EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2019142

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 17koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariarena, Euskal Autonomía Erkidegoko Elkarteak edo Fundazioak memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak deitzen dituena 2019. urterako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-07-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201903629
Maila: Ebazpena
Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.
Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak, erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, beren familiak.
Ebazpen honen barruan dauden dirulaguntzak ondorengo arauetara lotuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori); Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araubidea; Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako luzatu diren, Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Institutuaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 20ko Ebazpenez onartutako eta 2019ko otsailaren 13an ebazpen bidez eguneratu den Dirulaguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta horren barruan diruz lagun daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Memoria historikoaren egia argitzea du helburu.
Halaber, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Institutuko zuzendariaren eginkizuna da laguntzak eta dirulaguntzak arautu, deitu eta ematea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa berreskuratu, ikertu eta ezagutarazteko proiektu zehatzak, hau da, 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lana ikertu eta ezagutarazteko proiektu zehatzak diruz laguntzeko 2019ko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen bitartez.
2. artikulua.– Epealdia.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2019ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:
a) Gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketak egitea.
b) Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.
c) Elkarteak antolatutako hedapen-jarduerak: jardunaldiak, mintegiak, aldi baterako erakusketak eta liburuxkak.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Ebazpen honetako dirulaguntzak Euskadiko Elkarteen edo Fundazioen Erregistroan erroldatuta dauden legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete, haien estatutu sozialen arabera, memoria historikoa berreskuratzea badute helburu.
2.– Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko dituzte erakunde onuradunek, hauek eskaera egiterakoan edo honekin batera, ardurapeko adierazpenean akreditatuko dira. Betekizun hauek prozesu osoan zehar bete egin behar dira.
5. artikulua.– Zenbatekoa eta beste batzuekin bateragarriak izatea.
1.– Deialdi honetara, hirurogei eta hamaika mila seirehun eta hirurogeita sei (71.666,00) euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2019ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera finkatuko da, kontuan izanda aurrekontuan zehazki proiektuaren helburura zuzentzen dena eta oinarri hauetan definituko dira laguntzen balorazioa eta kuantifikazio irizpideak. Nolanahi ere, gehienez ere, hamar mila (10.000) euroko dirulaguntza eman ahal izango da proiektu bakoitzeko.
3.– Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
4.– Deialdi honetan azaltzen diren dirulaguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago eta beste dirulaguntzaren araudiek kontrakoa xedatzen ez badute. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
6. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.
2.– Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Hala, hautaketa-fasean deialdi honen 13. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean emango zaie laguntza.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuan. Behin kreditua agortu denean, salbuespenez, eskumena duen erakundeak dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatuko du.
2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.
3.– Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan diruz laguntzekoak ez diren gastuak sartuko balitu, edo diruz laguntzekoak izanik ezarritako muga gainditu balute, edo nabarmen gehiegizkoak izango balira, kendu edo garbitu egingo dira, dirulaguntzaren muga zehazteko oinarri gisa erabiliko den gastu lagungarrien aurrekontua finkatzeko.
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/memoria-historikoa/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko irailaren 17rarte izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, ardurapeko adierazpenak.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskabidea egin duen erakundeari buruzko datuak.
b) Proiektuaren memoria xehea, non gutxienez honako datu hauek jasoko dituena:
– Proiektuaren helburua,
– Erabiliko den metodologia eta prozesuaren kronograma,
– Proiektuaren bideragarritasuna (eskatzailearen esperientzia eta formakuntza),
– Herritarrarekiko harremanak: balizko hartzaileak, herritarren partaidetzarako mekanismoak, zabalkunde gaitasuna eta herritarrengan eragina izateko aukera,
– Genero ikuspegia eta hizkuntza ofizialen erabilera planteamendua,
– Alderdi berritzaileak, eta
– Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen baliabide materialen eta giza baliabideen adierazpena. Horretaz gain, honakoak ere adierazi beharko dira: alde batetik, erakundeak ba ote duen berdintasunaren alorrean trebatuta dagoen eta ibilbidea duen pertsonarik, eta, bestetik, boluntario gisa jarduten duten pertsonen kopurua. Inolako ordainsaririk gabe proiektuan parte hartzen dutenak joko dira boluntariotzat.
c) Proiektua gauzatzeko gastuen aurrekontua, partiden arabera banakatuta, eta proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira.
d) Erakundearen estatutuen kopia bat, eta zerga alorreko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean dituela egiaztatzen duten agiriak (datu horiek dirulaguntzen organo kudeatzaileari zuzenean eskuratzeko baimena eman ezean).
e) Dirulaguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko. Horretareko ardurapeko adierazpena eskuragarri izango dute erakundeek Gogorako web gunean.
f) Zerga betebeharrekin eguneratuta egoteko ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri positiboa, kudeatzeko erakundeari akreditazioa zuzenean lortzeko baimena ukatu ezkero.
