EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2019134

EBAZPENA, 2019ko uztailaren 2koa, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariarena, Euskal Autonomía Erkidegoko udalek eta gainerako toki-erakundeek memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko dirulaguntzak deitzen dituena 2019. urterako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-07-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201903444
Maila: Ebazpena
Aginpide publikoak memoria historikoa ezagutarazteaz eta iraunarazteaz arduratu behar dira, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defendatzeko borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.
Bestalde, abenduaren 26ko 52/2007 Legeak (gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen dituenak, eta haien aldeko neurriak ezartzen dituenak) zioen azalpenean dioenez, Gerra Zibilaren edo Diktaduraren oroimenezko ikur eta monumentuetan altxamendu militarraren, Gerra zibilaren eta Diktaduraren gorespena saihestu behar da, herritarrek horretarako –hain zuzen ere ikurrak, liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezen– eskubidea baitute. Horren harira, lege horren 15.1 artikuluak honela dio: «Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte. Neurri horien artean, dirulaguntza edo laguntza publikoak kentzea sartu ahal izango da.»
Azaroaren 27ko 4/2014 Legeak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua sortzekoak, erakunde honi esleitzen dizkion helburuen artean dago, besteak beste, euskal gizartearen askatasunaren aldeko borrokaren, giza eskubideen bermearen eta bizikidetza demokratikoaren oroimenean funtsezkoak diren balio etikoei eta printzipio demokratikoei buruzko politika publikoa diseinatzen, sustatzen, garatzen eta gauzatzen parte hartzea.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria berreskuratzeko eta iraunarazteko politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizartearen bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, beren familiak.
Era berean, Eusko Jaurlaritzak altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren gorespena saihestuko duen politika publikoa gauzatu nahi du, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren bitartez. Helburu nagusia, izan ere, ikur publikoak liskarrerako, irainerako edo bidegabekeriarako aitzakia izan beharrean, jendea elkartzeko baliagarri izan daitezela.
Ebazpen honen barruan dauden dirulaguntzak ondorengo arauetara lotuko dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III kapitulua (azaroaren 11ko 1/1977 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori); Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araubidea; Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako luzatu diren, Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Institutuaren zuzendariaren 2017ko apirilaren 20ko Ebazpenez onartutako Diru-laguntzen 2017-2020 Plan Estrategikoa dauka martxan, eta horren barruan diruz lagun daitezkeen adarretako bat da, hain zuzen ere, deialdi hau. Memoria historikoaren egia argitzea du helburu.
Halaber, azaroaren 3ko 204/2015 Dekretuaren bitartez onartutako Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Estatutuen 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Institutuaren zuzendariaren eginkizuna da laguntzak eta dirulaguntzak arautu, deitu eta ematea.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa berreskuratzeko udal-ikerketak, zein 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egindako lanaren ikerketa sustatzeko proiektu zehatzak, eta sinbologia frankista kentzeko jarduerak, diruz laguntzeko 2019ko laguntza-deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen bitartez.
2. artikulua.– Epealdia.
Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2019ko ekitaldian garatu beharko dira, eta, betiere, abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:
a) Gerra zibilaren eta diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak ezagutzeko eta dokumentatzeko udal ikerketa jarduerak.
b) Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jarduerak.
c) Hedapen-jarduerak: jardunaldiak, mintegiak, aldi baterako erakusketak, ikus-entzunezko produktuak eta ikerketen argitalpenak.
d) Altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak, bustoak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko jarduerak. Baita ere, Etxebizitza Institutu iraungiaren (Instituto de la Vivienda delakoa) plakak –etxeak eta geziak marraztuta dituztenak- ezabatzeko jarduerak diruz lagunduko dira, oraindik ere ikus baitaitezke babes ofizialeko eraikin zahar batzuetan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean ezarritako Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoen azpiko toki-erakundeek eskatu ahalko dituzte ebazpen honetan agertzen diren laguntzak.
2.– Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotzen diren betekizunak bete beharko dituzte erakunde onuradunek. Betekizun horiek eskabidea egiterakoan egiaztatu beharko dira eta prozesu prozesu osoan zehar mantendu beharko dira.
5. artikulua.– Zenbatekoa eta beste batzuekin bateragarriak izatea.
1.– Deialdi honetara, hirurogei mila (60.000,00) euro bideratuko dira guztira, 2019ko ekitaldirako luzatu diren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan 2018ko ekitaldirako aurreikusitako partidaren kargura.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera finkatuko da, kontuan izanda aurrekontuan erabilgarri dagoena eta oinarri hauetan definitutako dirulaguntzen balorazio eta kuantifikazio irizpideak. Nolanahi ere, diru laguntzaren zenbatekoak ez du zazpi mila (7.000,00) euroko kopurua gaindituko proiektu bakoitzeko.
