EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2019140

113/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzeko Dekretua 4. aldiz aldatzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201900113
Xedapenaren data: 2019-07-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201903592
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1996/01/04an argitaratutako 1995/12/05eko 199500508 DEKRETUA aldatzen du
  • Ikus 2019/04/08an argitaratutako 2019/04/01eko EBAZPENA [201901773]

Euskal Autonomia Erkidegoak kultura-ondarearen arloko eskumen osoa bere gain hartu zuen, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikulua kontuan hartuta. Eskumen hori garatzeko Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legea onartu zen.
Eskumen horiek direla bide, abenduaren 5eko 508/1995 Dekretuaren bidez, Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia), monumentu-multzo kategoriarekin, kultura-ondasun deklaratu zen.
Otxandioko Udalak, 2018ko ekainean, osoko bilkuraren erabakia bidali zuen. Erabaki horren bidez, eskatu zen dekretuaren testuan zenbait aldaketa sartzeko kale-izendegiko numerazioari, elementu ordezkagarriei eta zerrendei dagokienez.
Kontuan hartu ziren eskabidea, udalak zer adierazi eta argudiatu zuen eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dauden txostenak, eta, ondorioz, haren zerbitzu teknikoek txostena eman zuten, zeinaren bidez komenigarria eta egokia dela egiaztatu baitzen Babes Araubidearen zenbait artikulu aldatzea eta zerrendak aldatzea, eta, horretaz gain, kale-izendegiko numerazioa aldatzea eta aurkitutako akatsak zuzentzea.
Horretarako, Kulturako sailburuordearen 2019ko apirilaren 1eko ebazpenaren bidez (apirilaren 8ko EHAA, 68. zk.) espediente bat ireki zen eta jendaurreko informazioaren eta audientziaren izapideak abiarazi ziren, Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzen duen abenduaren 5eko 508/1995 Dekretua laugarren aldiz aldatzeko.
Jendaurreko informazioaren izapidea eta interesdunei entzunaldia ematekoa hasita, ez zen alegaziorik aurkeztu.
Prozedura izapidetzen zen bitartean, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legea onartu zen, eta Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea indargabetu zen, salbu eta III. Tituluko VI. Kapitulua, dokumentu-ondareari buruzkoa, eta IV. Tituluko I. Kapitulua, artxibategi-zerbitzuei buruzkoa. Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko 6/2019 Lege hori 2019ko maiatzaren 20ko 93 zk.ko EHAAn argitaratu zen, eta zehaztu zen argitaratu eta hurrengo egunean jarriko zela indarrean.
Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Lege berriak, 8. artikuluan, euskal kultura-ondarea osatzen duten ondasunen sailkapen berria ezartzen du, eta kultura-ondasun hauek bereizten ditu: babes berezia duten kultura-ondasunak, babes ertaina duten kultura-ondasunak eta oinarrizko babesa duten kultura-ondasunak.
Aldi berean, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legearen Lehenengo Xedapen Gehigarriak ezartzen du EAEko lurralde-eremuan kokatuta dauden eta aldi berean Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen babespean kultura-ondasuntzat jo diren ondasun higigarri eta higiezin guztiak babes bereziko kultura-ondaretzat joko direla, baldin eta Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erregistroan sartu badira, eta babes ertaineko kultura-ondasuntzat, berriz, Euskal Kultura Ondarearen EAEko Inbentario Orokorrean sartu badira. Kasu bietan, ondasun horiei aplikagarri zaien araubide juridiko berberaren pean egongo dira.
Halaber, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legeak gehitzen du, Lehenengo Xedapen Iragankorrean, legea indarrean sartu aurretik kultura-ondasun deklaratzeko hasitako espedienteen izapideak eta haien ondorioak lege horretan ezarritakoaren mende geldituko direla.