3.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.
4.– Dagoeneko eginda dauden proiektuetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.
5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
12. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:
Burua:
– Miren Aintzane Ezenarro Egurbide andrea, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria.
Epaimahaikideak:
– Lucía Torrealday Berrueco andrea, Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.
– Agurtxane Llano Cuadrado andrea, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gazteria zuzendaria.
– María Antonia Olabarrieta Ibarrondo andrea, Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaria.
– Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria.
– Zuriñe Elordi Romero andrea, Emakundeko idazkari nagusia.
Idazkaria:
– Ainhoa Zugasti Bilbao, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko teknikaria.
2.– Bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.
13. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. Gehienez 35 puntu.
• Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den. 20 puntu gehienez.
• Orain arte jorratu ez diren gaiak lantzea, hala nola, gaiaren inguruko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna jasotzea. 15 puntu gehienez.
– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 30 puntu gehienez.
• Proiektua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea. 10 puntu.
• Proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa. 10 puntu.
• Eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia antzerako proiektuak aurrera eramaterakoan. 10 puntu.
– Beste elkarte edo/eta udalen arteko harremana, sinergiak bilatuz. 10 puntu gehienez.
– Helburuak lortzeko eta gastuaren eraginkortasuna ebaluatzeko kontrol mekanismoak. 15 puntu gehienez.
– Zeharkako politiken kudeaketa prozesuan (euskara, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna): 10 puntu gehienez.
Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.
2.– Dirulaguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 55 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.
14. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Epaimahai kalifikatzaileak laguntzak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan erakunde onuradunen lehentasun-ordena ezarri, eta emandako laguntzen zenbatekoa zehaztuko du. Proposamena egiteko, ebazpen honen 6, 7 eta 13. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ondoren proiektu bakoitzak lortu duen puntuazioa baloratuko da.
2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamena ikusirik, dirulaguntzak esleitzeko prozedura ebatziko du. Ebazpenean laguntzen zenbatekoa jaso beharko da. Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
4.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 24.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako dirulaguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.
15. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.
2.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Dirulaguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita beste hauek ere: azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena, edo hura ordezkatzen duen araua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena 50.2 artikuluan.
3.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.
4.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, eta, hala dagokionean, Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Dirulaguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.
5.– Erakunde eskatzaileek egunean eduki behar dituzte dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute erakunde eskatzaileek.
7.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.
8.– Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexistak erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.
9.– Erakunde onuradunek publizitate egokia eman beharko diote programen, jardueren, inbertsioen edo dirulaguntzaren xede diren edonolako jardueren finantzaketaren izaera publikoari.
10.– Dirulaguntza hauen babesean egiten diren argitalpen eta ekoizpen guztien bi ale, ematea.
17. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
b) Bigarren ordainketa 2020an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2020ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:
a) Diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten jatorrizko faktura eta ordainagiriak, originalak edo kopia autentikoak. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagozkion fakturak eta ordainagiriak aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta zerrenda batean adierazita dokumentu bakoitzean adierazitako gastua zertarako egin den. Fakturek bat etorri beharko dute azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuko (fakturatzeko obligazioak arautzen dituen erregelamendua onetsi eta balio erantsiaren gaineko zergaren erregelamendua aldarazten duena) 6. artikuluak ezartzen dituen eskakizun formalekin.
b) Soldaten ordainagiri originalak edo horien kopia autentikoak, eredu ofizialari egokituak, eta Gizarte Segurantzarako kotizazioen buletin ofizialak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.
c) Aldi baterako kolaborazio-gastuen ordainagiri originalak edo horien kopia autentikoak. Besteak beste, datu hauek adierazi behar dituzte: jasotzailearen datuak, bere Nortasun Agiri Nazionala –NAN–, ordainketaren kontzeptua eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako –PFEZ– atxikipena. Era berean, lankidetza horiekin lortutako diru-sarreren kitapena egiteko Ogasuneko jatorrizko inprimakia aurkeztu beharko da (110 – 190 inprimakia).
d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
e) Gauzatutako proiektuaren memoria xehea, non jasotzen baitira onuradunak –sexuaren arabera bereizita– eta genero-ikuspegia txertatzeko modua.
2.– Administrazioak, egoki baderitzo, agiri originalak eska ditzake.
Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.
3.– Edonola ere, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.
20. artikulua.– Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.
1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:
a) Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako dirulaguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.
b) Hautatutako jardueran aldaketak egin dira; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.
c) Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.
2.– Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko osoa edo partziala itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta dirulaguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.
21. artikulua.– Hizkuntza-eskubideak.
Ebazpen honen eremuan, herritarrek euskara zein gaztelania erabili ahalko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin dituzten harremanetan, ahoz zein idatzita, eta hizkuntza horretan arreta jasotzeko eskubidea bermatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko lehendakariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.
Bilbao, 2019ko uztailaren 17a.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,
MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.