3.– Laguntzek bete egin beharko dute Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua, minimis laguntzei Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa (EBEO, L 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000,00 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Muga horretatik beherako dirulaguntzek merkataritzari eragiten ez diotela eta lehiakortasuna faltsutzen ez dutela ulertzen da; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.
4.– Deialdi honetan azaltzen diren diru laguntzak beste edozein erakunde publiko edo pribatuk xede berberarekin ematen dituen beste batzuekin batera daitezke, betiere gainfinantzaketarik ez badago eta beste diru laguntzaren araudiek kontrakoa xedatzen ez badute. Gainfinantzaketarik egonez gero, dirulaguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.
6. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak ematean, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa-prozedura aplikatuko da.
2.– Ondore horietarako, aurkeztu diren eskabideak alderatu beharko dira, horien artean lehentasunak ezartzeko, deialdi honen 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideen arabera. Horrela, hautaketa-fasean deialdi honen 13. artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioa eskuratu duten horien artean balorazio handiena dutenei emango zaie laguntza, deialdi honetara esleitutako kredituak agortu arte, hala badagokio.
7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa zehaztea.
1.– Laguntza bakoitzari –hots, hautatutako proiektu bakoitzari– dagokion zenbatekoa zehazteko, balorazio-fasean balorazio-irizpideak aplikatzean eskuratu dituzten puntuazioak edukiko dira kontuan. Puntuazioa portzentaje bihurtuko da, eta portzentaje hori aplikatuko da, hain zuzen ere, aurkeztutako aurrekontuari. Behin kreditua agortu denean, eskumena duen erakundeak dirulaguntzaren onuradunen artean prorrateoa egingo du.
2.– Emango diren laguntzak ez dira eskatutako zenbatekoa baino altuagoak izango.
3.– Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
4.– Eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan diruz laguntzekoak ez diren gastuak sartuko balitu, edo diruz laguntzekoak izanik ezarritako muga gainditu balute, edo nabarmen gehiegizkoak izango balira, kendu edo garbitu egingo dira, dirulaguntzaren muga zehazteko oinarri gisa erabiliko den gastu lagungarrien aurrekontua finkatzeko. Aurrekontuan ez dira sartuko, eskaera egin duten toki-erakundeetako langileen soldatak.
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Prozedura honen izapide guztiak kontsultatzeko, eskatzeko eta egiteko, erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/memoria-historikoa-udalak/y22-izapide/eu
3.– Eskabidearen osteko izapideak helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta.
10. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.
2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Proiektuaren memoria xehea, non gutxienez honako datu hauek jasoko dituena:
– Proiektuaren xedea eta alderdi berritzaileak.
– Erabiliko den metodologia, bideragarritasuna eta jarduketa desberdinak.
– Balizko hartzaileak, lurralde-eremua, zabalkunde gaitasuna eta herritarrengan eragina izateko aukera, eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion.
b) Proiektua gauzatzeak eragingo duen kostuaren aurrekontua, partiden arabera banatuta. Bertan, proiektua finantzatzeko gainerako bideak, baleude, zehaztuko dira eta, bestela, proiektua finantzatzeko berezko nahiz kanpoko beste baliabiderik ez dagoela dioen ardurapeko adierazpena egin beharko da.
c) Dirulaguntzaren eskatzaileak ekitaldi fiskal horretan edo aurreko bi ekitaldi fiskaletan beste minimis laguntzarik jaso ote duen adierazi beharko du, minimis laguntza honekin Erregelamenduan ezarritako gehieneko muga gainditzen ez dela egiaztatzeko.
d) Zerga betebeharrekin eguneratuta egoteko ziurtagiria eta Gizarte Segurantzako ziurtagiri positiboa, kudeatzeko erakundeari akreditazioa zuzenean lortzeko baimena ukatu ezkero.
3.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.
4.– Dagoeneko eginda dauden proiektuetan, egindako gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira.
5.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Erakunde eskatzaileek aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzak egiaztatzen badu dokumentazio hori osatugabea dela edo daturen bat falta duela, erakundeei 10 eguneko gehieneko epea emango die antzemandako akatsak zuzentzeko, eta adieraziko die zuzentzen ez badituzte eskaerari uko egin diotela ulertuko dela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 68. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
12. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Hauek izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:
Burua:
– Miren Aintzane Ezenarro Egurbide, Gogora, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria.
Epaimahaikideak:
– Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.
– M.ª del Mar Zabala Mardaras, Eudeleko zuzendari nagusia.
