EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2019130

93/2019 DEKRETUA, ekainaren 25ekoa, udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jardueren, zerbitzuen edo prestazioen egikaritzea arautzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201900093
Xedapenaren data: 2019-06-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201903362
Maila: Dekretua
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak, «apustu garbia egiten du tokiko gobernuaren mailen sendotze instituzionalaren alde» –zioen azalpenean jasotakoari jarraikiz–. Apustu hori, zehazki, «EAEko udalei behar bezalako toki-autonomia ematean» gauzatzen da. Sendotze hori eraginkortasunez ikus daiteke Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak aitortutako udal-eskumenetan. Puntu honetan, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartako aurrekontuak ditu argi eta garbi inspirazio-iturri: «Eskumen publikoen egikaritzea, oro har, herritarrengandik hurbileneko agintaritzei dagokie lehentasunez, eta gure kasuan udalei».
Euskal Autonomia Erkidegoko udalak dira, gainera, «herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak», eta, horrez gain, «herritarrak arazoak dituenean jotzen duen lehenengo atea». Premia horiek oinarri hartuta, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legeak EAEko udalei ematen die «botere-sorta zabala, eskumen propioen sistema batean islatuko dena, udal-autonomia bermatzeko gutxieneko estandarra izango baita hori». Beraz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean helburu sendoetako bat da «udal-eremua, Euskadin, behar bezala zedarritutako botere politiko gisa eratzea, jarduera-esparru zehatza emanez».
Gainera, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen III. tituluan, udal-eskumenak jorratzen dituenean, 16. artikuluan luze arautzen du honako izenburu pean azaltzen duena: «Klausula unibertsala udal-eskumenei buruz eta eskumen propio, transferitu edo eskuordetu ez diren jarduera, zerbitzu edo prestazioei buruz»; Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan dago oinarritua klausula hori, eta EAEko udalen gaitasun politiko eta instituzionala are gehiago indartzeko asmo garbia du, herritarrek udaleko botere politikoari modu arrazoituan eta beharrezkoan planteatzen dizkioten beharrizanei objektiboki aurre egiteko.
Aipatu artikuluan, beraz, hainbat alderdi jorratzen dira, eta, laburbilduz, honako hau azaltzen dute:
1) EAEko udalek eskumen propio, eskuordetu edo transferitu gisa esleitu gabeko edozein eremutan jarduerak, zerbitzuak eta prestazioak gara ditzaketela aitortzen da (klausula unibertsala).
2) Bikoiztasunak saiheste aldera, beste gobernu-maila batean egotzita dauden jarduera, zerbitzu edo prestazioen muga ezartzen da.
3) Bikoiztasunaren kontzeptua eta irismena zehazten dira, zentzu negatiboan eta positiboan.
4) Jarduera, zerbitzu edo prestazioak finantzatzeko arauak ezartzen dira.
5) Aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako helburuak nahitaez bete behar dira.
6) Eskumen horiek baliatzeko araubide juridikoa ezartzen da, bai eta Eusko Jaurlaritzako Erregelamendu batera bideratu ere, bikoiztasunaren gaineko eta udal-ogasuneko finantza-jasangarritasunari eragiten dioten alderdien gaineko nahitaezko eta beharrezko txostenak eskatzeko prozedura eta horiek egiteko irizpideak zehazte aldera.
7) Prozedura honetan esku hartu behar duten udal-organoak zehazten dira, bai eta erakunde eskudunak ere, txostenen izaera eta aipatu txostenak igortzeko epeak ezarrita.
Esan bezala, goian adierazitakoak dira araudi horren elementurik esanguratsuenak, eta berariaz azpimarratu beharra dago Eusko Jaurlaritzak erregelamendu bat onar dezan egiten duen aipamen zehatza, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16.7 «in fine» artikuluan betebehar gisa adierazten dena.
Deskribatutako araudi-esparru hori eta Konstituzio Auzitegiak gai horretan izandako jarrera dira, beraz, gai honen gaineko araudia planteatzeko oinarriak, nola Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16.7 «in fine» artikuluan agertzen den berariazko aipamenagatik, hala Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 7.4 artikuluan azaltzen den konfigurazio-marjina zabalagatik (eta bere irismenari buruz planteatzen diren zalantza ugariengatik), Konstituzio Auzitegiak horren gainean egindako interpretazioari jarraikiz.
