EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2019130

513/2019 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, iragartzen da Gipuzkoako Erradioterapia, Onkologia Mediko eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitate Buruaren lanpostua izendapen askez betetzeko deialdia.

Xedapenaren zenbakia: 201900513
Xedapenaren data: 2019-06-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201903365
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/01/22an argitaratutako 2018/12/28ko 201800169 EBAZPENA

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua Ente Publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 16. artikuluak jasotzen du zerbitzu sanitarioetako erakundeek arian-arian moldatuko dituztela euren zerbitzuen eta asistentzia-unitateen kudeaketa, zuzendaritza-eginkizun kliniko eta kudeatzaileak hobeto uztartzeko.
Helburu horren ildotik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2012ko maiatzaren 23ko Erabakiaren bidez, Kudeaketa Klinikoko Unitateen osaera, egitura eta funtzionamendua erregulatzen zituen.
Irailaren 4ko 127/2018 Dekretuaren bidez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2018ko irailaren 7an argitaratutako horren bidez, arautzen da zer baldintzatan eta zer prozeduraren arabera sinatu behar diren irabazi-asmorik gabeko osasun-zentro pribatuekin zerbitzu sanitarioen hornidurarako atxikimendu-hitzarmen espezifikoak.
2018ko abenduaren 27an, Osasun Sailak eta Onkologikoa Fundazioak atxikimendu-hitzarmena sinatu zuten zerbitzu sanitarioak eskaintzeko. Jaurlaritzako Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren abenduaren 28ko 169/2018 Ebazpenak hori argitaratzeko agindu zuen eta 2019ko urtarrilaren 22ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen.
Aipatutako atxikimendu-hitzarmenean ezartzen den bezala, Zuzendaritza honen maiatzaren 27ko 505/2019 Ebazpenaren bidez, Gipuzkoako Erradioterapia, Onkologia Mediko eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea osatu da.
Era berean, aipatutako hitzarmenak eskumenak ematen dizkio Organo zuzentzaileari aipatutako unitatearen konfigurazioari atxikitako Kudeaketa Klinikoko Unitatearen Buruzagitzaren osaera adosteko. Beraz, 2019ko maiatzaren 13ko bileran, Gipuzkoako Erradioterapia, Onkologia Mediko eta Onkohematologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatearen Buruzagitzaren lanpostua sortzea adostu da, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuak Kudeaketa klinikoko unitateburua I lanposturako ezarritako ordainsariekin.
Adierazitako guztiagatik, aipatutako lanpostua bete behar denez, bat etorriz ekainaren 26ko Euskadiko Antolamendu Sanitarioko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komuneko 9. atalarekin, Osasun Sailaren eta Onkologikoa Fundazioaren arteko Atxikimendu-hitzarmenarekin, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuarekin, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua ente publikoaren Estatutu Sozialak ezartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuarekin, Zuzendaritza Nagusi honek adosten du lanpostu honen deialdi publikoa iragartzea izendapen askez betetzeko, baldintza hauekin:
OINARRIAK
1.– Xedea.
Deialdi honen helburua Gipuzkoako Erradioterapia, Onkologia Mediko eta Onkohematologiako I Kudeaketa Klinikoko Unitatearen Buruzagitzaren lanpostua betetzeko deialdia egitea da.
2.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Langile finkoa izatea (estatutupekoa, funtzionarioa edo lan-kontratuduna) eta A1 lanbide-taldeko lanpostua jabetzan izatea (Fakultatibo espezialista mediko-teknikoa) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko edozein zerbitzu-erakundetan edo atxikitako Onkologikoa zerbitzu-erakundean.
b) Hauetako espezialitateren bat izatea:
– Hematologia eta hemoterapia.
– Onkologia medikoa.
– Onkologia erradioterapikoa.
– Prozesu onkologikoen tratamenduan eta zainketan zuzenean parte hartzen duten beste espezialitate batzuk.
c) A1 lanbide-taldean 4 urteko gutxieneko esperientzia aurreko atalean adierazitako edozein espezialitatetan.
d) Zerbitzu aktiboko egoera administratiboan egotea.
e) 2. hizkuntz eskakizuna, derrigortasun-datarik gabe, eta Osakidetzako Euskara Planaren eskakizunak.