– Roberto Palacios Martinez, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko memoria historikoko teknikaria.
Idazkaria:
– Ainhoa Zugasti Bilbao, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko aholkularitza juridikoko teknikaria.
2.– Bileren deialdietan, gai-zerrendetan, bileretan, aktetan eta epaimahai kalifikatzaileak egiten dituen gainerako idazkietan, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzen direla bermatuko da.
13. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.
1.– Dirulaguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:
– Proiektuaren potentzial estrategikoa eta egokitasun edo interes soziala. 30 puntu, gehienez.
• Proiektua deialdiaren xedera zein mailatan egokitzen den (15 puntu).
• Orain arte jorratu ez diren gaiak lantzea, hala nola, gaiaren inguruko ikuspegi berritzailea edo ezezaguna jasotzea (15 puntu).
– Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 30 puntu, gehienez
• Proiektua aurrera eraman ahal izateko giza baliabideak eta baliabide materialak izatea (10 puntu).
• Proiektuaren iraunkortasun ekonomikoa (10 puntu).
• Eskatzailearen ibilbidea eta esperientzia antzerako proiektuak aurrera eramaterakoan (10 puntu).
– Elkarteen eta udalen arteko harremana, sinergiak bilatuz, eta gizarte zibila proiektuan integratzeko gaitasuna. 20 puntu, gehienez.
– Helburuak lortzeko eta gastuaren eraginkortasuna ebaluatzeko kontrol mekanismoak. 10 puntu, gehienez
– Zeharkako politikak (euskara eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna) prozesuan txertatzea. 10 puntu, gehienez.
Gehienez ere, 100 puntu eman ahalko dira.
2.– Dirulaguntza esleitzeko, eskaerak gutxienez 55 puntu lortu beharko ditu, aurreko baremoen arabera.
14. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Epaimahai kalifikatzaileak baloratuko ditu aurkeztutako eskaerak, 13. artikuluan ezarritako irizpideak ezarriz, eta, 7. artikuluan aurreikusitakoarekin bat eginez, dagokion ebazpen-proposamena egingo du. Bertan, eman nahi dituen dirulaguntzen zerrenda (proposatutako onuraduna, diruz lagunduko den jarduera eta laguntzaren zenbatekoa adieraziz) eta ukatu nahi dituenena (eskatzailea eta arrazoia adieraziz) jasoko ditu.
2.– Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko Zuzendaritzako titularrak ebatziko du laguntzak esleitzeko prozedura, epaimahai kalifikatzaileak egindako proposamenari erreparatuta. Ebazpenak zehaztuko du eskatu diren diru laguntzak eman edo ukatuko diren. Ematen badira, erakunde onuradunaren izen soziala, finantzatutako jarduera eta emandako diru laguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatuz gero, berriz, eskatzaileen izen soziala eta ukoa oinarritzen duten arrazoiak jasoko dira.
3.– Ebazpen horrek ez du amaitzen administrazio-bidea, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
4.– Ebazpen hori sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da, deialdi hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
5.– Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 24.2 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta prozeduraren ebazpena berariaz eta banan-banan jakinarazteko betebeharra bazter utzi gabe, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariaren ebazpenez Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da xedapen honen babesean emandako dirulaguntzak jaso dituzten erakundeen zerrenda, zenbatekoak ere adierazita.
15. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzea.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezartzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.
2.– Erakunde onuradunek onartu egin beharko dute emandako dirulaguntza. Horretarako, laguntza onartutzat joko da, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik 10 eguneko epean erakunde onuradunak idatziz uko egiten ez badio. Dirulaguntza onartzeak berekin dakar deialdi honetan ezarritako arau guztiak betetzea, eta baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena 50.2 artikuluan.
3.– Erakunde onuradunek bermatu beharko dute diruz lagunduko diren proiektuek eta horiek bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek zorrotz errespetatuko dituztela 1948ko Adierazpen Unibertsalean jasotako giza eskubide guztiak, baita 1966ko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean nahiz 1966ko Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunean jasotakoak ere.
4.– Erakunde eskatzaileek egunean izan beharko dituzte beren zerga-betebeharrak, eta Gizarte Segurantzarekikoak. Egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten erakunde eskatzaileek baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du kudeaketa-organoak, behar beste aldiz, eta horretarako ez du onuradunen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) aplikatuz. Nolanahi, erakunde eskatzaileak aukera izango du organo kudeatzaileari Diru-laguntzen Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan adierazitako inguruabarrak bete direla egiaztatzeko agiria zuzenean eskuratzekoa baimena berariaz ukatzeko; halakoetan, erakunde eskatzaileak berak aurkeztu beharko du egiaztagiri hori.