Ondorioz, Kultura Ondarearen gaineko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraituz eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusita, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2019ko uztailaren 16ko bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Otxandioko herrigune historikoa (Bizkaia) monumentu-multzo kategoriarekin kultura-ondasun bezala sailkatzen duen abenduaren 5eko 508/1995 Dekretua aldatzea. Aldaketa horren bidez, idazkera berria emango zaie 16. eta 23. artikuluei eta zerrenda eta zenbaki berriak ezarriko dira, Dekretu honen I eta II. eranskinean jasota dagoen testuaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Dekretu honen berri emango dio Jabego Erregistroari, Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 40. artikuluan aurreikusitako eraginetarako. Era berean, Dekretua jakinaraziko zaie ere honako hauei: Otxandioko udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Sailari eta Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenarako Sailari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Oro har, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio Dekretu honen bidez babesten diren kultura-ondasunetan egin beharreko esku-hartzeak baimentzea, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hirigintzako baimenak eman baino lehen, nahitaez lortu beharko dira aurreko atalean aipatutako baimenak, Monumentu Multzoko ondasunetan eragina duten obrak egiteko. Otxandioko Udalak zuzenean baimenduko ditu esku-hartzeak, baldin eta esku-hartze horiek aurreikusita badaude Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ontzat emandako lurralde- eta hirigintza-antolamenduko planetan edo kultura-ondasunaren deklarazioa duen arloa babesteko plan berezietan, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legearen 46. artikuluan ezarritakoa betez.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Otxandioko (Bizkaia) Udalari eskatuko dio egokitu dezala udaleko hirigintza araudia, Monumentu Multzo horretarako zehazten den babes-araubidearen zerrendatu berrietara, Euskal Kultura Ondarearen, maiatzaren 9ko, 6/2019 Legearen 47.3 artikuluan ezarritakoa betez.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Honako Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da jende guztiak horren berri izan dezan.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Udal-plangintza Dekretu honetan ezarritako aldaketei egokitu eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak plangintza berriari oniritzia eman arte, babestutako elementuetan egin beharreko esku-hartzeetarako beharrezkoa izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunen baimena eskuratzea, eta baimen hori udal-lizentzia baino lehen lortu beharko da.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, azken argitalpenaren hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan izango du indarra dekretu honek.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
UZTAILAREN 16KO 113/2019 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
BABES ARAUBIDEAREN 16. ETA 23. ARTIKULUEN IDAZKETA BERRIA
«16. artikulua.– Elementu ordezkagarriak.
Arkitektura, historia edo artearen aldetik inolako baliorik ez duten higiezinei dagokienez, baimenduta dago edozein jarduketa egitea; eta jarduketa horien artean ordezkatzea ere sartzen da, baldin eta eraikin berria aurretik dagoen multzoarekin egokiro uztartzen edo integratzen bada, 1992ko Lurzoruaren Legearen testu bateginaren 138. artikuluan zehazten denez. Horretarako, era berean, honako baldintza hauek bete beharko dira:
16.1.– Partzela denez Erdi Aroko herrigune historikoak eta gerora Errenazimentu-sasoian egindako zabaltzeak definitzen dituen elementu klasikoetako bat, oso-osorik mantendu beharko da, gaur egun daukan forma eta dituen neurriak kontuan hartuta.
a) Salbuespen gisa, Uribarrena kaleko 16 eta 18-20 zenbakidun orubeetarako, Artekaleko 6 eta 8rako, Artekaleko 13 eta 15erako, Artekaleko 30 eta 32rako, Arrabaleko 5 eta 5Arako, Arrabaleko 7 eta 7Arako, Urigoiena kaleko 1 eta 3rako, Urigoiena kaleko 15 eta 17rako, Carnecería kaleko 13 eta 21erako eta Canecería kaleko 19 eta 17rako, partzelaren fatxada-aurpegia eskas-eskasa izanik etxebizitza baten eraikuntza bideragarria ez denez, asimilazio-jarduketa bat egin ahal izango da, atari bakarrarekin, baldintza hauek betetzen badira:
– Unitate bakarrean gehienez bi partzela asimilatu daiteke, eta elkarren ondoan egon behar dute beti.