Beraz, dekretu honek aipatutako eskumenen klausula unibertsala eta bere araubide juridikoa arautzen ditu; bikoiztasun materialaren eta funtzionalaren kontzeptuak definitzen ditu, kontuan hartuta bikoiztasuna ekintza funtzional bat dela eta beti proiektatzen dela administrazioen arteko harremanetan, bikoizketaren xedea organoen arteko harremanak delarik, Sektore publikoko araubide juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak 5.4 artikuluan ezarritakoaren arabera. Txostena egiteko irizpideak eta prozedura ere arautzen ditu, baldin eta udalerriak garatuko duen eskumen materiala ez bada bere eskumen propiokoa, eta, gainera, ez badu eskuordetuaren edo transferituaren izaera. Halaber, finantzaketari buruzko printzipio batzuk ere zehazten ditu, baldin eta udalek eskumen propio, transferitu edo eskuordetu ez diren jarduera, zerbitzu edo prestazioak garatzen badituzte.
Dekretu honek, beraz, gaikuntza bikoitza dauka. Alde batetik, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16.7 artikuluan jasotako berariazko gaikuntza, eta, bestetik, araudia garatzeko gaikuntza orokorra, Eusko Jaurlaritzak daukana, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen azken xedapenetatik laugarrenean ezarritakoaren arabera.
Horretarako, araudi hau honela sistematizatzen da:
I. kapituluak, «Xedapen orokorrak» izenburua daramanak, berariaz garatzen du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16. artikulua (7. eta 8. apartatuak), bai eta lege-testu bereko beste artikulu eta xedapen iragankor batzuk ere. Hau da, azken finean, aipatu artikuluan ezarritako udal-eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko jarduera, prestazio eta zerbitzu horien araubide juridikoaren alderdi zehatz batzuk zehazten dira. Legean jasotako kontzeptuen arabera, berariaz zehazten dira administrazioarteko bikoiztasunaren araubide juridikoa eta eskumenen klausula orokorra; horixe baita, hain zuzen ere, araudi honen xede nagusia. Azken finean, era egokian mugatu nahi da zein kasutan dauden udalerriak bere eskumenekoak diren, eskuordetu diren edo transferitu zaizkien jarduerak, prestazioak edo zerbitzuak garatzen, eta, era berean, zehaztu zein kasutan eragin dezakeen jarduera horrek bikoiztasuna, halakoetan Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16. artikuluan ezarritako txostenak eskatzeko prozedura aktibatu dadin.
II. kapituluan dago jasota aipatutako 16. artikuluaren 5. apartatuan aurreikusitakoa, eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko diren eta eskumen propio, eskuordetu edo transferituak ez diren jarduera, prestazio edo zerbitzuen finantzaziorako zenbait printzipio zehazteari begira.
Kapitulu hau osatzeko, zehaztu egiten da plan ekonomiko-finantzarioa eginez gero, udalak askatasunez balioetsiko duela ea Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16. artikuluan ezarritako klausula orokorraren ondoriozko eskumen horiekin lotuta zerbitzuen zorroaren gaineko eraginari buruzko neurririk sartzen duen ala ez, plan ekonomiko-finantzarioen edukia arautzeko foru-araudiarekin bat etorrita.
Bestalde, III., IV. eta V. kapituluetan berariaz garatzen dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 16. artikuluaren 7. eta 8. apartatuetan jasotako aurreikuspenak, baina batez ere eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko eskumenak egikaritzeko udal-administrazioak nahiz gainerako administrazio publiko eskudunek egin beharreko izapideei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernu-mailen artean (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa eta Foru Aldundiak) eskumenak banatzeko sistema zehazten duten arauek ezarritakoarekin bat etorrita. Hala ere, aipatu apartatuetan jasotako aurreikuspen batzuk ere aplikatu beharko dira udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunaren gaineko txostenean.
Hartara, araudi horrek, lehendabizi, berariaz azaltzen du udalek bikoiztasunik ote dagoen identifikatu behar dutela, eta, horretarako, txostena egin behar dutela. Aipatu txostenean bikoiztasunik ez dagoela ondorioztatzen bada, zerbitzua edo prestazioa, alkateak osoko bilkurari jakinarazi beharko dio eta gaiaren arabera eskumena duen Administrazioari bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena eskatuko dio.
Izapide hori hasitakoan, Dekretuaren IV. kapituluan arautzen dira administrazio desberdinek bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko egin ditzaketen txostenetan jaso behar diren oinarrizko irizpideak. Bertan, bikoiztasunik eman den ikuspegi objektibotik identifikatu ahal izateko jarraitu beharreko bidea zehazten da, eta, halaber, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 7.4 artikuluaren irismenaren gainean dagoen konstituzio-jurisprudentziarekin bat, honako irizpide hau jaso da: txosten horiek bereziki zaindu beharko dute ez dutela eraginik sortzen udal-autonomian, eskumen orokorren ondoriozko jarduera, prestazio edo zerbitzuak garatu bitartean, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan ezarritakoaren arabera. Txostenaren izaera ere zehazten da, eta bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen zehazteak izan ditzakeen ondorioak. Hala ere, aipatu apartatuetan jasotako aurreikuspen batzuk ere aplikatu beharko dira udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunaren gaineko txostenean (txostenak egiteko epeak eta administrazio-isiltasunaren izaera).
