EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2019134

AGINDUA, 2019ko uztailaren 9koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez 2019rako dirulaguntzak arautzen eta haien deialdia egiten baita Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko, eta berrikuntzari laguntzeko (Eraikal 2019 programa).

Xedapenaren data: 2019-07-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201903445
Maila: Agindua
Eraikal Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekimen bat da, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoaren kudeaketa sustatzeko, obra berrian nahiz Eraikinen Ikuskapen Teknikoen ondorioz burutu behar diren birgaitze- eta mantentze-lanetan. Eraispen eta birziklapen lanak ere barneratzen ditu eraikinaren balio-bizitza osoa barnean hartzeko. Gainera, ingurumenaren aldagarria eta laneko arriskuen prebentzioa sartu nahi ditu eraikuntzaren sektorean, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean dauden enpresa eta profesionalen jasangarritasunaren sustapena eta berrikuntzarako laguntza emanda.
Bizitegi-eraikuntzaren sektorean eragile ugarik parte hartzen dute zuzenean edo zeharka, zeinek bere funtzioarekin: proiektugileak, sustatzaileak, eraikitzaileak, gremioak, materialen hornitzaileak, kalitatea kontrolatzeko entsegu-laborategiak eta entitateak, bezeroak, erabiltzaileak. Hori dela eta, azken kalitatean eragin dezaketen puntu kalteberak ugaritu egiten dira. Kalitatea kudeatzeko modu bakarra da sistema bat ezartzea prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka bermatzeko.
Eraikal ekimenaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea eraltzen lagundu nahi da, sektore hori sendotzeko eta lehiakor eta eraginkor bihurtzeko, enpresetan etengabe hobetzera bideratutako kudeaketa-praktikak ezarriz. Izan ere, behar-beharrezkoa da praktika horiek abiaraztea, ingurumena errespetatuko duten kalitatezko lan-prozesu seguruen arabera eraikitako etxebizitzak herritarren eskura jartzeko, horien eta oro har gizartearen beharrekin bat etorriz.
Etengabeko hobekuntza indartzea oinarrizko osagaia da lehiakortasunerako, baina ez nahikoa; hori ikusirik, Eraikalek Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean ere berrikuntza sustatzen du, sektore horren oraina ez ezik, etorkizuna ere bermatzeko. Hori dela eta, honako hauekin lotutako proiektuak sustatu nahi dira:
– Eraikinen kontserbazio-egoera.
– Eraikinen kalitatea, eraikuntzarekin lotutakoa zein arkitektonikoa.
– Energia-eraginkortasuna.
– Kalitatearen kudeaketa, kalitate-sistemak ezartzea eta eraikuntzaren informazioa modelatzea.
– Eraikuntza jasangarria.
– Laneko segurtasuna eta osasuna.
– Irisgarritasuna eta domotika.
XI. legegintzaldirako gobernu-programan (2016-2020), altxatutako eraikin-parkea berroneratzen laguntzeko konpromisoa dago jasota (144. konpromisoa), etxebizitzei eta hiriak leheneratzeari eskainitako blokean. Alde horretatik, bi ekimen aurreikusten dira: alde batetik, etxebizitzak berritzen laguntzeko 2017-2020 aldirako programa prestatzea eta garatzea, eraikinen mantentze- eta berriztatze-lanak egokiro kidetzeko eta integratzeko premisarekin, eta Europar Batasunaren Horizon 2020 programatik datozen energiaren efizientziako eta irisgarritasuneko eskakizunekin, eta, bestetik, eraikinen ikuskaritza teknikoak sustatzea, araudiak garatuta eta pizgarriak eskainita.
Gainera, Etxebizitza Sailburuordetzak eraikuntza-elementuen kalitatea jagoten eta arautzen du, eta profesionalen esku ipintzen du eraikinen kalitatea berrikuntzaren, energiaren efizientziaren eta jasangarritasunaren hobekuntzaren ikuspegitik kontrolatzeko esparrua.
Laguntza-deialdi honek helburu hori lortzen laguntzen du, horretarako hainbat jarduera finantzatuta, hala nola kudeatzeko sistemak ezartzea, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzea eta berrikuntzari laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean.
