EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2019141

110/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoari buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201900110
Xedapenaren data: 2019-07-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201903606
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/03/07an argitaratutako 2016/02/02ko 201600013 DEKRETUA

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak esanbidez jasotzen du arreta goiztiarreko esku-hartze sozialeko zerbitzua, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako prestazio eta zerbitzuen katalogoan sartzen diren zerbitzuen artean.
Halaber, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko urriaren 6ko 185/2015 Dekretuak «Arreta goiztiarreko esku-hartze sozialeko zerbitzua» jasotzen eta definitzen du I. eranskinean eta, bereziki, 2.7.4 zenbakiarekin kodetutako zerbitzu eta prestazio ekonomikoen fitxan, aipatutako Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen 23. artikuluan eskatutako edukiaren arabera.
Eta, aurreko xedapenekin estu lotuta, Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuak helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integrala arautzea eta garatzea, erantzukizun publikoaren esparruan ematen den esku-hartzeari dagokionez; horretarako, arreta goiztiarreko zerbitzuak ematen dituzten osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako sistemen jardunak koordinatuko dituen esku-hartze eredu bat antolatzeko funtsezko elementuak ezartzen dira.
Horretarako, 13/2016 Dekretuaren 11. artikuluak xedatzen duenez, arreta goiztiarraren egitura funtzionalean bi talde mota sartzen dira: Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) eta Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak (AGET). Azken horien arautzea 13. artikuluan xedatzen da.
Zehazki, 13. artikuluaren bosgarren paragrafoan, AGETek zerbitzu hauek eskainiko dituztela ezartzen da: psikomotrizitatea, psikoterapia, fisioterapia, logopedia, gizarte-lana, psikopedagogia, psikologia, terapia okupazionala, gizarte-hezkuntza eta haurraren garapenerako egokiak izan daitezkeen beste batzuk.
Eta, aurrekoaren ildotik, 13/2016 Dekretuaren 22.1 artikuluak zehazten du zer eskakizun bete behar dituzten arreta goiztiarraren eremuan zerbitzuak ematen dituzten zentroetako langileek; artikulu horren arabera, haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro bakoitzean arreta goiztiarreko esku-hartze talde bat egongo da, eta talde horrek, gutxienez, titulazio edo kualifikazio egokia duten profesionalak izan beharko ditu (bi pertsona dira nahikoa), eginkizun hauen artetik hiru betetzeko gutxienez:
a) Psikomotrizitatea.
b) Psikoterapia.
c) Fisioterapia.
d) Logopedia.
e) Gizarte-lana.
Esan beharra dago aipatu berri diren eginkizun guztiak bat datozela arreta goiztiarreko esku-hartze taldeek eskaini behar dituzten zerbitzuekin. Hala ere, zerbitzu horiez gain, beste batzuk ere eskaini ditzakete; hain zuzen ere, 13/2016 Dekretuaren 13.5 artikuluan berariaz aipatzen direnak, hala nola terapia okupazionala eta gizarte-hezkuntza.
Horrez gainera, 22.1 artikuluan esaten da arreta goiztiarreko esku-hartze taldeetan sartzen diren profesionalek, beren diziplinari dagokion kualifikazioa izateaz gain, arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza izan beharko dutela, edo, bestela, espezializatutako esperientzia.
Amaitzeko, 22.1 artikuluaren azken paragrafoak hau ezartzen du: lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoa (artikulu horren lehenengo paragrafoan deskribatutako eginkizunak garatzeko lanbide-kualifikazioaz ari da) Eusko Jaurlaritzak finkatuko du, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoaren irizpide eta gomendioetan oinarrituta eta Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak aldez aurretik proposamena eginda, eta betiere 9.2 artikuluaren h) letran eta 10.2 artikuluaren e) letran aurreikusitakoari jarraikiz.
Zehazki, 10.2 artikuluaren e) letrak Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoari ematen dio, bere eginkizunen artean, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluari gomendioak eta proposamenak aurkezteari dagokiona, Kontseiluak lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoaren proposamena egin dezan. Eta, lehen aipatutako ildotik, 9.2 artikuluaren h) letrak Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluari ematen dio lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoari buruzko proposamena egiteko eginkizuna, lehen aipatutako batzorde teknikoaren irizpide eta gomendioetan oinarrituta.
Hori hala izanik, 13/2016 Dekretuaren 22.1 artikuluaren azken paragrafoak ezartzen duenarekin bat, eta goian adierazitako eginkizunak betetzeko asmoz, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak, 2017ko maiatzaren 10eko bileran, hainbat irizpide eta gomendio onartu zituen, arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoa egiteko eta onartzeko edukiari eta nondik norakoei buruz. Eta, horren ondoren, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluari aurkeztu zizkion onartutako irizpideak eta gomendioak.