– Asimilatutako partzelen artean mehelinari eutsi beharko zaio, lehenengo solairuraino gutxienez.
– Asimilatutako partzela bakoitzari dagozkion fatxada-aurpegien fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
– Lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, jarduketa bateratuan eutsi egin beharko zaio eten edo desberdintasun horri.
b) Gainera, Artekaleko zenbakitu gabeko orubeetarako, 1, 3 eta 5erako (Carnacería barruan hartuta, Artekale 3ko lote berean baitago), loteak batu ahal izango dira ekipamendu-eraikina eraikitzeko, zerbitzu administratibo publikoa, sanitarioa, asistentziala (ogintzazkoa eta soziala), irakaskuntzakoa edota soziokulturala eskaintzeko dena, eta, horretarako, atari bakarreko asimilazio-jarduketa bat egin ahal izango da, honako baldintza hauek betetzen badira:
– Asimilatutako partzela bakoitzari dagozkion fatxada-aurpegien fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
– Lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, jarduketa bateratuan eutsi egin beharko zaio eten edo desberdintasun horri.
– Eraikin berriaren barne egiturak eta banaketak aldez aurretik zegoen lotekako banaketari erantzun beharko diote.
Hala ere, orube horien erabilera ekipamendu-erabilera barik beste bat baldin bada, artikulu honen a) apartatuan adierazitakoa bete beharko da, eta, orduan, partzelen asimilazioa honelakoa izatea onartuko da: batetik, Artekaleko zenbakitu gabea eta 1a; eta, bestetik, Artekaleko 3 eta 5a (Carnacería barruan hartuta, Artekale 3ko lote berean baitago).
16.2.– Eraikuntza berriko higiezinetan mantendu beharreko bolumen-baldintzak, herrigune historikoaren higiezinen ondasuna modu kontrolatu eta arrazoizkoan ordezteko prozesu baten barruan, honako hauek izango dira:
a) Estalkiak bi isurialde izango ditu eta gailurra fatxada nagusiarekiko paralelo egongo da –baita kaleak eta kantoiak bat egiten duten lekuetan ere–, kasu berezietan izan ezik, hala nola kaleen elkargune diren eraikinetan, hiri-jauregietan, garrantzi handiko eraikin isolatuetan eta abarretan.
b) Lehendik zeuden teilatu-hegalerainoko eta gailurrerainoko altuerei eutsiko zaie, salbu eta horiek ingurumen-kontserbaziokotzat (oinarrizko babesa) hartzen diren higiezinen altuera gainditzen badute; kasu horretan, altuera horretara egokitu beharko dira. Txikiagoak badira, aipatutako horien altuerara egokitu ahal izango dira. Horretarako, Otxandioko Monumentu Multzoan, fatxadaren ingurumen-altueratzat hartuko da honako ezaugarri hauek dituzten eraikinena: beheko solairua gehi beste bat eta teilatupeko solairu partea, edo beheko solairua gehi bi.
c) Teilatu-hegalek, hegalean zein ertzean, herrigunearen ingurumen-balio adierazgarrien ezaugarriak izan beharko dituzte. Ez dira inola ere baimenduko 20 cm-tik gorako ertzak.
d) Fatxadaren kontzepzio laua errespetatuko da, eta ez da baimenduko hegalkin trinkorik.
e) Etxabeetan markesinak eta hegalkinak eraikitzea debekatuta dago.
f) Solairuarteak egitea debekatuta dago.
g) Lehendik zegoen beheko solairuaren altuerari eutsiko zaio, salbu eta ingurumen-kontserbaziokotzat (oinarrizko babesa) hartzen diren kale bereko higiezinen altuera gainditzen badu; kasu horretan, altuera horretara egokitu beharko da.
h) Debekatuta dago estalkietako planoen gaindi ateratzen diren kasetoiak eta bolumenak egitea, tximiniak eta aireztapen-irteerak izan ezik.
i) Ordezkapen operazioetan, elkarren segidako loteak eraikitzen direnean, lehendik zeuden higiezinen teilatu-hegalen kotak desberdinak baziren, eutsi egin beharko zaio hegalen arteko eten edo desberdintasun horri.
j) Ordezkapen operazioetan, elkarren segidako loteak eraikitzen direnean, aurrealdeen fatxada-konposizioan irakurketa argia eta bereizia egin beharko da.
