EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2019133

AGINDUA, 2019ko uztailaren 3koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez, publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak ezartzen baitira, eta 2019ko ekitaldirako deialdia egiten.

Xedapenaren data: 2019-07-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201903425
Maila: Agindua
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren artxibo-politikaren helburuetako bat jabetza pribatuko artxibo-funtsen antolaketa sustatzea da. Helburu hori lortzeko, urtero ari da dagokion dirulaguntzen deialdia egiten, eta emaitza oso onak eskaini ditu. Horrela, behar bezala kontserbatu nahi da dokumentazio-ondarearen zati hori, informazioa errazago kontsultatu ahal izateko.
Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukizunean: lankidetza, alde batetik, Euskadiren dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren aldetik, eta bestetik, publikoa ez den Euskadiko dokumentu-ondarearen titularren aldetik (artxibo-funtsak, agiri-bildumak eta agiri bereziak). Filosofia hori espresuki jasotzen du Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak.
Euskal Kultur Ondarearen Legearen artikuluetan, bestalde, muga sorta bat ezartzen zaie ondasun horien titularrei; jakina, dagokion ahalegina egitea eskatzen diote Administrazioari, jada aipatutako legean aurreikusitako arauak bete daitezela eskatzeko bide emango dioten kontraprestazioak edo erraztasunak arbitratzeko. Hitzarmen egokiaren eta batzuen eta besteen arteko lankidetzaren baitan dago, azken batean, ageriko errealitate bihur dadila gu guztion nahia: hau da, lankidetzarako bide sendoak ezar daitezela, arian-arian sare eta informazio-sistema publikoetan txertatzeko dokumentazio-ondarearen parte hori, horretarako ezertan urratu gabe ondasun horien titularren eskubideak, legean bertan jasoak eta babestuak.
Aurreikusitako lankidetzak artxibo-funts horien titularrek planteatutako programak ditu oinarri. Horretarako, artxibo-programatzat ulertuko da urtebeteko edo iraupen txikiagoko programa bat, programaren aplikazioaren xede diren dokumentuen edo artxibo-funtsen tratamendu zehatz bat proposatzen duena, eta dirulaguntzaren eskaera eragiten.
Dirulaguntza-lerro hau Sailaren 2018-2020 aldirako dirulaguntzen plan estrategikoaren barnean dago (publikoak ez diren artxiboak antolatzeko eta digitalizatzeko dirulaguntzak); plan estrategiko hura Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bidez onartu zen. Dirulaguntza-lerro hau, gainera, 2019ko Urteko Dirulaguntzen Planean sartuta dago eta hori, bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2019ko maiatzaren 6ko Aginduaren bidez onetsi da. Bi planak Sailaren web-orrian argitaratu ziren, www.euskadi.eus helbidean.
Halaber, kontuan hartu da dirulaguntzen arloko hiru arau nagusietan jasota dagoena: oinarrizko bitan (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, Dirulaguntzen erregelamendua onartzen duena), bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ere.
Horregatik guztiagatik, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea honako hau da: hala artxiboko dokumentuak nola artxibo-funtsak eta dokumentu-bildumak antolatzeko, deskribatzeko, digitalizatzeko eta zabaltzeko programak garatzeko dirulaguntzen emakiden araubidea erregulatzea eta 2019ko ekitaldirako deialdia egitea. Dokumentu horiek guztiek, Euskadiren dokumentazio-ondarearen parte izanik ere, ez dute izaera publikorik.
2.– Aurreko atalean xedatutakoaren ondorioetarako, honako hauek ulertuko dira artxibo-dokumentutzat, artxibo-funtsatzat eta dokumentazio-bildumatzat: Euskal Kultur Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 56., 57. eta 58. artikuluetan jasotako definizioetan zehaztutakoak, hurrenez hurren.
2. artikulua.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak, dirulaguntzaren xede diren programak eta kanpo utzitako programak.
