EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2019124

92/2019 DEKRETUA, 2019ko ekainaren 25ekoa, zeinaren bidez dirulaguntzak arautzen baitira ikerketa-proiektuak aurkez daitezen bultzatzeko, Horizonte 2020 Europako Ikerketa Esparru Programaren bigarren fasean, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren agenteak buru direla.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201900092
Xedapenaren data: 2019-06-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201903243
Maila: Dekretua
Eusko Jaurlaritzak, ikerkuntzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu estrategikoan, Euskadiko I+G+b politika bultzatzen du, euskal ekonomiak lehiakortasuna hobetu eta hazkunde iraunkorreko bide batean aurrera egiteko funtsezko elementua den heinean.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (aurrerantzean ZTBP Euskadi 2020) aipatu den apustua jasotzen du eta, RIS3 espezializazio adimendunerantz bideratzen da, honez gain, planak bere ildo estrategikoen barruan, berrikuntzaren arloan Industriaren lidergoa sendotzea, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemaren bikaintasuna garatzea eta azken honen zabaltzea eta nazioartekotzea jasotzen ditu.
ZTBP Euskadi 2020ren bosgarren urtea igarota, balantzea positiboa dela ikusten da, eta Euskadi goi-berrikuntzako eskualdeen eta herrialdeen artean mantentzen da, eta Ikerketa eta Garapeneko inbertsio publiko-pribatuen hazkundearen joera aldatzen da. Hala ere, BPGren gaineko I+Gko inbertsio-ratioa Europako batez bestekoaren azpitik dago oraindik, batez ere enpresa-sektorean, lehiakortasun-galerak dakarren arriskuarekin.
Euskal I+G+b sektorearen nazioartekotzearen aldeko apustua, ZTBP Euskadi 2020k duen nazioarteko fondoen bilketa handitzeko helburu operatiboan islatzen da, eta, honetarako H2020 Ikerketarako Europako Esparru Programan (aurrerantzean, H2020 Programa), euskal erakundeen parte hartzea handituz. 2014-2017 urteetan I+G+b proiektuetan Euskal Partaidetzaren Behatokiak emandako datuen arabera, euskal erakundeek H2020 programako ikerketa proiektuetan parte hartzea lortu zuten, ia 440 milioi euroko finantzaketa lortuz. Hala ere, ikusi da parte-hartze hori pixkanaka jaitsi dela. Horregatik, berriro bultzatu behar da, ikerketa-proiektuen erdiak baino gehiagotan parte hartzen duten eta enpresen partaidetzaren bideratzaile eta palanka gisa balio duten, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko (aurrerantzean, ZTBES) eragileak bultzatuz.
Ikerketa eta Berrikuntza ekintzak (aurrerantzean RIA) eta Berrikuntza Ekintzak (aurrerantzean IA) nazioz gaindiko ikerketa-proiektu kolaboratiboak finantzatzen dituzten H2020 programako ko tresnak dira, Europako lehiakortasuna hobetzeko eta erronka sozialak konpontzeko, jakintza berriak eta teknologia berriak garatzera bideratuak daudenak hain zuzen.
Europako Batzordeak RIA eta IA proiektu berrien proposamenak jasotzeko deialdiak egiten ditu aldizka, hainbat milioi euroko aurrekontua izaten dutenak, eta 8 eta 20 arteko euskal erakundeen partaidetza izan ohi dute. Deialdi horiek bi modalitatetan eman daitezke: lehena, fase bakarreko deialdiak; proposamen osoa aurkezteko epemuga bat izaten dute; bigarrena, fase bikoitzeko deialdiak, bertan, lehenengo proposamen sinpleagoa aurkezten da, eta, hori gaindituz gero, proposamen osoa aurkezten da, azken ebaluazioa egiteko. Ikerketa-proiektu traktore bat egitea prozesu luze eta konplexua da, eta fase bikoitzeko deialdi horietan, urtebeteko lana ere ekar dezake, eta gutxi gorabehera 50 mila euro baino gehiagoko kostua.
