EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019126

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-06-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201903288
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko abenduaren 11n, Donostiako Udalak eskabide bat bete zuen «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz.
Eskabide horri atxiki zitzaizkion planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat. Gainera, dokumentu horretan, dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago, eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki iritzitako oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezko joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.
Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia, Ekologistak Martxan-Gipuzkoa eta Eguzkizaleak elkarteak.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
«CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Administrazio Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuari dagokionez, 2015. urtean onartu zen, eta «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren antolamendu xehatua jasotzen zuen. Aldaketa horrek eskatzen zuen hiri-antolamenduko plan berezi bat formulatzea programa tertziarioaren eta ipar-hegaleko espazio librearen antolamendu xehatuko zehaztapen horiek osatuko eta doituko dituena, hain zuzen, eliza ingurua eta San Bartolome komentuaren ipar-aldeko fatxada babesten dela bermatzeko, lurzatira sartzeko ibilgailuei eta oinezkoei soluzioak emateko, programa tertziarioari eta espazio publikoari zerbitzua emateko lurrazalean, eta ipar-hegalaren hirigintza-tratamendu egokia jasotzeko.
Ondorioz, elizaren eta San Bartolome komentuaren ipar-aldeko fatxadaren integrazio bisuala konpontzeko behar diren hirigintza-obra osagarriei buruzko aurreproiektu bat barne hartu beharko du «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak, eta horretarako, ia 3,00 m jaitsiko da lursailen kota hegalaren parte batzuetan, Villa-Zerutxo eraikina eraitsiko, zeina ordenamenduz kanpoko deklaratua baita, eta «b.20.2» lurzatira sartzeko oinezkoentzako eta ibilgailuentzako ardatzaren tratamendua konponduko, muinoaren ipar-hegaleko «f.10.2» espazio librearen hirigintza-baldintzak gehiago zehaztuta, zeinak partez taxutzen baitu «b.20.2» lurzatiaren goiko aldea.
Lurzati horretan, 8.040 m
Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren eremua Donostia hiri erdian dago, San Bartolome muinoaren ipar-hegalean, eta «b.20.2» lurzatiarekin eta haren inguruarekin bat egiten du ibilgailuak sartzeko behar diren lursailak barne hartuta; 9.194 m
Gerta litezkeen ingurumenaren gaineko inpaktu esanguratsuek eragina izan dezakete, batetik, kultura-ondarean gainean, «Bideko Done Bartolome monasterioa» izeneko ustezko eremu arkeologikoaren barruan baitago, eta, bestetik, herritarren gainean, egiteke dagoen hirigintza-proiektua egikaritzearen ondorioz, atmosferara isuritako emisioak gehituko baitira (zarata eta igorpen lausoak), eta obraren fasean hondakinak eta lur-mugimenduak sortuko, besteak beste.
B) Planaren ezaugarri teknikoak eta ingurumenekoak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zer-nolako eragina duen aldaketak beste plan edo programa batzuetan: aldaketak ez du ondoriorik izango beste plan edo programetan.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Planaren bidez garatuko den eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuak, eta eraikin berrien energia-kontsumoa minimizatzera bideratutako neurriak txertatuko ditu. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: proiektuen obra-fasean gertatzen diren jarduketei lotutakoak izango dira ingurumenaren gaineko inpakturik nabarmenenak: lur-mugimenduak, batez ere eraldatutzat jotako lurzoruak dituzten partzeletan, makinen joan-etorriak eta eraispen-hondakinak sortzea. Horiek guztiek giza habitataren kalitatea murriztea ekarriko dute, kutsadura atmosferikoaren ondorioz, bai partikulen emisioak edo bai soinu-mailak eragindakoa.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:
Eremuak ez du ingurumen-babeseko araubidea duen espaziorik (Natura 2000 Sarea, kasu), ezta kultura-balioengatiko elementu nabarmenik ere. Gerta liteke «Bideko Done Bartolome monasterioa» izeneko ustezko eremu arkeologikoaren gaineko afekzio bat.
Ondorio gisa esan daiteke ez dela hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarreko araudia, betetzen bada, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez.
3) Neurri babesleak eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:
– Proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurrak kontrolatzea: induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruzko indarreko araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Kultura Ondarea babestea. Euskal Kultura Ondarearen Zentroak emandako txostenean jasotako oharren arabera, hauek aintzat hartu beharko dira:
– Eremu hori «Bideko Done Bartolome monasterioa» izeneko 17. zenbakiko ustezko eremu arkeologikoaren barruan dagoenez, egiaztatu beharko da betetzen dela Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 65. artikulua, zeinak eskatzen baitu aurretik azterlan arkeologiko bat egitea gutxienez, eta, horretan oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu beharko du proiektu arkeologiko bat egin behar den ala ez. Halaber, lortutako informazioan oinarrituta erabakiko da beharrezkoa den ala ez babesa ematea babes berezia edo ertaina duen kultura-intereseko ondasun deklaratuz, edo adieraziko da ez duela maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen arabera babesa merezi izateko moduko kultura-baliorik, eta, horrenbestez, eremuari ez zaio inolako babesik emango.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren lehentasunetako bat zen –2017rako lehentasuna– eraikingintzan eta eraikuntzan baliabideak euren bizi-ziklo osoan modu efizienteagoan erabiltzea eta ziklo-amaieran hondakinak aprobetxatzea. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira EAEko etxebizitza-arloko eraikingintza eta birgaikuntza jasangarriko gidan jasotako gomendioak (Eusko Jaurlaritza, 2015), eraikinetan energia-aurrezpena eta energiaren efizientzia areagotzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia-kopurua eta/edo -kontsumoa murriztea.
Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
Hondakin solido gutxiago sortzea.
Lurzoruaren okupazioa murriztea.
Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
Ur gris gutxiago sortzea.
Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
Naturguneen funtzioak hobetzea eta bioaniztasuna gehitzea.
Pertsonen garraio-prozesu gutxiago egitea eta horien mugikortasuna hobetzea.
Barneko airearen kalitatea hobetzea.
Konforta eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, ez dela aurreikusten «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin nabarmenik izatea ingurumenaren gainean, eta, ondorioz, ez dela beharrezkoa ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «CE.05 San Bartolome» hirigintza-eremuko «b.20.2» lurzatiaren eta haren inguruaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.