1.– Pertsona nahiz erakunde onuradunak:
Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun izan daitezke izaera publikorik ez duten pertsonak, baldin eta, edonon daukatela ere egoitza soziala nahiz fiskala, Euskadiren dokumentu-ondarearen parte diren artxibo-dokumentuen, artxibo-funtsen eta dokumentu-bildumen titular badira, uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55. artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Programa hauek lagunduko dira diruz:
Xede hau dutenak:
a) Artxibo-funts historikoak antolatzea, batez ere XX. mendeko dokumentazioa dutenak.
b) Aurretiaz datu-base batean antolatutako eta deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatzea. Proiektuek barne hartu behar dute kontserbazio-artxibo digital iraunkor baten sorrera, bai eta kopia digital baten sorrera ere, Euskadiko Artxibo Sistemaren web-orriaren bitartez zabaltzeko. Aurkeztutako proiektuak agindu honen eranskinean jasotako baldintza teknikoen mende egongo dira.
c) Dirulaguntzen xede diren programak 2019an gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
3.– Kanpo utzitako programak:
Deialdi honen babespean ez da dirulaguntzarik emango programa hauek garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko Aurrekontu Orokorretan Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari dagokion atalean izendatuta agertzen diren dirulaguntzen bitartez finantzatutako jarduketekin lotutako programak.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Baliabide ekonomiko hauek bideratuko dira agindu honetan jasotako xedea lortzeko: ehun eta hirurogeita hamar mila (170.000,00) euro.
4. artikulua.– Dirulaguntzak jasotzeko betekizunak.
1.– Betekizunak:
a) Jarduteko behar besteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoen kasuan, legez eratuta egotea eta dagozkien erregistro eta administrazio-zentsuetan inskribatuta egotea.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
c) Dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ez eta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
d) Zorduna ez izatea, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio.
2.– Betekizunak egiaztatzea:
Betekizunak egiaztatzeko, eskabide-orriko eta berarekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla adierazi beharko da, bai eta betetzen dituela ere agindu honetan erregulatutako laguntzak jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak. Horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat egiaztatzen duena ez daukala dirulaguntza publikoen onuradun-izaera lortzeko inolako debekurik. Debeku horiek adierazita daude Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 artikuluan.
Betekizunak betetzen direla egiaztatzeari dagokionez:
a) Pertsona fisikoak:
a.1.– Agindu honetan erregulatutako laguntzak kudeatzeko ardura duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu NANeko datuak, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den.
a.2.– Dirulaguntzak eskatu dituzten pertsonen (edo erakundeen, hala badagokio) kasuan, deialdi hau kudeatzen duen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du haiek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela, eta horretarako ez du haien baimenik eskuratu beharko. Hala ere, eskatzaileak espresuki uko egin ahal izango dio baimenari. Kasu horretan, ziurtagiria aurreko apartatuetan aurreikusi bezala aurkeztu beharko du.
b) Izaera publikorik gabeko pertsona juridikoak:
b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, ofizioz egiaztatuko dira erakundearen legezko osaera eta erakundearen ordezkaria, bai eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela ere, non eta prozeduran espresuki kontra egiten ez den (kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte).
b.2.– EAEko Administrazio Orokorraz kanpoko erregistro batean inskribatuta badaude, erakundearen legezko osaera egiaztatu beharko da, bai eta erakundearen ordezkariak behar adina ordezkaritza-ahalmen duela ere. Gainerako alderdiak 4.2.b.1 artikuluan xedatutakoaren mende egongo dira.
5. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
a) Memoria xehatua, non jasoko baitira aurkezten den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu xehatuak eta justifikazioa.
b) Aurkeztutako programa bakoitzaren aurrekontua, non diru-sarreren atalaren barruan adieraziko baita, hala badagokio, zer dirulaguntza edo laguntza gehiago eskatu diren eta zer egoeratan dauden, bai eta xede bererako lortu diren beste diru-sarrera nahiz baliabideak ere, edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutik datozela ere.
c) Adierazi beharko da helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik.
d) Erantzukizunpeko adierazpena non adierazpen-egileak espresuki adieraziko baitu ez daukala dirulaguntza publikoen onuradun-izaera lortzeko 4.1 artikuluaren c) eta d) apartatuetan aipatutako debekurik.
6. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritza arduratuko da deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeaz.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete eskabideak:
– Aurrez aurre: eskabideak Kulturako sailburuordeari bidali beharko zaizkio eta toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezala bete beharko baita.
– Bitarteko elektronikoz: euskadi.eus egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, artikulu honen 4. apartatuan adierazitako helbidearen bitartez, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4.a) artikuluko erregistro elektronikoetan ere.
Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke eta.
3.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte eskabideak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.
4.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak aurrez aurre nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095706
5.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira, bide elektronikoz: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango dute eskabidea, atxikitako egiaztagiriekin batera. Era berean, eskaeratik eratorritako jarduketetan, eta prozedura guztian zehar, pertsona edo erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoa betez.
7.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurretiazko ebazpena eman delarik.