Aurrekoa esan eta gero, esan daiteke H2020 programako funtsak erakartzeko potentzial handia dagoela, Euskadin ikerketa estrategikoa finantzatzen laguntzeko, euskal erakundeek gidatutako proiektu traktoreen garapena bultzatzen duten proposamenen arrakasta-tasa hobetuz. Horregatik, H2020 programaren RIA eta IA ikerkuntza-proiektuen bigarren fasea egitea babesten du dekretu honek, ZTBSko erakundeak buru direla. Proiektu horiek lehen fasean, Europako Batzordeko adituek aldez aurretik ebaluatzeak eta onesteak, baliabide publikoak modu eraginkorrenean zuzentzen direla baieztatzen du, eta dirulaguntza ematearen prozesua asko errazten du, Europar Batasunaren aurretiazko bermea duten proiektuak baitira.
Genero-berdintasuna, Eusko Jaurlaritzaren I+G+Ba bultzatzeko politika publiko guztietan jasotzen den zeharkako konpromisoa da, eta, horrela, ZTBP Euskadi 2020ren printzipio nagusietan jasoa dago. Era berean, H2020 programak emakumeen eta gizonen berdintasunarekin konpromisoa hartzen du bera baitan. Horrek esan nahi du, proposamenak ebaluatzeko orduan, positiboki baloratzen dela ikertzaileen artean emakumeen presentzia eta proiektuak koordinatzeko ardura hartzea, bai eta genero-gaiak ikerketa-gaien barruan txertatzea ere. Horrela, genero berdintasunarekiko konpromisoa bermatzen da dekretu honen barruan.
Euskal Autonomia Erkidegoan I+Gko inbertsiorako eta ZTBP Euskadi 2020rako interesgarriak gerta litezkeen europar proiektuetan euskal partaidetza bultzatzeko beharra kontuan izanda, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraitu zaio: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen IV. titulua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako testu bategina; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 28/2003 Lege Orokorra (lege hura Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez garatu da). Hori guztia kontuan harturik, programa hau ezartzen da, zeinaren bidez laguntzak arautzen baitira Europako Ikerketa Esparruko ikerketa-proiektuak H2020 programaren bigarren faseko deialdietara aurkezteko, Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak direla proiektu horien buru.
Horren arabera, Lehendakariak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko ekainaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Laguntzen xedea.
Dekretu honen xedea da erakunde onuradunek Europako Ikerketa Esparruko ikerketa-proiektuak Europako Ikerkuntza Programa Markoa, H2020 programaren bigarren faseko deialdietara aurkez daitezen, laguntza programa bat arautzea, erakunde onuradunen jarduera ez-ekonomikoa babestuz.
2. artikulua.– Betebeharrak.
Dirulaguntzen helburu izango diren proiektuek honako baldintzak bete beharko dituzte:
a) Aurrez proiektua aurkeztu izana H2020 programaren ikerkuntza eta berrikuntza ekintza (RIA) edo berrikuntza ekintza (IA) tresna-modalitateetako batera.
b) Europako Batzordearen lehen ebaluazio-fasea gainditzea.
c) Bigarren fasea aurkezteko azken eguna laguntzaren eskaera egin ondorengoa eta hurrengo urteko abenduaren 1a baino lehenagokoa izatea.
d) Europar proiektua erakunde eskatzaileak koordinatuta izatea.
e) Kostu guztiak kontuan izanda, europar proiektuak 4 milioi eurotik gorako dimentsioa izatea.
f) Gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean EAE) kokatutako enpresaren baten parte-hartzea edukitzea, bai egoitza soziala EAEn dagoelako, bai H2020 programaren dirulaguntza objektu den proiektua EAEn kokatutako instalazio batean egingo delako.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak, eta laguntzen nolakotasuna.
1.– Dekretu honetan aurreikusitako laguntzetarako erabiliko diren baliabide ekonomikoak dagozkien deialdien bidez esleituko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira.
2.– Programa honetan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru laguntzatzat hartuko dira, eta lehia jarraituko prozeduraren arabera esleitu. Beraz, jasotzen diren eskabideak elkarren segidan eta banan-banan ebatziko dira, eskatutako dokumentazioa jaso ondoren.