Zehazki, V. kapituluan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren egoitzan egin beharreko bikoiztasunik badagoen ala ez argitzen duen txostenaren eskaeraren barne-izapideak. Hala, tokiko araubidearen gaineko eskumena duen zuzendaritzak (edo etorkizunean eskumen horiek bere gain hartuko dituen zuzendaritza-organoak) udalaren eta gaiaren arabera eskumena duen sailaren arteko harremanetarako puntu gisa prozeduran izango duen zeregina ezartzen du. Era berean, zuzentze-izapide bat ere aurreikusten da, batez ere Legean aurreikusitako nahitaezko izapideren bat egin ez denean.
Kapitulu horri amaiera emateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak udalei zuzendutako errekerimendu-sistema bat arautzen da bereziki, udal batek barneko nahitaezko txostenen bidez justifika dezan jarduera, prestazio edo zerbitzu bat garatzen ari dela, bikoiztasunik sortu gabe. Sistema hau antolatzeko, aldebiko prozedura baliatzen da, udal-autonomiaren printzipioa zaindu dadin; hau da: udalari ondoz ondoko bi izapidetan entzuten zaio, eta era arrazoituan argudiatu daiteke funtzio horiek betetzeak ez duela inolako bikoiztasunik sortzen.
Nabarmentzekoa da, azken kapitulu hau ez zaiela aplikatuko lurralde historikoetako foru-erakundeei, izan ere, administrazio publiko guztiek euren buruak antolatzeko duten ahalmenaz baliaturik, foru-aldundiek zehaztuko dituzte euren egituren barruan bikoiztasunik ezaren txostena, eta, hala badagokio, finantza-jasangarritasunaren txostena egiteko sail eta administrazio-organo eskudunak.
Dekretuak, halaber, xedapen gehigarri bi, xedapen iragankor bat eta bi azken xedapen ditu.
Horiek horrela, EAEko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 25ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea eskumenen klausula unibertsala arautzea da, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluan jasota dagoena, alegia. Horretarako, Dekretu honen bidez, honako hauek arautuko dira:
a) Udal eskumenen klausula unibertsala baliatzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluan jasota dagoena, alegia.
b) Udalek eskumen propio, transferitu edo eskuordetuak ez diren jarduerak, prestazioak edo zerbitzuak baliatzeko, bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko gaiaren arabera eskumena duen administrazioak egin behar duen txostena egiteko jarraitu beharreko irizpideak.
c) Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena lortzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan jarraitu beharreko prozedura.
d) Finantzaketaren ondoriozko berezitasunak, udalak artikulu honen b) letran adierazitako jarduerak, prestazioak edo zerbitzuak baliatzen dituenerako.
2. artikulua.– Udal-eskumenen klausula unibertsala.
1.– Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean araututakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, legeen eremuaren barruan, eta dekretu honetan ezarritakoaren arabera, beren ekimena gauzatzeko erabateko askatasuna dute, beren eskumenetik kanpo ez dagoen edo beste administrazio publiko bati esleitu ez zaizkion gai guztietan.
2.– Horretarako, udalek eskumen propio, transferitu edo eskuordetuetan sartzen ez den beste edozein jarduera, zerbitzu edo prestazio garatu ahal izango dute –tokiko komunitatearen intereserako–, baldin eta, oinarrizko legedian, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean eta dekretu honetan azaldutakoaren arabera, bikoiztasun-egoerarik sortzen ez bada eta udal-ogasun osoaren jasangarritasuna arriskuan jartzen ez bada.
3. artikulua.– Bikoiztasunaren araubide juridikoa.
1.– Udal-ogasun osoan gainjarritako alderdi funtzionalak eta finantza-eragin negatiboak sortzen dituzten bikoiztasunak saiheste aldera, udalek ezingo dute jarduera, prestazio edo zerbitzu jakin batzuen gaineko eskumenik bere gain hartu edo baliatu, baldin eta, eskumenak esleitzeko sistemaren arabera, antolamendu juridikoak eskumen horiek berariaz erreserbatzen badizkio beste administrazio publiko bati.
2.– Dekretu honen ondorioetarako eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 16.3 artikuluan ezarritakoaren arabera, bikoiztasuntzat hartzen da gobernu-organoen artean eskumenak banatzeko sistema zehazten duten arauen arabera administrazio publiko eskudun batek eta udalerri batek gauzatzen dituztenean funtzio publiko berberak, eskumen-gai beren gainean, lurralde-eremu berean edo biztanleria berari dagokionez, eta beharrizan sozial berari erantzuteko helburuarekin. Ez da bikoiztasunik sortuko baldin eta apartatu honetan aurreikusitako eskakizunak berariaz betetzen ez badira, beste administrazio publiko bateko eskakizunekiko osagarriak badira edota denbora-epe desberdinetan gauzatzen badira.