Agindu honi jarraikiz eskabidea bitarteko elektronikoz aurkeztu behar duen pertsona eskatzaileren batek eskabidea aurrez aurre aurkezten badu, bitarteko elektronikoz aurkeztuz hori zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin den data hartuko da eskabidearen aurkezpen-datatzat.
9. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Kalifikazio-batzorde batek egingo du aurkeztutako eskabideen eta horien onargarritasunaren aurretiazko azterketa, agindu honen hurrengo artikuluan ezarritako parametroei jarraikiz. Batzorde horrek prestatuko du eta Kulturako sailburuordeari igorriko dagokion ebazpen-proposamena.
2.– Kalifikazio Batzordeak kide hauek izango ditu:
– Mikel Aizpuru Murua, Kultura Ondarearen zuzendaria, batzordeburua izango dena.
– Borja Aguinagalde Olaizola, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Itziar de Azua Brea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko teknikaria, idazkari-lanak egingo dituena.
3.– Laguntza-deialdia lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, 10. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz lortutako puntuazioaren arabera antolatuko dira eskabideak, eta ordenatuta banatuko, hasi puntu kopuru handiena lortu duen eskabidetik eta horrela gainerakoak, harik eta 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-kreditua agortu arte. Halaber, gutxienez 50 puntu lortu dituzten programei bakarrik emango zaie laguntza.
4.– Proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren (10. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta) eta zenbatekoak zehaztu ostean (11. artikuluan xedatutakoaren arabera), Kalifikazio Batzordeak ebazpen-proposamena helaraziko dio Kulturako sailburuordeari. Agiri horretan jasoko dira proposatutako esleipenak, eta bertan adierazi beharko dira: dirulaguntzen zenbatekoa (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), finantzatutako jarduketa-programak, zer eskabide ezesten diren eta zergatik (erakunde edo pertsona onuradunen arabera antolatua), eta zer eskabide ez diren onartzen eta zergatik.
5.– Era berean, zerrenda bat ere sartuko da ebazpen-proposamenean. Zerrenda horretan jasoko dira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da zenbat puntu eman zaizkion eskabide bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera.
10. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
Dirulaguntzen ebazpen-proposamena prestatzeko eta laguntzon zenbatekoa ezartzeko, Kalifikazio Batzordeak jarraian adierazten diren irizpideen eta horien haztapenaren arabera balioetsiko ditu eskabideak.
a) Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ea barne hartzen dituen programon deskribapen xeheak, ondarearen eta artxiboen ikuspuntutik, proposamenaren berezko balioak adierazteko moduan (% 50).
Puntuatzeko irizpideak:
– 30 puntura arte, artxibategietako mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza eta abar.
– 50 puntura arte, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza, eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxibategietako agiriak web-atarien bidez hedatzea...
b) Dokumentazio bolumen adierazgarri bat ekartzea, edukia dela-eta balioa erantsiko diena artxibo-funtsen inbentarioari eta Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren web-atariari (% 30).
Puntuatzeko irizpideak:
– 1900. urtera arte: 25 puntu.
– 1900-1967: 30 puntu.
Irizpide honetarako ezarritako puntuazioa gehienez ere 30 izango da.
c) Programak barne hartzea deskribapen estandarren garapena indartuko duten elementuak, edo artxibo-interesa duen euskarazko beste edozein elementu (% 20).
Puntuatzeko irizpideak:
– 5 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 10 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 15 puntu, softwarea euskaraz erabilgarri izan, eta erabiltzaileentzako arreta eta artxibategietarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
– 20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.
Berdinketa bada, b) irizpidean puntuazio handiena duen eskabideari emango zaio lehentasuna.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa eta muga.
1.– Programa bakoitzak gehienez dirulaguntza jaso dezakeen aurrekontuaren % 50eko dirulaguntza jasoko du, zergak kenduta.
2.– Diruz lagundu ahal izango dira honako eremu hauetan sortutako gastuak: inbentarioak idaztea, artxibo-funtsak antolatzea, dokumentazioa digitalizatzea, kudeaketa informatikoaren soluzioak garatzea eta web-atarien bidez hedatzea.
3.– Aurkeztutako programa bakoitzeko dirulaguntza ezingo da, inondik inora, hogei mila (20.000,00) eurotik gorakoa izan.
4.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluaren arabera, onuradunek azpikontratatu ahal izango dituzte dirulaguntza jaso duten jarduketa guztiak.
5.– Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 83. artikulua.
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
2.3 artikuluan jasotako salbuespena salbu, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribaturen batek helburu bererako emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako dirulaguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
13. artikulua.– Prozedura ebaztea.
