EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019137

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 10ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Quebec eskualde estrategikoarekin 2019-2020rako lankidetza teknikoko proiektuak egiteko laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-07-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201903519
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/04/01ean argitaratutako 2019/03/26ko 201900047 DEKRETUA

Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuak Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen du (2019ko apirilaren 1eko EHAA, 63. zk.).
Aipatutako dekretuaren 6. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da laguntzak deitzea kanpoko eskualde estrategiko batekin edo gehiagorekin lankidetza-proiektuak egiteko 2019-2020rako; Lehendakaritzako 2019rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan daude sartuta laguntza horiek, Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenak onartuta. Euskal Autonomia Erkidegoak Elkar Ulertzeko Memorandum bat sinatu du Quebec eskualde estrategikoarekin, Dekretuak jaso bezala. Aipatutako Memorandumean jasotako bi komunitateen onerako, proiektuak eta ekintzak koordinatzeko eta gauzatzeko mekanismoaren zehazpena da deialdi hau.
Hori dela eta, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
2019–2020rako, Quebec eskualde estrategikoko pertsona juridikoekin egiten diren bi aldeko jarduera- eta lankidetza-proiektuak finantzatzeko laguntzen deialdia egitea da ebazpen honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoak eta Quebec-ek 2017ko urriaren 31n sinatutako Elkar Ulertzeko Memorandumean jasotako gaiei buruz.
– Kultura: jakintza eta esperientzia trukeak kultura arloan; bereziki hauetan: ondarea, artisten mugikortasuna, artisten arteko hartu-eman profesionalak, sortzaileak edo kultura-industriak eta lanen, ondare-ondasunen eta kultura-produktuen hedapena.
– Hizkuntza-politika: adituen eta ikertzaileen arteko trukeak bakoitza bere hizkuntzaren garapena eta sustapenaren eremuan, baita arlo horretako informazioaren eta jardunbide onen trukeak ere.
– Ekonomia: Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Quebec-en arteko informazio trukeak negozioa egiteko eta inbertitzeko aukerei buruz. Nork bere itsas ekonomian, hazkunde iraunkorreko esperientziak trukatzea.
– Ingurumena: Informazioaren eta jardunbide onen trukea aldaketa klimatikoaren kontrako borrokari eta ingurumenaren babesari buruz.
– Ikerketa, teknologia-garapena eta berrikuntza: informazioaren eta jardunbide onen trukeak, baita nazioarteko partzuergoetan elkarrekin jardutea sustatzea ere.
2. artikulua.– Diru-zuzkidura.
Kreditu osoa 40.000 eurokoa da EAEko aurrekontu Orokorren kargura, Quebec eskualde estrategikoarekin 2019-2020rako lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzeko.
3. artikulua.– Dirulaguntzen mugak eta zenbatekoak.
1.– Eskatzaile bakoitzak proiektu bakarra garatzeko laguntza jaso ahalko du, aurkeztu daitezken eskabide kopuruan mugarik jartzen ez badira ere.
2.– Proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa ezin da izan 5.000 eurokoa baino handiagoa.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Hauek jaso dezakete dirulaguntza:
a) Diruz lagun daitezkeen proiektuen arabera, Quebec eskualde estrategikora joan behar duten EAEko pertsonen bidaia- eta egonaldi-gastuak:
– Nazioarteko garraio-gastuak: hegazkineko billeteen benetako kostua, gehienez 1.000 eurora arte.
– Ostatu- eta mantenu-gastuak: 180 euro egunean, 7 egunetan gehienez.
b) Alde biko proiektuak egikaritzeko, sustatzeko eta hedatzeko gastuak, proiektu bakoitzeko jaso daitekeen dirulaguntzaren zenbateko osoa bete arte, 5.000 eurokoa dena, deialdi honen 3.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.
1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten pertsonek prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, bide elektronikoak erabili beharko dituzte.
2.– Eskabideak, erantzukizuneko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: http://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ayudas-a-proyectos-de-cooperacion-en-quebec/web01-tramite/es
3.– Helbide honetan egingo dira eskabidea egin eta geroko izapideak: http://www.euskadi.eus
4.– Eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
6. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako hutsak zuzentzea.
1.– Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza izango da, kasu honetan, laguntzaren organo kudeatzailea, aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago; horrelakoetan, eskatzaileari eskatuko dio hamar eguneko epean agiri osagarriak bidaltzeko.
2.– Jakinarazpen egunaren biharamunetik kontatzen hasita, epe hori igaro eta gero, agiriak ez badira aurkeztu, eskaerari uko egiten diola ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusten diren baldintzetan emandako ebazpenaren ondoren.
7. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.
Dirulaguntzaren eskabideak aztertuko eta ebaluatuko ditu martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 11.3 artikuluak aipatutako Ebaluazio Batzordeak, eta hauek osatuko dute:
– Batzordeburua: Mikel Anton Zarragoitia, Europako Gaietarako zuzendaria.
– Kidea: Loreto Guzmán Fonquernie, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren goi-mailako teknikaria.
– Idazkaria: Estibaliz Urcelay Erguido, Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren goi-mailako teknikaria.
8. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
Martxoaren 26ko 47/2019 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoak dira ebaluazio-irizpideak.
9. artikulua.– Proiektuak burutzeko epea.
2019an hasi beharko da proiektua burutzen, eta hurrengo hamabi hilabeteetan egin beharko da laguntza eman dela jakinarazi eta gero.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Araudi hauek ezarritakoaren mende daude ebazpen honek aipatzen dituen laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; eta martxoaren 26ko 47/2019 Dekretua, Bazkide Estrategikoen Sareko kanpoko eskualdeekin lankidetza teknikoan aritzeko proiektuei laguntzak ematea arautzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Beraz, Ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean. Eta denek jakin dezaten, www.euskadi.eus helbidean ere argitaratuko da.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 10a.
Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.