaren munduko profesionalen artetik aukeratuko dira, dela profesional independenteak, dela Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sektorial adierazgarrietako kideak.
4.– Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da Balorazio Batzordea eratzean.
5.– Balorazio Batzordeak, beharrezkotzat jotzen badu, nahi beste argibide azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, bai eta proiektuen arduradunekin elkarrizketak adostu ere.
6.– Esleitzeko irizpideetan oinarritutako ebazpen-proposamena igorriko dio Kulturako sailburuordeari Balorazio Batzordeak, non dirulaguntza jasotzeko proposatzen dituen eskatzaileak eta horientzat proposatutako zenbatekoak urteen arabera banakatuta aipatuko diren. Halaber adieraziko da zer eskabide ez diren onartu, zer eskabideri ukatzen zaien dirulaguntza eta erabaki horren zergatia.
Nolanahi ere, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.
7.– Ebazpen-proposamenean, dirulaguntza ematearen aldeko proposamena jaso duten eskabideen kasuan, datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez:
a) Onuraduna, pertsona, elkarte, enpresa nahiz erakundea.
b) Diruz lagunduko den jarduera.
c) Emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
d) Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, dirulaguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.
e) Laguntzarik jasotzen ez duten eskabideen kasuan, ukoaren arrazoia.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazpen-modua eta publizitate-prozedura.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira eta horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Kulturako sailburuordeari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta.
2.– Hartzen den ebazpenaren bidez zehaztuko du ea eskatutako dirulaguntza ematen den ala ez; ematen bada, honako hauek adierazi beharko dira: onuradunaren izena edo izen soziala, diruz lagundutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta hori urteka nola banatzen den. Eta ukatzen bada: eskatzailearen izena edo izen soziala, eta laguntza zergatik ukatu den.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren aurrean, hilabete bateko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Ematen den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpenaren berri emango zaie interesdunei banan-banan.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena interesdunei jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Epea igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan xedatutako ondorioetarako.
15. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.
1.– Izapide presentziala eginez gero, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta haren ondorengoek xedatutakoari jarraikiz joko da jakinarazpen oro egintzat, dela onartu ez izanaren jakinarazpen batena, dela laguntza esleitzeko zein ukatzeko azken ebazpenarena.
2.– Izapideak telematikoki eginez gero, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera, jakinarazpena gauzatutzat joko da interesdunak, horren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak haren edukia ikusten duen unean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza ikusten den egunaren biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.
Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, horren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) jartzen denetik hamar eguneko epea igaro bada eta erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela egiaztatu.
3.– Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaion eguna hartuko da jakinarazpen-datatzat.
4.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluarekin bat etorrita, jakinarazpena paperez zein elektronikoki gauzatu ala ez, abisu bat bidaliko zaio eskatzaileari berak eskabidean adierazitako gailu elektronikora zein helbide elektronikora, esateko jakinarazpen bat duela eskura administrazio-erakundearen egoitza elektronikoan edo gaitu den helbide elektroniko bakarrean.
16. artikulua.– Betebeharrak.
1.– Ogasunarekiko betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izaten prozedurak zabalik dirauen bitartean jarraitu beharko dute onuradunek. Baldintza hori ez betetzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako kopuruak itzuli behar izatea ekarriko du berekin.
2.– Jaialdiaren katalogo eta programazio-eskuorriak gutxienez euskaraz eginak izan beharko dira beti (azaroaren 24ko Euskararen erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legearen 26. artikuluak aurreikusitakoari jarraikiz).