Hala ere, eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna sustatzeko jardun honek, programa honen bitartez enpresei eta profesionalei bideratzen zaizkien neurriez gain, jardun gehigarriak behar ditu, hain zuzen, eraikuntza fasean nazioartean goraipatutako jasangarritasun baldintzak betetzen dituzten eraikinei bideratu behar direnak. Horregatik, deialdi honetan diruz lagunduko den lerro berri bat jaso da, aplikagarri den araudiak jasotzen duen baino haratago dauden baldintzak betetzen dituzten eraikuntza obrak sustatzen dituzten pertsonei zuzenduta.
Laguntza erregimen hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartutako Sailaren 2018-2020 aldiko dirulaguntzen plan estrategikoaren barruan jasota dago, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Agiri hori herritartasunaren eskura dago sailaren web orrian.
Abenduaren 22ko 5/2017 Legean (Euskadiko Autonomia Erkidegoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena) nahikoa kreditu dago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso horiek gauzatzeko. Beraz, 2018ko irailaren 5eko Aginduaren bitartez programa honen bidez deialdia planteatu zen.
Aurrekontu horiek luzatu egin dira 2019ko ekitaldirako, Euskadiko aurrekontu- araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. tituluak aurrekontuen luzapen araubideari buruz ezarritakoari jarraituz.
Ondorioz, programa honen deialdi berri bat proposatzen da, honako dirulaguntza honek nahikoa aurrekontu-estaldura baitauka.
Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak emango dituen 2019rako dirulaguntza batzuk arautzea eta haien deialdia egitea da. Dirulaguntza horiek, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko eta berrikuntzari laguntzeko dira (ERAIKAL 2019 programa).
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide honen arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dizkion de minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 200.000,00 eurokoa izango da hiru zergalditako edozer alditan.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako lerro hauekin bat egiten duten jarduerak:
1) I. lerroa: Honako alderdi hauei dagozkien berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak:
a) Bizitegi-eraikuntzaren kalitatea, funtzionalitatearekin, arkitekturarekin eta eraikuntzarekin lotuta:
– Obra berria: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea.
– Lehendik altxatuta dauden eraikinak: Eraikinen kontserbazio-egoera, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa (EIT), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantenua eta balio-bizitza. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Obraren eta proiektuaren kalitatearen kontrola. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea. Ondarearen kontserbazioari eta babesari buruzko azterlanak, eta birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin eta irisgarritasuna hobetzearekin bateragarriak ote diren aztertzea, dela araugintzaren aldetik, dela alderdi operatiboan.
– Industrializazioa. Eraikinen jasangarritasunaren, funtzionaltasunaren, malgutasunaren eta espazioaren arloko prestazioen ebaluazioa.
b) Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak eta Eraikuntzaren Informazioa Modelatzea.
c) Obretako lan-arloko segurtasunari eta osasunari buruzko ikerketak.
d) Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak.
2) II. lerroa: Erreminta informatikoak, dibulgazio-kanpainak eta trebakuntza-jardunaldiak eta -ikastaroak garatzea, aurreko atalean aurreikusitako auziekin lotuta egiten direnak.
Ez dira ildo honetan sartzen sistema partikularren edo markaren publizitatea egiten duten ekintzak. Kode irekiko tresna edo plataforma informatikoak sortzeko proposamenak bakarrik onartuko dira. Halaber, aplikazio informatikoak behar dituzten sistemak ezartzeko, aplikazio horiek ere kode irekiko soluzioetan oinarritutakoak izan beharko dute.
