EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019137

AGINDUA, 2019ko uztailaren 9koa, Ogasun eta Ekonomiako sailburuarena, zeinaren bidez zehazten baitira zenbateko txikiko eskubide ekonomikoak deuseztatzeko edo horiei baja emateko kasuak eta gutxieneko zenbatekoak.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-07-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201903514
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera guztia, bere Ogasun Nagusiaren arloetan, administrazio-ekonomiaren eta eraginkortasunaren printzipioek eraendu behar dute –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 3. artikuluan daude jasota printzipio horiek–. Hori horrela, kudeaketa-eskakizun formalen ondoriozko kostuak minimizatzeko neurriak hartu behar dira (sarrera eta gastu publikoak egitearekin eta horiek kontabilizatzearekin lotutakoak).
Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren «Zenbateko txikiko eskubide ekonomikoak» izeneko 16. artikuluak jasotzen duenaren arabera, organo eskudunak aukera dauka honako hauek ez likidatzeko edo, hala badagokio, deuseztatzeko eta kontabilitatean baja emateko: haien ordainarazpenak eta bilketak dakarren kostua estaltzeko nahikoa ez den zenbatekoa baino zor txikiagoak eragiten dituzten likidazio guztiak. 47/2003 Legea erreferentziako lege-xedapena da estatuko sektore publikoaren finantza-funtzionamendua arautzeko, eta gure arau-esparruan ordezko araudi gisa aplikatu behar da –abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduaren 2.f) artikulu ohia–.
Horrela, agindu honen xedea da administrazio publiko honek nahitaez izapidetu behar ez izatea zuzenbide publikoko sarrerak biltzeko eta ordainarazteko zenbait prozedura, baldin eta horien zenbateko txikia dela-eta ekonomiaren kontrakoa bada horiek biltzeko egin behar diren jarduerak egitea.
Ondorioz, Ogasun eta Ekonomia Sailaren egitura eta egitekoak ezartzeko ekainaren 13ko 168/2017 Dekretuak esleitutako eskumenez baliatuz, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren eta horien erakunde autonomoen aldeko zuzenbide publikoko baliabideen gutxieneko zenbatekoak eta kasuak zehaztea, zeinen azpitik ez baita likidaziorik egingo, edo, hala badagokio, deuseztatu egingo baitira eta kontabilitatean baja emango baitzaie, horien zenbatekoa ez delako nahikoa eragiten duten igortze-, jakinarazte- eta bilketa-kostua estaltzeko. Horrez gain, premiamendu-probidentziak emateko gutxieneko zenbatekoa ezartzea ere badu xede agindu honek.
2. artikulua.– Borondatezko aldian likidazioak egiteko gutxieneko zenbatekoa.
Borondatezko aldian bilketa egiteko organo eskudunak ez ditu likidatuko eta, hala badagokio, kontabilitatean baja eman eta deuseztatu egingo ditu ondorengo ezaugarriak betetzen dituzten zuzenbide publikoko sarrerak: aurrekontu ekitaldi bakoitzean banaka egindako likidazio bakoitzeko 25 euroko zenbatekoa gainditzen ez dutenak. Bi salbuespen izango dira:
a) Tasa eta prezio publikoengatik likidatutako zorrak, edo ordainketen geroratzeak edo zatikatzeak eta etendurak direla-eta sortu diren berandutze-interesei dagozkienak.
b) Sektore ekonomikoetan eragin positiboa izateko, likidazioa egiteko erabaki arrazoitua hartu duenean –zorren izaera dela-eta, edo bestelako zirkunstantziek bultzatuta–.
3. artikulua.– Premiamendu-probidentziak emateko gutxieneko zenbatekoa.
Aldi exekutiboan dirua biltzeko organo eskudunak ez du premiamendu-probidentziak emango aldi horretan sortutako zorrei dagokienez, baldin eta zor horiek kobratu gabe duten zenbatekoa –printzipala– 12 eurotik beherakoa bada. Halere, organo horrek premiamendu-probidentziak eman ahal izango ditu zenbateko txikiagoak badira ere, baldin eta zorren izaera edo ondorio ekonomikoek direla-eta hori egitea komeni bada.
4. artikulua.– Premiamendu-zorrak deuseztatzea eta kontabilitatean baja ematea.
1.– Premiamendu-zorrak kontabilitatean baja eman eta deuseztatu egingo dira –ofizioz–, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko baliabideak izatea.
b) Epe exekutiboan dauden zorrak izatea eta, horietan, premiamendu-probidentziak behar bezala jakinarazita egotea, horiek ordaintzeko honako artikulu honetan ezarritako epeak igaro badira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 40 bis artikulua. Gainera, bide exekutiboan kobratzeko kudeaketaren bat egin behar izan zaie, emaitza negatiboarekin.
c) Ordaintzeko betebeharra duen pertsona baten printzipala edo, beste batzuekin batera bada, guztizko zor metatua ez izatea 75 euro baino handiagoa, eta horrek aldi exekutiboan duen antzinatasuna urtebetetik gorakoa izatea.
d) Horiek konpentsatzeko ezintasuna egiaztatzea, ez dagoelako zordunaren kreditu aitorturik Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren kontra.
2.– Aurreko paragrafoko zorrak kontabilitatean baja eman eta deuseztatzeko administrazio-espedientea kasuz kasu izapidetu ahal izango da banaka horrela deklaratu direnei dagokienez, edo taldeka izapidetu ahalko da epealdi zehatz batean izan direnei dagokienez.
3.– Aurreko paragrafoko kontabilitateko baja eta deuseztatzea ez da egingo honako hauei dagozkien zorrak direnean: ordainketen geroratzeak edo zatikatzeak eta etendurak direla-eta sortu diren berandutze-interesei dagozkienak.
AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 9a.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.