EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019126

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Urnietako HAPOko Babilonia HIE.32ren Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-06-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201903289
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Urnietako Udalak, 2018ko abenduaren 19an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Urnietako HAPOren Babilonia HIE.32ren Hiri Antolamenduko Plan Partziala (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2019ko otsailaren 21ean kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaordetzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak); Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari (biak Gipuzkoako Foru Aldundikoak); Gipuzkoako Ekologistak Martxan Elkarteari, Eguzkizaleak jolas-elkarteari eta Parkeen Lagunak Haritzalde Naturzaleen Elkarteari. Era berean, Urnietako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzaren, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Sailaren txostenak jaso dira (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Urnietako HAPOren Babilonia HIE.32ren Hiri Antolamenduko Plan Partziala abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Urnietako HAPOren Babilonia HIE.32ren Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Urnietako HAPOren Babilonia HIE.32ren Hiri Antolamenduko Plan Partzialerako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea (aurrerantzean, Plana), jarraian adierazitako moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Babilonia HIE.32ren Plan Partzialak eremuaren zehaztapen xehatua du helburutzat, 2014an onartutako Urnietako antolamendu orokorraren garapen gisa.
Planak proposatzen duen Babilonia HIE.32ren antolamenduan aurretik ezarritako erabileretarako espazioak (bizitegi zein zuzkidurakoak eta hiri-interesekoak) banatuko dira aldameneko eremuen egitura aintzat hartuta.
Planaren hiriko helburu nagusiak honako hauek dira:
– Urnieta eta Lasarte-Oria egun komunikatzen dituen bidea proposatutako bizitegi-eremutik kanpora eramatea, eta bide-lotura askatzea hiri-leheneratzeari begira.
– Eremu bat sortzea (Zumardi Handia), harremanetarako, egoteko, jolas-gune, lorategi zein merkataritza-gune gisa, iparretik hegoaldera linealki garatuta eta sortu beharreko zuzkidurei lotuta, bai HAPOk eskatzen dituenei (eskola-eremua) bai handitutako kirol guneari eta bestelako zuzkidurei.
– Bizitegi-lurzatiak ezartzea aurreikusitako egiturazko zuzkidura-elementuen inguruan.
Antolamendu horrek zuzkidura nagusi hauek hartuko ditu barne:
– Eskola-zuzkidura, gaur egungo eskola-eremuarekin zuzenean lotutako institutua eraikitzeko, bai eta lurzati bereko kirol zuzkidura handitzeko ere.
– Zuzkidura-erabilerarako beste lurzati bat, aurrekoaren mugakidea, lurzoru-erreserba gisa, eta oraingoz lurrazaleko aparkaleku gisa erabil daitezkeen bi lurzati gehiago.
Era guztietako zuzkidurei dagokienez Legez ezarritako estandarrak beteko dira, lurrazaleko aparkaleku publiko gisa eta aparkaleku estali pribatu gisa (lurzati pribatuetako sestra azpiko solairuetan).
Bizitegi-eraikin berriei dagokienez, aparkalekuak kokatuta egongo diren plazaren eremuan 85 etxebizitza libre aurreikusi dira, 68 etxebizitza tasatu inguru bide nagusi berriaren eta Lasarterako errepidearen artean, eta babes ofizialeko 187 etxebizitza inguru. Gainera, Ler-Argi Hotelaren eraikina (125 m
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Plana urbanizazio-proiektu baten esparrua da, baina, aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Donostialdeko eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialak Planaren eremua «Hiri-multzoetan» eta «Urnieta Iparraldeko nekazaritzako eta abeltzaintzako eremu estrategikoa»n jasotzen du; azken horien bidez interes orokorreko nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak garatzeko lurzoru egokiak eta/lehentasunezkoak direla adierazten da, baina ez dute haren garapena baldintzatzen.