Gero, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak, 2017ko urriaren 27ko bileran, irizpideak eta gomendioak aztertu eta ebaluatu zituen, eta arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoari buruzko proposamen bat onartu zuen.
Horrenbestez, proposamen hori da dekretu honen oinarria, bete baitira Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren 22.1 artikuluaren azken paragrafoan eskatzen diren izapideak.
Edukiari dagokionez, dekretu honek 7 artikulu, xedapen iragankor bat eta azken xedapen bat ditu.
1. artikuluan, dekretuaren helburua zehazten da –zertan datzan, alegia–: arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoa ezartzea.
2. artikuluak ezartzen du dekretuaren xedapenak aplikatuko zaizkiela Euskal Autonomia Erkidegoko haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro guztiei, salbuespenik gabe.
3. artikuluan zehazten da arreta goiztiarreko esku-hartze talde bateko partaide izan nahi duten arreta goiztiarraren arloko profesionalek zer unibertsitate-titulu izan behar duten, titulu horien prestakuntza espezifiko osagarriak zer ezaugarri izan behar dituen eta zer-nolako arlo sanitarioko unibertsitate-masterraren titulu ofizial edo prestakuntza espezializatu izan behar duten, egiaztatu ahal izateko, kasuan-kasuan, psikomotrizitatean, psikoterapian, fisioterapian, logopedian edo gizarte-lanean aritu daitezkeela.
4. artikuluan, atzerriko unibertsitate batean edo goi-mailako hezkuntza-erakunde batean lortutako unibertsitate-tituluen kasu zehatza arautzen da; izan ere, tituluok, aintzatetsi baino lehen, homologatu egin behar dira, titulu horiek dituzten pertsonei gaikuntza eman eta 3. artikuluan jasotako eginkizunak bete ditzaten Euskal Autonomia Erkidegoko haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentroetan. Artikulu horretan jasota dago, orobat, Europar Batasuneko estatuetako herritarrek lanbide-aintzatespena lortzeko duten aukera, Espainiako estatuan lanbide arautu batean aritu ahal izateko –aukera hori Europar Batasunaren araudian aurreikusia dago–.
5. artikuluan, arreta goiztiarreko esku-hartze talde bateko partaide izan nahi duten profesionalek bete behar duten eskakizun bat garatzen da; hain zuzen ere, arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza edo arloan espezializatutako esperientzia egiaztatzeko eskakizuna.
Aipatutako ondorioetarako, 6. artikuluan arautzen da arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntzak zer baldintza bete behar dituen; 7. artikuluan, berriz, zehazten da nola egiaztatu behar den lan-eremu horretan emandako zerbitzuengatik lortutako esperientzia espezializatua.
Xedapen iragankor bakarrak argitzen du zer epe gehigarri izango duten dekretu hau indarrean jarri aurretik arreta goiztiarraren arloan zerbitzuak ematen aritu diren zentroek, egiaztatzeko arreta goiztiarreko esku-hartze taldeetan lanean ari diren profesionalek badutela arreta goiztiarrean eskatzen den espezializatutako prestakuntza edo esperientzia. Hori guztia, kontuan hartu gabe dekretua onartzen den egunean zentroak baduen edo ez duen haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro gisa funtzionatzeko nahitaezkoa den baimena.
Eta, amaitzeko, azken xedapenak dekretua indarrean noiz jarriko den arautzen du.
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 16an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Arreta goiztiarraren arloko lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta konpetentzia profesionalen katalogoa ezartzea da dekretu honen helburua, baita arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza edo espezializatutako esperientzia egiaztatzeko bete behar diren eskakizunak ezartzea ere.
2. artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu honen xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro guztiei aplikatuko zaizkie eta, bereziki, zentro guztiek eduki behar duten arreta goiztiarreko esku-hartze taldeei, nola erantzukizun publikokoei –direla kudeaketa publiko zein pribatu itundu, kontratatu edo hitzarmen bidezkoak–, hala Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman ez dauden titulartasun eta kudeaketa pribatukoei.
3. artikulua.– Arreta goiztiarraren arloko profesionalen kualifikazioa.
