EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019137

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 8koa, Merkataritzako zuzendariarena, zeinaren bidez Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista asko biltzen den eremu izendatzen baita 2019rako.

Xedapenaren data: 2019-07-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201903526
Maila: Ebazpena
Aztertu da Donostiako Udalak aurkeztutako proposamena, Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista asko biltzen den eremu izendatzekoa merkataritza-ordutegien ondorioetarako. Hauek dira aurrekariak:
Lehenengoa.– 2018ko abenduaren 27an, Donostiako Udalaren Gobernu Batzarrak 2018ko azaroaren 30ean hartutako Erabakia aurkeztu zen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailean; erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegora igorri zen «Alde Zaharra» turista asko biltzen den eremu izendatzeko proposamena 2019. urterako.
Erabakiarekin batera, txosten bat aurkeztu zen, turista asko biltzen den eremua justifikatzeko eta definitzeko.
Bigarrena.– Proposamenak gune geografiko hauek barne hartzen ditu: San Juan kalearen alde bakoitia; Boulevard zumardiaren alde bikoitia; Urgull Mendia, eta Kaiko pasealekua.
Kanpoan geratzen dira San Juan kalearen alde bikoitia eta hortik itsasorainoko tartea, Boulevard zumardiaren alde bakoitia eta Bretxa merkataritza-gunea.
Aztertu da Merkataritza Zuzendaritzak 2019ko otsailaren 4an aurkeztutako memoria-proposamena, zeinak jasotzen baitzuen Donostiako udalerriko «Alde Zaharra» turista asko biltzen den eremu izendatzea 2019. urterako; hona hemen kontuan hartu diren zuzenbideko oinarriak:
Lehenengoa.– Merkataritzako zuzendaria da izendapena egiteko organo eskuduna, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 81/2017 Dekretuaren 9.1.a) artikuluaren bidez esleitutako eskumenaren arabera.
Bigarrena.– Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5. artikuluan arautzen da zein diren ordutegi-araubide berezia duten establezimenduak –lege hori Hazkuntza, Lehiakortasuna eta Efizientzia Sustatzeko Urgentziazko Neurriak Onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legeak aldatu zuen–. Bada, artikulu horren 4. apartatuan ezartzen da zer prozedura eta zer baldintza bete behar diren udalerri bateko leku jakin bat turista asko biltzen den eremu gisa kalifikatzeko:
«5. artikulua. Ordutegi-araubide berezia duten establezimenduak.
4.– 1. apartatuan ezarritakoaren ondorioetarako, autonomia-erkidegoek, bakoitzak bere lurralde-eremuan, turista gehien biltzen diren eremuak zehaztuko dituzte, betiere udalek proposatuta. Turista asko biltzen diren eremutzat hartuko dira egoera hauetako bat gertatzen den udalerri osoko edo haren zati bateko guneak:
a) Nahikoa plaza izatea turismo-establezimenduetan eta ostatuetan, kuantitatiboki zein kualitatiboki, edo nahikoa bigarren etxebizitza, ohiko etxebizitzen kopuruarekin alderatuta.
b) Gizadiaren Ondare izendapena izatea edo bertan artearen eta historiaren ondareko kultura-intereseko ondasun higiezinen bat egotea.
c) Muga-eremuekin mugakide izatea edo haien eragin-eremu izatea.
d) Nazioko edo nazioarteko kirol- edo kultura-ekitaldi handiak egitea.
e) Gurutzaontzi turistikoak iristen diren portuetatik gertu egotea eta bisitari ugari hartzea.
f) Erakargarri nagusitzat erosketa-turismoa duten eremuak izatea.
g) Justifikatzeko adinako inguruabar bereziak daudenean.
Zerrendatutako inguruabarrak betetzen badira eta udal interesdunak turista asko biltzen den eremu izendatzeko egindako proposamenean denbora- edo lurralde-mugarik badago, proposamenean denbora- edo lurralde-muga hori zertan oinarritzen den justifikatu beharko da, merkataritzaren eta turismoaren interesei jarraikiz eta kontsumitzailearen mesedetan. Autonomia-erkidegoaren ustez murrizketa hori ez badago behar beste justifikatuta, udalerri osoa izendatuko da turista asko biltzen den eremu, urte osorako.
Legerian xedatutako epean edo, horrelakorik ezean, sei hilabeteko epean autonomia-erkidego eskudunak ez badu ebatzi udal interesdunaren eskabidea, udal horrek proposatutako gunea turista asko biltzen den eremu izendatutakotzat hartuko da».
Hirugarrena.– Merkataritza Ordutegiei buruzko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluan zera dago jasota: «Nolanahi ere, aurreko urtean 600.000 ostatu-gau baino gehiago izan dituzten 100.000 biztanletik gorako udalerrietan edo gurutzaontzi turistikoak iristen diren eta aurreko urtean 400.000 bidaiari baino gehiago hartu dituzten portuak dituztenetan, turista asko biltzen den eremu bat izendatuko da gutxienez, betiere aurreko paragrafoan aurreikusitako irizpideak aplikatuta. Estatistikako Institutu Nazionalaren eta Estatuko Portuen argitalpenak izango dira informazio-iturri, estatistika-datu horiek lortzeko garaian.
Datuok argitaratu eta sei hilabetera, autonomia-erkidego eskudunek aurreko paragrafoan adierazitako baldintzak betetzen dituen udalerrian ez badute izendatu turista asko biltzen den eremurik, udalerri osoa halakotzat hartuko da eta merkatariek erabateko askatasuna izango dute establezimenduak urte osoan zehar irekitzeko.»
Laugarrena.– Bestalde, 18/2014 Legearen 4. artikuluak hau ezartzen du 1. paragrafoan:
«Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako, lege honen 7.2 artikuluan emandako idazketan, uztailaren 4ko 8/2014 Errege Lege Dekretua indarrean sartzen denean turista asko biltzen diren eremu izendatzeko bete beharreko irizpideak betetzen dituzten udalerriak I. eranskinean deskribatzen dira».
Eranskin horretan, Donostiako udalerria agertzen da.
Bosgarrena.– Azaldutako esparru juridikoaren babesean, kontuan harturik Donostiako udalerria sartuta dagoela aurreko oinarrian transkribatu den artikuluak aipatzen duen eranskinean eta udalerriak betetzen dituela Merkataritza Ordutegiei buruzko abenduaren 21eko 1/2004 Legearen 5.4 artikuluan adierazitako inguruabarrak, honako hau:
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako udalerriko Alde Zaharra turista asko biltzen den eremu izendatzea 2019. urterako, gune hauetara mugatuta: San Juan kalearen alde bakoitia; Boulevard zumardiaren alde bikoitia; Urgull Mendia eta Kaiko pasealekua –Bertxa merkataritza-gunea izan ezik–.
Bigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Eusko Jaurlaritzaren Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 8a.
Merkataritzako zuzendaria,
JUAN EMILIO ANDRADES GARCÍA.