5.– Erakunde eskatzaileek egunean eduki behar dituzte dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskadiko Auzitegiak eskatzen dieten informazio guztia eman beharko dute erakunde eskatzaileek.
7.– Erakunde onuradunek euskara eta gaztelania erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.
8.– Erakunde onuradunek hizkuntza eta irudi ez sexistak erabiliko dituzte zabalkunde-jardueretan eta diruz lagundutako proiektuetatik sortutako argitalpenetan.
9.– Erakunde onuradunek publizitate egokia eman beharko diote programen, jardueren, inbertsioen edo dirulaguntzaren xede diren edonolako jardueren finantzaketaren izaera publikoari.
10.– Dirulaguntza hauen babesean egiten diren argitalpen eta ekoizpen guztien bi ale, ematea.
17. artikulua.– Ordaintzeko modua.
1.– Deialdi honen babesean ematen den dirulaguntza honela ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketan, emandako dirulaguntzaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza berariaz onartu eta gero, edo ematen dela jakinarazten denetik hamar eguneko epean, berariazko uko-egiterik ez bada aurkezten.
b) Bigarren ordainketa 2020an egingo da. Bertan, emandako dirulaguntzaren erabilera (hurrengo artikuluan zehazten den bezala) Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren aurrean justifikatu eta gero egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoa ordainduko da.
2.– Emandako dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunek hirugarrenen alta hartzeko agiria aurkeztu beharko dute, baldin eta erregistraturik ez badaude edo Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroko banku-datuak aldatu nahi badituzte.
18. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Dirulaguntzaren onuradun suertatzen den erakundeak 2020ko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko ditu Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan emandako dirulaguntzaren erabilera justifikatzen duten agiri hauek:
a) Memoria txostena dirulaguntza ematean jarritako baldintzak bete izana frogatuko duena. Zer jarduera burutu den eta zer emaitza lortu den adierazi behar da, eskaeran aurkeztu diren helburuak zein neurritan lortu diren azalduz.
b) Diruz lagundutako jardueraren gastuen fakturak eta jarduera finantzatzeko izan dituzten beste diru sarrerak. Superabitik egon bada, memoriarekin batera dirua itzuli beharko da.
c) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.
2.– Administrazioak, egoki baderitzo, agiri originalak eska ditzake.
Justifikazioak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan daude eskura.
3.– Edonola ere, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatuz gero –betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, kasuan kasu, edozein erakunde pribatu nahiz publikotik aldi berean beste laguntzarik jasoz gero, dirulaguntzak emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horretarako, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak aldaketarako ebazpena emango du, eta, bertan, eman diren dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.
2.– Edozein arrazoi dela-eta diruz lagundutako proiektuak ezin badira eskabidean adierazitako moduan gauzatu, horren berri eman beharko zaio Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuari. Hala gertatzen bada, eta dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ezin bada, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak zehaztu beharko du emandako zenbatekoa itzuli behar ote den, hala badagokio, horretarako hartutako ebazpenaren bidez.
20. artikulua.– Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak ez betetzea eta laguntza itzultzea.
1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da, honako kasu hauetan:
a) Bere garaian aurkeztutako proiektua ikusita, jasotako dirulaguntza ez da, osoki edo zati batean, onartu zen jarduerarako erabili, beste zerbaitetarako baizik.
b) Hautatutako jardueran aldaketak egin direnean; salbuespena izango da aldaketok funtsezkoak ez badira eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendariak berariaz baimentzen baditu, eskaera arrazoitua egin ondoren.
c) Eskaeran, harekin batera aurkeztutako dokumentazioan edo dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioan bildutako datuetako edozein gezurrezkoa da.
2.– Onuradun erakundeek artikulu honen 1. puntua, esleipen-ebazpenean edo deialdiaren ebazpenean ezarritako edozein baldintza edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasuna Antolatzeko Printzipioei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegileak onartu zuen testu bategin hori) eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan jasotako betebeharrak betetzen ez badituzte, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoa osoa edo partziala itzuli beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, berandutze interesarekin batera; bestalde, zigorrak ezarri ahalko dira. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoarekin bat eginez. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen da, eta diru-laguntzen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dira.
21. artikulua.– Argitalpena.
Diruz lagundutako ekoizpena argitaratuz gero, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren irudi instituzionala jaso beharko du.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz erregulatu ez den guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa ezarriko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko buruari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean eragina izango du.
Bilbao, 2019ko uztailaren 2a.
Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren zuzendaria,
MIREN AINTZANE EZENARRO EGURBIDE.