3) III. lerroa: Eraikuntza sektoreko pertsona fisiko edo juridikoei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta egiaztatzea.
a) BIM tresna erabiltzen den eraikuntza eraikuntza-informazioaren modelatze digitalerako sistema ezartzea eta ziurtatzea, ISO 19650-1:2018 Nazioarteko Normalizazio arauan oinarritakoa.
b) Honako arau hauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea, ziurtatzea eta integratzea: ISO 9001, ISO 14001 eta ISO 14006 Normalizazioko Nazioarteko Arauak; UNE 166002 Espainiako Araua; EMAS; «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua.
c) «Entsegu-laborategien gaitasunerako baldintza orokorrak» izeneko ISO/IEC 17025 eta «Ikuskatze-lana egiten duten hainbat motatako erakundeen funtzionamendurako irizpide orokorrak» izeneko ISO/IEC 17020 normalizazioko nazioarteko arauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta egiaztatzea.
d) Eraikuntza sektoreko profesionalei bideratutako eraginkortasun energetiko eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, beti ere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, Passivhaus, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak aholkularientzat eta Berde ziurtagiriak ebaluatzaileentzat. Diruz lagunduko dira baita ere UNE-EN ISO/IEC 17021-1:2015 edo UNE-EN ISO/IEC 17024:2012 arauetan oinarritutako ziurtagiriak, ENAC edo europear entitateak ikuskatze-erakunde egiaztatuak egina.
Aurreko a), b) eta c) atalei dagokienez, ENAC egiaztapen-erakunde nazionalak edo haren Europako homologoak egiaztatutako egiaztapen-erakundeak izanez gero, esandako erakunde horiek emandako ziurtagiriak dituztenek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzak.
4) IV. lerroa: Eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea.
Eraikuntzei bideratutako eraginkortasun energetiko eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, beti ere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, LEED (Lider en Eficiencia Energética y Diseño Sostenible) eraikuntza jasangarrien sailkapen sistemari dagokion ziurtagiria, Passivhaus eraikinen egiaztagiria, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak edo Berde ziurtagiriak.
2.– Agindu honen esparruan, honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoak.
IV. lerroari dagokionez, diruz laguntzen den jardueraren izaerari lotutako gastuak dira, eta ondorioz diruz lagundu daitezkeen gastuak dira hurrengoak: egiaztagiria lortzeko beharrezkoak direnak eta inolako lege baldintza baten ondorio ez direnak. Adibidez, saiakerak, zerbitzu-frogak, etab.
3.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake onuradunak. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela dirulaguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
4.– Ez dira diruz laguntzeko moduko jarduerak izango honako gastu edo inbertsio hauek:
– Ziurtagiriak mantentzera edo berritzera bideratutako gastuak, edota arauen bertsio berrietara egokitzeko prozesuan sortutakoak.
– Jarduerari oro har aplika dakizkiokeen zergen zenbatekoak (BEZ, PFEZ...).
– Ekipamendua erostera bideratutako inbertsioak edota euren amortizazioak.
– Enpresa batera berariaz bideratutako ekimenak, patente bat lortzea xede dutenak.
5.– Diruz laguntzeko jarduera guztiek 2019ko ekitaldian hasi beharko dute, eta 2021eko urriaren 30a baino lehen amaitu, baita IV. lerroan aurreikusitako ziurtatzeko eraikuntza lanek ere.
3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.
1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aurreko artikuluaren I. eta III. lerroei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako pertsona hauek:
a) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren barnean, bizitegi-eraikuntzarekin lotutako sektore hauetakoren batean dauden enpresak eta profesionalak.
883.2 Higiezinen sustapena.
50 Obra berriko eraikinen eraikuntza, nahiz birgaitze- eta mantenu-lanak. Instalazio elektrikoak, iturgintzakoak eta bestelakoak eraikuntza-obretan. Eraikinen akabera. Eraikuntza espezializatuko bestelako jarduerak.
843 Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin zerikusia duten bestelako jarduerak. Jarduera horiek honako hauen parte-hartzera mugatuta egongo dira: arkitektura-azterlanak, aparejadoreen estudioak eta ingeniaritzako eta topografiako zerbitzuak. Ingeniaritza-azterlanek deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan bizitzeko eraikuntzaren arloan gutxienez bi proiektu, aholkularitza-lan edo txosten egin dituztela egiaztatu beharko dute.
b) Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeak eta eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko entsegu-laborategiak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskumendunaren aurrean dagokion adierazpena aurkeztu dutenak, eraikuntzaren kalitate-kontrolerako erakundeek eta saiakuntza-laborategiek beren jardueran aritzeko bete behar dituzten baldintzak garatzen dituen martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua eta eraikuntzako kalitate-kontrola arautzeko urriaren 28ko 209/2014 Dekretua betez.
c) Ordezkaritza zabala duten edo jendea biltzeko ahalmen handia duten bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresa eta profesionalen talde edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.