3.– Funtsen agortzea eskaerak ezesteko zio izango da, nahiz eta eskaerak funtsak agortu izanaren argitalpenaren aurretikoak izan, eta era berean eskaera berriak ez dira onartuko.
4.– Dekretu honetan araututako laguntzak ez dira estatu-laguntza, eta estatu-laguntzei buruzko Europako arauen aplikazio-eremutik guztiz at geratzen dira, Ikerketa eta garapen eta berrikuntzako estatu-laguntzei buruzko Esparruaren 2.1.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Europako Batzordearen 2014/C 198/01 Komunikazioa, 2014ko ekainaren 24ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua).
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean egiaztatutako kide zientifiko-teknologikoek jaso ahal izango dituzte dekretu honetan araututako laguntzak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzen eta eguneratzen duen ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Kategoria hauetako batean egon behar dute, edo dekretu horretan egindako aldaketetan ezarritako kategoria baliokideetan:
a) Unibertsitateen ikerketa-egiturak.
b) Oinarrizko eta Bikaintasuneko ikerketa-zentroak.
c) Osasun Ikerkuntzako institutuak.
d) Osasun-arloko I+G erakundeak.
e) Zentro teknologikoak.
f) Ikerketa Kooperatiboko Zentroak (CIC).
2.– Honako hauek ezingo dira izan dekretu honetan araututako laguntzen onuradun:
a) Krisian dauden enpresak eta erakundeak, Europako Batzordeak «Krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko Estatuko laguntzei buruzko jarraibideak» komunikazioan emandako definizioari jarraikiz. Komunikazio hura 2014/C 249/01 Batzordeak eman zuen eta 2014ko uztailaren 31ko Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratu.
b) Beren gain leheneratze-agindu bat duten erakundeak, baldin eta Europar Batzordeak aldez aurretik deklaratu badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.
c) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako bat betetzen duten pertsonak edo erakundeak. Halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.1. c) artikuluan deskribatutako kausak biltzen dituzten erakundeak.
3.– Onuradunak izateko baldintzak dirulaguntzaren indarraldi osoan mantendu beharko dira.
5. artikulua.– Diruz lagundu litezkeen jarduerak eta exekuzio-epea.
1.– Erakunde eskatzaileek garatutako jarduera ez-ekonomikoek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak, baldin eta jarduera horiek proposamenak prestatzeko badira, Ikerketa eta Berrikuntzako Ekintza eta Berrikuntzako Ekintzen proiektuenak, eta proposamen horiek betetzen badituzte H2020 Europako Esparru Programaren barruan dekretu honen 2. artikuluan ezarritako betekizunak. Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek dira:
a) Balio-proposamenaren kontzeptualizatzea.
b) Bideragarritasun-analisia.
c) Europako partzuergoa eraikitzea.
d) Proiektu-proposamena egitea.
2.– Dirulaguntzaren helburua den jarduera ez-ekonomikoa laguntza eskatu den urtean hasi ahal izango da, eta proiektu-proposamena H2020 Programaren bigarren fasean aurkeztu arte garatu ahal izango da. Gehienezko epea laguntza eskatu eta hurrengo urtera artekoa izan ahal izango da.
6. artikulua.– Diruz lagundu litezkeen gastuak.
1.– Diruz lagunduak izan ahal izateko, gastuek zuzeneko zerikusia izan behar dute dekretu honen 5. artikuluan deskribatuta dauden eta diruz lagundu litezkeen jarduerekin. Hain zuzen ere, honako hauek dira gastu horiek:
a) Proiektu-proposamena prestatzen diharduen erakunde eskatzailearen berezko langileen kostuak, zuzenekoak nahiz zeharkakoak izan, baldin eta zeharkakoak langileen zuzeneko kostuen % 25 badira gehienez ere.
b) Proiektuaren proposamenaren prestaketarekin soilik lotutako gastu gehigarriak, adibidez, bidaia-gastuak eta materialen erosketa.
c) Kanpo-aholkularitzako eta zerbitzu baliokideetako beste gastu batzuk. Gastu horien multzoan sartu behar da proiektu-proposamena prestatzeko alderdi oso espezializatuak azpikontratatzea, bai eta aholkularitzakoak eta ezagutza teknikoen baliokide diren zerbitzuak ere, baldin eta proiektuaren proposamena prestatzeko soilik erabiltzen badira.