3.– Bikoiztasuna funtzionala edo materiala izango da:
a) Bikoiztasun funtzionala zehazteko, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 15.2 artikuluan aurreikusitako udalen eginkizunak edo ahalmenak hartuko dira kontuan, lege horren 17. artikuluari jarraituta udalen alde egiten diren esleipen funtzionalei lotuta. Aipatu 15.2 artikuluaren arabera, udalen eginkizunak edo ahalmenak arauemaileak izan ahalko dira, edo antolamendu, plangintza, programazio, sustapen, kudeaketa edo betearazpenekoak.
b) Bikoiztasun materiala zehazteko, gobernu-mailen artean eskumenak banatzeko sistema zehazten duten arauek ezarritakoa hartuko da kontuan, edo udalei dagokienez, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17. artikuluan berariaz jasotzen ez diren gaiak zehazten dituzten arauek ezarritakoa.
4. artikulua.– Bikoiztasunik eza.
Ez da bikoiztasunik egongo, eta ez zaio aplikatuko dekretu honetan ezarritako araubide juridikorik, baldin eta udalak beste administrazio publiko batek finantzatutako jarduera, zerbitzu edo prestazio bat garatzen badu, nola administrazioak berariaz finantzatuta, hala eskumen propioen eremuan administrazioak sustatutako politika edo programei erantzunda.
II. KAPITULUA
ESKUMENEN KLAUSULA UNIBERTSALAREN ONDORIOZKO UDAL-JARDUERA, -PRESTAZIO ETA -ZERBITZUEN FINANTZAKETA ETA EKONOMIA- ETA FINANTZA-PLANETAN DIHARDUTEN UDALAK
5. artikulua.– Eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko udal-jardueren, -prestazioen eta -zerbitzuen finantzaketa.
1.– Eskumenen klausula orokorraren ondoriozko udal-jarduerak, -prestazioak eta-zerbitzuak horiek aktibatzen edo garatzen dituen udalak finantzatuko ditu, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluan eta dekretu honetan ezartzen diren eskakizunak eta baldintzak bete ondoren, hala badagokio.
2.– Nolanahi ere, jarduera, zerbitzu edo prestazio horiek finantzatu ahal izango dira lege edo foru-arauren batek hala aurreikusten badu berariaz edo, salbuespen modura, erkidego- edo foru-erakundeek berariaz finantzatzen badituzte.
6. artikulua.– Plan ekonomiko-finantzarioak dituzten udalerriak.
1.– Aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren helburuak betetzen ez dituzten eta, hala badagokio, aplikagarri zaizkien foru-arauetan edo dagokien legedian ezarritakoaren arabera plan ekonomiko-finantzarioa onartu behar duten udalek kasuan-kasuan balioetsi beharko dute ea aipatu planean aurrekontu-egonkortasunaren bidera itzultzeko edo zor publikoa murrizteko hartutako neurrien barruan sartzen den, osorik edo partzialki, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.1 artikuluan aipatzen diren jarduera, prestazio edo zerbitzuak garatzea, lege horretan bertan edo oinarrizko legedian aurreikusitakoaren arabera. Balorazio hori toki-autonomiaren ondoriozko ahalmen bat denez, hura sartu edo ez sartzeko erabakia udal-organo eskudunak hartuko du.
2.– Jarduera, prestazio edo zerbitzu horiek baliatzeko, udalek lurralde historikoetako foru-organoen araudietan xedatuta dagoena bete beharko dute.
III. KAPITULUA
ESKUMENEN KLAUSULA UNIBERTSALAREN ONDORIOZKO ESKUMENAK BALIATZEKO TOKI-ERAKUNDEEK EGIN BEHARREKO JARDUKETAK
7. artikulua.– Udalak burutu beharreko izapideak.
1.– Udalen batek beren dimentsio material nahiz funtzionalean eskumen propio, eskuordetu edo transferituak ez diren jarduera, zerbitzu edo prestazioak egitea sustatu nahi badu, txosten bidez justifikatu beharko du ez dagoela bikoiztasunik Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunei edo lurralde historikoetako foru-organoei dagozkien eskumenen gainean.
2.– Era berean, aurreko paragrafoan aipatzen den txostenean edo txosten independiente batean justifikatu beharko da jarduera, zerbitzu edo prestazio horiek baliatzeak ez diola arriskurik ekarriko udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunari.
3.– Bikoiztasunik ezari buruzko txostena udaleko Idazkaritzak edo toki-erakundeko zerbitzu teknikoek egingo dute, baldin eta bigarren kasu horretan erakundeko Idazkaritza ados badago zerbitzu teknikoek emandako txostenarekin.
