EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2019142

AGINDUA, 2019ko uztailaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, Bilboko (Bizkaia) «Otxarkoaga» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari Hezkuntza Bereziko unitateak gehitzeko baimena emateko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-07-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201903639
Maila: Agindua
Bilbon (Bizkaia) dagoen «Otxarkoaga» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da, Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat ireki eta jardunean jartzeko baimena eskatzeko.
Espediente hori ezarritako prozeduraren arabera izapidetu da, indarreko arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio, eta arlo horretan eskumena duten erakundeek horri buruzko txostena eman dute.
Arau hauek izan dira kontuan: 332/1992 Errege Dekretua, apirilaren 3koa, ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); 1998ko uztailaren 30eko Agindua, beharrizan bereziak dituzten ikasleak eskolatzeko irizpideak ezartzeko, eta ikasle horiek behar dituzten baliabideak hezkuntza-sistemako maila guztietara helarazteko dena (abuztuaren 31ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat ireki eta jardunean jartzeko 2019-2020 ikasturtetik aurrera:
Kode-zenbakia: 48019389.
Izen generikoa: Bigarren Hezkuntzako Ikastetxe Pribatua.
Izen espezifikoa: «Otxarkoaga».
Titularra: Bilboko Elizbarrutia.
Helbidea: Zizeruena kalea z/g.
Udalerria: Bilbao.
Lurralde historikoa: Bizkaia.
Baimena: Hezkuntza Bereziko gela egonkor bat ireki eta jardunean jartzea.
Ikastetxearen osaera:
– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 9 unitate, 270 ikaspostu.
– Hezkuntza Berezia:
● Hezkuntza Bereziko 5 gela ireki.
● Hezkuntza Bereziko gela egonkor 1.
– Helduen Oinarrizko Hezkuntza: 4 talde.
2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateko irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.
3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikingintzaren Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Baldintza horiek betetzen ez badira, horren erantzukizuna ikastetxearen titularrarena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen bitartez laguntzarik lortuko denik.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.