1.– Kulturako sailburuordeak ebatziko du prozedura, Kalifikazio Batzordeak helarazitako proposamena ikusi ondoren, eta banan-bana jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde interesdunei, hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita.
2.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horrez gain, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, abisu bat bidaliko da interesdunak adierazitako gailu elektronikora edo helbide elektronikara, eta jakinaraziko zaio jakinarazpen bat ikusgai duela EAEko administrazio nagusiaren egoitza elektronikoan. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da. Jakinarazpena bide batetik baino gehiagotatik egiten denez, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan adierazitako epean ez bada ebazpenik jakinarazi, pertsona edo erakunde interesdunek uler dezakete beren eskaerak ezetsi egin direla, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, berorren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
5.– Ebazpenean, dirulaguntza onartu zaien pertsona eta erakunde onuradunen zerrenda eta gainerako eskabideen berariazko ezespena ez ezik, zerrenda bat ere egongo da, non bilduko baitira, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu delako, pertsona edo erakunde onuraduna izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabideak. Eta adieraziko da, batetik, zenbat puntu ematen zaizkion eskabide bakoitzari, agindu honen 10. artikuluan aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera, eta bestetik, 9. eta 11. artikuluetan ezarritakoa aplikatuz dagokion zenbatekoa. Pertsona edo erakunde onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio, dirulaguntza ematen duen organoak erabakiko du –Kalifikazio Batzordea berriz deitu beharrik gabe– zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen pertsona edo erakunde eskatzaileari ematea dirulaguntza, baldin eta hark onartzen badu. Erakundeari eman beharreko laguntza ez da inola ere izango uko egindako dirulaguntzaren zenbatekoa baino handiagoa. Dirulaguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die pertsona edo erakunde interesdunei, dirulaguntzen proposamena jaso dezaten, 10 eguneko epe luzaezinean. Behin pertsona edo erakunde eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak dirulaguntza emateko egintza gauzatuko du.
6.– Dirulaguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz eta halakorik egingo ez balitz horretarako ezarritako borondatezko epearen barruan, indargabetu egingo da baldintzapean emandako laguntza, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
14. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Pertsona edo erakunde onuradunek betebehar hauek dituzte:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean ez badiote dirulaguntzari espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Agindutako helburu zehatzerako erabiltzea dirulaguntza.
c) Jarduera aurrera eramatea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
d) Laguntza eman duen erakundeari justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eraman dela.
e) Laguntza eman duen erakundeak egiten dituen egiaztapenen mende eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten duen ikuskaritzaren mende egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratzen diren laguntzei edo dirulaguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien mende ere egotea.
f) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
g) Beste erakunde publiko zein pribatuei xede berberarekin dirulaguntzarik eskatu bazaie eta agindu honetan arautzen diren dirulaguntzetarako eskabidea egiteko unean erabakitzeke bazeuden edo haien egoeraren berririk ez bazen, laguntza horien egoera zein den adierazten duen agiria aurkeztea.
h) Dirulaguntza jasotzeko kontuan hartu zen edozein egoera objektiboren edo subjektiboren aldaketa oro jakinaraztea dirulaguntza eman duen erakundeari. Aldaketa hori Kulturako sailburuordeak baimendu beharko du.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babesa beren-beregi adieraztea, dirulaguntza honen ondorioz egiten diren jarduera eta dokumentu guztietan, bai eta horien publizitatean ere.
j) Edozein formatuko argitalpenak, horien iragarkiak eta dirulaguntzaren bitartez gauzatzen diren jardueren iragarkiak Euskal Autonomia Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan egon beharko dira. Euskaltzaindiaren arauak eta gomendioak hartu beharko dira kontuan, hizkuntza-kalitatea bermatzeko.
k) Hizkera ez-sexista erabiltzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.
l) Oro har, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta dirulaguntza-arloan aplikatzeko diren gainerako lege-xedapenak, zehatz esanda, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
Dirulaguntza zati bakar batean ordainduko da, justifikatu eta gero.
Ordainketa egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Pertsona edo erakunde onuraduna ez badago alta emanda, edo, egonik ere, inskribatutako datuak aldatu badira, Erregistro horretan alta emateko eskabidearen eredua bete eta erantsi beharko du. Eredu hori eskabide-ereduarekin batera eskuragai jarri zaie pertsona edo erakunde eskatzaileei, eta URL honetan ere eskura daiteke: www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/
Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
16. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Pertsona fisikoek aurrez aurrez zein bide elektronikoa erabiliz aurkez ditzakete justifikazioak:
– Justifikazioak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira hiru toki hauetan: Zuzenean zerbitzua; EAEko erregistro osagarriak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoak. Horrez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. eta 31. artikuluetan oro har aurreikusitakoari jarraitu beharko diote.