4.– Bestalde, udaleko Kontu-hartzailetzaren eskumena izango da txostena egitea, jarduera, prestazio edo zerbitzu horiek udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunari eragiten ez diotela justifikatzeko.
5.– Aurreko paragrafoetan ezarritako txostenak alkateak eskatuta egingo dira.
6.– Artikulu honetan aipatutako txostenen arabera ondorioztatzen bada udal-eskumenen klausula orokorrarekin bat etorrita sustatu nahi diren jarduerak, prestazioak edo zerbitzuak baliatzean bikoiztasunik ez dagoela eta, gainera, baliatze horrek ez diola eragingo udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunari, alkateak, osoko bilkurari prozedura irekiko duela jakinarazi eta gobernu-organoen artean eskumenak banatzeko sistema zehazten duten arauek ezarritakoaren arabera eskumena duen administrazio publikoari eskatuko dio, batetik, bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena egiteko, betiere oinarrizko legeriak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta dekretu honek aurreikusitako eran, eta, bestetik, eskatuko dio foru-araudiak xedatutakoaren araberako finantza-jasangarritasunari buruzko txostena.
8. artikulua.– Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena egiteko eskaera.
1.– Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena egiteko eskaera dagokion alkateak izenpetuko du.
2.– Eskaera eskumena duen administrazioari zuzendu beharko zaio.
3.– Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostenaren eskaerari dokumentu hauek erantsiko zaizkio:
a) Memoria bat, non alderdi hauek justifikatuko diren:
1.– Dena delako zerbitzu, prestazio edo jarduera publikoaren ezaugarriak, baita zerbitzu, prestazio edo jarduerarentzat aurreikusitako araubide juridikoa ere.
2.– Toki-erakundeak bermatuta duela legez dagozkion nahitaezko gutxieneko zerbitzuak ematea.
3.– Eskumena baliatzeko beste administrazio baten laguntza teknikoa edo ekonomikoa beharko den, eta hala bada, haren zenbatekoa.
4.– Herritarrentzat sortuko diren prestazioak, helburuak eta lortu nahi diren ondorioak, baita haiek gauzatzeko epea ere.
b) Idazkaritzaren edo zerbitzu teknikoen txostena, baita Kontu-hartzailetzarena ere, aurreko artikuluan aipatu bezala.
IV. KAPITULUA
BIKOIZTASUNIK DAGOEN EDO EZ DAGOEN ARGITZEKO TXOSTENAK ETA FINANTZA-JASANGARRITASUNARI BURUZKOAK: ALDERDI OROKORRAK
9. artikulua.– Gaiaren arabera eskumena duen administrazioak bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena emateko jarraitu beharreko irizpideak.
Gobernu-organoen artean eskumenak banatzeko sistema zehazten duten arauek ezarritakoaren arabera administrazio publiko eskudunak eman behar duen txostenak, besteak beste, jarraian zehaztutako irizpide orokorrak hartuko ditu kontuan berariaz:
a) Justifikatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta foru-organoen eskumen materiala, honako hauek oinarri hartuta: Autonomia Estatutua; Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako lurralde historikoetako Foruzko Jardute-Erakundeen arteko Harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legea; Eusko Legebiltzarrean edo Lurralde Historikoetako Batzar Nagusietan gaiaren gainean emandako sektore-legedia; eta, hala badagokio, aurreko legeak garatuz ezartzen diren eta aplikagarriak diren gaineko arau-xedapenak.
b) Egiaztatu egingo dira Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17.1 artikuluaren arabera udalek eskumen propioak esleituta dituzten esparru materialak, esparru materiala nahiz erreserba funtzionalari erreparatuta.
c) Modu arrazoituan haztatu beharko ditu administrazio publikoetako bakoitzak bikoiztasunezko usteko kasuaren gainean dituen interesak.
d) Modu arrazoituan balioetsiko da, bereziki, jarduera, prestazio eta zerbitzu horiek ukatzeak Konstituzioan, Toki-autonomiaren Europako Gutunean eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean jasotako toki-autonomiaren printzipioari eragin diezaiokeen.
e) Jarduera, prestazio edo zerbitzu horiek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 17. artikuluan edo sektore-legedian aurreikusitako esparru funtzional edo materialen eskumen propio gisa garatzeko estaldurarik ez badago, jarduera, prestazio edo zerbitzu horiek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluko klausula orokorraren ondoriozko eskumentzat joko dira, eta, ondorioz, artikulu horretan ezarritako araubide juridikoa aplikatuko da.
