EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019139

109/2019 DEKRETUA, uztailaren 16koa, Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoa ordezkatuko duten bokalak kargutik kentzeko eta izendatzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900109
Xedapenaren data: 2019-07-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201903565
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2006/06/27an argitaratutako 2006/06/13ko 200600125 DEKRETUA

Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak interes orokorrekotzat jotako portuak arautzen ditu atariko tituluaren II. kapituluan; eta, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, Pasaiakoa eta Bilbokoa sartzen ditu portu horien artean.
Estatuaren lurralde-antolaketa ikusita, eta lurraldean dauden interes orokorreko portuek autonomia-erkidegoetan duten eragin ekonomiko eta soziala kontuan hartuta, aipatutako legegintzako errege-dekretu horrek behar diren neurriak ezartzen ditu portu horiek portuko agintaritzen (hots, portu horien organo zuzendari publikoen) antolaketa-egituran partaidetza handiagoa izan dezaten.
Zehazki, Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.1 eta 30.2 artikuluan ezarritakoaren arabera:
«1.– Administrazio Kontseiluak honako kide hauek ditu:
(...).
b) Berezko kide bat; kide hori itsas kapitaina izango da.
c) Gutxienez 10 bokal, eta gehienez 13. Kanariar eta Balear uharteetarako, ordea, 16 artekoa izango da bokal-kopurua. Autonomia-erkidegoei edo Ceuta eta Melilla hiriei dagokie kopuru hori ezartzea, baita bokalak izendatzea ere.
2.– Autonomia-erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, aurreko apartatuko c) letran aipatu diren bokalak izendatzerakoan, honako irizpide hauek errespetatuko dituzte:
a) Itsas kapitaina eta beste hiru bokal izango dira Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak. Hiru bokal horietako bat estatuaren abokatu bat izango da, eta beste bat Estatuko Portuak erakunde publikokoa.
b) Administrazio Kontseiluko lehendakariaz gain, lau bokalek ordezkatuko dute autonomia-erkidegoa.
c) Kanariar Uharteetan, kabildo bakoitzak ordezkari bat izango du, eta, Balear Uharteetan ere, kontseilu bakoitzak ordezkari bat izango du.
d) Portuaren zerbitzugunea euren mugartean duten udalek Kontseiluko gaineratzeko kideen % 33ko ordezkaritza izango dute. Eraginpeko udalak bat baino gehiago badira, lehenik honako hauei egokituko zaie ordezkaritza: portu-agintaritzak administratutako portuari/ei izena ematen dion/en udalari/ei; eta, ondoren, gainerakoei: zerbitzuguneak udal-mugartean zer azalera hartzen duen, hainbateko proportzioan.
e) Kontseiluko gainerako kideen ehuneko 66, honako hauen ordezkariak izango dira: merkataritza-, industria- eta nabigazio-ganberenak, enpresa- eta sindikatu-erakundeenak, eta portuen arloan garrantzi handia duten sektore ekonomikoenak.
Kideen izendapena, nahitaez, Administrazio Kontseiluan ordezkaritza duten administrazio publikoek, erakundeek eta organismoek proposatuta egingo da. Estatuko Administrazio Orokorraren kasuan, Estatuko Portuak erakunde publikoko lehendakariak egingo du proposamena.
Administrazio Kontseiluko bokalen izendapenek –lehen apartatuko c) letran aipatuta– lau urteko indarraldia izango dute. Izendapena berritu ahal izango da, hurrengo apartatuan ezarritakoa eragotzi gabe.
Kontseiluko bokalak kargutik kentzeko erabakia autonomia-erkidegoko organo eskudunak hartuko du, bokal horiek ordezkatzen dituzten antolakundeek, organismoek eta erakundeek hala proposatuta».
Horiek horrela, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Estatuko portuei eta merkataritzako nabigazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 16an egin duen bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak proposatuta, Pasaiako Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseilutik pertsona hau bokalaren kargutik kentzea: Alejandro López Cárcamo jauna.
2. artikulua.– Pertsona hau Pasaiako Portu Agintzaritzaren Administrazio Kontseiluko bokal izendatzea Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garepen eta Azpiegitura Sailaren ordezkaria izan dadin: Alexander Arriola Lizarriturri jauna.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek ondorioak izango ditu Pasaiako Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluko lehendakariari bokalak berritu izana jakinarazten zaion egunetik aurrera; dekretua, bestalde, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 16an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.