2.– Aurreko artikuluan aurreikusitako II. lerroarekin lotuta, agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira bizitegi-eraikuntzaren sektore enpresen eta profesionalen taldeak edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak eta ordezkaritza zabala edo jendea biltzeko gaitasuna dutenak. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.
3.– IV. lerroaren kasuan, laguntzaren onuradun gisa hartuko da egiaztagiria lortuko duen eraikinak sustatzen duen pertsona fisikoa edo juridikoa, jarduera Ekonomia-jardueren gaineko zergaren 833.2 epigrafe barnean dagoelako nahiz obra eremu pribatuan eta bere erabilerarako sustatzen den familia bakarreko etxebizitza erabilera izango duen eraikina izan.
4.– Honako erakunde hauek ezingo dira onuradun izan:
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.
– Horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.
5.– Deialdi honetako eskabidea pertsona fisikoen edo juridikoen talde batek egiten duenean (publikoak edo pribatuak nortasun juridikorik gabe), Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluari jarraikiz, taldeko kide guztiek laguntzen onuradun izateko eska daitezkeen baldintza guztiak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezingo da desegin harik eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
6.– Dirulaguntzak eman eta ordaintzeko automatikoki egiaztatuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.
Era berean, eskatzaileek dirulaguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.
Atal honetan jasotako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako dirulaguntza kitatu arte.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskaerak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2019ko irailaren 6an amaituko da, biak barne.
2.– Pertsona juridikoek, nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta nahitaez elkargokide izan behar duten jarduera profesionalen bat egiten dutenek, interesatuta egonik, parte hartzen duen prozedurako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin eta kontsultatu beharko dituzte. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektronikoan (url):
http://www.euskadi.eus/2019_eraikal/web01-tramite/eu
Eskabidearen osteko izapideak http://www.euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nirekarpeta» atalean.
Pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatzen duen moduan.
– Aurrez aurre, eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.
– Bitarteko elektronikoz: Euskadiko egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, zenbaki honetan adierazten diren helbideen bidez.
3.– Deialdi honetan jasotzen diren lerro batean ere ez zaio emango dirulaguntza bat baino gehiago eskatzaile bati.
Eskatzaile batek dirulaguntza-lerro batean eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, organo kudeatzaileak horren berri emango dio, 10 egunetako epearen barruan, atzera egiten duen proiektuaren berri eman dezan. Interesdunaren komunikaziorik ez badago, kudeatzaileak aurrekontu baxuena duen proiektua hautatuko du deialdian parte hartzeko.
4.– Interesdunek aukeran dute eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztea. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
5.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak –dagokien babes-mailarekin– tratatzeko, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudian (UE), 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoan eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuen babeserako araudi orokorra), datu pertsonalak babestekoa eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Plataforma elektronikoan egiten den eskaerak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena barneratzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek jasoko dira:
a) Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatuei xede bererako laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabide guztiak eskatu eta lortu dituen, berariaz adierazita eskatutako kopuruak, emandako dirulaguntzen zenbatekoa eta BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez dirulaguntza programetan.
b) Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean dagoen edo horrelako baten xede izan den. Euskadi Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere entitate autonomoak izaera berdineko dirulaguntzen arloan eta oraindik tramitatzen ari den prozedura bada.
c) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo dirulaguntza publikorik jaso ezin izateko zigortu duten, edo dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen inolako legezko debekuren baten pean dagoen.
d) Pertsona edo erakunde eskatzailea ez dela betetzen ari sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatiko administrazio-zehapen edo zigorrik, eta ez duela Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako zehapenik.
e) Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuen kasuan.
f) Erakunde eskatzaileak abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduarekin (EB) lotutako laguntzarik jaso duen zerga-ekitaldi honetan eta bi aurrekoetan, eta, baiezkoa izanez gero, laguntzon zenbatekoa.
g) Eskatzailea agindu honen IV. lerroan parte hartu ahal duen eraikuntzaren sustatzailea da.
Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eskabidearekin eta hurrengo atalean jasotzen den dokumentazioarekin batera. Adierazpena sinatuta egon beharko da. Agindu honen eranskinean jasotzen da eskabidearen formularioa, eskabidea aurrez aurre aurkezten bada.
2.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak:
a) Proiektuaren memoria, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:
1) Sarrera: agente sustatzailearen deskribapen orokorra, enpresaren egituraren zirriborroa eta proiektuaren helburu orokorrak.
2) I. lerroan bildutako jardueretarako: berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak eta II. lerrokoak: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena; memoriak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu:
– Proposatzen den jardueraren deskripzio xehea, proiektuan barneratzen diren jardun bakoitza zehaztuz.
– Proposamena lan-ildoetako batera egokitzen dela.
– Sektorerako egokitasuna, aukera eta zuzentasuna.
– Inpaktu potentziala sektorean, inpaktu hori neurtzeko adierazleak eta neurketak barnean hartuta.
– Proiektu edo ikerketa taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa eta esperientzia.
– Finantzaketaren egitura.
– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.
3) III. eta IV. lerroetan aurreikusten diren jardueretarako, memoriak proiekturako proposatutako helburuak eta epeak zehaztu beharko ditu.
b) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion aurrekontua. Aurrekontua urteka banakatuta egongo da 2021. urtera arte, bai eta lanketa eta/edo jardueren arabera ere, lanketa bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren gastuak) eta kanpo edo azpikontratatutako eragileen gastuak (kanpo-erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.
Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.
Kanpo-kontratazioaren kasuan, arrazoitutako balioespena edo, ahal dela, aurrekontua aurkeztu beharko da, eta honako hauetan xedatutakoa bete: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.
Eskabidea III. edo IV. lerrorako izango balitz, aurrekontuak aholkulariaren eta/edo egiaztatzailearen eskaintza jaso beharko du.
c) Diruz lagundutako jardueraren eredugarritasuna hedatzeko, jakinarazteko eta indartzeko ekintza-plana.
3.– Laguntza-eskaera ingeniaritza-estudio batek egiten duenean, eskaerarekin batera bizitegi eraikuntzaren arloan eskatzaileak egindako jardunen hartzailea izan den pertsona fisiko edo juridikoaren edo Administrazio Publikoaren ziurtagiria aurkeztu behar da.
4.– Laguntza-eskaera pertsona fisiko zein juridikoen talde batek egin badu, publikoa edo izaera juridikorik gabeko pribatua izan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluari jarraikiz, aurkeztutako eskabidean adierazi beharko dira taldekide bakoitzak hartu dituen egikaritze-konpromisoak, bai eta bakoitzari dirulaguntzaren zein zati dagokion ere; guztiak izango dira onuradun.
Ordezkariak eskabidea sinatu beharko du, eta bere izendapena aurkeztu.
6. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Laguntza kudeatzen duen erakundeak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.
2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, dirulaguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro balioesteko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.
7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatzen dituen organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.
8. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagokion prozeduran izapidetuko dira, diruz laguntzeko lerro bakoitzean.
2.– I. eta II. lerroei dagozkien dirulaguntzak lehia-konkurrentziaz esleituko eta lehiaketa bidez zenbatetsiko dira puntuazio handienetik txikienera, harik eta lerro bakoitzeko aurrekontu-kreditua amaitzen den arte.
3.– III. eta IV. lerroei dagozkien dirulaguntzak ez-lehiazko konkurrentziaz esleituko dira. Dagokion lerroan eskura dagoen aurrekontu-zuzkidura onartutako eskabideen kopuruarekin zatituko da, eta inoiz ere ezingo da gainditu agindu honetan finkatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa.
9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
I. eta II. lerroetako dirulaguntzak esleitzeko, ondoren zerrendatutako irizpideak eta neurriak erabiliko dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:
1.– I. lerroa: berrikuntza-proiektuak edo -azterketak.
2.– II. lerroa: Tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena.
10. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Bigarren artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura osoa laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00) eurokoa izango da, honako banakatze honen arabera:
Zuzkidura honako aurrekontu-partida honetan dago: 19.0.1.05.31.0000.4.752.02.43122.003/Q.
2.– Esandako zenbatekoa honela banatuko da dirulaguntza-lerro bakoitzerako:
– I. lerroa, berrikuntza-proiektuak edo -azterketak. Gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira.
– II. lerroa, tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena. Gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira.
– III. lerroa, eraikuntza sektoreko pertsonei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea. Gehienez ere ehun mila (100.000,00) euro bideratuko dira.
– IV. lerroa, Eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea. Gehienez ere berrogeita hamar mila (50.000,00) euro bideratuko dira.
3.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio. Soberakina I. lerroari aplikatuko litzaioke lehendabizi, ondoren, II. Lerroari, hirugarren IV. lerroari eta, azkenik, III.ari, agindu honen 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoak egingo lukeen proposamenarekin bat. Inguruabar hori Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak dirulaguntzak esleitzeko emandako ebazpenean aipatuko da.
4.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1) I. lerroa: Berrikuntza-proiektuak edo -azterketak, eta II. lerroa: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen eta jardunaldien garapena.
– Jarduerak puntuazioaren arabera antolatuko dira, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera.
– Diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartu ahal izateko, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko ditu.
– Antolatu eta gero, honako formula aplikatu ostean lagunduko dira diruz:
eskuratutako puntuazioa/100 eta honako bi zenbateko hauetatik txikienarekin biderkatuta:
a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak kanpo);
b) Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa, lerro honetako proiektu edo azterlan bakoitzeko.
I. lerroan, proiektuko edo azterlaneko dirulaguntzaren gehienezko zenbatekoa 40.000,00 euro izango da, eta II. lerroan, berriz, 30.000,00 euro.
2) III. lerroa: Eraikuntza sektoreko pertsona fisiko edo juridikoei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea. Lerro honetako jarduerak honako hurrenkera honen arabera antolatuko dira:
– 2.1.3 puntuko a) letrako sistemaren egiaztapena.
– 2.1.3 puntuko b) eta c) letretako hiru sistemaren egiaztapena.
– 2.1.3 puntuko b) eta c) letretako bi sistemaren egiaztapena.
– 2.1.3 puntuko b) eta c) letretako sistema baten egiaztapena.
– Obra-ziurtagiria, 2.1.3 puntuko d) letraren arabera.
Dirulaguntza kanpoko gastuen zenbatekoaren % 50 izango da (zergak kanpo), «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 arauaren araberako laneko arriskuen prebentzioko ziurtagiriaren kasuan izan ezik (kasu horretan, kanpoko gastuen % 25 izango da, zergak kanpo), betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebitzitza Sailak onartutako proiektuei dagokienez.
Ziurtapen bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:
– ISO 19650 arauan aurreikusitako sistemaren ziurtatzeko: 5.000,00 euro.
– Sistema bat egiaztatzeko: 5.000,00 euro, «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 arauaren egiaztapenerako izan ezik, orduan 2.500,00 eurokoa izango baita.
– Sistema bi egiaztatzeko: 8.000,00 euro, egiaztapenetako bat «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua izan ezean, orduan 5.500,00 eurokoa izango baita.
– Hiru sistema egiaztatzeko: 11.000,00 euro, egiaztapenetako bat «Laneko segurtasuna eta osasuna» izeneko ISO 45001 araua izan ezean, orduan 8.500,00 eurokoa izango baita.
– Energia eraginkortasunari buruz eta jasangarritasunari buruz eraikuntza arloko profesionalei bideratutako ziurtapena egiaztatzeko: 2.000,00 euro.
Eskariak Agindu honetan eskatzen diren baldintza objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, dirulaguntza lerro honi dagozkion dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko hurrengo prozesua jarraituko da:
a) Atal honetan adierazten den jardueren lehentasun hurrenkerako lehen zatian dauden eskariei dagozkien dirulaguntza kopuruaren hasierako kalkulua egingo da, beti ere aipatu diren portzentajeak eta kopuruak errespetatuz eta eskatutako kopurua gainditu gabe.