Kasu horretan, identifikatu egin beharko da ea jarduera, prestazio edo zerbitzu horiek Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. 3 artikuluan definitutako bikoiztasun-kontzeptuan sartzen diren, edo, bestela, erakunde autonomikoek edo foru-erakundeek berariaz finantzatutako jarduera, zerbitzu edo prestazioa diren edo erakunde horiek bultzatutako politika edo programen ondorio diren, lege horrek 16.4 artikuluan xedatu bezala. Bereziki balioetsi beharko da ea bikoiztasunik edo bikoiztasunik eza eragiten duen egoera objektiborik gertatu den (ala ez), eta, horretarako, udalek gai horren gainean igorritako txostena edo txostenak hartuko dira batez ere kontuan.
10. artikulua.– Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostenaren izaera.
Oinarrizko legedian eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.8 artikuluan ezarritakoaren arabera, bikoiztasun ezari buruzko txostena nahitaezkoa eta loteslea izango da.
11. artikulua.– Bikoiztasunik ez dagoela ondorioztatzen duen txostena.
1.– Aurkeztutako proiektua kontuan hartuta, txostenak bikoiztasunik ez dagoela ondorioztatzen badu ere, udalak gerora erabakitzen badu ez duela zerbitzua emango edo jarduera gauzatuko, edo ez duela eskumena baliatuko, horrek ez du esan nahi gaiaren arabera eskumena duen administrazioak bere gain hartu behar duenik horien egikaritzea.
2.– Txostenak bikoiztasunik eza ondorioztatzeak ez du baldintzatzen gaiaren arabera eskumena duen administrazioak eskumen propioak baliatzeko egin beharreko plangintza, ez eta eskumen horiek baliatzeko modua erabakitzea ere.
12. artikulua.– Bikoiztasunak daudela ondorioztatzen duen txostena.
Eskumena duen administrazioak egindako txostenak bikoiztasunak daudela adierazten badu, udalak eskumen propio, eskuordetu edo transferituetan jasotzen ez diren jarduerak, zerbitzuak edo prestazioak ezingo ditu garatu; ebazpena jakinarazitakoan, eragindako udalak ezingo ditu jarduera, zerbitzu edo prestazio horiek garatu. Halaber, berehala utzi beharko dio horiek garatzeari, baldin eta hasita badaude.
13. artikulua.– Bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzen duen txostena epe barruan ez ematearen ondorioak.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 16.8 artikuluan ezarritako hogei egun balioduneko epea igarota, ez baldin bada bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena jakinarazi, udal eskatzaileak jarduera, prestazio eta zerbitzu horiek abiarazi ahal izango ditu, lege horrek eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 80.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, baldin eta dagokion foru-aldundiaren aldeko txostena badu, udal-ogasun osoaren finantza-jasangarritasunean eragin ez dela azalduz, edo aipatu txostena ez bada Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak ezarritako hogei egun balioduneko epean ebakuatu eta jakinarazi.
14. artikulua.– Bikoiztasunik ezari buruzko txostenaren indarraldia.
1.– Bikoiztasunik ez dagoela argitzen duen txostenak ez du balio gaitzailerik izango, jarduera, zerbitzua edo prestazioa osorik betearazi ondoren edo, osorik betearazi ez bada ere, txostena egiteko unean zeuden egoerak funtsean aldatzen ez diren bitartean.
2.– Ondorio horietarako, funtsezko aldaketa egon dela iritziko da hasierako txostenak emateko kontuan hartu ziren baldintzak nabarmen aldatu badira edo zerbitzua emateko moduan aldaketak ekarriko baditu eta zerbitzuaren prestazioan bikoiztasunak eragin.
15. artikulua.– Finantza-jasangarritasunari buruzko txostenak.
1.– Finantza-jasangarritasunari buruzko txostena egin eta, hala badagokio, izapidetzea, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16. artikuluaren 7. eta 8. apartatuetan ezarritakoaren arabera, foru-aldundi eskudunean egingo da, eta, hala badagokio, lurralde historiko bakoitzeko foru-araudiak aurreikusitakoarekin bat etorrita.
2.– Txosten horiek lotesleak dira eta arrazoituak eta, beraz, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 16.8 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute, epeen eta izaeraren gainean, txostenak epetik kanpo ematen badira.
V. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAK BIKOIZTASUNIK DAGOEN EDO EZ DAGOEN ARGITZEKO TXOSTENAK EGITEKO PROZEDURA
16. artikulua.– Eskaera onartzea.
1.– Udalak Toki Administrazioaren eskumena duen Zuzendaritzari txosten-eskaera egin ondoren, zuzendaritza horrek udalari jakinaraziko dio eskaera zer egunetan onartu den, bai eta espedientea ebazteko epea zein den ere.
2.– Horretarako, egiaztatu egingo da eskariak bete egiten duela Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta dekretu honek ezarritakoa, eta, gainera, dekretu honek 8. artikuluan adierazitako dokumentazioa ere erantsi zaiola.