16.3.– Kontuan izanik herrigune historikoaren ingurumen-balioa konposizio jakin baten ondorioa dela –besteak beste–, fatxaden konposizioan honako hauek bete beharko dira:
a) Herrigunearen ohiko konposizio-elementuak erabiltzea.
– Baoen konposizioa ardatz bertikaletan.
– Baoen proportzio bertikala.
– Fatxada-konposizioak aukera ematea fatxada osatzen duten elementuen irakurketa hierarkikoa egiteko.
– Begiratokiak egiteko debekua, ez da-eta elementu tradizionala Otxandioko irudian.
– Balkoi irtenen zorua forjatua baino garrantzi gutxiagoko elementua da; beraz, zoru horren ertza 15-20 cm-koa izango da gehienez, materiala edozein dela ere.
– Balkoien defentsak egiteko, ohiko materialak erabiltzea (egurra-metala).
– Baoen arotzeria egurrezkoa izango da.
b) Kalera eta kantoira ematen duten fatxaden tratamendu hierarkizatua, bietan fatxada izateko aukera daukaten eraikinetan.
c) Lehendik zegoen higiezineko baoa/zati trinkoa erlazioan, erritmoaren tratamendu sekuentzial eta proportzionatua, baldin eta elementu interesgarria balitz higiezinean.
d) Lehendik dagoena kontserbatzea, eta, hala badagokio, zentzua berreskuratuta, beheko solairuko fatxada-aurpegietan, elementu hori harlanduan egina duten higiezinen kasuan; leihoak bertikalean luzatzea baimenduko da, beheko solairuen erabilera komertziala ahalbidetzeko.
Erakusleihoak eta errotuluak dagokien hormaren zabaleran gauzatu beharko dira; eta espresuki debekatzen da baoen irakurketa-planotik atzeraemangune handiak egitea edo aurreratzea. Plano horretatik, gutxieneko atzeraemangunea 20 cm-koa izango da, eta gehienekoa, 40 cm-koa.
Lokaletan sartzeko ateak artikulu honetan ezarritako mugetatik kanpo geldituko dira, indarrean dagoen eraikuntza-araudia bete ahal izateko.
e) Higiezin batek fatxada-aurpegiak kalera eta kantoira dauzkanean, komunikabide bertikalaren nukleorako sarrera kalerako fatxadaren aurreko aldetik egingo da.
f) Fatxadako akaberak zarpiatuetan, enfoskatuetan edo entokatutan egitea, harlandukoa edo harrizko elementu adierazgarria ez den edozein egikeretarako, beste edozein egoeratan (leihoburu eta ateburuak, harkantoiak, kantoiak, etab.).
Beheko solairuetan fatxadaren akaberak harrizkoak edo harri-iztukukoak izango dira –ezingo da akabera leunik egin–, eta zokaloa goiko solairuek osatzen duten eraikinaren gorputzetik bereiz nabarmentzea ahalbidetuko dute.
16.4.– Higiezinak ordeztuko dira, baina hargatik ez da eragotziko oraindik zutik diren harresi-atalak –edo lurrazpiko haren hondakinak– kontserbatzea.
16.5.– Ordezkatzeko modukotzat hartzen dira araubide honen aplikazio-eremuan dauden higiezinak, baldin eta ezarritako babes-mailetako batean ere ez badaude sartuta, bai eta izan litezkeen orube hutsak ere.
23. artikulua.– Ortu eta espazio libre pribatuak.
Orubeak partzelak baino sakonera txikiagoa daukanean –hori da Artekaleko 24 zenbakitik 32bis zenbakira arteko partzelen eta Urigoienako partzelen kasua–, ez da zabaltzeko jarduketarik onartuko, hegalak izan edo ez, ezta beste eraikuntza motarik ere.
