EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-07-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2019123

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 13koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Ondarroako Alde Zaharraren BIPBa (lurzatia: Txomin Agirre 28) aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201903228
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko abenduaren 19an, Ondarroako Udalak ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera bete zuen, herriko alde zaharreko «Txomin Agirre 28» lurzatiaren BIPBaren aldaketarekin lotuta, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.
Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola BIPBaren aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.
2019ko apirilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abian jarri zuen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, horrenbestez, hainbat erakunderi eskatu zien ingurumen-organoak egin behar duen ingurumen-txosten estrategikoaren oinarria izateko egoki iritzitako oharrak egin zitzaten.
Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Ura-Uraren Euskal Agentziari; Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak aisialdiko elkarteari, interesduntzat jo baitira.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Indarreko araudian erantzunak jasotzeko ezarrita dagoen epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Ura-Uraren Euskal Agentziaren txostenak jaso dira.
Eragindako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan jasota dago.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Aipatutako 6.2 artikuluan zehazten da, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.rako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.
Dokumentazio teknikoa eta BIPBaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Ondarroako alde zaharreko «Txomin Agirre 28» lurzatiaren BIPBa aldatzeko proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta hura aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek ikusi dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ondarroako alde zaharreko BIPBa «Txomin Agirre 28» lurzatian aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, baldintza hauetan:
Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Ondarroako alde zaharra birgaitzeko plan bereziaren eragin-eremuaren barnean dago (2009ko martxoaren 31 onartu zen behin betiko, Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, 84. zk.) Ondarroako alde zaharreko «Txomin Agirre 28» lurzatia. Orube horretan, eraiki bat eraikitzen hasi ziren; erdi-sotoa, sotoa, beheko solairua eta bi solairu ditu, eta teilatupea; orotara, 690 m
Ondarroako Alde Zaharraren BIPBa (lurzatia: Txomin Agirre 28) aldatzeko ingurumen-agiri estrategikoaren 1. planoan ageri da aipatu esparrua (1. planoa. Egoera eta kokapena, A3 1:1.000 eskalan).
Epai judizial baten bidez, eraikita zegoena eraisteko eta hirigintza-parametroak BIPBra egokitzeko agindu da. Gainera, epaiaren betearazpena eta orubearen hirigintza-aprobetxamenduaren gauzapena bat etortzea nahi da, eraispen proiektua eraikuntza-proiektu berri bati lotuta, betiere BIPBaren araudiaren arabera.
Hala, Ondarroako alde zaharraren BIPBaren aldaketa, «Txomin Agirre 28» lurzatian, dagokion hirigintza-fitxan eta dokumentazio grafikoak beharrezkoak diren egokitzapenak egitean datza: eraikinaren lerrokadurak eta altxaerak, lurzatiaren azalera, solairuen azalerak, eraikigarritasuna, erabilera-erregimen baimenduak, etxebizitza kopurua, solairuen eta teilatu-hegalaren altuera librea eta solairu kopurua.
Hala, BIPBaren aldaketaren ingurumen-ebaluazioak xede du BIPBaren antolamendu-parametroetatik batzuk aldatzeak ingurumenean izan ditzakeen ondorioak aurreikustea, horien arabera eraitsi ahal izango delako egungo eraikina eta berria eraiki. Halaber, BIPBaren aldaketan ondorio horiek ekidin, zuzendu eta konpentsatzek behar diren zehaztapenak txertatu nahi dira.
A) BIPBaren aldaketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar zaion zehazteko.
1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Egungo eraikina eraitsi eta etxebizitza-bloke berri bat eraiki ahal izateko irizpideak ezartzeak ez du esan nahi BIPBaren aldaketa ezartzen denik legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izan behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Ez da bateraezintasunik aurkitu BIPBaren aldaketaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.
c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean.
d) Era berean, BIPBaren aldaketa egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legediak ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinei, energia aurrezteari, energiaren errendimenduari eta energia berriztagarriak sustatzeari dagokienez.
2) Efektuen eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriei dagokienez:
Eremuak hiri-lurzoru finkatuaren izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik duen espaziorik –esaterako, Natura 2000 Sarea–, ezta balio naturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere.
Kultura-balioei erreparatuta, eraitsi beharreko eraikina ez dago babestuta Birgaikuntza Plan Berezian. Beraz, BIPBaren aldaketa ondare arkitektonikoaren babesera egokitzen da, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen txostenaren arabera. Hala ere, Ondarroako alde zaharreko gune arkeologikoan kokatuta dago, eta gune hori monumentu-multzoaren izaera duen kultura-ondasun gisa katalogatuta dago (EHAA, 194. zk., 1994ko urriaren 11koa). Horrenbestez, garrantzi berezia dute ingurumen-dokumentu estrategian xedatzen diren neurriek obra-fasean.
BIPBaren aldaketari loturiko ingurumen-arazo esanguratsurik ere ez da hauteman.
Bestalde, ez da aurreikusten aldaketaren bidez ezarriko denik nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua.
Beraz, seguruenik, afekzio nagusiak urbanizazio- eta eraikitze-lanei eta horiek lasaitasun publikoan izango duten eraginari loturikoak izango dira: kutsatzaileen immisioak –batez ere, lur-mugimenduek eta kamioi-zirkulazioak harrotuko dituzten partikulena eta hautsarena– eta zaratak biztanleen osasunean izan dezaketen eragina, eta zirkulazio-egoeraren aldaketak eta hondakinen sorrerak eragindakoa.
Horregatik guztiagatik, aurreikusitako efektuak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak aztertuta –kanpoko zarata-mailak murriztera zuzenduak, hautsaren edo partikulen igorpen atmosferikoak sortzen dituzten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak–, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.
3) Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta BIPBaren aldaketan bertan adierazitakoaren arabera.
BIPBaren aldaketan, honako zehaztapen hauek sartuko dira, bertan xedatutako garapen-proiektuetan kontuan har daitezen:
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakindegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Ondarroako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Bigarrena.– Aurreko guztia dela-eta, kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza, eta V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera, ondorioztatzen da ezen, Ondarroako alde zaharreko BIPBa «Txomin Agirre 28» lurzatian aldatzeak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, txosten honetan jasotako baldintzetan, eta, ondorioz, ez duela ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar.
Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, BIPBaren aldaketak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:
– Obrako hondakinen birziklatzea, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko, bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzeari dagokionez. Beraz, helburua honako hauek eta hurrenkera honetan sustatzea izango da: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarriaren Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako dena. Eusko Jaurlaritza. 2015.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
– Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo/eta kontsumoa murriztea.
– Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
– Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
– Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur gris gutxiago sortzea.
– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.
– Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Barneko airearen kalitatea hobetzea.
– Konforta eta osasuna hobetzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Ondarroako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Ondarroako alde zaharreko BIPBaren aldaketa, «Txomin Agirre 28» lurzatiari dagokiona, onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da BIPBaren aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 13a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.