17. artikulua.– Eskaera zuzendu eta hobetzea.
1.– Udalak igorritako dokumentazioa osorik ez badago edo dokumentazio gehiago aurkeztea beharrezkotzat jotzen bada, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak toki-erakunde eskatzaileari eskatuko dio eskaeran antzemandako akats formalak zuzentzeko edota txostena egiteko beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela.
Horretarako, hamar eguneko epea emango da, edo bihilabetekoa, osoko bilkura jakinaren gainean jartzeko izapidea bete ez bada, antzemandako akatsak zuzentzeko edota eskatutako dokumentazioa aurkezteko.
2.– Akatsak zuzentzeko edo dokumentazioa gehitzeko izapideak, hura jakinarazten den unetik aurrera, eten egingo du Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak eta dekretu honek ezarritako hogei egun balioduneko epea, bikoiztasunik badagoen ala ez argitzen duen txostena igortzeko. Etenda egongo da egindako errekerimenduan eskatutakoa bete eta osatu bitartean.
18. artikulua.– Instrukzio-egintzak.
1.– Behin eskaera bat jasota, eta zuzenduta, hala behar izanez gero, Toki Administrazioaren eskumena duen Zuzendaritzak hura izapidetzea erabakitzen badu, gaiaren arabera eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko sailari edo sailei igorriko die eskaera dagokion dokumentazioarekin batera.
2.– Eskabidea sailera iritsi eta gero, hamar egun balioduneko epea izango du sail bakoitzeko organo eskudunak bikoiztasunik dagoen edo ez dagoen argitzeko txostena egiteko, 9. artikuluan zehaztutako irizpideak kontuan hartuta, eta hor ondorioztatu beharko da bikoiztasunik dagoen ala ez. Txosten hori Toki Administrazioaren eskumena duen Zuzendaritzara bidaliko da.
3.– Toki Administrazioaren eskumena duen Zuzendaritzak, bere sailera txostena iritsi ondoren, gehienez ere bi eguneko epea izango du ikusteko sail bakoitzak egindako txostenak ondorioztatzen ote duen bikoiztasunik dagoen ala ez.
4.– Sailak emandako txostenak ez badu argitzen bikoiztasunik badagoen ala ez, sailera jotzea egongo da, bere ondorioa adieraz dezan. Era berean, sailera zuzendu ahalko da Konstituzioan, Toki Autonomiari buruzko Europako Kartan eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legean aurreikusitakoari jarraituz udal-autonomian eragin dezaketen interpretazio-irizpideei buruzko argibideak eskatzeko. Izapide hori, osorik, gehienez ere hiru eguneko epean egin beharko da.
5.– Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak toki-erakundeari txosten bat helaraziko dio, non bikoiztasunik badagoen ala ez ondorioztatzen baita. Txosten hori arloaren eskumena duen Sailak edo Sailek egingo dute.
19. artikulua.– Gatazka gaiarengatik eskumena duen Saila dela eta.
1.– Udal-eskaeraren planteamendua, idazkariaren edo zerbitzu teknikoen txostena edo igorritako dokumentazioa kontuan hartuta, ezin badira zehaztu gaiaren arabera eskumena duen saila edo sailak, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak gehienez hamar eguneko epean entzunaldia emango die eragindako sailari edo sailei, eta azken horiek berariaz azaldu ahalko dituzte gai-arlo hori sailaren eskumena den ala ez justifikatzen duten arrazoiak. Sailaren edo sailen eskumena bada, bikoiztasunik badagoen ala ez argitzen duen txostena emango dute.
2.– Sail batek ere ez badu uste eskumena berea denik, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak ebazpena emango du, non ebatziko duen aipatu gaia ez dela Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumena eta, ondorioz, ez dagoela inolako bikoiztasunik gobernuko lurralde-maila horretan.
20. artikulua.– Bikoiztasunik badagoen edo ez dagoen ondorioztatzen duen txostenaren edukia.
1.– Ebazpenaren arabera bikoiztasunak badaude, ebazpena jakinarazi eta gero gehienez ere bost eguneko epean eta udalak proposatuta, batzorde bat eratuko da, udalaren eskariz, ebazpena tokiko interesen aurkakotzat jotzeko erabili diren irizpideak argitzeko.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako batzordea honako hauek osatuko dute: gaiaren arabera eta dekretu honen 18. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita bikoiztasunei buruzko txostena egin duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako zuzendaritza eskudunetako titularrek, edo eurek izendatutako ordezkoek, alkateak, edo hark izendatutako ordezkoek, eta Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzako titularrak.
3.– Batzordeak hartutako erabakiaren ondoren gaiaren arabera eskumena duen sailen txostena aldatzen bada, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak udalari jakinaraziko dio aldatutako txostena, non adieraziko baita ez dagoela bikoiztasunik.