2.– Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV / EHU) eta ZTBESean parte diren Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek, edo parte-hartze nagusia sektore publikoarena duten baina sektore publikoan sartuta ez dauden erakundeek, baldin eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batek edo arlo publikoko beste erakunde batek finantzatuta badaude, ezin izango dute, inolaz ere, langile horien zuzeneko kostua finantzatu, eta, beraz, zeharkako kostua soilik finantzatu ahal izango dute. Proiektua egiteko berariaz kontratatutako langileentzat, horren zuzeneko kostua baino ez da diruz lagunduko.
3.– Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren erdiraino gehien jota, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29., 30. eta 31. artikuluan eta Dirulaguntzen Erregelamendua ezartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritako betekizunak eta debekuak errespetatuz, eta gehienez ere diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50.
4.– Balio Erantsiaren gaineko Zergaren eta gainerako zeharkako zergen kostua, diruz lagundu daitezkeen kostuen kontzeptutik kanpo geratzen dira, erakunde onuradunentzako kengarriak direnean.
7. artikulua.– Laguntzaren intentsitatea eta muga.
Laguntzak aurrekontuaren % 100era iritsi ahal izango dira, eta eskaera bakoitzeko gehienezko laguntza 30.000 eurokoa izango da.
8. artikulua.– Deialdia.
1.– Dekretu honetan araututako laguntzak aldizkako deialdi publiko bidez jakina raziko dira, eta, publikotasun, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak betez emango dira. Dirulaguntzak lehia jarraitu bidez ebatziko dira.
2.– Deialdia Lehendakaritzako Idazkari Nagusiaren ebazpen baten bidez egingo da, eta bertan zehaztuko da ekitaldi horretan dirulaguntzak emateko aurrekontu-esleipenen zenbatekoa. Era berean, eskabideak aurkezteko epea eta modua ere zehaztuko dira.
3.– Egindako deialdiaren ondoren, xede horretarako kreditu osagarriak badaude, horren zuzkidura handitu ahal izango da Lehendakaritzaren Idazkari Nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
9. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkeztea.
1.– Erakunde interesdunek eskabideak, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dituzte, eta, horretarako, dagokion deialdiaren ebazpenean ezarritako helbidearen bidez egoitza elektronikoan sartuko dira, eta egoitza elektronikoan dauden formularioak eta ereduak erabili eta ezarritako jarraibideak beteko dituzte.
2.– Eskaera egin ondorengo tramiteak bitarteko elektronikoak erabiliz gauzatuko dira soilik, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitartez.
3.– Erakunde interesdunak baimena eman ahal izango dio instrukzio organoari, bere legezko ordezkariaren nortasunari buruzko datuak kontsultatu eta egiazta ditzan, erakunde eta entitate horrek Gizarte Segurantzarekiko ordainketa egunean duela egiazta dezan, dirulaguntzen itzultzearen inguruan informazioa baiezta dezan, bai eta dekretu honen 4. artikuluan xedatutakoari buruzko beste edozein datu egiazta dezan ere.
4.– Datuen kontsulta edo datu horiek lortzea erakunde interesdunak baimendua izan dela uste izango da, baldin eta eskabidean kontrakorik adierazi ez badu. Erakunde interesdunak aurkakoa adierazi ez badu, organo instrukzio-egileak dokumentuak sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritza plataformei edo beste sistema elektronikoei kontsulta eginez eskatu beharko ditu. Eskabidean bere datuak kontsultatzeko eta egiaztatzeko berariazko oposizioa jasota baldin badago, dokumentuen kopia digitalizatuak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabidea erakundearen legezko ordezkariak sinatu beharko du, elektronikoki egin beharko da, eta egoitza elektronikoan dauden ereduak eta formularioak kontuan hartuta. Eskatzaileak Europako ikerketa-proiektuari buruzko agiri hauek aurkeztu beharko ditu gutxienez:
a) Proiektuaren lehen fasea gainditu izanaren Europako Batzordearen komunikazioa, ikerketa-proiektuaren memoria teknikoarekin batera.
b) H2020 Europar Esparru-programaren lehen fasea gainditu duen proiektuaren arduradunak sinatutako fitxa. Fitxa hori egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen ereduaren araberakoa izango da, eta bertan honako informazio hau jasoko da:
– Ikerketa-proiektuaren izenburua.
