EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019139

48/2019 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2019-2020 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei elkarrizketa-laguntzaileez hornitzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900048
Xedapenaren data: 2019-07-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201903564
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Hezkuntza eta Lanbide Heziketaren Ministerioarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, 2019-2020 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeei elkarrizketa-laguntzaileez hornitzeko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 12a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 12KO 48/2019 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA ETA LANBIDE HEZIKETAKO MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEKO LANKIDETZARAKO OINARRIAK, LEHEN ETA BIGARREN HEZKUNTZAKO IKASTETXE PUBLIKOETAN ETA HIZKUNTZA-ESKOLA OFIZIALETAN 2019-2020 IKASTURTERAKO MINTZAPRAKTIKAKO IRAKASLE LAGUNTZAILEAK JARTZEKO
Kanpoko Hezkuntza Jarduera arautzen duen ekainaren 25eko 1027/1993 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioari dagokio, besteak beste, Espainiako hezkuntza eta kulturak kanpoan duen proiekzioa bultzatzea, eta, horretarako, espainiar kultura eta hizkuntzaren sustapen eta hedapenaren nahiz nazioarteko lankidetzaren esparru zabalenean txertatzea hezkuntza-ekintza hori.
Mintzapraktikarako irakasle laguntzaileen programaren bidez, Alemania, Australia, Belgika, Bulgaria, Kanada, Txina, Estatu Batuak, Filipinak, Finlandia, Frantzia, Hong Kong, Hungaria, India, Irlanda, Italia, Luxenburgo, Malta, Marocco, Norveia, Zeelanda Berria, Herbehereak, Herrialde Ozeanikoak (Fiji eta Tonga), Portugal, Erresuma Batua eta Suedia eta Tunezeko hautagaiak aukeratzen ditu Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak, Espainiako Estatuko autonomia-erkidegoetako eta hiri autonomoetako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako etata Hizkuntza-Eskola Ofizialetan zerbitzuak eman ditzaten.
Programa hori antolatzeko oinarria Espainian eta programan parte hartzen duten herrialdeetan indarrean dauden Hezkuntza, Kultura, Zientzia eta Teknika arloetako bitariko lankidetza-hitzarmenek osatzen dute.
Programa honek azken deialdietan izan duen arrakastaren ondorioz, nabarmen ugaritu da mintzapraktikako irakasle laguntzaileen kopurua. Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2019-2020 ikasturtean beharko dituen mintzapraktikako irakasle laguntzaileak aukeratze aldera Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Kirol Ministerioak hartu beharreko neurriak hartzea da lankidetza-oinarri hauen helburua.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen bere Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, hezkuntzaren arau-garapen eta betearazpenerako eskumena, hezkuntzaren maila eta gradu, modalitate eta espezialitate guztietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak atzerriko hizkuntzen irakaskuntza sustatzen eta bultzatzen ari da bere kudeaketa-esparruko ikastetxeetan.
Hori guztia dela-eta, beharrezkoa da Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetzaren oinarriak ezartzea, mintzapraktikako irakasle laguntzaileen programa behar bezala kudeatzeko.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren aldetik, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako estatu-idazkariak sinatuko du; ekainaren 18ko 518/2018ko Errege Dekretuaren bidez egin zen haren izendapena.
Eusko Jaurlaritzaren aldetik, berriz, Hezkuntzako sailburuordeak sinatuko du, Eusko Jaurlaritzaren Araubide Juridikoko apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren XIII atalean ezarritakoak ematen dion baimenarekin.
Hona hemen Euskal Autonomia Erkidegoak zuzenean finantzatuko dituen laguntzaileen kupoari dagozkion alderdiak arautzeko
OINARRIAK
– Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak mintzapraktikako ehun eta berrogeita hamasei irakasle laguntzaile aukeratuko ditu gehienez ere: ingeleseko ehun eta berrogei, frantseseko hamar eta alemaneko sei, eta horiek denak Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailak banatuko ditu bere ikastetxeetan.
– Ikasturtea hasi baino lehen, aukeratutako laguntzaileen zerrenda zehatza bidaliko dio Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoari.
– Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetara joaten diren mintzapraktikako irakasle laguntzaileek Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak zuzenean kudeatutako ikastetxeetako baldintza berberak bete beharko dituzte. Konkurrentzia lehiakorreko erregimenean diru-laguntza publikoak emateko oinarriei buruzko 2005eko apirilaren 20ko ECI/1305/2005 Aginduan (maiatzaren 12ko BOE) edo hori ordezten duen arauan daude jasota baldintza horiek.
Ingeleseko mintzapraktikako ehun eta berrogei irakasle laguntzaile, frantseseko hamar laguntzaile eta alemaneko sei laguntzailera arteko gastua Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatuko du 2019-2020 ikasturtean, bere aurrekontuen kontura. Kontzeptu hauek finantzatuko dira, hain zuzen ere:
– 700,00 euroko hileko laguntza, 2019ko urriaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra.
– Osasun-estaldura, Europako osasun-txartelik ez duten mintzapraktikako irakasle laguntzaileentzat.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak harrera- eta orientazio-ikastaro bat antolatuko du bere ikastetxeetara joango diren mintzapraktikako irakasle laguntzaile guztientzat.
Lankidetzarako oinarri hauek zortzi hilabetez egongo dira indarrean: 2019ko urriaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra. Aldi hori urtero luzatuko da, lankidetzarako oinarri berriak sinatuz. Lankidetzarako oinarri hauen partaide den edozein administraziok sala ditzake oinarri hauek, azkentze-data baino gutxienez hiru hilabete lehenago.
Lankidetzarako oinarri hauen formalizazioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Alderdiek noiznahi proposatu ahal izango dute lankidetzarako oinarriak berrikustea, bidezkotzat jotzen dituzten aldaketak egiteko.
Eta hala jasota gera dadin, agiri honen hiru ale sinatzen dira, 2019ko ekainaren 4an.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioaren aldetik.
Hezkuntza eta Lanbide Heziketako estatu-idazkaria,
ALEJANDRO TIANA FERRER.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila.
Hezkuntza sailburuordea,
MAITE ALONSO ARANA.