– Horrez gain, justifikazioak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu ahal izango dira www.euskadi.eus/zerbitzuak/0095706 helbide elektronikoan.
2.– Pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bitartez aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, aurretik aipatutako helbide elektronikoaren bitartez.
3.– Justifikazioak aurrez aurre nahiz bide elektronikoz nola izapidetu jakiteko zehaztapenak eskuragarri daude euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 7.5 artikuluan zehaztutako helbidean.
4.– Horrez gain, justifikazioek bat etorri behako dute Beti aplikatu ahal izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritako justifikazio-kontuarekin eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamenduaren 72. eta 73. artikuluekin.
5.– Agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2020ko urtarrilaren 15a baino lehenago aurkeztu beharko dituzte justifikazioak, eta honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:
a) Diruz lagundutako programaren xedea bete dela justifikatzeko memoria.
b) Diruz lagundutako programa gauzatzeko gastuak justifikatzeko dokumentazioa: horren barruan, gastuen zerrenda sailkatua (hartzekodunaren identifikazioarekin), faktura-zenbakia eta dagozkion fakturak jasoko dira. Gastuak justifikatzeko, jatorrizko fakturak, horien fotokopia autentifikatuak eta egiaztapen-balioa duten gainerako dokumentuak erakutsi beharko dira.
c) Hala badagokio, diruz lagundutako programan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, kopia digitalak, etab.).
d) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren likidazioa.
Dirulaguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere dirulaguntzaren xedea bete bada–, eta arau honetan laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren, dirulaguntzaren, diru-sarreraren edo baliabideren bat jaso bada, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.
Horretarako, jakinarazpena eman eta gero eta alegazioak aurkezteko epea bukatu ondoren, Kulturako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan, emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako dirulaguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako programa aldatzea, Kultur Ondarearen Zuzendaritzaren aurretiazko baimenik gabe.
d) Dirulaguntzen arloan aplikatu daitekeen beste xedapen batek orokorrean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea; batik bat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatutakoak.
2.– Baldintza horietako bat egiaztatzen bada, jaso diren kopuruak eta sortu diren berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio EAEko Diruzaintza Nagusiari, honako bi dekretu hauek aurretiaz betez: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, EAEko aurrekontu orokorren kontura diren dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra arautzen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen eskakizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituena, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua. Kasu horietan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan xedatutakoa beteko da, eta itzulketa partzialak aplikatu ahal izango dira, mailakatze-irizpideak erabiliz.
XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Xedea: publikoak ez diren artxiboak antolatu, digitalizatu eta zabaltzeko dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: interes publikoko edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoei loturiko egitekoren bat gauzatzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: eskubidea duzu zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatzeko, hala nola tratamendua mugatu zein aurkaratzeko. Ikus informazio gehigarria.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/dbao/0095706
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko uztailaren 3a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA
PRESKRIPZIO TEKNIKOAK
1.– Soilik datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak digitalizatuko dira, deskribapen-fitxa bakoitzari -digitalizazio-unitatetzat hartuko da- bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkio. Datu-basearen formatua Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroarekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-gailuen kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera, digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamerarekin egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta baldintza teknikoak bermatuko dira.
3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, beren edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5600 x 3700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuak –hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroak ezarritako preskripzio teknikoak kontuan izanda.
5.– Digitalizazioa «orrialde bikoitza» sistema erabilita egingo da beti; hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
6.– Digitalizazioaren emaitza gisa, honako hauek emango zaizkio Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari digitalizatutako irudi bakoitzeko:
6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edo, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio-mastertzat hartuko da.
6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edo segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3.266 x 2.100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
6.4.– Artxibo-funtsek argazkiak badituzte, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
7.– Artxibo-funtsek entzunezko edo ikus-entzunezko dokumentuak badituzte, honako hauek entregatuko zaizkio Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari:
7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.
8.– Halaber, item edo dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat entregatuko zaio Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondare Zentroari, PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez beharrezkoa den konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da PDF fitxategi eratorriko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea; horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
9.– Irargi-Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroari kopiak entregatzeko/biltegiratzeko formatua:
9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio-akatsak ezabatzeko.
9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztietan edukia jakiteko behar den informazioa jasoko da: zenbakia, izenburua, edukia eta sorrera-data.
9.4.– Orobat, gomendagarria da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan grabatzea.