EAEko nekazaritza eta basozaintzako LPSari dagokionez, «balio estrategiko handikotzat» hartutako eremuekin bat dator; horri dagokionez, Planak nekazaritzan duen eragin sektorialaren ebaluazioa egin du, LPS horretan adierazitakoari jarraikiz.
Gainerakoan, ingurumen-dokumentu estrategikoan, halaber, Plana beste plan batzuekin bateragarri den ere aztertu da, hala nola LAGekin, EAEko Nekazaritza eta Abeltzaintzako Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS), Gipuzkoako bizikleta-bideen LPSarekin, Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurzoruaren LPSarekin zein Urnietako HAPOrekin. Ondorioztatu behar da ez dela bateraezintasunik antzeman hierarkian gorago dagoen plangintzarekin edo aztertutako bestelako plangintza sektorialekin.
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik:
Badira Planaren alderdi batzuk ingurumen-gogoetaren integrazioa hobetu dezaketenak:
– Planaren garapenean zehaztasunez aztertu beharko dira dauden beharrak eta aurreikusitako garapenak gehiegi handitzea edo gutxi erabiltzea saihesteko.
– Planak garapen-plangintzan bizitegirako urbanizazio-proiektuaren paisaia-integrazioko azterketa dokumentazio gehigarri modura jasoko du, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
– Urbanizazioa kutsadura akustikoa kontrolatzeko mekanismo gisa erabiltzea: galtzadaren dimentsionaketa, zarata xurgatzen duten zoladurak erabiltzea, zarata-iturritik gertu hesi akustikoak jartzea...
– Energia-eraginkortasuna sustatzea kanpoko argi-sistema instalazioetan.
– Mugikortasun jasangarria sustatzea garraiobide jasangarrien erabilera bultzatuz garraio pribatuaren aurretik.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: aurreikusitako eraispenak, lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, paisaiarako eragina, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. Aldi baterako eraginak dira, eta obrak bukatutakoan amaituko dira.
Ustiapen fasean, etxebizitza kopuruaren areagotzeak mugikortasunaren hazkundea eragingo du, airearen kalitatea okertuz, zarata mailak areagotuz, hiri-hondakin solidoen sorkuntza handituz, baliabideen kontsumoa bultzatuz (ura, energia...) eta paisaiaren gaineko eraginak sortuz.
Halaber, Soinu Azterlanaren eredua egitean lortutako emaitzen arabera, aurkako egoera aurreikusten da aztertutako hiru aldietan; halere, zuzenketa-neurriak egon badaude, eraikin berrien fatxada guztietan kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Urnietako herrigunean, iparraldetik, sartzeko gunean dago (GI-3722 errepidea), eta errepide horren mendebaldean, Oztaran auzoan. Udalerriko ipar-mendebaldeko hegalean dago eta, Planean zehaztutakoaren arabera, 65.849 m
Lurzoru urbanizagarri sektorizatua da, eta gaur egun, zelai eta larreak dira nagusi, baita baratze eta fruta-arbola batzuk, bi bizitegi-eraikin eta Ler-Argi Hotelaren instalazioak ere (ez dira erabiltzen).
Ipar-mendebaldean, 250 bat metrora, A-15 autobidea dago, eta hego-mendebaldean, 425 m-ra, Madril-Irun trenbidea.
Planaren eremuan ez dago inolako ibilgu edo ur-punturik, eta Hernani-Urnieta korridore tektonikoa izeneko interes geologikoko eremuan dago. Eremuaren zati handi bat, orobat, balio estrategiko handikotzat hartutako lurzoruekin bat dator EAEko nekazaritza eta basozaintzako LPSan, «balio agrologiko handiko eremuen» hirigintza-antolamenduaren baldintzatzailearekin, bai eta «6510 garaiera txikiko mozketa-larreak» izeneko Batasunaren intereseko habitatarekin ere; azken hori EAEn ugari den habitata da.