– Ikertzaile arduraduna.
– Parte hartzen duten euskal enpresak.
– Proiektuaren dimentsioa (aurreikusitako aurrekontu guztia eurotan).
– Proiektuaren lehen fasea onartu izanaren data.
– Proiektuaren bigarren fasea aurkezteko epea.
– Proiektuaren lehen eta bigarren faseak burutzeko egindako edo egin beharreko lanen laburpena.
– Aipatutako eginbeharrak garatzeko beharrezkoak diren gastu zenbatetsien xehapena, urtez urte eta kategoria hauetan banatuta:
• Langileen barne-kostua.
• Kanpoko aholkularitza-gastuak.
• Proposamena prestatzeko beharrezko beste gastu gehigarri batzuk.
6.– Eskaerak erantzukizunpeko aitorpenei buruzko atal bat izango du (egoitza elektronikoan eskuragarri egongo diren ereduak kontuan hartuta), eta erakunde eskatzaileak, gutxienez, honako informazio honen inguruko aitorpena egin beharko du:
– Europako ikerketa-proiektu hori egitera bideratutako jarduera ez-ekonomikoa finantzatzeko beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako eta/edo emandako laguntzak.
– Proiektuaren proposamena egiteko beharrezkoak diren gastuen estimazioa erakundearen kontabilitate-arauei eta laguntza-programa hau arautzen duen dekretuan ezarritako arauei jarraikiz egin dela.
– Diru laguntzak edo laguntza publikoak jaso ahal izatea galarazten duten zigorrik edo administrazio zehapenik jaso ez izana, edota onuradun izatea galarazten duen legezko debekua ezartzeko egoeraren batean ez egotea, sexuagatik bereizkeria dela-eta sortutakoak barne Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako, otsailaren 18 ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
7.– Lehia jarraituko prozedura denez, administrazioak laguntza emateko orduan kontuan izango duen ordua eta eguna erregistro elektronikoan sartzen den eguna eta ordua izango dira; eskaeraren akatsak zuzendu behar direnean salbu, izan ere, kasu horietan, zuzenketaren sarrera-erregistroaren data eta ordua aintzat hartu beharko dira.
8.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, erakunde eskatzaileak aukeratzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskaeren ondoriozko jardueretan, eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
10. artikulua.– Eskabideak zuzentzea.
1.– Eskabidea behar bezala eta bere osotasunean bete ez bada, edo 9. artikuluan aipatutako dokumentazioa ere aurkezten ez bada, erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean eskaera zuzendu dezan edo falta den dokumentazioa aurkez dezan, eta ohartaraziko zaio esandakoa bete ezean eskaera bertan behera utzitakotzat hartuko dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Jakina razpenak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
11. artikulua.– Eskaerak egiaztatzea.
1.– Lehendakaritzaren Idazkari Nagusiari dagokio jasotako eskaerek ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzea eta dekretu honen 2. eta 9. artikuluetan eskatzen diren agiriak aurkeztu dituztela baieztatzea.
2.– Lehia jarraituko prozedura denez, dekretuaren 3. artikuluari jarraituz, eskaerak banan-banan eta elkarren segidan ebatziko dira.
12. artikulua.– Ebazpena eta jakina razpena.
1.– Dirulaguntzen ebazpenak egitea Lehendakaritzako Idazkari Nagusiari dagokio. Ebazpen horiek, gutxienez, honako hauek izango dituzte:
a) Onartutako aurrekontua eta ematea proposatzen den dirulaguntza, laguntza emateko eskaera baiesten den ebazpenen kasuan.
b) Ezezte proposamena oinarritzen duen motibazioa.