3.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek beteak beharko dituzte beti:
a) Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso dutela berariaz eta nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, webgune, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoan, jasotako dirulaguntzen berri eta finantziazioaren izaera publikoaren berri emanez. Betebehar hori laguntza eman izanaren ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera hasiko da indarrean. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.
b) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, onuradunek dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
c) Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta atal honetako f) hizkian aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.
d) Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatu direla bermatze aldera.
e) Agindu honen babesean jasotako dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.
f) Deialdira aurkeztu den bezala gauzatzea diruz lagundutako proiektua. Proiektuari gerora egiten zaizkion aldaketak idatziz jakinaraziko zaizkio Kulturako sailburuordeari, lagundutako proiektuaren amaiera-epea ahitu aurretik betiere, eta hark, jakinarazpena jasotzen duen egunetik hamabost eguneko epea izango du horiek onartu edo gaitzesteko. Aldaketa bidezkoa izango da Agindu honetan onuradun izateko gutxieneko baldintzak salbu geratzen badira. Nolanahi ere, epe horren barruan ez bada berariazko jakinarazpenik egiten, planteatutako aldaketa onartu egin dela ulertu beharko da.
g) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikulutik eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetatik eratorritakoak.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Agindu honetan aukeratutakoarekin bat etorriz ematen diren dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:
a) Emandako dirulaguntzaren % 50 egiten duen zenbatekoa lehen ordainketan, emate-ebazpena jakinarazi ostean.
b) % 50 egiten duen bigarren ordainketa, Eusko Jaurlaritzaren 2020ko aurrekontuaren kontura: 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera, betiere emandako dirulaguntza justifikatu ostean eta 18. artikuluan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz.
18. artikulua.– Dirulaguntzen justifikazioa eta kitapena.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek diruz lagundutako jarduerak amaitu ondorengo hiru hilabeteko epean beherago zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte, edonola ere, 2020ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Jarduera egin ondorengo memoria; bertan, gutxienez, agindu honetako 12.2 artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak bete direla aipatu beharko da.
b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira, jatorrizkoak nahiz kopia autentifikatuak.
c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.
d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoen hizkuntza-bertsio bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena berariaz adierazita agertu behar da, bai eta, hala egokitzen bada, dagokion webgunearen helbidea ere.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre, Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan daude zerrendatuta) zein Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte justifikazioak.
– Bide elektronikoz ere aurkeztu ahalko dituzte web helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta, nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
3.– Pertsona juridikoek eta ondasun-erkidegoek bide elektronikoa erabiliz baizik ez dituzte aurkeztuko justifikazioak, lehenago adierazitako helbide elektronikoan nahiz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen erregistro elektronikoetan.
4.– Justifikazioak, bide presentziala erabiliz nahiz bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoan egongo dira eskura, agindu honetako 7.5 artikuluan adierazitako helbidean.
5.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo dirulaguntzaren bat jaso bada, Kulturako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du –betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, eta aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 16.3 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, dirulaguntzaren helburua bete dela jotzen bada–, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak dirulaguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
19. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.
1.– Kasu hauetan ulertuko da baldintzak ez direla bete:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik edo partez, ebazpenean onartu gabeko jardueraren bat egiteko erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.
c) Dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.
d) Dirulaguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kultura sailburuordeak horretarako onespenik eman gabe agindu honetako 16.3 artikuluan adierazten den eran.
e) Dirulaguntzei buruzko arau orokorretan aurreikusitako beste urraketa oro.
2.– Baldin eta onuraduna nabarmen hurbiltzen bazaio proiektua erabat betetzeari eta kreditatzen badu zalantzarik gabe jardun duela konpromisoak betetzearren, itzuli beharreko kopurua proportzioan oinarritutako irizpide gradual baten arabera xedatuko da.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hauste erregimenaren mende egongo dira laguntza hauen onuradunak kasu guztietan.
4.– Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaio jasotako zenbatekoa, osorik nahiz partzialki, gehi dirulaguntzen alorrean egokitzen diren berandutze-interesak, DLOaren 37. artikuluak xedatuak, betiere aldez aurretik Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24koo EBAO, L 352/1. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula (abenduaren 5eko 3/2018 Legea, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa).
Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza
Helburua: 2019. urtean kultura-arloetako jaialdiak antolatzeko dirulaguntzak kudeatzea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Hartzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/rgpd/0000000
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzak lege-arau hauen mende daude: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartuak); halaber daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta lege horren Araudia onartu zuen 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko arauen mende.
LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatzaileek emandako zernahi datu alderatu ahal izango ditu, eta egin beharreko egiaztapenak egin, dirulaguntzak egoki esleitzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian eskumen hori duen salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 16a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.