EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2019132

105/2019 DEKRETUA, uztailaren 9koa, zeinaren bidez Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko kide batzuk kargutik kendu eta beste batzuk izendatzen baitira.

Xedapenaren zenbakia: 201900105
Xedapenaren data: 2019-07-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201903408
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/09/25ean argitaratutako 2012/09/18ko 201200178 DEKRETUA
  • Ikus 2015/04/29an argitaratutako 2015/04/21eko 201500052 DEKRETUA
  • Ikus 2017/11/17an argitaratutako 2017/11/14ko 201700249 DEKRETUA

Apirilaren 20ko 3/2007 Legearen bidez, Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautu zen, honako helburu honekin: euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea, hedatzea eta proiektatzea, bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan.
Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzeko eta arautzeko apirilaren 20ko 3/2007 Legeak eta Etxepare Euskal Institutuaren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak ezartzen dute, halaber, kide anitzeko bi organok (Patronatua eta Zuzendaritza Kontseilua) eta kide bakarreko batek (zuzendaria) osatuko dutela institutua.
Maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak 10. artikuluan ezartzen du zer bokalek osatzen duten patronatua, eta berezko bokalak eta ez-berezkoak bereizten ditu. Dekretuaren 10.2 a) artikuluan ezarritakoaren arabera, patronatuaren osaeran 15 bokal ez-berezko egon behar dira, euskal kultura, filologia eta letrak ordezkatuz. Bokal horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluak izendatuko ditu, presidente exekutiboak proposatuta. Apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 7.3 artikuluan eta maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 10.4 artikuluan xedatuta dago: Eusko Legebiltzarrak izendatutako bokalak Patronatuko bokal ez-berezko izango dira, eta lau urterako izendatuko dira; hala ere, beste lau urterako behin bakarrik berriztatu ahal izango zaie kargua segidan; epe hori igaro ostean, egiteko horiek betetzen jarraituko dute, harik eta horien ordezkoak izendatu arte.
Era berean, maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren 10.5 artikuluak honela dio: «Baldin eta berezkoa ez den kide baten kargua hutsik gelditzen bada horretarako izendatua izan zeneko epea amaitu baino lehen, proposatu duenari jakinaraziko zaio, gehienez ere hilabeteko epean Jaurlaritzaren Kontseiluari proposamen berria egin diezaion; eta honek izendapena egingo du betetzeke dagoen eperako.»
Euskal kultura, filologia eta letrak ordezkatzen dituzten bokal batzuen kasuan, epe horiek igaro dira, eta, beste batzuen kasuan kargua hutsik geratu da; beraz, eguneratu egin behar da Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuaren bokal ez-berezkoen zati bat.
Horiek horrela, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean eta Etxepare Euskal Institutua sortu eta arautu zuen apirilaren 20ko 3/2007 Legearen 6., 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoaren arabera –zeinetan Patronatuaren eta Zuzendaritza Kontseiluaren osaera arautzen baita–, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko uztailaren 9ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Honako jaun-andre hauek kentzea euskal kultura, filologia eta letrak ordezkatzen dituzten Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko ez-berezko bokalen kargutik:
– Gidor Bilbao Telletxea jauna.
– Xabier Paya Ruíz jauna.
– Daniel Ángel Castillejo Alonso jauna.
– Idoia Zabaleta Morán andrea.
– María del Coro Navarro Echeverría andrea.
– Karmele Jayo Eiguren andrea.
2. artikulua.– Honako jaun-andre hauek izendatzea euskal kultura, filologia eta letrak ordezkatzen dituzten Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko ez-berezko bokal:
– Jon Zarate Sesma jauna.
– Óscar Castaño Baleirón jauna.
– Beatriz Herráez Dieguez andrea.
– Laura Etxebarria Lus andrea.
– Myriam Miranda Berroeta andrea.
– Leire Bilbao Barroetabeña andrea.
3. artikulua.– Andre hau berriro izendatzea euskal kultura, filologia eta letrak ordezkatzen dituzten Etxepare Euskal Institutuaren Patronatuko ez-berezko bokaletako bat:
– Begoña Pedrosa Lobato andrea.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko uztailaren 9an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.