2.– Ebazpena emateko eta interesdunei jakina razteko gehienezko epea hiru hilabetekoa da, eskabideak behar bezala bete eta dekretu honetan eskatutako dokumentazio guztia aurkezten den egunetik, abuztua kontuan hartu gabe, hilabete hori baliogabetzat hartzen baita. Ezarritako epean ebazpenik eman eta jakina razten ez bada, ebazpena onetsitzat joko da.
3.– Ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari eta, beraren aurka, erakunde interesdun orok aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Lehendakaritzako Idazkari Nagusiari, hilabeteko epean, jakina razpena egiten den egunetik hasita, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoaren arabera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiko Administrazioarekiko Auzien Salan, Administrazio Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak ezarritako eskumen-araubidearen arabera.
4.– Ebazpena banan-banan jakina raziko zaie erakunde eskatzaileei, bitarteko elektronikoak erabiliz. Hargatik eragotzi gabe erakunde onuradunen zerrenda, diruz lagundutako proiektuak eta dirulaguntzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, jende guztia jakina ren gainean egon dadin.
5.– Eskaera baiesten duen ebazpenaren jakina razi eta hamabost egun natural igaro ondoren, emandako laguntzari berariaz uko egiteko jakina razpenik egon ez bada, laguntza emateko ebazpena erakunde horrek onartzen duela ulertuko da ondorio guztietarako.
13. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, eta, edozein kasutan ere, helburu bera lortzeko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza edo dirulaguntzak lortuz gero, dirulaguntza ematea aurreikusten zuen ebazpena aldatu ahal izango da, beti ere dekretu honetan ezarritako gutxieneko helburu eta betekizunak errespetatzen badira eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.
14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Laguntzaren zenbatekoa bi alditan ordainduko da. Lehenengo laguntza ematen den unean, eta kopuru osoaren % 40koa ordainduko da.
2.– Bigarren eta azken ordainketa, emandako laguntza osoaren gainerako % 60koa, proiektua H2020 programako deialdiaren 2. fasera aurkeztu ondoren, eta erakunde eskatzaileak egoitza elektronikoan eskuragarri egongo diren ereduak kontuan hartuta behar bezalako justifikazioa aurkeztu ondoren. Gutxienez, honako agiri hauek jasoko ditu:
a) Dagokion epean ikerketa-proiektua behar bezala aurkeztu dela ziurtatzen duen Europako Batzordearen komunikazioa.
b) Ikerketa-proiektuaren lehen eta bigarren faseak egiteko egindako gastuen ziurtagiria, deialdien xede diren urte ezberdinen artean banaturik eta kategoria hauetan banakatuta:
1) Langileen barne-kostua.
2) Kanpoko aholkularitza-gastuak.
3) Proposamena prestatzeko beste gastu osagarri batzuk.
Aurreko 2) eta 3) puntuetan jasotako gastuak jatorrizko fakturen bidez edo merkataritzako trafiko juridikoan antzeko froga-balioa duten gainerako dokumentuak edo administrazio-eraginkortasuna dutenak erabilita egiaztatuko dira. Faktura elektronikoek ere balioko dute egiaztapena egiteko.
c) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, bertan proiektuaren proposamena egiteko beharrezkoak diren gastuen justifikazioa erakundearen kontabilitate-arauei, bai eta laguntza-programa hau arautzen duen dekretuan ezarritako arauei jarraikiz egin dela ziurtatuko duelarik.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, non erakundeak aurkeztu beharko baitu beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuek helburu berberarako emandako laguntzen edo dirulaguntzen zerrenda.
3.– Erakunde eskatzailearen laguntza justifikatzeko gehienezko epea 10 egun baliodunekoa izango da, dagokion deialdian proiektuaren bigarren fasea aurkezteko, Europako Batzordeak ezarritako egunetik aurrera.
4.– Likidazio-eskaera ez bada behar bezala bete, edo ez badira atxiki eskatutako gainerako agiriak, eskatzaileari eskatuko zaio gehienez ere 10 egun balioduneko epean akatsa zuzen dezan edo nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Hala egiten ez badu, eskaera egin duen erakundearen betebeharrak ez betetzat joko dira, eta ez da dirulaguntzaren bigarren ordainketa egingo, eta hala badagokio, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiak itzultze-prozedura jarriko du abian.