Lerro honetako diru zuzkidura hasieran kalkulatu diren kopuru guztiak asetzeko nahiko bada, dirulaguntzak kopuru horien arabera bananduko dira. Bestela, kalkulatu diren kopuruak jaisten joango dira aipatutako zuzkidura guztiak bermatzeko nahikoa izan arte.
b) Jardueren lehentasun hurrenkerako lehen zatian dauden dirulaguntzak egin eta gero, diru zuzkidurarik banatzeko balego, dirulaguntzak prozesu berdinarekin bananduko lirateke, lehentasun hurrenkerako beheranzko kasuetan, badagokio, diru zuzkidura agortu arte.
3) IV. Lerroa: Eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea.
Dirulaguntza kanpoko gastuen zenbatekoaren % 50 izango da (zergak kanpo).
Eraikuntza bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa 6.000,00 eurokoa izango da.
Dirulaguntza lerro honetako dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko hurrengo prozesua jarraituko da:
Agindu honetan ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen direla egiaztatu ondoren, dirulaguntzaren zenbatekoaren hasierako kalkulua egingo da atal honetan zehaztutako portzentajeak eta zenbatekoak errespetatuz, eskatutako kopurua gainditu gabe.
Lerroaren diru zuzkidurak hasieran kalkulatu diren laguntza guztiak bermatzeko nahikoa bada, dirulaguntzak emango dira kopuru horien arabera. Bestera, kalkulatu diren kopuruak jaisten joango dira zuzkidura guztiak emateko nahiko izan arte.
11. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.
1.– Eskabideak balioesteko, balorazio-epaimahai bat osatuko da honako kide hauekin: Eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako Laborategiko zerbitzuburua; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko bi teknikari, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak izendatuta.
Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondoreetarako.
2.– Esandako epaimahaiak, 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideak balioetsiko dituzte, 10. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, esleituko diren dirulaguntzen zerrenda biltzen duen dagokion ebazpen-proposamena formulatuko dute (onuraduna, diruz lagundutako jarduera, eskuratutako puntuazioa eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatuena ere (eskatzailea eta ukatu izanaren arrazoia zehaztuta).
Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak deitu ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.
12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publizitateko prozedura.
1.– Aurkeztutako eskariak dirulaguntza lerro bakoitzean izapidetuko dira dagokion prozeduraren arabera.
2.– Dirulaguntza lerro bakoitzeko ebazpen bakoitzak interesdunek adierazitako gauza guztiak erabakiko dituzte, Balorazio-epaimahaiak Etxebizitza eta Arkitektura zuzendariari proposatutakoaren arabera.
3.– Prozedura bakoitzean emango den ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde edo pertsona onuradunen izena edo izen soziala, finantzatutako jarduera, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, dirulaguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Horrez gain, nortasun juridikorik gabeko elkarte pribatuak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa.
Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
4.– Aurreko atalean aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Etxebizitzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.
5.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, bakoitzari dagokion prozeduran; halere, eta guztiak jakinaren gainean ipintzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
6.– Ebazteko eta ebatzitakoa pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.
13. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute 2021eko azaroaren 15a baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluak zehazten duen moduan.
2.– Horretarako, kasu guztietan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, dirulaguntza eskaria aurkeztutako modu berdinean:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen dirulaguntza jasotzeko jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta helburuen betetze-maila azalduta.
III. eta IV. lerroetan bildutako jarduerak ziurtagiria edo diploma ematen duen erakundearen edo markak egiaztatutako erakundearen ziurtagiriarekin egiaztatzen dira.
b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.
c) Sarreren eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste dirulaguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.
d) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.
e) Proiektuan sortutako materialen kopia.
f) IV. lerroa justifikatzeko, dagokion elkargo profesionalak bisatutako Obra Bukaerako Ziurtagiria aurkeztu behar da.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak honela ordainduko dira:
– Agindu honen 15. artikuluko a) letran finkatutako epea igaro ondoren uko adierazirik ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da; hain zuzen, egokitutako dirulaguntzaren ehuneko sei koma hogeita bosti (% 6,25) dagokion zenbatekoa. Hasierako ordaindutako ehuneko horri dagokion jardueraren justifikazioa aurkezten den lehen txostenarekin batera eman beharko da, laguntzaren gainerako ordainketak egin ahal izateko.