1.– Arreta goiztiarreko esku-hartze talde batean lan egin nahi duten arreta goiztiarraren arloko profesionalek, otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren 22.1 artikuluan jasotako eginkizunak bete ahal izateko –Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko Dekretua–, nahitaez egiaztatu behar dute, eginkizun bakoitzarentzat ezarritakoari jarraituz egiaztatu ere, badutela hauetako unibertsitate-titulu ofizial bat, eta, gainera, psikomotrizitate-eginkizuna betetzeko ezarrita dagoen prestakuntza espezifikoa, edo psikologia-eginkizunari dagokionez aipatzen den arlo sanitarioko unibertsitate-masterraren titulu ofiziala edo prestakuntza espezializatua:
a) Psikomotrizitatea: Irakasle Ikasketak, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Gorputz Hezkuntza, Gizarte Hezkuntza, Erizaintza, Fisioterapia, Medikuntza, Pedagogia, Psikopedagogia, Psikologia edo Terapia Okupazionala.
Titulu horiez gainera, psikomotrizitatearen arloko prestakuntza teoriko-praktiko espezifikoa egiaztatu behar da, gutxienez 30 ECTS dituena (edo horren baliokide den ordu kopurua). Gainera, prestakuntza ematen duena unibertsitate-ikastetxe bat izango da, edo hezkuntzaren arloko agintaritza publiko eskudunaren baimen ofiziala duen ikastetxe bat, edo profesionalen elkargo ofizial bat.
Prestakuntzaren atal praktikoa presentziala izango da beti, eta haren bidez bermatuko da ikaskuntza teorikoaren edukiak praktikan jarri direla esku-hartzearen eremu profesionalean.
b) Psikoterapia: Psikiatria, Psikologia Sanitario Orokorra edo Psikologia Klinikoa.
c) Fisioterapia: Fisioterapia.
d) Logopedia: Logopedia edo, bestela, dagokion profesionalen elkargo ofizialak emandako gaikuntza ofiziala profesional gisa logopeda jarduteko.
e) Gizarte-lana: Gizarte Lana.
2.– Kasu guztietan, profesional hauek soilik eskaini ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuan jasota dauden arreta goiztiarreko zerbitzuak: aurreko apartatuan adierazitako unibertsitate-tituluren bat izateaz gain, psikomotrizitate-eginkizunerako eskatzen den prestakuntza espezifikoa duten profesionalek, edo psikologia-eginkizunerako aipatzen den arlo sanitarioko unibertsitate-masterraren titulu ofiziala edo prestakuntza espezializatua dutenek.
4. artikulua.– Atzerriko unibertsitate edo goi-mailako hezkuntza-erakunde batek egindako atzerriko tituluen homologazioa.
1.– Atzerrian lortutako unibertsitate-tituluak aintzatesteko, tituluaren jabea gaituta egon dadin aurreko artikuluan aurreikusitako eginkizunen bat betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoko haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentroetan, ezinbestekoa izango da aurrez titulu horiek behar bezala homologatzea, Espainiako ordenamendu juridikoan xede horretarako ezarrita dauden arau eta prozedura espezifikoen arabera.
2.– Zehazki, Europar Batasuneko estatuetako herritar baten nahia bada lanbide-aintzatespena lortu eta Espainiako estatuan lanbide arautu batean aritzea, norbere kontura edo besteren kontura, eta hori lortzeko bidea bada Europar Batasuneko beste estatu batean edo batzuetan eskuratutako lanbide-kualifikazioak onartzea –aukera hori Europar Batasunaren araudian dago aurreikusia–, aplikatzekoak izango dira mekanismo eta prozedura espezifiko batzuk; hain zuzen ere, jasota daudenak Europar Batasunaren araudia Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzeko baliatu zen Estatuko araudian.
5. artikulua.– Arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza edo esperientzia.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko arreta goiztiarreko esku-hartze integralari buruzko otsailaren 2ko 13/2016 Dekretuaren 22.1 artikuluaren bigarren paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, arreta goiztiarrean aritzen diren profesionalek diziplinari dagokion kualifikazioa ez ezik, arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza izan beharko dute, edo, bestela, arlo horretan espezializatutako esperientzia dutela erakutsi beharko dute.
2.– Aipatutako ondorioetarako, hurrengo artikuluetan zehazten den moduan egiaztatu behar da arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza edo esperientzia.
6. artikulua.– Arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza egiaztatzea.
1.– Arreta goiztiarraren arloan graduondoko prestakuntza espezifikoa egiaztatu behar da; prestakuntza horrek teoriko-praktikoa izan behar du, eta haren helburua izango da esparru kontzeptual erkidea ematea arreta goiztiarreko esku-hartzearen eremuan dauden diziplina espezifiko guztiei.
2.– Prestakuntza hori unibertsitate-ikastetxeek edo profesionalen elkargo ofizialek emandakoa izango da, edo, hala badagokio, aipatutako horietakoren batek berariaz eskuordetuta jarduten duen ikastetxeren edo zentroren batek.