Eraikuntzaren atzeko espazioetako jarduketak espazio horien eta argiztatu eta aireztatzen dituzten higiezinen higiene- eta osasun-baldintzak bermatzeko izango dira.
23.1.– Jarduketa berrietan (orubeen, eraikin ordezkagarrien edo diskordanteen gainekoak) eta berreraikitzeetan, atzealdeko lerrokadurak espazio horietara atzeraeraman beharko dituzte, planeamenduan zehaztutako sakoneraraino.
23.2.– Eranskin degradatzailetzat hartuko dira ortuen eta erabilera pribatuko beste espazio libre batzuen inbasioak, izaera tradizionala ez dutenak, hegalkin egiten dutenak edo beheko solairuetakoak, eta planeamenduaren eskumenekoa izango da horiek kentzeko kudeaketa-sistema.
23.3.– Espazio horiek higienizatzeko jarduketetan, espazio horien urbanizazioa ere sartu ahal izango da. Halaber, edozein motatako hiri-zerbitzuak lurpean kanalizatzeko lanak ere baimenduko dira.»
UZTAILAREN 16KO 113/2019 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
BABES ARAUBIDEAREN 1., 3. ETA 4. ZERRENDEN IDAZKETA BERRIA, GAUR EGUN INDARREAN DAGOEN NUMERAZIOAREKIN BAT ETORRIZ
1. zerrenda: babes berezia.
– Santa Marina eliza.
– Udaletxea.
– Bolatokia.
2. zerrenda: babes ertaina.
– Uribarrena kalea 22.
– Plaza Nagusia 2.
– Uribarrena kaleko gurutzea.
– Frontoia.
– Beheko solairuko pasabide estaliak, kantoi erakoak.
3. zerrenda: oinarrizko babesa.
– Uribarrena kalea 1, 3, 24 eta 26; eta 4, 6, 12, 14, 16 eta 18 zenbakietako beheko solairuak.
– Arrabal kalea 2 eta 8.
– Plaza Nagusia 3, 4, 5, 6, 8, 9, 10, 11, 12 eta 16; eta 13-15 zenbakietako fatxada-aurpegia.
– Artekale 2, 4, 7, 9, 11, 12, 14, 16, 18, 19, 21, 23, 24, 25, 27, 28 eta 35; 1, 3, 6, 8, 15 eta 17 zenbakietako beheko solairuak; 29 eta 37 zenbakietako aurreko fatxada-aurpegia (beheko eta lehenengo solairuak); 29 zenbakiko atzeko fatxada-aurpegia.
– Andikona enparantza 2.
– Urigoiena 10, 12 eta 14; 8 eta 9 zenbakietako beheko solairuak.
4. zerrenda: elementu diskordanteak.
– Uribarrena kalea 5, 32 bis eta 34; 4, 6, 8, 12, 14 eta 24 zenbakietako atzealdeetako okupazioak.
– Arrabal kalea 5, 6 y 7; bai eta zenbaki bikoiti guztietan dauden hegalkin trinkoak.
– Plaza Nagusia 13-15, 5 zenbakiko begiratokia; 10 zenbakiko begiratokia eta fatxaden tratamendua; 5 eta 7 zenbakietako atzealdeko okupazioak.
– Elixoste kalea 1.
– Artekale 20; 13 eta 31 zenbakietako fatxada-tratamendua; 1, 2, 3, 4, 5, 6, 7, 9, 12, 14, 13, 15, 17, 19, 21, 23 eta 27 zenbakietako hegalkin trinkoak; atzealdeen zabaltzea 31 eta 33 zenbakietan.
– Carnecería 7 eta 23; 1, 5 eta 9 zenbakietako hegalkin trinkoak; bai eta fatxaden tratamendua 9 zenbakian.
– Urigoiena kalea 2-4, 16 eta z/g; 6 zenbakiko orube-okupazioak; 10 eta 12 zenbakietako hegalkin trinkoak; jasodura 8 zenbakiko atzealdean.