3.– Aintzat hartuko diren merezimenduak:
– Esperientzia edo/eta prestakuntza izatea Kudeaketa Klinikoko Unitateetan.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea taldeak antolatzen eta kudeatzen.
– Esperientzia edota prestakuntza izatea Erradioterapia, Onkologia Mediko eta Onkohematologiako Unitateetan.
– Bete nahi den Kudeaketa Klinikoko Unitatea kudeatzeko memoria-proiektua.
4.– Euskararen ezagutza.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan Euskararen erabilera normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuak eta berau garatzen duten arauek xedatutakoaren arabera egingo da balorazioa.
5.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua.
Interesa dutenek haien eskabideak Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusira bidaliko dituzte; Araba kalea 45, 01006 Vitoria-Gasteiz, 15 egun baliodunetan, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aurkeztu ahal izango dira, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran.
Interesdunek haien eskabidea datu pertsonal guztiekin bidali beharko dituzte eta bertan eskatutako baldintzak eta alegatutako merezimenduak justifikatzen dituen dokumentazioa bidali beharko dute:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Baldintzak betetzea egiaztatzen duen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Baloratu beharreko meritu guztien fotokopia konpultsatua.
e) Bete nahi den Kudeaketa Klinikoko Unitatea kudeatzeko memoria-proiektua.
Osakidetzako CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, hautagaiak horren berri eman behar du eskaeran.
Halaber, argitalpenak, txostenak edota egokitzat jotako beste edozein agiri ere aurkez dezakete.
6.– Balorazio Batzordea.
Zuzendari Nagusiak Balorazio Batzordeko kideak izendatuko ditu, EHAAn argitaratuko den Ebazpenaren bidez.
Balorazio Batzordearen lehendakaria Onkologikoa Zentro Sanitarioaren zuzendaria izango da, eta Donostialdeko ESIaren zuzendari gerenteak, Asistentzia Sanitarioko zuzendariak eta Giza Baliabideetako Zuzendaritzak izendatutako kide batek (idazkaria izango denak) osatuko dute.
Balorazio Batzordeko kide guztiek banako gisa hartuko dute parte. Funtzionamenduan independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babesean jardungo dute, betiere zuzenbidearekiko menpekotasunari kalterik egin gabe.
Batzordeko kideak abstenitu egin beharko dira baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren gaineko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 23. artikuluan jasotako kasuren batean badaude. Kasu horietan ere, prozesuan parte hartzen duten pertsonek, edozein unean, ezezpena eman ahalko dute, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Era berean, Balorazio Batzordeak bere jarduna aipatutako 40/2015 Legearen II. Kapituluko 3. Atalean zehaztutako arauei egokituko du.
Balorazio Batzordearen bilkura bakoitzean akta jasoko da eta aurkeztu diren hautagaien identifikazioa jasoko da eta baita jardueren ondorioak, lanpostua horietako bati esleitzeko kontuan izandako arrazoiak eta, hala balitz, deialdia esleitu gabe uzteko arrazoiak ere.
7.– Hautaketa-prozedura eta deialdiaren ebazpena.
Hautaketa Batzordeak dokumentazioa baloratuko du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute. Ezingo dira baloratu, inolaz ere, deialdia EHAAn iragartzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Balorazioa egin ondoren, eta hori ikusita, Osakidetzako zuzendari nagusiari helaraziko zaio izendapenaren proposamena.
Aurretiaz txostena eginda, Baloraziorako Batzordeak esleitu gabe utzi ahalko du lanpostua, hautagaiek eskatzen diren baldintzak betetzen ez badituzte.
Osakidetzako zuzendari nagusiak, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita eta Onkologikoa Fundazioaren Organo zuzentzaileak aurretik berretsi ondoren, Ebazpena emango du dagokion izendapena formulatuz edo deialdia esleitu gabe utziz.
Aipatutako Ebazpenak ondorioak izango ditu Iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
8.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 12a.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN LUIS DIEGO CASALS.