5.– Justifikatu den gastua laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, eta proiektua egoki burutu bada, organo ebazleak eman den zenbatekoa doituko du, dagokion ebazpenaren bidez.
6.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak onartzea eta laguntzak ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzulketa edo zehapen-prozedura amaitzearen baldintzapean geldituko dira.
15. artikulua.– Dirulaguntzak pilatzea.
1.– Erakunde onuradunek beste administrazio edo erakunde publiko batzuek helburu bererako emandako dirulaguntzak jakina razi beharko dituzte. Helburu horretarako jasotako dirulaguntzen guztizko zenbatekoak ezin izango du gainditu jardueraren kostu osoa, baldin eta ezarritako muga gainditzen bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 49. artikuluaren 12. paragrafoan araututakoaren arabera gutxituko dira laguntza hauek.
2.– Erakunde onuradunek dekretu honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzaketen dirulaguntza guztiak zehazteko, kontuan hartuko dira Europar Batasunean indarrean dauden arauak, eta, bereziki, Ikerketa, Garapeneko eta Berrikuntzako Estatuko Laguntzei buruzko Europako Erkidegoko Esparrua, 2014/C 198/01 Europar Kontseiluaren komunikazioa, 2014ko ekainaren 27ko Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratua.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan araututako betebeharrez gain, honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa, eskabidearen helburu den Europako ikerketa proiektua prestatzeko erabiltzea, honen kalitatea hobetzera eta arrakastarako probabilitatea hobetzera bideratuz.
b) Eskabidearen helburu den Europako ikerketa proiektuaren proposamena, Europako batzordeak ezarritako epean bigarren fasera aurkeztea.
c) Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiari jakina raztea zer emaitza izan duen proiektuak H2020 Programaren bigarren fasean, kontuan hartu gabe onartua izan den ala ez.
d) Faktura guztiak gastu hautagarriak egiten diren unetik hasita bost urteko epean gordetzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura edukitzea.
e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen zaion informazioa ematea dirulaguntzen helburuak fiskalizatzeko eginkizunetan ari direla.
f) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005, otsailaren 18ko, Legaren 2.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, lege horretan jasotako betekizunak betetzea.
g) Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren, abenduaren 22ko, 6/2003 Legearen 38.2 artikuluko a), b), c) eta d) idatzi-zatietan ezarritako betebeharrak betetzea.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Erakunde onuradunek dekretu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzetako bat betetzen ez badute, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta, hala badagokio, ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko diote, dirulaguntzak itzultzeko orduan dagozkien berandutze-interesak gehituta, kontuan harturik zer dioen diru-itzulketei buruz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluak, bai eta zer xedatzen duten ere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluek.
2.– Diru Laguntzen araudi orokorrean ezarritako betebeharrak ez errespetatzeaz gain, ez-betetzat joko dira honako hauek ere:
a) Dekretu honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatzen diren betekizunak ez betetzea.
b) Diruz lagundutako proiektua egiteko edo justifikatzeko ezarritako epeak gainditzea, aldatzeko edo luzatzeko baimenik ez badago.
c) Dekretuan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako edozein kontrol-neurriren aurka egitea edo oztopatzea.
d) Proiektuaren beste desbideratze oro edo emandako laguntzari dagokionez ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
3.– Lehendakaritzako Idazkari Nagusiari dagokio ez-betetzearen espedientea hastea eta berau ebaztea.
18. artikulua.– Kontrola.
1.– Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiak aldian-aldian aztertu ahal izango du jarduerak dekretu honen helburuetara egokitzen diren, eta beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak finkatzeaz gain, behar beste egiaztapen egingo ditu laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko. Gainera, eskatuz gero, hura justifikatzen duen dokumentazioa eskuratu ahal izango du.
2.– Jardueren garapenaren egiaztapena egin behar denean, erakunde onuradunak jardueraren beraren lekurako eta bere higiezinetarako sarbidea bermatu eta erraztuko du, bai eta liburuetako, kontuetako eta justifikazio-agirietako sarbidea ere.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan aurreikusitakoaz gain, lege-xedapen hauek dira aplikagarri: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra ere.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 25ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.