4.– Udalak ez badu artikulu honetan aipatutako batzordea eratzeko eskatzen, edo batzordea eratu eta gero, bikoiztasunak badaudela argitzen duen txostena bere horretan geratzen bada, Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 25. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, udalak administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango du, hargatik eragotzi gabe ebazpena errebokatzeko eskatzea aurretik, 29/1998 Legeak 44. artikuluan zehaztu bezala.
5.– Artikulu horretan aurreikusitako Batzordearen eratzeak ez du inola ere ekarriko etetea administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko edo, hala badagokio, bikoiztasunak badaudela argitzen duen txostena errebokatzea eskatzeko epea.
21. artikulua.– Udalak bikoiztasunak badaudela edo ez daudela argitzen duen txostena ez eskatzea dela-eta jarraitu beharreko jarduerak.
1.– Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, baldin eta Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sail batek identifikatuko balu udal bat jarduerak, zerbitzuak edo prestazioak garatzen ari dela bere eskumen propiokoak ez diren eremuetan, edo eskumen eskuordetu edo transferitu bidez babestuta ez dauden eremuetan, eta, halaber, bikoiztasuna sortzen duela ulertzen bada, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzari eskatuko dio Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak 64. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, jarduera, zerbitzu edo prestazio horien garapenak oinarri dituen udal-txostenak eskatzeko udalari.
2.– Aipatutako udal-txostenak aztertutakoan, gaiaren arabera eskumena duen administrazioaren sailaren ustez irizpide-desadostasunak bere horretan irauten badu, batzorde bat sortuko dute aipatutako sailak, Toki Administrazioaren eskumena duen zuzendaritzak eta udalak, adostasunak bilatzeko.
3.– Antzemandako desadostasunak konpontzen ez badira, autonomia-erkidegoko Administrazioak udalari eskatu ahal izango dio jardueren, zerbitzuen edo prestazioen baliatzea eteteko, edo baliatze hori zuzenean aurkaratu ahal izango da Administrazioarekiko Auzibideen Jurisdikzioaren aurrean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65. artikuluaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Udalen mankomunitateen eta tokiko erakundeen beste elkarte-mota batzuen eskumenen klausula unibertsalaren ondoriozko eta eskumen propio, transferitu edo eskuordetu ez diren jarduerak, zerbitzuak edo prestazioak egitea.
1.– Mankomunitateek eta toki-erakundeen beste elkarte-mota batzuek laguntza eman ahal izango diete udalei, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 14.4 eta 16. artikuluetan aurreikusitako jarduerak, prestazioak eta zerbitzuak egiteko.
2.– Mankomunitateek jarduera, zerbitzu eta prestazio horiek betearazi aurretik, interesa duten udalek izapidetu eta lortu beharko dituzte Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak 16.7 artikuluan aurreikusitakoa betez eta haren garapena arau honetan egiten baita, bikoiztasunik ez dagoela eta dagokion udal-ogasunaren finantza-jasangarritasunari eragiten ez zaiola argitzen duten txostenak.
3.– Kasu honetan, mankomunitateko edo elkarte-oinarridun beste erakunde bateko edozein udalek aurkeztutako eskaera bakar batean aurkeztu ahal izango dira udal interesdun bakoitzak prestatutako txostenak, arau honen 7. artikuluan bildutakoak. Guztiak espediente bakar batean izapidetuko dira. Era berean, eskaera aurkezten duen udalak eman beharko du dekretu honen 8.3.a) artikuluan aipatutako txostena.
4.– Gauzatu nahi diren jarduera, prestazio edo zerbitzuekin lotutako gaia aurreikusita egon beharko da mankomunitatearen edo elkarte-oinarridun erakundearen helburuen artean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Jardueren, prestazioen edo zerbitzuen jarraitutasuna.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea indarrean jarri aurretik eskumenen klausula unibertsalaren ondorioz udalak garatzen ari ziren jarduerek, prestazioek edo zerbitzuek lege horren hirugarren xedapen iragankorrak ezarritakoa beteko dute, ezertan eragotzi gabe dekretu honek 21. artikuluan ezarritakoa.
XEDAPEN IRAGANKORRA.– Prozeduren araubide iragankorra.
Dekretu hau indarrean jarri aurretik hasitako prozedurei ez zaie aplikatuko dekretu hau, eta, beraz, aurreko araudiari jarraituko zaio halakoetan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Bikoiztasunei edo bikoiztasun ezari buruz lurralde historikoek bere eskumenak gauzatzean eman beharreko txostenak.
Lurralde historiko bakoitzaren ardura izango da, autoantolaketarako duen gaitasuna betez, lurralde historikoetako eskumenetarako bikoiztasunei edo bikoiztasun ezari buruzko txostena egiteko prozedura zehaztea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.