EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2019138

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 5ekoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez Euskadiko 2019ko Kontsumo Sariak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzen baitira.

Xedapenaren data: 2019-07-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201903551
Maila: Ebazpena
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legeak helburutzat du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea, aldeztea eta sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta II. tituluan jasotzen ditu haien eskubideak.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta beraren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileen defentsa eta babesari buruz dituen politikak planifikatzea, bultzatzea eta gauzatzea.
Kontsumobideri eginkizun hauek ezarri zaizkio, besteak beste:
– Kontsumitzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea.
– Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea.
– Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea enpresen eta profesionalen elkarteekin.
– Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea.
– Arduraz kontsumitzeko ohiturei buruzko hezkuntza sustatzea.
Kontuan izanik asko direla kontsumitzaileen eskubideen arloan lanean ari diren entitate eta erakundeak, Kontsumobiderentzat interes handikoa da kontsumo-agente guztiek eta kontsumoari lotutako erakundeek –eta bereziki kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoek– kontsumitzaile arduratsuak lortzeko eta dagozkien eskubideak aldezteko azken helburuari begira egin duten edo egiten diharduten ahalegina saritzea.
Halaber, garrantzitsua da kontsumitzaile arduratsuak eta ondo informatuak izateko helburua lortzeko hedabideek egiten duten lana aitortzea. Ezinbestekoak dira kontsumitzaileen eskubideen alde informazioa eta berri interesgarriak eman eta zabaltzeko.
Bestalde, beharrezkoa da kontsumo arduratsua sustatzera bideratutako enpresa-jardunbide egokiak izateko ekimenak abian jartzearen garrantzia balioestea.
Beraz, ebazpen honen xedea da kontsumitzaileen eskubideen alde egiten den lana saritzea, eskubideok zabaltzea eta sustatzea, eta kontsumo arduratsua sustatzea hainbat arlotan.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskadiko 2019ko Kontsumo Sariak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, eranskinean jasota dauden baldintzetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 5a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
NORA ABETE GARCÍA.
I. ERANSKINA
2019. URTEKO KONTSUMO-SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Ebazpen honen xedea da Euskadiko Kontsumo Sariak emateko deialdia egitea eta oinarriak arautzea. Sari horien bitartez, egindako lana aitortu nahi zaie kontsumo arduratsuarekin lotutako erakunde, hedabide eta kontsumo-agente guztiei, denak ahalegintzen baitira, bakoitza bere jarduera-arloan, Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak eta horien eskubideen defentsa ona modu eraginkorrean lortzen.
2. artikulua.– Sarien kategoriak.
Hiru sari arautuko ditu ebazpen honek, eta honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati egokituko zaio horietako bakoitza:
1.– Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzearen aldeko jarduketak.
2.– Kontsumitzaileen eskubideak babesteko informazio- edo hedapen-ekintzak.
3.– Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiak.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Hauek izan daitezke agindu honen bidez onartutako deialdiko sarien onuradun:
a) 1. kategorian: kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak eta kontsumitzaileei laguntza eta babesa ematen ibilbide luzea egin duten beste erakunde batzuk.
b) 2. kategorian: hedabideak eta kontsumitzaileak sentsibilizatzeko informazio-ekintzak burutzen edo saioak ematen dituzten beste erakunde batzuk.
c) 3. kategorian: kontsumo arduratsua lortzera eta sustatzera bideratutako jardunbide egokiak garatzen dituzten enpresak.
4. artikulua.– Hautagaiak proposatzea eta aurkeztea.
1.– Hautagai izan nahi duen erakundeak berak egin dezake hautagaitzaren proposamena, bai eta, balizko hautagairen batek egindako lanaren edo jardueraren berri izanik, hura proposatzea egokitzat jotzen duen edonork ere. Kontsumobidek hautagaitza aurkeztu ahal izango du egokitzat jotzen duen hautagaiaren alde, baldin eta hautagai horrek parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak betetzen baditu.
Nolanahi ere, hautagaitza bat aurkeztu ahal izateko, proposatutako erakundeak ados dagoela adierazi beharko du aldez aurretik.
2.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2019ko irailaren 20an amaitu.
3.– Eskaerak bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, kontsumoaren arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan:
http://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2019/2019-kontsumo-sariak/9/web01-tramite/eu
4.– Eskaeran adieraziko da zein kategoriatara aurkezten den hautagaitza, baina aukera hori ez da loteslea izango epaimahaiarentzat eta beste kategoria batera atxiki ahal izango du hautagaitza, haren ezaugarriak ikusita egokitzat jotzen badu.