3.– Prestakuntza teoriko-praktikoaren iraupena, orotara, 60 ECTS izango da gutxienez (edo horren baliokide den ordu kopurua), eta haren edukiak lotura izan behar du ondoren aipatzen diren modulu bakoitzeko gaiekin:
A) Modulu teorikoa.
a) Arreta goiztiarraren esparru teoriko orokorra: kontzeptua, oinarriak eta helburuak.
b) Arreta goiztiarra nazioarteko, estatuko eta autonomia-erkidegoko legerian, eta arreta goiztiarrak haur eta nerabeen eskubideekin duen harremana.
c) Arreta goiztiarraren arloko laguntzarako edo esku-hartzerako programa integratuak eta deribatze-sistemak.
d) Haurren hazkuntza fisikoari eta eboluzio- eta heltze-garapenari buruzko prebentzioa eta sustapena.
e) Arreta goiztiarrean ebaluatzeko, detektatzeko eta esku hartzeko tresnak edo mekanismoak.
f) Modalitate edo teknika terapeutikoak eta esku hartzeko esparruak.
g) Diziplinarteko esku-hartzea, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-lanaren ikuspegitik.
h) Haurraren familia eta ingurunea arreta goiztiarrean.
i) Talde-lana: ebaluazio-metodologia, tratamendu orokorreko eta espezifikoko programak lantzea eta deontologia.
j) Kasuen azterketa:
– Garapenaren asaldurak edo nahasmenduak, desgaitasunak, gaixotasunak eta sindromeak.
– Alarma- edo arrisku-egoerak.
k) Amaierako lana, zeinaren xedea izango baita aurreko arloetan ikasitako edukien aplikazio praktikoa gauzatzea.
B) Modulu praktikoa, non praktika-programa bat egiteko betebeharra ezarriko baita, zuzeneko behaketa eta esku-hartzea bermatzeko.
4.– Prestakuntza teoriko-praktiko osoak genero-ikuspegia barneratu behar du, nahitaez; genero-ikuspegia, hala, arreta goiztiarrean jarduteko oinarri orokortzat joko da beste oinarri batzuekin batera –hala nola aniztasunerako arreta edo gizarte-inklusio aktiboa–.
5.– Prestakuntzaren modulu praktikoa presentziala izango da beti, eta haren bidez bermatuko da ikaskuntza teorikoaren edukiak praktikan jarri direla lekuan bertan; hau da, arreta goiztiarreko esku-hartzearen eremuan diziplinarteko orientabidea baliatzen duten profesionalez osatutako langune batean.
7. artikulua.– Arreta goiztiarrean espezializatutako esperientzia egiaztatzea.
1.– Arreta goiztiarrean espezializatutako esperientzia egiaztatzeko, ziurtagiri bat aurkeztu behar da, zeina, dekretu honen 3.1 artikuluan adierazitako diziplinetako eginkizunak non bete diren, enpresa edo erakunde horrek emana izango baita.
2.– Ziurtagirian alderdi hauek agertuko dira, xehe-xehe:
a) Arreta goiztiarraren arloan landutako edo gauzatutako jarduerak edo esku-hartzeak.
b) Profesionalak halako jarduerak edo esku-hartzeak gauzatzen eman duen denbora.
c) Lanaldiaren iraupena aipatutako jarduerei edo esku-hartzeei dagokienez, jardueraren sektoreko lanaldiarekin alderatuta.
3.– Arreta goiztiarrean espezializatutako esperientzia egiaztatzeari dagokionez, aipatutako jarduerak edo esku-hartzeak gutxienez bi urtez gauzatutakoak izan behar dira, lanaldi osoz, dagokion eremu sektorialarekin bat.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Arreta goiztiarrean espezializatutako prestakuntza edo esperientzia egiaztatzeko epea.
1.– Dekretu hau indarrean jartzen den egunean haurren garapeneko eta arreta goiztiarreko zentro gisa funtzionatzeko nahitaezkoa den baimena duten zentroek, eta baimen hori eskatuta izanik horren gaineko ebazpena jasotzeko zain daudenek, gehienez ere lau urteko epe gehigarria izango dute, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik hasita, Dekretuaren 5. artikuluan eskatzen diren langile-baldintzak betetzeko eta 6. eta 7. artikuluetan aurreikusitako moduan, dagokionaren arabera, baldintza horiek egiaztatzeko.
2.– Aurreko ondorio berberetarako, aplikagarri izango da aurreko paragrafoan aurreikusitako gehienez ere lau urteko epe gehigarria Dekretua hau indarrean jarri ondoren, Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro gisa funtzionatzeko baimena eskatzen duten zentroentzat.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.