– Emandako diru-kopuruaren zati bat, ehuneko hamar (% 10) hain zuzen, gorde egingo da, eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduera benetan gauzatu dela eta jardueraren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.
– Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarriekin ados, txostenak aurkeztu ondoren ordainduko da. Hala, txosten horietan justifikatutako gastuaren zenbatekoaren ehunekoa (dirulaguntza osoaren gainekoa), aurretik ordainduta dagoena kenduta, kalkulatuko da ordaintzeko aginduak emateko garaian, betiere diruz laguntzeko jarduerarako aurrekontuaren gainean (hura baliatu baitzen laguntzaren kalkulua egiteko).
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun diren entitateek honako betebeharrak izango dituzte, bai eta xedapen hauetan ezarritako gainerakoak ere, kasu guztietan: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak.
a) Esleitutako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, dirulaguntza onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Dirulaguntza eman den xede horretarako erabiltzea.
c) Diruz lagundutako ekintza gauzatzea eta justifikatzea, agindu honen 2.5 eta 13. artikuluetan ezarritako epeetan.
d) Hala dagokionean, proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.
e) Dirulaguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta eskumena duten nazioko zein Europako Erkidegoko kontrol-organoek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.
f) Jarduera beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea dirulaguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
g) Onuradunek dirulaguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera. Publizitatea, gutxienez ere, esleitutako dirulaguntzaren berri erakunde onuradunaren webgunean ematea izango da, eta bestelako publizitaterik ere zehaztu ahal izango da jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera.
h) Laguntzaren esparruan sortzen den informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea, guztia ere Sailak bere informazio-sistemetan txerta dezan eta haren zabalkuntza edo argitalpena egin dezan edozer baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.
2.– Onuradunak bere kabuz diruz lagundu den jarduera burutzeko egin behar dituen gastuaren zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obrarako konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua egiteko edo ondasuna emateko. Alderdi hori hala proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko kontratuan (zerbitzu-kontratua) nola obra-kontratuan aplikatu beharko da. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
3.– Erakunde onuradunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatutako sentsibilizazio- eta trebakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baita esperientziak trukatzekoetan ere, betiere Eraikal ekimenean bildutako jardueren barruan.
16. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.
Inbertsioaren behin betiko benetako kostua dirulaguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, dirulaguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da. Onartutako aurrekontuaren gaineko ehuneko baten arabera zehazten diren laguntzen kasuan, esandako ehunekoa aplikatuko da oinarri berriaren gainean.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldakuntzaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako dirulaguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten dirulaguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota, hala badagokio, egoki den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.
2.– Aldaketak ezingo du inola ere jardueraren izaera aldatu.
3.– Dirulaguntzaren onuradunak justifikazioan adierazten badu dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez denez egin, dirulaguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.
4.– Dirulaguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du esan nahi onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratu denik.
5.– Dirulaguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak ageri direnean eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, dirulaguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak handitzeko eskatu ahal izango du. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, ez eta 2021eko abenduaren 30etik aurrera ere.
Epea luzatzeko eskaera hori Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak onartu beharko du, ebazpen bidez. Ebazpen horretan, azken likidazioa egiteko beharrezkoak diren agiriak aurkezteko epe-muga berria ere zehaztuko da.
18. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko diote, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, bete-betean onartu eskaera eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.
Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.
19. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.
1.– Erakunde onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, dirulaguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, dirulaguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko berandutze-interesekin batera; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen berme eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraitu beharko dio.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. zenbakian jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta dirulaguntzei aplikagarri zaien berandutze-interesa ere eskatuko da.
20. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako dirulaguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.
21. artikulua.– Errekurtsoak.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota dagoen moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoei buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean jasotakoari jarraikiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan jasotzen diren laguntzak arau hauek beteko dituzte: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. Izenburuan eta VII. Izenburuko III. kapituluan; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, azken honen erregelamendua onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 9a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.