5.– Eskaera aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Eskaerak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.
5. artikulua.– Eskaeren edukia eta aurkeztu beharreko beste agiri batzuk.
1.– Eskaeran, erakunde eskatzailearen identifikazio-datuez gainera, honako hauek jasoko dira: aurkeztutako hautagaitzaren datuak, aukeratu den kategoria, eta eskaera aztertzeko eta ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa.
2.– Eskaerarekin batera azalpen-memoria aurkeztuko da; bertan jasoko dira, behar bezala arrazoituta, saritzekoak diren merezimenduak. Gainera, memorian dagoen informazioa egiaztatzeko beharrezkoak diren agiriak edota epaimahaiak balioetsi beharrekotzat jotzen direnak erantsiko dira.
3.– Eskaera ez bada osorik betetzen, edo harekin batera ez bada aurreko puntuan adierazitako dokumentazioa aurkezten, Kontsumobidek erakunde eskatzaileari 10 eguneko epea emango dio errorea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio hori egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.
6. artikulua.– Hautagaitzak aztertu eta ebaluatzea.
1.– Epean aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta ebaluatuko dira, eta eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu. Hautagaitza ondo ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren agiriak edo informazio osagarria eskatu ahalko zaizkio erakunde eskatzaileari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.
7. artikulua.– Epaimahaia.
1.– Aurkezten diren hautagaitzak balioesteko epaimahaia eratuko da, honela osatuta:
Epaimahaiburua:
– Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.
Epaimahaikideak:
– Kontsumobideko zuzendaria.
– Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkari bat.
– Euskadiko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.
– Kontsumobideko Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna; hark beteko ditu idazkari teknikoaren eginkizunak.
2.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko ditu epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketak eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudia.
8. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.
Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio-irizpide espezifikoak hartuko ditu kontuan epaimahaiak.
1. kategoria.– Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzearen aldeko jarduketak.
Irizpide hauen arabera balioetsiko dira hautagaitzak:
– Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak lortzen laguntzeko egindako ekarpena aitortzea.
– Kontsumitzaileen eskubideak defendatzen egindako lana aitortzea.
– Ardura eta profesionaltasun handiz egindako ibilbidea aitortzea.
2. kategoria.– Kontsumitzaileen eskubideen defentsan egindako informazio-emanaldiak.
Irizpide hauen arabera balioetsiko dira hautagaitzak:
– Jarduketa-eremua eta zeini zuzentzen zaien aitortzea.
– Kontsumitzaileen eskubideak hedatzeko egindako ibilbidea aitortzea.
3. kategoria.– Kontsumo arduratsuaren aldeko enpresa-jardunbide egokiak.
Irizpide hauen arabera balioetsiko dira hautagaitzak:
– Kontsumitzaileen artean kontsumo arduratsua sustatzeko burututako ekintzak edo proiektuak.
– Enpresa-praktika berritzaileak burutzea.
9. artikulua.– Sarien epaitza eta ebazpena.
1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, eta proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak agertuko ditu.
2.– Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Kontsumobideko zuzendariak hilabeteko epean ebatziko du, hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.
3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da epaimahaien iritziz proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.
4.– Salbuespen gisa, eta epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaio epaimahaiaren saririk eskuratu ez duen baina kontsumitzaileen eskubideen babesaren sektoreari egiten dion ekarpen handiagatik nabarmendu behar den hautagaiari, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak balioetsitako beste arrazoi batzuengatik.
10. artikulua.– Aintzatespen publikoa.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.
11. artikulua.– Datu pertsonalak.
Deialdiak izapidetzean pertsona fisikoei hartzen zaizkien datu pertsonalak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera erabiliko dira. Erregelamendu horrek pertsona fisikoen babesa arautzen du, datu pertsonalen tratamenduari eta zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe uzten du 95/46/EE Zuzentaraua (Datuen Babesari buruzko Erregelamendu Orokorra), eta, berari jarraituz, datuak «Euskadiko Kontsumo Sariak» fitxategian sartzeko erabiliko dira, zeinaren helburua izango baita sari hauen deialdiak kudeatzea, eta deialdietan parte hartzen duten pertsonei deialdien nondik norakoaren berri emateko ere erabiliko dira. Parte-hartzaileek baimena izango dute datu horiek argitaratzeko, betiere sari hauen bitartez lortu nahi diren helburuetarako. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Santiago 11, 1-01002 Vitoria-Gasteiz.