Landarediari dagokionez, neurri handiko zuhaitz-ale sakabanatu batzuk daudela nabarmendu behar da (haritzak, lizarrak, hurritzak, ereinotzak eta abarrak); banbuaren espezie inbaditzailearen aleak ere antzeman dira (
Faunari dagokionez, eremuaren ezaugarriak kontuan hartuta, baliteke miru gorria (
Planaren eremuko egungo egoera akustikoa aintzat hartuta, kalitate akustikoko helburuak alde hauetan gainditzen dira: erdialdeko eremuan, GI-3832 errepideagatik; ipar-ekialdeko ertzean, Urnieta zeharkatzen duen Idiazabal kaleko bidea gertu dagoelako (GI-3722), eta hegoaldean, berriz, A-15 errepidegatik, ziur aski.
Ez da hauteman, berriz, Planak areagotu dezakeen ingurumen-arrisku nabarmenik.
Planaren garapenaren ondoriozko eragin nagusiak ondorengo urbanizazio- eta eraikuntza-proiektuei lotuta egongo dira; horien artean, eremuko lurzoruaren okupazioa eta artifizializazioa eta, horrenbestez, paisaiari egindako eragina nabarmentzen dira. Gainera, lanen aldian, urbanizazio- eta eraikuntza-lanen berezko eraginak ere egongo dira; kasu honetan etxolak eta eraikinak eraistea ere sartzen da horien barruan (Babilonia eraikina, aldameneko merkataritza-lokala eta biltegi bat): indusketa-soberakinak, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, giza habitataren kalitatearen gutxitzea eta lasaitasun publikoaren gaineko ondoreak (herritarren osasunaren gaineko eraginak kutsatzaileak eta zaratak igortzeagatik, makinen joan-etorriagatik, bai eta zirkulazio-baldintzatzaileak aldatzeagatik ere).
Gerora, ustiapen fasean, etxebizitza kopuruaren areagotzeak mugikortasunaren hazkundea eragingo du, airearen kalitatea okertuz, zarata mailak areagotuz, hiri-hondakin solidoen sorkuntza handituz, baliabideen kontsumoa bultzatuz (ura, energia...) eta paisaiaren gaineko eraginak sortuz. Zarata kontuan hartu beharreko faktore nagusietako bat izango da, aurkeztutako soinu-azterlanaren bidez lortutako emaitzekin bat etorriz aztertutako eremuan kalitate akustikoarekin loturiko helburuak (KAH) gainditzen baitira (Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan zehaztuta daude), kanpoaldean eta eraikin berrien fatxadan aztertutako hiru aldietan, eta bereziki gaueko aldian eremu jakin batzuetan, baina estimatu da zuzenketa-neurriak daudela eraikin berrien fatxada guztietan kalitate akustikoko helburuak bete daitezen.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak honako hauen arabera gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko txostena, eta, aurrekoari kalterik egin gabe, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta Planean jasotakoa. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus eranskina, Planaren ondoriozko proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasota daude hor).
Zaratari dagokionez, kasuan kasuko kalitate akustikoaren helburuetara iristeko proposatutako neurri zuzentzaileak hartu beharko dira, hori guztia Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan zehaztutakoa alde batera utzi gabe.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Iraunkorrari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ingurumenean ondorio nabarmenik izango denik Urnietako HAPOren Babilonia HIE 32ren Hiri Antolamenduko Plan Partzialaren ondorioz, ez du ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik jaso behar, beraz.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Urnietako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Urnietako HAPOren Babilonia HIE 32ren Hiri Antolamenduko Plan Partziala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 11.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Induskatutako lurrak kontrolatzea: Obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakindegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
Urnietako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berri guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Landaredia babesteari dagokionez: Ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.
Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.
Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da eragindako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.
Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.
Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
– Obrak bukatutakoan, aldatutako eremuak guztiz garbituko dira, aldi baterako okupazioek eragindako gainazalak kontuan hartuz.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.